Artizarreko hodeien azpitik (I)

Artizarreko hodeiek planetaren gainazala aztertzeko sortzen duten eragozpena gainditzeko saioak aspaldi hasi ziren. Saio hauek beti radarra erabiltzean oinarritu dira, noski, uhin zentimetrikoek hodei-geruza arazorik gabe zeharka dezaketelako. 1960.aren inguruan eraiki ziren Artizarrak itzulitako oihartzunak jasotzeko adina potentzia zuten lehenengo radarrak, eta 1961.eko konjuntzioan egin ziren lehenengo behaketak, ondorengo urteetako konjuntzioetan errepikatu zirelarik. Arazo bat bazen hala ere.

Lurretik oso gaitza da neurketa altimetrikoak egitea. Hori dela eta, 1978.eko abendutik aurrera Artizarra orbitatu behar zuen Pioneer Venus I-ean radar altimetrikoa jartzea pentsatu zen. (Espaziuntzi hau eguratsa aztertzeko diseinatua zen batez ere). Altimetroaren bereizmena 200 m-koa zen. Neurketa horizontalen radarrarena, berriz, 100 km ingurukoa baino ez.

Artizarreko hodeiek planetaren gainazala aztertzeko sortzen duten eragozpena gainditzeko saioak aspaldi hasi ziren.

Ez da gauza handia, Lurretik baldintza egokitan 10 eta 20 km bitarteko egiturak bereiz zitezkeela kontuan izaten badugu; baina horren ordainetan Pioneer I-ek Artizarraren % 93aren irudiak bidali zituen; Lurretik kartografia zitekeena baino askoz ere gehiago. Geroztik, joan zen hamarkadan, Venera 15 eta 16-k kilometro t’erdiko bereizmeneko irudiak bidali zituzten. Hala eta guztiz ere, Artizarraren oso ikuspegi orokor bat baino ez zen lortu. Azken aldian, berriz, Magellan espaziuntziaren radarren bidez zientzilariak askoz ere bereizmen handiagoz “ikusten” ari dira.

Hamabost hilabete eta 1.500 milioi km pasako bidaiaren ondoren, Magellan espaziuntzia 1990.eko abuztuaren 10ean hasi zen Artizarra orbitatzen. Lehenengo egunetan izandako komunikazio-arazo batzuen ondoren, urte bereko irailaren 15ean ekin zion planeta kartografiatzeari. Gaur egun datuen % 98 arazorik gabe iristen da. Kartografiaketaren 8 hilabeteko lehenengo zikloa 1991.eko maiatzaren 15ean bukatu zuen. Planetaren inguruan 6.000 bira burutuz, Artizarraren gainazalaren % 90 aztertu du. Urtearen hasieran bukatu duen bigarren zikloan, lehenengoan egindako hutsak bete ditu eta lehenengo zikloan baztertu ziren hegoaldeko latitudeetako informazioa ere bidaliko du.

Horretarako Lurretik orbita-aldaketa batzuk agindu behar izan zaizkio. Bost bat urtetan 8 ziklo beteko ditu, horrela bereizmena ere hobetuz, eta azken batez gainazal osoaren irudiak bidaliko ditu, orain dela 20 urte Mariner 9-ak Martitzetik bidali zituen bezala. Ezberdintasun bat dago, ordea. Magellan-ek datu gehiago bidali zituen hiru egunetan Mariner 9-ak misio osoan baino. Dudarik gabe, radar-irudiak interpretagaitzak dira argazkien aldean, emango ditugun informazioetan nabarituko denez, baina, hala ere, zientzilariek eman dute dagoeneko planetaren ikuspegi orokor bat, lehenengo zikloan zehar Magellanek bidali dituen datuen behin-behineko azterketaren ondoren.

Lurrarekin konparatzen badugu eta lehenengo inpresioari kasu eginez, Artizarraren itxura gure planetak bere eboluzioko lehenengo aroan zuenaren antzekoa da, hau da, Lurra sortu berri zela gainazala gogortu zenetik (orain dela 4.500 milioi urte ingurutik) bizitza sortu baino lehentxeago arte (orain dela 2.500 milioi urte arte edo) izan zuen itxuraren antzekoa. Horrek ez du esan nahi Artizarraren gainazala hain zaharra denik. Aitzitik, gainazalean identifikatu diren gorabehera zaharrenek dirudienez ez dituzte 1.000 milioi urte baino gehiago, eta zatirik handienak ez da uste 400 milioi urte baino gehiago duenik. Beraz, Artizarraren gainazalaren adina Lurrarenaren (ehundaka milioi urte batzuk) eta Martitz, Merkurio edo Ilargiarenaren (milaka milioi urte gutxi batzuk) artekoa da.

Artizarraren bi kontinentetako batean, Isthar Terra izenekoan hain zuzen, daude argazkiko Danu mendiak. 500 m-ko kota dute.

Konposizioari dagokionez, Artizarraren gainazala Lurreko itsasoetako hondoen antzekoa da. Dena den, planetaren tenperatura altua dela eta, haitzak fusio-punturako erdibidean daude eta, ondorioz, hemengo kontinenteetako haitz bigunen antzera jokatuko dutela uste da.

Bestalde, Artizarra nahikoa planeta launa dugu. Gainazalaren % 60 kilometro bateko altuera-diferentziaren barruan dago. Portzentaia % 80ra iristen da altuera-tartea 2 km-koa hartzen badugu. Lurralde garaienak, gainazalaren batezbesteko altueraren gainetik daudenak, hau da, erradioaren batezbesteko balioaren (6.051,4 km-ren) gainetik daudenak, % 5 baino ez dira, eta Artizarraren kontinenteak direla kontsidera genitzake. Bi dira nagusiki: Ishtar Terra eta Aphrodite Terra.

Ishtar Terra ipar hemisferioan dago, nahikoa latitude handietan, eta Australiaren tamainakoa da gutxi gorabehera. Lautada handi bat du; Lakshmi Planum izenekoa. Lautada honen hegoaldeko mugan Danu mendiak daude, 500 m inguru gainetik, beste aldetik hiru bat mila metro hegoaldeko lautadetaraino jaitsiz. Ishtar-en dago, halaber, Artizarreko kota garaiena, Maxwell mendia, batezbesteko maila baino 11 km gorago. Aphrodite Terra ez da Ishtar Terra bezain altua, baina zabalagoa bai. Ikuspuntu honetatik ezin dugu Lurrak eta Artizarrak antz handirik dutenik esan. Gure planetan lurren % 65 itsaspean dago eta beste % 35 kontinenteak dira. Gainera, itsaspeko lurraldeen zati handi bat itsasmaila baino 5 edo 6 km beherago dago.

Lehenago Artizarraren gainazalaren adinaz hitz egin dugu, Lurrarenaren eta Martitz edo Merkuriorenaren artean mugatuz. Horrek gainazalak aldaketa edo berrikuntza batzuk jasan dituela esan nahi du. Zeintzuk dira eboluzio horretan parte hartu duten mekanismoak? Hasiera batean, zientzilarien inpresio orokorra moldaketa Lurrean izan diren eragileen oso antzekoek egina izatea da, hala nola bulkanismoak, meteoritoen talkak, plaken tektonikak eta higadurak. Dena den, badira arazoa argi ikusten ez dutenak ere, Lurrean eta Artizarrean emaitzak nahikoa ezberdinak izan direlako. Onartu egin behar da prozesu horien garapenean ezberdintasun nabariak daudela. Ikus ditzagun, bada.

Artizarraren itxura gure planetak bere eboluzioko lehenengo aroan zuenaren antzekoa da, hau da, Lurra gainazala gogortu zenetik bizitza sortu baino lehentxeago arte izan zuen itxuraren antzekoa.

Indar handiena izan duen prozesua sumendien eskutik etorritakoa izan da. Artizarraren gainazalaren % 80an gutxienez, bulkanismoa da gertatu den azken prozesu geologikoa. Beraz, azkeneko ehundaka mila urte batzuetan, gainazala ia erabat berriztatu da. Oraindik ezin daiteke zehaztu prozesua hondamendi handi baten ondorioa izan zen ala urte luzetan zehar gertatutako erupzio txikien emaitza izan den.

Meteoritoen talken eragina ere ez da Ilargian edo egurats meheak dituzten planetetan gertatu den bezalakoa. Bere dentsitatea dela eta, Artizarraren eguratsa oso oztopo handia da iritsi nahi duten meteoritoentzat. Txikienak lurrera iritsi baino lehen desegiten dira, eta handiak, berriz, zatitu egiten dira. Hala ere, 20 km baino gehiagotik erorita talkaz eragindako kraterrek, laba-fluxuak sorterazi dituzte. Harrigarria bada ere, ez dago Artizar osoan Eguzki-sistemaren lehen aroko talka ugarien kraterrak gordetzen dituen eskualderik, Ilargiaren hegoaldeko lurralde garaietan bezala, adibidez.

Tektonikari dagokionez, badu bere txokoa Artizarrean. Sumendien aktibitatea iritsi ez den gainazalaren proportzio txikian plaken higiduraren frogak nabaritu ahal izan dira. Hain zuen, kontinente bietan aurki daitezke egitura ezberdinak. Ishtar Terran daude berezi eta ulergaitzenak: lautada bolkanikoak baino kilometro bat edo bi gorago dauden teselaz osatutako mosaiko antzeko eskualdeak dira. Bestalde, badira Ishtar gainazalaren pilaketaren ondorioz sortu zela uste dutenak.

Aphrodite Terraren egitura ere tektonikaren ondorio izan litekeela uste da, baina oraindik ez da prozesua argitu. Dena den, garbi ikusten da Artizarraren tektonikaren jokaera Lurrarenaren ezberdina dela.

Higadura dugu garrantzi txikieneko eragile Artizarraren kasuan. Eguratsak, Ilargiak edo Merkuriok jasaten dituzten mikrometeoritoek eragindako higadura galerazten du, eta bestalde planeta hain lehorra denez, ez du Lurrak jasaten duen uraren eragina jasan behar. Haizea gelditzen zaigu, bada, eragile bakar, eta gainazalaren mailan indar handirik ez duenez, oso aldaketa txikiak sorterazten ditu.

Oraingo honetan ikuspegi orokor bat eman nahi izan dut. Hurrengoan xehetasunetan gehiago sakonduko dugu, ikerketa nola garatzen den eta zertan oinarritzen den hobeto ulertzeko

EFEMERIDEAK

EGUZKIA: maiatzaren 20an, 19 h 12 m-tan Geminis-en sartzen da.

ILARGIA:

ILBERRI ILGORA ILBETE ILBEHERA

eguna
ordua

maiatzak 2
17 h 44 min
9
15 h 43 min
16
16 h 3 min
24
15 h 53 min

PLANETAK

  • MERKURIO: apirilean esaten genuenez, maiatzean ere goizaldera izan beharko genuke ikuskor. Baina Eguzkia baino ordubete lehenago ere ez da agertuko. Beraz, oso zaila izango da ikustea.
  • ARTIZARRA: planeta honen elongazioaren balioak oso txikiak dira, 11 °W-tik 5 °W-eraino jaisten dira. Beraz, nahiz eta bere distira handia izan, ezingo da ikusi.
  • MARTITZ: aurreko hiletan goizaldera ikusten genuen, baina maiatzaren erdialderako ordu bi t’erdiak (UT) aldera agertuko da. Gero eta goizago azalduko da, eta gauean zehar gero eta gorago iritsiko da zeruan. Magnitudea 1,0 ingurukoa da.
  • JUPITER: zeruan iluntzean agertuz segituko du, baina egunetik egunera baxuago, hau da, egunetik egunera goizago ezkutatuko da. Hilaren bukaeran gaueko ordubaterako (UT) edo gordeko da.
  • SATURNO: Martitz bezala gero eta lehenago ateratzen da. Gainera, aurrerapen hori Martitzen kasuan baino azkarrago gertatzen da. Maiatzaren erdialdera adibidez, 1 h-rako agertuko da, eta bukaeran 0 h-etarako (UT).
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila