Lurraldetasunarena ez da behien gaitzak zeharkatu duen muga bakarra, izan ere 1996an iragarri zen 4 pertsona hil zirela behien entzefalopatia espongiformearen ondorioz, Creutzfeldt-Jakob gaixotasunaren bertsio berriaren ondorioz, alegia. Hau da, behi eroen gaitza —behien entzefalopatia espongiformea— gizakietan Creutzfeldt-Jakobgaixotasunaren bertsio berria bihurtu zen. Beraz, espezieen arteko muga gainditzeko gauza izan zen. Kezkarik biziena hortik dator, gizakiak gizakiari transmitituko al dio gaixotasuna?
Galderari erantzuten saiatu aurretik, premiazkoa da gaitzaren nondik norakoari erraparatzea. Behien entzefalopatia espongiformea ez da gaixotasun berria, 1985a baino lehenagoko kasuak jasota daude. Izan ere, entzefalopatia espongiformeek —berezkoek— espezie guztiei eragiten diete, baina oso kopuru txikian. Guztiak nerbio-sistemaren endekapenezko gaixotasunak dira, transmiti daitezkeen dementziak; guztiak prioiek —mutazioa jasandako proteina bereziek— eragindakoak. Horregatik, oso gaixotasun arraroak eta bakanak izateagatik, 1985 urtean Ingalaterran behi eroen gaitzaren lehen kasuak agertu arte, ez zientzialariek ez eta agintariek ere ez zieten kasu handirik egiten.
Arazoaren lehen aztarnak Londresko zoologikoan kokatu dituzte adituek, baina antzeman esnetarako behien artean antzeman zen.
Merkatuen eskaeraren premiaz, okelatarako behien bizitza nekez izaten da 2 urtetik gorakoa, eta gaixotasunak berak hori baino denbora gehiago behar du garatzeko; esnetarako behien bizitza, berriz, luzeagoa izaten da, horregatik eragin omen zien esnetarako behiei eta ez besteei. Zientzialariak berehala jarri ziren lanean eta berehala eman zuten gaixotasunaren iturriaren berri: behien elikadura, gaixorik zeuden ardien hondarrekin egindako irinak zehatzago esanda. Ardien scrapie edo ardien dardarizoaren gaitza zela eta, 1979an islandiarrek horrelako janariekin kontuz ibiltzeko esan zieten ingelesei. Abisuak abisu, 1988ko uztaila arte Britainia Handian ez zen debekatu behiendako janari-mota hori. Orduan neurririk ez hartzea erabakigarria izan zen gaixotasuna hedatzeko, birziklatze-zikloan sartu baitzen; hau da, ardi osasuntsuak scrapiez gaixotutako ardiez egindako janariaz elikatzen ziren, gerora ardi haiek hil eta behiendako elikagaietan sartzen zituzten. Beraz, badirudi espezie berrietara egokitzeko prioientzat ezinbestekoa zela zikloaren barruan denbora guztian bestelako prioiekin harremanetan egotea.
Hala ere, irin horietan oinarritutako elikadura aspaldiko kontua zen Britainian. Zergatik ez zen ordura arte gaixotasunik agertu? Aditu askoren ustez, errua Margaret Tatcherren gobernuarena izan zen. Petrolioaren krisiaren garaia zenez, dirua aurreratzeko gobernuak irin horiek egiteko prozesuaren tenperatura jaistea erabaki zuen; hor eraldatu omen ziren gaixotasunaren errua duten prioiak. Horrekin batera kontuan hartu behar da txerto baten eraginez 1976an scrapie gaitzaren bolada eragin zela; baina gaitz hori deklaratu beharrik ez zegoenez, elikatze-katean gaixotutako ardi ugari sartu zen. 1993an sartu zuten deklaratu beharreko gaitzen zerrendan, behi eroen gaitzarekin zer ikusia izan zezakeela jakin zenean.
1988ko uztailean Britainia Handian elikaduran irin horiek erabiltzeko debekua etorri zen, 1990erako behien entzefalopatia espongiformea nahitaez deklaratzeko gaixotasuna zen, baina horrek ez zuen arazoa konpondu; okertu baizik. Izan ere, zer egin behar zuen Britainia Handiak bere okela-hondarrekin? Arazo ekonomiko latza zen. Produktu horiek birziklatzea sekulako industria da, hiltegien industria bera sostengatzeaz gain hondarren arazoa konpontzen duena. Britainia Handiak bere irina kanpoan saltzea baino irtenbide hoberik ez zuen aurkitu. Europako hainbat herrialdek hartu zituztenez, behi eroen gaitzak Britainia Handiko mugak gainditu zituen. Geroztik, Europan irin horiek saltzeko debekuak ezarri ziren eta herrialde europarrak kanpora saltzen hasi ziren.
Benetako eskandalua 1996. urtean sortu zen. Britainia Handiko Daily Mirror egunkariak, gobernuari aurre hartuz, gazte batzuk Creutzfeldt-Jakob sindromearen bertsio berri baten eraginez hil zirela argitaratu zuen. Egoera guztiz arraroa zen, hildako guztiak 40 urtetik beherakoak zirelako. Egin zitzaien azterketek datu kezkagarria utzi zuten agerian: hildakoetatik hiru ganaduzaleak ziren eta behi eroen kasuak izan zituzten beren animalien artean. 1997ko irailean epaia eman zuten zientzialariek: "Behi eroen gaitza da, gizakiari transmititu zaio". Ez zen arraroa, Creutzfeldt-Jakob gaixotasuna prioiek erangidakoa da eta prioiak espezieen arteko muga gainditzeko gauza dira.
Haren ondotik, Britainia Handiko behien merkatuari atea itxi zioten munduko herrialdeek, gerora gauza bera egin zuten Europako herrialdekoekin ere.
Hiltegietako hondarrak debekatu egin dira erabat elikaduran, ongarrien parte ere ezin daitezke izan, ez eta umeentzako janarien eta kosmetikoen parte, nahiz eta orain arte izan diren. Azken aldiko eztabaida eta neurriak, berriz, gogorragoak dira. Eta hortik sortzen da galdera: zer gertatzen da hondar horiekin guztiekin? Erantzutea zaila da. Ezin dira guztiak erre, masa handia izateaz gain eta horrek poluzio ikaragarria sortzeaz gain, inork ez dakielako prozesua segurua den edo ez. Baliteke erretzearen ondorioz sortutako hondakinak besteak baino arriskutsuagoak izatea. Erronka, beraz, hor dago. Kontua ez da soilik gaixotasuna geraraztea —oraingoz erabat ezinezkoa, prioiak ezin baitira suntsitu—, baizik eta prioiari gizakien artean birziklatzeko aukerarik ez ematea.
Badirudi prioiekin harremanik ez izanez gero —hau da, gaixotutako behien okelarik jaten ez bada— gaixotzerik ez dagoela. Adituak, ordea, kezkatuta daude, transmisio-bideak gehiago direla uste baitute, odola adibidez. Ezkorrenen iragarpenak bete izan balira, dagoeneko behi eroen gaitza epidemia bihurtuta egongo litzateke. Zorionez, badirudi oraindik horrelakorik ez dela gertatu.