Nork espero zezakeen Euskal Herrian gaur egun dugun parajerik ederrenetakoak eta basatienetakoak orain dagoen bezala donostiarren ur-egarriari esker iraungo zuenik. Bai, horrela da. Donostiako etxeetan ur garbia eta nahikoa izatearren, Donostiako udalak 3.700 hektareako azalera duen arroa erosi eta hesitu zuen 1.919. urtean Goizuetako lurretan. Urteen poderioz eta huskeriagatik nahikoa birpopulaketa egoki eginez, oraingo baso paregabeak ditugu Artikutzan.
Oraindik ere, bertara sartzeko baimena Donostiako Ur-zerbitzuan eskatu behar da. Eta arrazoi honegatik nahikoa jende gutxi hurbiltzen da eta hurbildu izan da Artikutzara azken 70 urte hauetan, igandetako mendizaleen eragina ia-ia hutsa izan delarik.
Automobilez joanez gero, bada Oiartzunetik Artikutzaraino (Bianditzeko mendi-lepoa pasatuta) joaten den errepidea. Oiartzuneko Karrika auzotik 14 kilometrora dago, hain zuzen, sarrerako atea.
Goizuetatik ere bada beste bide bat automobilez joateko, baina finkaren mugan, atea itxita dago. Goizuetatik joanez gero mendian barrena bada beste bide bat. Bide hau gure ustez bestea baino politagoa da.
Oinezkoentzako bideak ere badira inguruko beste herrietatik. Agian, politena Arantza herritik doana izan daiteke. Lesakatik eta Oiartzunetik ere badira oinezkoentzako bideak eta horietatik finkara sar daiteke.
Urumea ibaiaren alboko adar baten 4 arrok osatzen dute Artikutzako finka.
Erroiarri arroa
Erroiarri arroa da Oiartzuneko sarreratik gertuen dagoena, eta errekari jarraituz pagadi, gaztainadi, eta harizti tartean doan ibilbide zoragarria ikusiko dugu. Bertan kanpokoak diren espeziez osatuta dagoen beste zenbait baso ere ikus dezakegu, hala nola, haritz amerikarraz ( Quercus rubra ), ler gorriaz ( Pinus sylvestris ) eta izei gorriaz ( Picea abies ) osatutakoak. Basorik osatu gabe, ondorengo zuhaitzak ere ikus ditzakegu: urritza ( Corylus avellana ), astigar arrunta ( Acer campestre ), gorostia ( Ilex aquifolium ), hagina ( Taxus baccata ), hostazuria ( Sorbus aria ) eta erreka ertzetan haltza ( Alnus glutinosa ).
Gizakiaren eragina ere nabaria da; hain zuzen ikazkintzarena. Pago eta hariz motzak ikus ditzakegu. Zuhaitz hauek bi edo hiru metrora adar bihurritu asko botatzen dituzte enborretik, baina haritz edo pago normala zuzen-zuzen eguzkitiko izpien bila gora joaten da, enbor luze bakar bat duelarik.
Geologi aldetik ere, oso interesgarria dugu arro hau; finkako interesgarriena. Hasieran granito-motako harri plutonikoak ikus ditzakegu, arroan behera jarraituz harri metamorfiko diren eskistoak, eta noizbehinka kararria. Hala ere kararri nahikoa gutxi dago. Bideari jarraituz, arbelak eta lutitak aurkituko ditugu, eta berriro ere granitoak.
Exkax, Artikutzarako sarbidea. (Argazkia: I.X.I.).Arro honetako gauzarik ikusgarriena urjauzia da, non Erroiarriko urak amildegian behera jauzten diren.
Zorte-apur bat izanik katagorriren bat ikusi ahal izango duzu, eta azeriaren arrasto bat edo beste ere bai. Okila entzuteko aukera ere izan dezakegu, eta baita beste txori batzuk ikusteko ere, hala nola, gerri-txori arrunta, txio arrunta, txonta arrunta eta beste batzuk.
Enobieta arroa
Arantza herria, Artikutzatik begiratuta. (Argazkia: J. Lizeaga).Enobieta erreka, ordea, gaur egun gehienbat urtegiak okupatzen du, honek ingurune berezia sorterazten duelarik.
Amuarrainak ere ugari dira, eta ezkailuak ere bai, baina ilunabarrean urtegi ertzetan ederki ohartuko zarete Goizuetari apo-herri zergatik deitzen dieten; milaka bait dira oihuka hasten diren apo eta igelak. Ezinezkoa da bat baino gehiago zapaldu gabe urtegi inguruan ibiltzea.
Landaretzari begiratuz, iparraldera dauden basoak pagadiak dira, hegoaldera dauden basoak hariztiak, eta urtegiko ertzetan haltza aurki dezakegu. Gaztainondoak ere badira tarteka. Kanpoko espezieen artean aipagarriena eta politena agian, neguan ostoa galtzen duen koniferoa da, hau da, alertzea ( Larix decidua ). Badira haritz amerikarra ( Q. rubra ), intsinis pinua ( Pinus radiata ), sekuoia luzea ( Sequoia sempervirens ) eta lawson altzifrea ( Chamaecyparis lawsoniana ).
Urdallue arroa
Biomasa ugari dago lurgainean. (Argazkia: J. Lizeaga).Hirugarren erreka Urdallue dugu, eta agian hau da ibiltzeko arrorik zailena; uraren bideari jarraitzen zaion biderik ez bait dago. Arro hau hegoaldetik iparraldera orientaturik dago, eta oro har hariztiak mendebaldera kokaturik daude eta pagadiak ekialdera kokaturik. Zoritxarrez, mendebaldeko hariztiak nahikoa hondatuak daude suaren eraginez; haritzen azpian ainarra burusoila ugari bait da, eta landare hori erraz erretzen da. Erreka ondotik oinez jaistea oso polita eta ederra da. Hor urak harria eta mendia nola higatzen duen ikus daiteke.
Elama arroa
Finkako beste erreka nagusietakoa dugu Elama. Erosoa da segitu ahal izateko; nahikoa ordeka bait da. Ur-kopurua ikusiz, Artikutzako nagusiena dela esango genuke.
Landarediari buruz, hariztia eta pagadia aurki ditzakegu nagusiki. Hala ere bada landatutako landare bat edo beste, eta erreka ertzean haltza ere bai. Biologikoki eta ekologikoki Elamako basoak ditugu interesgarrienak. Hor isladatzen da hobekien (zientzilariek hori pentsatzen dute) baso naturalaren egitura, hau da, gizakiak ukitu gabeko basoaren egitura.
Goizaringo ola zaharra. (Argazkia: I.X.I.).Txundigarria da zenbaterainoko biomasa dagoen ikustea ere. Enborrak, adarrak eta orbela daude lurrean, askotan bertan ibiltzea nahikoa oztopatzen dutelarik. Baso naturalaren eboluzioa ikertzeko oso egokiak ditugu paraje hauek.
Noizean behin burua zerura altxatuz gero, zapelatzik ere ikusi ahal izango dugu.
(Oharra: Irudia ongi ikusteko jo ezazu PDF-ra).