Ardoa mahatsetik eratortzen den edaririk garrantzitsuena da eta mahatsaren muztioan legamiek eragiten duten hartziduraren ondorioz lortzen da. Muztioaren azukrea alkohol eta anhidrido karboniko bilakatzen da.
Ardo-mota asko dago eta kolorea, zaporea eta usainaren arabera bereizten dira. Aipatu ezaugarriak berriz, ondoren zehazten diren bost faktoreen menpe daude:
1.- Mahats-mota: mahats-mota bakoitzak bere ezaugarri eta nortasuna ematen dio ardoari. Nafarroan, adibidez, ondokoak erabiltzen dira: garnacho, tempranillo, Gabernet souvignon, viura, mazuel, etab.
2.- Klima: mahats-mota bera izanda ere, urte batean bestean baino euri gehiago edo gutxiago egiteak, eguzki-ordu gehiago edo gutxiago hartu izanak eta abarrek eragina dute ardoak izango dituen ezaugarrietan. Horregatik da uzta bakoitza berezia.
3.- Lurra: lur-motaren araberako elikagaiak eskuratuko ditu mahats-landareak. Ezaugarri hau eralda daiteke, lurra aztertu eta mahatsondoek behar dituzten elikagaiak eskuratzeko moduan lurra landuz.
4.- Heldutasuna: azken emaitzean erabakigarria izango da mahatsa noiz jaso den, horren araberakoak izango baitira ardoaren azidotasuna eta gozotasuna (azukre-kopurua).
5.- Ekoizpena: hau da, enologoak mahats horiekin lan egiteko duen era. Hau ere erabakigarria izango da ezaugarri bereziak dituen ardoa lortzeko garaian.
Beraz, ahalik eta ezaugarri hobereneko ardoa lortu nahi bada, tentu handiz kontrolatu beharko ditu enologoak aurrez aipatu ditugun faktoreak.
Jakina da bestalde, garrantzia elikaduragatik baino gehiago gastronomiagatik duela ardoak, eskaintzen dituen osagaiak ez baitira funtsezkoak bizitzarako. Alabaina, ardoak digestioa errazten duela egia da, bere azidotasuna (pH: 2,7-3,5) eta gure urdailarena antzekoak baitira. Halaber, jadanik frogatu denez, ardoaren polifenolek —neurriz beti ere— bihotz-gaixotasunetatik babesten gaituzte.
Amaitzeko gogoratu, ardoa janariekin hartzeko edaria dugula eta inoiz ez baraurik. Eta saiatu gradu gutxiko ardoak edaten eta ez pentsa gradu-urritasunak kalitate-eskasia adierazten duenik.
On egin dizula!