Azeri hegalariak?

Gauzen bilakaera ikusita, laster azeriek bi alternatiba izango dituzte: kaioletan bizitzera egokitu edo hegan egiten ikasi. Bi aukera horietara egokitzen ez direnek etorkizun latza izango dute.

Euskal Herrian naturari begira burutu den politika, burutu denean, oso kaxkarra izan da. Nolanahi ere, eta aurrera ekin baino lehen, politika hori bultzatu dutenen asmoak ez direla asmo txarrak izan aitortu behar dut. Hor dugu, esaterako, Aranzadi Elkarteak 1989. urtean Eusko Jaurlaritzarentzat prestatu zuen txostena lekuko. Bertan naturgune-sarea proposatzen zen Euskadiko Autonomi Elkarterako; lotura koherentea zuen sare babestua proposatu ere.

Geroztik euri asko egin du, baina ez da proposatutako sarea osatu. Ondorioak nabarmenak dira, hasierako sare-proposamena sakabanatuta dauden lurralde jakin batzuk babestera mugatu delako. Lurralde hauek gainera, ez dute elkarrekiko loturarik. Horrela ageri da Euskadiko Autonomi Elkartearen Lurralde Antolakuntzaren Jarraibideen agirietan bederen. Horren adierazle garbia da Nekazaritza Sailak Euskal Baserrialdeko Plangintza Ekintzabide Orokorra delakoan aurkezten duen planoa. Bertan, bederatzi lorontzi edo berdegune ageri dira grisa nagusia deneko geografian. Nafarroan eta Iparraldean, nahiz eta egoera hain larria izan ez, antzeko zerbaitekin topo egingo dugu.

Planteamendu hauekin aurrera segitzen badute, eta horrela izango dela dirudi, erabat finkatuta geratuko da oraintxe gertatzen ari den "barrera-efektua". Hau da, gure geografian sakabanaturik dauden berdegune triste batzuk baino ez dira geratuko irlatxoak osatuz, eta bertako faunak muga horietara egokitu beharko du. Dagoeneko, Bilbo-Behobia autobidearen eraginez, Gipuzkoako kostaldean hori horrela da. Jaizkibel eta Kukuarri inguruko fauna, hegaztiak salbu, isolaturik bizi dira. Lur-eremu horietako animalien trukaketa genetikoa ia-ia ezinezkoa da; higitzeko aukera gutxi baitute. Bertako azeriak, azkonarrak, kataginetak eta satorrak kaiola handi batean bizi dira. Etorkizun hur bilean, ez oso urrunean bederen, bertako espezie gehienak desargertuta egongo dira.

Gauzak horrela izanik eta oraingoz hemen planteatzen ari den politika hezurmamitzen bada behintzat, Autonomi Elkartean ez da naturgunerik geratuko. Hauen ordez hainbat kaiola berde edo, ideia atseginagoa bazaizue, hainbat zoologiko erraldoi izango dugu. Urkiolan eta Aizkorrin gure faunaren aztarnak gorde nahi baldin baditugu, animaliak bertan askatu eta zaindu egin beharko ditugu, edo bestela, argazki ederrak ipini etorkizunean iraganean izandakoa ongi gogoratu ahal izateko. Nolanahi ere, basafauna handia akabo betirako.

Inolako zalantzarik gabe, arazo honek badu oraindik konponbiderik. Horretarako aski da antolaketa birplanteatzea eta Aranzadik 1989an proposatutako naturgune-sarearen ideia berreskuratzea. Zoritxarrez, gure politikariek, eta herriak berak, naturarekiko beste sentikortasun bat izan beharko lukete hori horrela gerta dadin, eta hori lortzea ez da batere erraza. Sentikortasun-aldaketa hori nabaritu edo ikusi baino lehen ikusiko ditugu azeriak hegan edo, bestela, ez ditugu gure Autonomi Elkartean gehiago ikusiko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila