Bainuetxeak: osasun-iturri

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Gure inguruan hainbat bainuetxe daude (ponpoxoago hitz egitea gustatzen zaienek, estazio termalak direla esaten dute), eta horietako asko urte osoan irekita egoten dira. Bertan ur minero-medizinaletan oinarritutako tratamendurik sofistikatuenak erabiltzen dira, artrosia, estresa, asma, psoriasia eta antzeko gaitzak hobetzeko asmotan, edota eguneroko lanari aurre egin ahal izateko gorputza puntu-puntuan jartzekotan.

Erlaxatzea, galdutako oreka berreskuratzea eta sasoian jartzea gauza ona da edozein urte-sasoitan izanda ere. Helburu horiek gure lurralde osoan zehar banaturik dauden bainuetxeetan ondo baino hobeto bete ditzakezu. Zer dira bainuetxeak? Osasunerako, atsedenerako eta edertasunerako lekuak dira, bertan ur minero-medizinalen iturburu bat egoten da, eta horrekin tratamendu desberdinak egin daitezke.

Urte askotan, bainuetxeak eta bertan hartzen ziren ur termalak dirudunen kontua bakarrik izan ohi ziren, eta jende arruntak ez zuen edukitzen bertako mesedeez gozatzeko aukerarik. Azken aldiotan, ordea, bainuetxeak poltsiko ez hain hornituetara ere egokitu dira, eta gaur egun teknikarik sofistikatuena eta tratamendurik konplexuena (eta garestiena) ere edozeinen eskura daudela esan dezakegu.

Zein kasutan dira egokiak?

Bainuetxeetako sendabideak oso eraginkorrak dira hainbat gaitzen tratamenduan. Horregatik Europako zenbait herrialdetan (adibidez Alemanian, Frantzian, Italian edo Portugalen) osasun-zerbitzu publikoek estaltzen dituzte, osorik edo zati batean bederen. Espainian, eta zoritxarrez Euskal Herrian, ez gaude maila horretan, adineko pertsonentzat, gaitz kronikoak jota daudenentzat, eta betiere beren medikuak era horretako terapiak aginduz gero, Inserso-k leku horietara baldintza ekonomiko berezietan joateko modua ematen dien arren.

Asko dira ur termalek dituzten indikazioak. Bertan lor daitekeen erlaxazio eta atsedenaz gain, ur minero-medizinalek eragina daukate muskulu-erlaxazioan, eta horregatik mesedegarriak izango dira artrosi batek, adibidez, ekar ditzakeen min edo tentsio muskularren kasuan. Aldi berean, muskuluan kontraktura arintzeaz gain, ur beroek hantura-kontrako eragin handia dute, eta horrexegatik, ur berotan hainbat ariketa egiteko modua dauka gaixoak, uretatik kanpora ezinezkoak gertatuko litzaizkiokeenak.

Bestalde, bainuetxeak daukan ur-motaren arabera, uraren ezaugarri fisiko eta kimiko desberdinen arabera, beste hainbat gaitz edo trastorno senda daitezke. Badira tenperatura altuan irteten diren urak, beste batzuk hotz ateratzen diren bitartean. Badira ur bikarbonatuak, sulfuratuak, sodiko-kaltzikoak, erradioaktiboak, kloruratuak, litinikoak, oligo-mineralekin, silikatatuak, bromuratuak, etab.

Beraz, eta zehazten hasteko, ondorengo gaitz hauek hobetu daitezke balneoterapia bidez, alegia bainuetxeetako uren tratamenduak hartuz:

  • Aparatu digestiboko gaitzak. Edozein disfuntzio digestibo, baita apetitu falta eta pirosia edo bihotzerrea ere.
  • Arnas aparatuko trastornoak. Asma eta bestelako arnas afekzioak. Ur sulfurosoak dira onenak, kasu hauetan, mukosa deskongestionatzen dutelako, eta horregatik gomendatzen dira asma eta bronkitisen tratamendurako.
  • Giltzurrun eta gernubideetakoak.
  • Gaitz erreumatologikoak eta traumatologikoak. Esaterako artritisak edo artrosiak, hezurretako edo muskuluetako arazoak.
  • Zirkulazioko arazoak. Zirkulazio txarra, barizeak, etab.
  • Gaitz ginekologikoak. Buztinez egindako tanpoiak edo dutxa baginalak mukosetako inflamazioen kontra dihardute, eta bereziki egokiak dira endometrioko gaitzetan.
  • Nerbio-sistemetako alterazioak. Estresa, antsietatea, baina baita Parkinson-en gaixotasuna eta antzeko sindrome konplexuagoak ere. Ur berotan, ibilerako piszinetan gaixoak egin behar dituen ariketak oso egokiak dira gaitz hori (Parkinsona, alegia) aurrera doan heinean gaixoak galtzen dituen ibilera eta oreka edo egonkortasuna berreskuratzeko.
  • Larruazaleko afekzioak. Psoriasia edo aknea, adibidez.

Koxka, uretan dago

Urak hiru eratako eraginak dauzka, nagusiki.

Mekanikoak

Gorputzak gutxiago pisatzen du uretan, eta horregatik uretatik kanpora ia ezinezkoak (edo erabat mingarriak) liratekeen errehabilitazioko ariketak egin daitezke uretan.

Termikoak

Ur beroarekin (37 ºC-tik gora) metabolismoa estimulatzen da, eta gainera eragin lasaitzailea, baso-zabaltzailea eta hipotentsorea lortzen dira. Ur hotzak, aitzitik, baso-konstrikzioa eragiten du (hau ere estimulatzailea da), tiroide guruinaren funtzioa bizkortzen du, eta muskuluak uzkurtu egiten ditu.

Kimikoak

Ur minero-medizinalek dituzten mineral eta oligoelementu desberdinak larruazaleko poroetan barrena sortzen dira, gorputz osoan barrena hedatuz.

Ikusi dugunez ura da bainuetxeko osagai nagusia, baina buztinak, algak, masajeak, fisioterapia edo solarium-a ere erabili ohi dira metodo osagarri bezala. Ura modu askotara erabil daiteke (presioko dutxak, txorrotadak, dutxa zirkularrak; piszinetan, lurrun-bainuetan, inhalazioetan edo baineretan); tratatu beharreko gaitzaren eta pazientearen lesio-mailaren arabera.

Bainuetxeek eskaintzen dituzten zerbitzuez gozatu nahi dituen edozein pertsonak azterketa medikoa pasatu beharko du aurrez, eta bertan zehaztuko dira bere egoera orokorra, zein-nolako gaitzak jota dagoen eta beraren larritasuna. Kontrol mediko hori beharrezkoa da, zenbait gaixotasunen kasuan tratamendu batzuk desegokiak daudelako. Horixe da arazo kardiakoen kasua, tenperatura-aldaketa handiek gastu gehiegizkoa ekar dezaketelako bihotzarentzat, edo baita artrosia fase akutuan dagoenean ere. Kasu horietan bainuetxeetako atseden eta lasaitasunarekin konformatu beharko du pazienteak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila