Azpeitiko Umeentzako Museoa

Iritsi da museo berri bat bisitatzeko ordua. Eta oraingoan Azpeitiko Umeentzako Museora joango gara. Haurrak, askatasun osoz, interesgune berriak aurkituz eta jostatzen ari diren bitartean bere buruari zenbait galdera egitera hel daitezen bilatzen da museoarekin. Hamar urte aurten betetzen dituen museo honetara helduak ere gertura daitezke asteburuetan. Loiolako errepide zaharreko Egibar baserrian bada zer ikusirik. Jakin beharrekoa

Mota honetako museo gutxi zeuden duela urte batzuk. Azken hamarkadan, berriz, ugaritu egin dira gure inguruan umeei eskainitako museo eta erakusketak. 80.eko hamarkadaren erdialdean, interesaturik zeuden zenbait pertsona Marsella, Boston eta Venezuelako haurrentzako museoak ikustera joan ziren.

1986an konbenio bat eratu zen Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila eta Azpeitiko Udalaren artean. Lanaren fruitua, azkenik, 1987ko ekainaren 5ean inauguratu zen museoa da, Euskal Herrian aitzindaria izanik arlo honetan.

Berrikuntzaren ondorioz, hasieran ikasle-kopuru ikaragarria pasatzen zen Azpeititik (urtean 25 mila inguru). Baina azken urteetan kopurua jaitsi egin da (15-16 mila bitartean), antzeko erakusketak sortu diren heinean, bereziki. Guztira, 197.757 bisitari izan dira Azpeitian kokaturiko museo erakargarri honetan.

Jolasen bidez, umeek zientzia eta ingurugiroa ezagutzea, nolabaiteko sentsibilitatea izan dezatela bilatzen da. Ikasleek areto bakoitza ikusi ondoren, ariketak egiteko aukera dute fitxen bitartez. Lan egiteko material nahikoa dute arlo bakoitzean. Baina azalpen batzuk zaharkiturik gelditu dira hamar urteren buruan. Ana Arrutik, bertako langileak, museoaren bide berriaz hitz egiten digu. `Museoa errekonbertsio fasean dago, gauza batzuk zaharkituta baitaude. Aldaketa txiki batzuk egin ditugu Uraren eta Airearen arloan eta Lurzoruaren aretoan ere gauza bera egin nahi dugu. Ingurugiroaren ikuspegitik ari gara jorratzen arlo bakoitza eta bide horretatik jo nahi dugu poliki-poliki´. Ana Arrutirekin batera Edurne Agirre eta Itziar Unanue ari dira lanean Azpeitiko museoan. Esan digutenez, zaila da jendea erakartzea, baina berrikuntzen haritik jende gehiago etorriko denaren esperantza badute.

Umeak gustura arlo guztietan

Laupabost arlo besterik ez zeuden museoa sortu zen unean. Denborarekin, aldiz, arlo berriak eraiki dira 7 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoen gozagarri. Museoaren helburua, jolasen bidez umeak zientzia eta ingurugirora hurbilaraztea da. Bideo-proiekzio saila ere aipatzekoa da: aztertu duten arloarekin zerikusia duen filme bat edo diapositibak eskaintzen zazkie bisitariei.

Lauzpabost arlo besterik ez zeuden museoa sortu zen unean. Denborarekin, aldiz, arlo berriak eraiki dira 7 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoen gozagarri. Zetazeoen arloa eta duela gutxi berritu duten urarena dira gaur egun ikus daitezkeenetako bi.

Espazioaren arloarekin hasiko gara, bertan bisitaria eguneroko girotik atera eta giro berri batean murgiltzen da; bertan, galaxiak, Eguzki-sistema eta Lurraren atmosfera ezagutuko ditu ikasleak.

Airearen arloan gure planetako gas-nahasketaren garrantziaren berri izango dugu. Horren hondamenak dakarren kalteaz ere jabetuko gara, erakusketan ingurugiroari loturik egin diren aldaketa berriei esker batez ere.

Lurraren erdirantz abiatuz, haren baitan ematen diren aldaketak ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo atalean. Era berean, Izarraitz Azpeitiko Mendigunea bisita daiteke.

Hondakinei dagokionez, egunero sortzen dugun hondakin-kopuruaren eta konposaketaren berri izango dugu. Birziklapena, errauspena eta beste teknika batzuk nola burutzen diren ere erakusten da.

Duela gutxi berritu duten uraren arloan zenbait galdera azaltzen dira: Gure planetan zenbat ur dago? Non? Nola bihurtzen da edateko ura? Nola poluitzen da? Nola garbitzen? Ingurugiroaren ikuspegitik bideratuta dago orain areto hau, bizitzarako hain baliabide garrantzitsua den horri buruz zerbait gehiago ikasiko dugularik.

Gizakiaren eboluzioaren arloa da hurrengoa. Antzinako arbasorik zaharrenetatik hasi eta gaur egun arte, haien ohitura, asmakizun eta bizitzeko moduak ezagutzeko aukera izango da.

Lauzpabost arlo besterik ez zeuden museoa sortu zen unean. Denborarekin, aldiz, arlo berriak eraiki dira 7 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoen gozagarri. Zetazeoen arloa eta duela gutxi berritu duten urarena dira gaur egun ikus daitezkeenetako bi.
J. Larrañaga

Geologiaren arloan, duela 4.600 milioi urte Lurrak gaur egungo itxura hartu zuenetik gure garaietarainoko bidai liluragarrian murgilduko gara. Euskal Herriko eboluzio geologikoa ere aztertzen da hemen.

Ekosistemen, populazioaren, energiaren eskuratze eta fluxuen, katea trofikoen eta organismoen elkarrekintzak ulertzen saiatuko gara Ekologiaren arloan.

Zetazeoen arloa oso erakargarria da umeentzat. Zetazeoen mundu ezezaguna gazteenei hurbiltzeaz gain, desagertzeko arriskuan dauden espezien aldeko azalpena egiten da.

Gero eta gehiago kontsumitzen dugu, neurririk gabe askotan, gainera. Kontsumoaren aretoak kontsumitzen ditugun produktuetatik zenbat diren beharrezkoak azaltzen da.

Euskal Herrian badira mota honetako beste museo batzuk, hala nola, Beizaman, Zatarrainen, Pagoetan, Ulian eta Zarautzen.

Behar-beharrezkoa da haur-taldeentzat eguna eta orduak finkatzea, aurretik irakasle-arduraduna Museoko idazkiekin harremanetan jarriz.

ORDUTEGIA

Lanegunetan, haur-taldeentzat bisitak:
10etatik 13etara
14etatik 17etara

Larunbata eta igandeetan edonorentzat irekita:
11etatik 13etara

Jaiegunetan itxita.
Tel.: (943) 81-24-48

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila