1988ko zenbakiak erabiliz 15 eta 44 urte-bitarteko Estatu Batuetako emakumeen % 8,4k umeak izateko arazoak zituzten. Gainera gero eta gehiago dira irtenbideren baten esperantzan medikuarengana hurbiltzen direnak. Antzutasun-arazoak dituzten bikoteen erdiak jaiotzaren bat lortzen du. Haurdunaldia lortzeko posibilitatean eragina dute antzutasunaren iraupena (eta honen eragileak) eta emakumearen adinak.
Erabilitako tratamenduarekin zerikusirik izan gabe asko dira haurdunaldia lortzen duten bikoteak; hilero antzutasunaren arrazoia ez dakiten bikoteen % 3k, hain zuzen. Esandakoa garrantzitsua da honelako arazoak dituzten pertsonentzat eta azterketetan erabiltzen den zenbait test eta tratamenduren eraginkortasuna zalantzan jartzen du.
Antzu izateko arrazoiak ugari izan daitezke eta hauetako batzuk, gainera, ez dira oso ondo ezagutzen. Bestalde bikoteen %10-30ek arazoaren eragile bat baino gehiago dituztela frogatu da.
Lehen aldiz egiten diren azterketetan puntu hauek sartu beharko lirateke: historia klinikoa, miaketa fisikoa, haziaren analisia, obulazioaren testa, luteinizazioaren azterketa eta tutuen egoera ona ziurtatzea. Mediku askok laparoskopia ere egiten du endometriosia eta itsaspen pelbikoak diagnostikatzeko. Hori guztiarekin bikoteen % 70 85 antzutasunaren arrazoia ezagutzera iristen dira.
Arazoaren eragilerik aurkitzen ez denean eta ohizko tratamenduak eraginkorrak ez direnean, azterketa bereziak egin beharko dira. Badira infekzio genital asintomatikoak sortzen dituzten mikrobioak ( chlamidya trachomatis, ureaplasma urealyticum eta mycoplasma hominis ) eta hauen tratamenduak haurdun geratzeko aukerak handiagotu egingo ditu.
Obulutegiaren adinak aurrera egin ahala, oozitoak urritu egiten dira eta kalitate eskaxekoak izan daitezke. Kasu hauetan tratamendu erasokorragoak lehenago erabiltzera derrigortuta gaude. Umetokia eta zakila barrutik aztertzeko aukerak handiagotu egin dira histeroskopia eta faloskopiari esker eta batzuetan atzeman gabeko akatsak aurkitzeko balio dezakete.
Ohizko tratamenduaren ondoren arazoak berdin segitzen baldin badu eta azterketa berezietan haurdunaldirako beste oztoporik aurkitu ez baldin bada, espezialista askok umetoki-barneko intseminazioa eta obulazioa induzitzea aholkatzen dituzte. Teknika hau itxaropentsua, da eta erreprodukzio lagundua baino merkeagoa ere bai, bere eraginkortasuna frogatzeke baldin badago ere.
Gizonezkoaren antzutasunari aurre egiteko aukerak oso urri dira, espermatogenesian (hau da, espermatozoideak sortzen) eragina izango lukeen tratamendurik ez dagoelako. Ondorioz indarrak beste ahalegin batzuetara bideratu dira: haziko espermatozoideen mugikortasun-ahalmena handiagotzera, antigorputzak desagertaraztera eta haziko espermatozoide-zenbakiaren eraginkortasuna handiagotzera, zuzenean umetoki-barnera intseminatuz. Kasurik okerrenean emaileen hazia erabil daiteke.
Obulutegiaren disfuntzioaren arrazoiak bere baitan edo beste leku batzuetan egon daitezke. Giltzurrungaineko guruinen hiperplasia izan daiteke eragileetako bat. Bestetan garuneko hipotalamoak GnRH hormona behar bezala kanporatzen ez duenez, geuk eman diezaiokegu. Bi arrazoi horietako bategatik gai ez baldin bada, estimulatzaileak erabiltzen dira: klomifeno zitratoa edo gonadotropinak.
Hasieran gehienek klomifenoa erabiltzen dute, merkea delako, ahotik hartzen delako eta haurdunaldi multiple gutxiago eragiten dituelako. Hala ere, 6 obulazio-zikloren ondoren beste tratamenduetara jotzen dute, hortik aurrera eraginkorra gutxitan delako.Ondoren GnRH edo gonadotropinak pultsutan edo tarte jakinetan emanez saiatzen dira obulazioa lortzen. Hauen arrisku handiena haurdunaldi multiplea izatea da.
Obulutegitik oozitoak zuzenean lortzeko erabiltzen den edozein teknikari deitzen zaio horrela. Haurdunaldia lortuta edo lortu gabe, bikote gehienak behin bakarrik saiatzen dira in vitro ernalketa lortzen.
Antzutasun-arrazoiak eta prebalentzia
Obulazioaren akatsa %16-30
Tutu edo hodien akatsa % 12-16
Haziaren akatsa % 18-31
Endometriosia % 5-25
Ezezaguna %13-28
Arrazoi anitz % 15-28
Hiru estrategia orokor erabiltzen dira: in vitro ernalketa (IVF), gametoen trasferentzia intrafalopianoa (GTI) eta zigotoen trasferentzia intrafalopianoa (ZTI). Hirurak obulazioa induzituz eta oozitoak kanporatuz hasten dira. GTIn oozitoa eta hazia zuzenean hodi falopianoetan jartzen dira. Beste bietan oozitoak eta hazia laborategian bateratzen dira eta ernaldu dela frogatu ondoren hodi falopianoetan (ZTIren kasuan) eta umetokian (IVFren kasuan) ezartzen dira. Teknika hauekin haurdunaldia lortzeko probabilitatea % 15-25ekoa da.
Lehen esan bezala antzutasun-arazoak krisia eragiten du bikotearen bizitzan eta problema emozionalen sortzaile bihurtzen da. Irtenbidea aurkitzen saiatzeak kostu ekonomiko handiak eragin ditzake, aseguruak osasun-arazo hauek estaltzen ez dituelako. Gizartearen eta familiaren presioa ere handia izan daiteke. Horri aurre egiteko zerbitzu medikoek bakarka edo taldeka aholkua eman diezaioke bikoteari.
Gizartean kezka handia dago aita, ama eta bien geneak dituzten seme-alaben formularekin sortutako familietatik aparte beste era batekoak sortzeko ahalmena duten teknikei buruz. Esan dudan ohizko formula horrez aparte teknikaren laguntzaz sortutako familien kontra dago, esate baterako, Vatikanoa. Legeak etengabe aldatzea eskatzen duten aurrerapenak sortzen dira noiznahi. Erreprodukzio lagunduarena da, hori guztiagatik, arazo etiko eta sozial handienetakoak sortzen dituen prozedura medikoa.
Horrelako arazoak dituen bikoteari egoera berean beste asko ere badirela ikustarazi behar zaio, dagoen informazio guztia eman behar zaio, antzutasunaren arrazoia argitu eta tratamendurako posibilitateak agertu eta aztertu behar zaizkio. Horrela lortzen da egin daitezkeen test eta tratamenduak erabakitzeko parte har dezaten. Orain dela 40 urte antzutasunak tratamendurik ez zuela uste zen, baina gaur egun arazo honi irtenbidea bilatzen saiatzeko eskubidea izan behar dute hala desio duten bikote guztiek.