Has gaitezen hasieratik. Gure protagonista igel bat da, 5 cm inguru neurtzen duen igeltxo berde distiratsua. Begi handiak ditu, alboetara atereak eta begi-nini beltz horizontaldunak. Tinpanoak nabarmenak ditu eta muturra biribildua. Sudur aldetik albo bietara, aurre-apendizeetaraino doan marra beltz bana (ikus argazki handia). Azken hau da, eskuan hartuta, San Anton zuhaitz-igeletatik ( Hyla arborea ; ikus argazki txikia) desberdintzeko arrastorik onena, zalantzarik gabe. Dena den, tamainan, apaburuen itxuran, korrokan eta banaketan, batez ere, desberdin daitezke. Eta banaketa da gure igela protagonista izatearen arrazoia.
Baina gai horretan sartu aurretik (jada korapiloan sartzea litzateke eta) jakin dezagun apurtxo bat gehiago anfibio anuru honi buruz. Lehenik eta behin izena, oraindik aipatu ere ez dut egin eta. Hyla meridionalis du, hegoaldeko zuhaitz-igela lagunartean. Zergatik "izengoiti" hori? Bada, munduan duen banaketa dela-eta alde batetik, eta zuhaitzetan bizi delako bestetik. Hatzetan disko itsaskorrak dauzkate, zuhaitz, sastraka eta bestelako landaretzan gora erraz igotzeko. Horrela, eguna zuhaitz baten adarrean igarotzen dute, geldirik. Gauez aldiz, jaitsi eta intsektuak harrapatzeari ekiten diote. Ura? Bai noski. Anfibioak izaki, ugaltzeko beharrezkoa dute ura. Sakonera txikiko eta metro gutxi batzuetako putzuak nahikoak dituzte. Hori bai, bertan uretako landaredia egotea behar dute emeek arrautzak bertan errun ditzaten, eta poluituta ez egotea ere eskertzen dute (honi ironia deritzo). Horrelako putzurik ezean, istorio honen bigarren protagonistaren "ur-kaxa urdin" batzuk erabiltzera behartuta daude; piszina deiturikoak, alegia. Baina horietatik ez da ondorengorik ateratzen (landarediarik eza, garbiketa eta kloraketa dira arrazoi nagusiak). Gustuko putzu bakarra dute antza: Gurelesako Urtegia (ikus 1. irudia), hori izaki natural ugaltzen diren leku bakarra (Etxezarreta Rubio, 1998, argitaragabea).
Beno, eta bigarren protagonista aurkeztearekin istorioaren korapilora iritsi gara. Bere izena Homo sapiens sapiens da; izen arrunta: Gizakia. Zuetako askok ezagutuko duzue, istorio gehienetan protagonista izaten delako. Bi hanken gainean ibiltzeaz gain, bere berezitasuna, nabarmena duen buruan ongi garatutako burmuina izatean datza eta ezaugarri horrek, hain zuzen ere, egiten du hainbat istoriotan protagonista izatea.
" Behin batean Igeldon ..."
Hegoaldeko zuhaitz-igela jatorriz mediterranearra bada ere, Mendizorrotzen bada, eta azken glaziazioaren ostetik antza, bertan bizi da. Lehen aipu zientifikoa 1880an Boscá-k egindakoa da; garai hartan hain antzekoak diren bi zuhaitz-igel espezieak aurkitu zituen eta gaur egun ere biak topa daitezke. Mendizorrotz, Orio, Usurbil eta Donostia udalerriek mugatzen duten mendikatea da eta hegoaldeko zuhaitz-igelak Euskal Herrian duen bizileku bakarra (Azparnen dagoelako susmoa ere badago, baina ez dugu horren dokumentaziorik aurkitu). Mendikatean bigarren protagonista ere bizi da eta hasieran bere erreinu kideek hain beharrezko zituzten putzuak errespetatzen bazituzten ere, poliki-poliki deuseztatu egin dituzte. Gaur egun, Igeldo mendiaren magalean lehen aipatutako Gurelesako urtegia eta alboan dagoen Berioko putzua besterik ez dizkiete utzi.
Igel-populazioaren isolamendua, erliktikotasuna edota zaurgarritasuna ikusirik, Eusko Jaurlaritzak (gizakiek duten elkarte boteretsua) "galtzeko arriskupeko espezie" izendatu zuen Hyla meridionalisa 1996an, Mehatxaturiko Espezieen Euskal Zerrendan kategoria hori duen anfibio bakarra delarik. Figura horrek legalki hainbat ondorio ditu (lege = gizakiak asmatutako arauak, nahitaez bete beharrekoak): ezin dira hil, ez harrapatu, ez larbak ukitu,... ezin da bere habitata deuseztatu, ezta bere ugaltzeko lekuak ere,... eta espeziearen berreskuratzea bermatuko duen plan estrategikoa burutu beharko da (16/1994 Legea ekainaren 30ekoa), espeziea Zerrendatik ateratzea baimenduko duena.
1997ko bukaera aldean ordea, ez zen artean gaiaren inguruan ezer egin eta Berioko putzua desagertu ostean Donostiako Haritzalde Naturzale Elkarteak (botererik gabeko gizaki-elkarte batek) alarma piztu zuen. Ondoren Berion beste putzu bat egin zen (ikus 2. irudia), baina berreskuratze-planak egin gabe zirauen. 1998ko urrian Aranzadi Z.E.ak (gizaki ikertzaile-talde bat, izen handikoa) "Mendizorrotzeko Hegoaldeko Zuhaitz Igelaren Egoeraren Azterketa" burutu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat (Etxezarreta Rubio, 1998, argitaragabea). Ordurako Gurelesako urtegia dagoen lur-eremua Bizkaiko enpresa bati, Neinor-i, saldua zion Iparlat enpresak. Urtegia uretan esne-botilak garbitzeko eta makinak hozteko sortu zuten 50.eko hamarkadan. Duela urte batzuk hustu egin zuten, baina euri-ura nahikoa da ur-maila mantentzeko eta denboraren poderioz, utzikeria dela-eta, "naturalizatu" egin da. Ikusgarria da gaur egun bertan dagoen fauna eta, batez ere, flora. Eta horixe du ondorengoak izateko leku apropos edo gustuko bakarra gure igel-protagonistak. Arrazoi horiek direla eta, Haritzaldek ingurua Biotopo Babestua izendatzea eskatu zuen, baina ia urtebete geroago "ez dago aurreikusia" jaso du erantzun gisa. Ingurua ordea, industria-gunetarako ere egokia omen da eta urtegiaren gainean pabilioiak eraikitzeko proiektua du Neinor-ek.
Papera laburra baina garrantzitsua duen pertsonaia sartu zen orduan: fiskala. Gizon boteretsua da bera eta gizaki askori errespetua eragiten dio; legea betearazteko dago, eta betetzen ez dela ikusten badu, zigorrak ezartzea eska dezake. Ipuin honen korapiloa hasteko erabakigarria izan zen.
Orduantxe, arriskupeko espezie izendatu eta hiru urte geroago, 1999ko azaroan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hyla meridionalisen "Kudeatzeko Plana eta babesteko arau osagarriak" kaleratu zituen (GAO 221, 1999ko azaroaren 18a) legeak agindu bezala. Eta lana bukatutzat jota, Fiskalak istoriotik kanpo utzi zuen bere burua, aldez aurretik honakoa argi utzita gure anfibio protagonista desagertzen bada, erantzuletzat dituen horiekiko neurriak hartuko dituela.
Orain arte galdu ez izana espero dut, irakurle. Badakit korapilo korapilatsua dena, pertsonaia asko, ekintza ugari, intriga,... baina lasai, orain marapiloa lasatzen hasiko gara, eta amaierara bideratzen.
Plan estrategikoan utzi dut haria. Ea ba, labur esateko planak beste putzu batzuk mendian eraikitzera behartzen du, 10 guztira. Gurelesako urtegiaren ondoan beste putzu bat sortuko da eta bertara sartu beharko dute Urtegira joateko ohitura zuten igelek. Putzua zentral moduan erabiliko da, eta bertatik hartuko dira mendian barreiatuta egongo diren putzu berrietan sartzapenak egiteko aleak. Ideia igelak industria-gunetik urruntzea da, gizakiarekiko lehia saihestu eta igelak lehen Mendizorrotzen zuen banaketa berreskuratzeko. Planak ordea, EZ DU ESATEN Gurelesako urtegian zer gertatuko den, ez du orain arte ugaltzeko leku bakarra den urtegiaren iraupena beste putzuren batean ugaldu dena ziurtatu bitartean bermatzen. Garrantzitsua delako, beste modu batean esango dut argiago gera dadin. Izan ere, hau izan baita burmuin garatua duten aleengan, hau da, H. s. sapiensengan , lehia intraespezifikoa sortu duen gaia: putzu berriren batean ugalketa burutu eta gainera belaunaldi berriak aurrera egiten duela frogatu/ziurtatu arte Gurelesako Urtegia mantentzea igelak bizirik irauteko bermea litzateke. Planak, aldiz, ez du horrelakorik adierazten eta igelak putzu zentralera pasa ondoren Neinor-ek ez du proiektuko pabilioia eraikitzeko oztoporik izango.
Eta iritsi gara istorio honen amaierara. Jada eraikita daude zazpi putzu berri. Urtegiaren albokoa, zentrala, ere egina dago. Zorionez, Neinor-ek lanak uda honetan ez hastea erabaki zuen eta urrirako utzi du urtegiaren txikizioa. Igelak beraz, beste urtebetez bere txokorik gogokoenaz gozatzeko aukera izan du eta uda honetan inor gauez ingurura hurbildu bada, eskainitako aukera hori zein ongi hartu duen frogatu ahal izan du. Hau iskanbila zoragarria, arren korroka zoroak emea erakartzeko ahaleginetan!
Dena den, zuk, irakurle, putzu berrietan zer gertatu den jakin nahiko duzu ezta? Bada, gauez inguruetan ibili den edozeinek hainbat putzu berritan korrokak entzun ahal izan ditu, baita putzu zentralera ura zuenean joan bazen ere (nik zoritxarrez, urik gabeko eguna aukeratu nuen nonbait (!!)). Baina bi H. s. sapiens foku eta salabardoz topatzean, ordea, korroka-entzuleari zalantza sor dakioke: igelak beren kabuz joan ote diren ala Aranzadiko bi langile amorratu horien igela desagertzetik urruntzeko ahaleginen ondorioz iritsi ote diren. Zalantza bi ikertzaile hauek argitu beharko digute euren lanaren ondorioak argitaratzean. Bitartean galderak airean: pabilioiak egiten hasiko al dira hurrengo hilean? Hala bada, datorren udaran urtegirik gabe moldatu ahal izango ote du H. meridionalisek? Biotopo Babestua izango al dugu azkenean? Plan Estrategikoa hitzez hitz bete ez arren, fiskalak zerbait egingo al du? Zein iritzi izango ote du horren guztiaren gainean diputatu nagusiak? Denborak esango du! Ipuinaren amaiera beraz, hurrengo atalerako laga beharko dugu eta ordurako erantzunak izatea espero dugu.
Eta orain, gizakia bere horretan jarraituko duen bitartean, igelari atseden garaia heldu zaio: ondo lo egin igeltxo, bihar arte!