Araztasunaren kontrola (III): irekidura eta abiadura

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Atal honetan OBTURADOREARENEAN aipatutako diafragmaren eta obturadorearen arteko konbinazioen berri ematera gatoz.

Pelikulak irudia argi errepoduzitzeko argi-kantitate egokia jaso behar du, gainesposizioa eta azpiesposizioa gerta ez daitezen.

Argiztapen-egoera normaletan ez du garrantzi handiegirik obturazio-abiadura handia dagokion irekidura txikiaz edo alderantziz erabiltzeak. Bi kasuetan pelikulak argi kantitate bera jasoko du, hau da, esposizio bera izango du (ontzi bat ur-kantitate beraz beteko da denbora laburrez eta inbutu zabalez zein denbora luzez eta inbutu estua erabiliz).

Lerro hauen ondoko diagraman, diafragmen posizioen eta obturazio-abiaduren arteko erlazioa ikus dezakegu.

Aukeraturiko konbinazioa, argazkia atera beharreko subjektuaren eta lortu nahi den emaitzaren baitakoa da.

Baina, ez da beti bi baldintza horien baitan bakarrik egoten. Zenbaitetan, irekiduraren eta abiaduraren arteko konbinazioa argiztapen-mailak erabakitzen du. Hau da, oso argi gutxi badago abiadura txikiak (eta irekidura handiak) erabiltzea beste erremediorik ez da izango; eta, argi asko badago, berriz, abiadura handiak (eta irekidura txikiak) erabili beharko dira.

(Hurrengo batean esposizoa kalkulatzeko erari buruz hitz egingo dugu).

Esposizioa aukeratu ondoren, subjektua nola interpretatu nahi den erabaki behar da. Eremu-sakoneraz zona bat nola nabariaraz daitekeen eta subjektuaren zein kameraren mugimenduak kontutan hartu behar dira.

Diagrama horretan, esposizio egokia mantenduz abiadura eta irekidura nola konbina daitezkeen ikus dezakegu. Irekiduren eskalako pauso bakoitzari abiadurena jarraitzen bazaio, pelikulak argi-kantitate bera jasotzen du. Beraz, fotometroak (edo pelikularen argibideek) horietako konbinazioren bat iradokitzen badu, beste edozein aukera daiteke eremu-sakonera edota araztasuna aldatu nahi bada. Bietako aldagairen bat bakarrik aldatuz gero (bestearekin konpentsatu gabe), esposizioa aldatu egiten da. Bestetik, badira diagrama horretan azaltzen ez diren abiadura motelagoak ere (1 s rarte), irekidurarekin berdin konbinatzen direnak.

Oro har, irudikoen moduan azaltzen dira aginteak. Zenbaitetan, aginte hauek elkarren ondoko eraztunak izaten dira, eta bien konbinazioa aukeratu ondoren, biak batera mugitzen dira.

HIZTEGIA

gainesposizioa. Material sentikoarri esposizo luzeegia eman izanari esaten zaio. Horren ondorioz, dentsitatea handiagotu eta kontrastea txikiagotu egiten da.

azpiesposizioa. Irudi fotografikoari esposizio motzegia eman izanari esaten zaio. Horrek dentsitatea eta kontrastea txikiagotu egiten ditu.

esposizioa. Argi-intentsitatearen eta argiak eragiten dueneko denboraren arteko emaitza. Lehena diafragma irekidurak eta bigarrena obturazio abiadurak kontrolatzen du.

ELKARREKIKOTASUNAREN LEGEA

Lege horren arabera: esposizioa = intentsitatea x denbora. Intentsitatea, argi-kantitatea, eta denbora, argi-kantitate horrek emultsio fotografikoan eragiten dueneko tartea izanik.

Baina, emultsio fotografikoen sentikortasunak mugak ditu eta oso denbora luze (1 s-tik gora) zein laburrez (1/8.000 s-tik behera) huts egiten dio lege horri (ELKARREKIKOTASUNAREN LEGEAREN AKATSA). Beraz, kontuz ibili beharra dago eta teorikoki kalkulatutako esposizioak baino handiagoak erabili beharko dira kasu horietan. Horretarako intentsitatea edota denbora handiagotu egin beharko ditugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila