Berezko abortuak iragartzen, VI. Tesi Saria

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Basque Research web guneak Tesi Saria antolatzen du urtero, euskal unibertsitateetako ikertzaileen lanak gizarteratzeko. Seigarren edizioa izan da aurtengoa, eta Estibaliz Alegre Martinez biokimikariak jaso du lehenengo saria.
Berezko abortuak iragartzen, VI. Tesi Saria
2008/07/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Estibaliz Alegre eta Carolina Cebrián.
R. Lopez

Estibaliz Alegre Martínez Nafarroako Unibertsitateko biokimikaria da, eta berezko abortuak ikertu ditu doktorego-tesian. Zehazki, berezko abortua izateko arriskua identifikatzen lagun dezakeen proba bat aurkitzen saiatu da. La molécula HLA-G como marcador de aborto espontáneo (HLA-G molekula, berezko abortuaren markatzaile) lanak jaso du, hain zuzen ere, lehenengo saria.

Laburpena irakurterraza eta ulergarria izateaz gain, gaia ondo kokatzen du ikertzaileak. Hasieratik ikerketaren muinera doa, eta horixe izan da epaimahaiak lan honi lehenengo saria emateko eman duen arrazoietako bat. Laburpen honengatik, ordenagailu eramangarri bat eta EAEko landetxe batean asteburu bateko egonaldia irabazi ditu ikertzaileak, Sistek Informatica y microsistemas etxearen eta Nekatur elkartearen laguntzari esker.

Haurdunaldien % 15ean, gutxi gorabehera, berezko abortua gertatzen da lehen hiruhilekoan. Kasu askotan, umekia babesten duten mekanismoetan arazoren bat gertatzen delako izaten da. Zenbait babes-mekanismo haurdunaldian nola garatzen diren aztertzea izan du lan honek helburu, eta horietakoren bat berezko abortuak iragartzeko markatzaile gisa erabil daitekeen ikustea.

Emaitzarik aipagarrienetarikoak HLA-G molekularen ingurukoak dira. Izan ere, ikertzaile arabarrak ikusi du enbrioiak ekoizten duen molekula horren maila handitu egiten dela haurdunaldiaren hasierako asteetan. Baina soilik haurdunaldiarekin aurrera jarraitzen duten emakumeetan gertatzen da hori, eta ez berezko abortua izateko arriskua duten emakumeetan. Alegreren ustez, molekula hori erabilgarria izan liteke berezko abortuen markatzaile gisa.

Axoietatik parkinsoneraino

Hiztuna hizkuntza batez zer adinetan jabetu den, ezberdin prozesatzen du garunak.
EHU

Carolina Cebrián izan da bigarren sailkatua, Nafarroako Unibertsitatean aurkeztutako tesiaren laburpenari esker. Ikertzaileak Implicaciones en la ramificación axónica en el Parkinson (Axoien adarkatzeak parkinsonean dituen ondorioak) izenburudun laburpena aurkeztu du, eta argazki-kamera digital bat eta asteburu bateko egonaldia irabazi ditu, Eroskiri eta Nekaturri esker. Laburpen honen inguruan epaimahaiak nabarmendu du ulergarria eta atsegina dela irakurketa. Hala ere, sarrera tesiaren muinarekiko orokorregia edo urrunekoa jo du.

Aurrez egindako ikerketen arabera, neuronen axoiak (isatsak) garuneko gune bakarrera heltzen dira. Cebrián-ek, aldiz, honako hipotesi hau proposatu du: neuronen axoiak adarkatu egin daitezke eta, hala, gai dira aldi berean hainbat guneren jarduera moldatzeko. Horrek azalduko lituzke orain arte azalpenik ez duten parkinsonaren ondorioetako batzuk. Gainera, badirudi axoirik adarkatuenak dituzten neuronei egiten zaiela kalte gehien parkinsonean.

Euskarazko laburpen onena

Garuna erabat baztertu gabe, baina osasun-gaiak alde batera utzita, garunaren eta hizkuntzaren arteko elkarrekintzan murgiltzen da aurtengo azken saria, aipamen berezia.

Adam Zawiszewski hizkuntzalariaren Garunaren alderdi ezkutuak deskubritzen: kasua eta komunztadura neuroirudietan lanak jaso du euskarazko aipamen berezia. MP4 bat eta EAEko landetxe batean asteburu bateko egonaldia irabazi ditu, Eroski kooperatiba elkartearen eta Nekatur elkartearen eskutik. Kasu honetan, testuaren zuzentasuna eta adibideen erabilera argigarria nabarmendu du epaimahaiak, nahiz eta terminologia zenbaitetan azalpenik gabe ere agertzen den testuan.

Haurdunaldiarekin aurrera jarraitzen duten emakumeetan, HLA-G molekularen maila handitu egiten da haurdunaldiaren hasierako asteetan.
MEC

Euskara eta, oro har, edozein hizkuntza prozesatzen dugunean gure garunean zer gertatzen den izan du aztergai tesi horrek. Hain zuzen ere, hiztun bati estimulu jakin bat emanez gero tentsio-aldaketa ikus daiteke garunean. Aldaketa hori uhin baten bidez irudikatzen da, eta uhin hori noiz eragin den eta nolakoa den jakin daiteke.

Egindako esperimentuetan lortutako emaitzen arabera, "Liburua irakurri du neska" perpausean, esaterako, jaiotzetiko hiztunak berehala jabetzen dira perpaus horren gramatika-akatsaz; hizkuntza hiru urterekin ikasi dutenen kasuan, ordea, garunak ez ditu akats horiek sumatzen. "Nik zu bakarrik ikusi dut" motako akatsak dituzten perpausetan, berriz, antzeko erantzun elektrofisiologikoa ikus daiteke hiztun-talde bien artean. Beraz, hiztuna hizkuntza batez zer adinetan jabetu den, akats-mota batzuk edo beste batzuk sumatzen ditu garunak.

VI. Tesi Sarian 38 lan jaso dituzte. Saritutako lanak eta parte hartu duten gainerakoak Basque Research web gunean daude ikusgai.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
244
2008
7
029
Unibertsitateak; Sariak
Artikulua
38
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila