Ameriketarekiko antzinako harremanak

Inken kronikek diotenez, 1526. urte inguruan Eguzkiaren seme zen Huayna Kapak inka edo jainko biziak, itsasoaren beste aldetik itsasuntzi bitxi eta handiez etorritako gizon zurien berri izan zuen. 1532. urtean Pizarro espainiarra Ekuadorreko itsasertzetan lehorreratu zen eta hegoalderantz abiatuz, Inken Inperio osoa zeharkatu zuen.
Brasilen aurkitutako pintura honek 30.000 urteko adina du. Karbono-14z eginiko datazioaren arabera.

Baina ordurako badirudi ketxuarrek itsasoz beste aldetik etorritako gizon zurien berri bazeukatela; beren kroniketan makina bat aldiz hitz egiten bait da itsasuntzi handietan eta itsasoa zeharkatuz etorritako gizon zuri bizardunetaz. Izena ere ba omen zeukaten beraientzat: virakotxak , eta neurri haundi batean jainkotzat harturik zeuzkaten.

Honetaz ezin dugu gauza handirik zehaztu, baina dirudienez antzinatean amerikar zibilizazioen eta Mundu Zaharrekoen arteko harremanak ez ziren falta. Amazonia osoan zehar aurkituriko Kristo aurreko 2.000 urteko zeramikek adibidez, Ekialde Hurbileko zenbait zeramiken antz handia daukate dekorazio aldetik. Mahua izeneko indiarren hizkuntzak senidetasun handia du hizkuntza semitikoekin, eta ketxuera hizkuntzak ere bai turkierarekin. Mexiko zaharrean horren ugari zerabilten Artizar eta Sugearen elkartzea, izugarri erabiltzen da oraindik ere Ekialde Hurbileko inskripzioetan; Ras Sramrakoetan batez ere. Brasildar inskripzio zahar eta egyptiera zaharraren artean 2.000 lotura baino gehiago aurkitu dira. Bitxikeriak?, kointzidentziak?, edo agian antzinako harremanen fruituak?

Amerikar biztan-leriaren hastapenak

Teoria asko dago bertako amerikar biztanlegoaren presentzia adierazteko orduan. Batzuk orain dela 13 edo 15.000 urte, azken glaziarraldiaren garaian, mongoloide arrazako herri bat Siberiatik abiatu zela eta zeharo izozturik zegoen Beringen Itsasartea zeharkatuz, Alaska aldera igaro zela defendatu dute. Beste batzuek berriz, Atlantiar Ozeanoa edo Ozeano Barea untzi xumeez zeharkatuz hara joandakoen ondorengoak direla baieztatzen dute. Thor Heyerdahl norvegiar esploratzaile ospetsua hauetako bat dugu.

Badaude Atlantiar Ozeanoan Atlantida izeneko kontinenteko azken biztanleak direla esaten dutenak ere. Alexandre Dorozynskik azken urte hauetan aurkituriko eta karbono hamalauz dataturiko arrasto ugarietan oinarriturik defendatzen duenez, gizakia lehenengo aldiz amerikar lurraldeetan orain dela 40.000 urte inguru azaldu zen, azkenaurreko izozte edo glaziarraldiaren garaian. Aukeratutako bidea, izozturik zegoen Beringeko Itsasartea izan zen. Bigarren migrazioa, mongoloide arrazakoa eta bide bera hartutakoa, orain dela 13 edo 15.000 urte gertatu omen zen, azken glaziarraldia izan zenean.

Bestalde logikoa dirudi noizbait bai alde bateko edo besteko biztanleek itsasoa zeharkatu izatea ere.

Hala eta guztiz ere, galdera asko airean gelditzen zaizkigu. Zein motatakoa ote zen Ameriketan azaldutako lehenengo gizakia?. Orain dela 40.000 urte Homo Sapiens deitutakoa sorturik egon arren, artean bizi omen ziren Neanderthal izeneko gizakiak ere. Neanderthala ote zen lehenengo amerikarra?. Homo Sapiensa ote?. Gaurko arrastoekin ezin da inolako erantzunik eman, baina agian azken urte hauetan azaltzen ari diren eta laster azalduko diren aztarna eta hezurren arrastoen azterketa zehatzak lagunduko digu galdera honi eta antzeko beste batzuei ere egoki eta zuzen erantzuten.

Feniziar inskripzio bat Brasilen

Cyrus H. Gordonek, Estatu Batuetako Brandeis-eko Unibertsitateko irakasle eta arkeologo ospetsuak, 1.872. urtean Brasileko Parayba-ko haitz batean aurkituriko inskripzio bitxia deszifratu du. Cyrusek itzuli egin du inskripzioa feniziar alfabetoaz baliaturik. Ikus dezagun testua:

"... Kanaako semeak gara, eta Erregeren hiria den Sidonetik gatoz. Merkataritzan saiatu nahian genbiltzan, ekaitz batek herri urrun eta menditsu honetara bidali gintuenean. Hiran errege handiaren hemeretzigarren urte honetan, gazte bat sakrifikatu dugu indar handiko jainko eta jainkosen ohorez.

Itsas Gorriko Ezion-Gaber-etik abiatu ginen hamar itsasuntzitan. Bi urtetan, danok elkarrekin nabigatu genuen Ham-eko lurraldea inguratuz. Ekaitz ikaragarri batek flotatik banatu gintuen, eta ondoren gure lagunen bila ibili ginen. Horrela, hamabi gizon eta hiru emakume iritsi ginen lur berri honetara. Neuk, almirante bezala, lur honetako agintea hartzen dut. Jainko goiztiarrek eta jainkosa ahaltsuek babes gaitzatela!."

Hau ikusirik, Joanes Etxeberri Ziburukoak idatzitakoa etorzen zaigu gogora " ... edo chalupa irauli gabe guillaz gainera edo bereguin eraman gabe urtan behera ..."

Hauxe da gaur daukagun daturik zaharrena eta garbiena, baina hemen galtzen diegu arrastoa kostalde hauetara ekaitzak bidalitako feniziar marinel merkatariei. Hortik aurrera zer gertatu zen, bertako biztanleekin zer nolako harremanak izan zituzten eta beraiengan zer nolako eragina izan zuten, guztiz ezezaguna zaigu.

Historiagatik ondo dakigu feniziarrak zein trebe ziren; bai merkataritzan eta bai nabigazioan. oso untzi handiak omen zituzten eta beraiekin Mediterranioko merkatal harremanetaz nagusitu ziren. Beren hiriak: Tiro, Sidon, Gades, Kartago, ... kostaldean kokaturik zeuden, eta beraietatik abiatzen ziren beren itsasuntzi handiekin munduko hamaika bazterrerantz. Mediterraniotik kanpo ere ibiliak ziren eta beraiek deskubritu omen zituzten Iparraldeko Itsasoko eztainu-irlak (Kasiteride Irlak = Britainiar Irlak). Ordurako Afrika osoa itsasoz inguraturik omen zeukaten, eta ondo ezagutzen omen zituzten Kanariar Irlak ere.

Zehaztasun historiko hauek ikusirik, erraz sines daiteke Brasileko inskripzioak esaten duena.

Ozeaniar herriak eta japoniarrak

Bestelako harremanen teoriak eta historioak badaude, baina zoritxarrez ez dugu froga handirik ezer baieztatu ahal izateko. Egia esateko paralelismoak badaude ozeaniar herrien eta Ozeano Barearen beste aldeko itsasertzetan bainatzen direnen artean, beren eraikuntza, zeramika, eta bestelako kultur ezaugarrien aldetik. Baina besterik ez.

Bestalde logikoa dirudi, noizbait bai alde bateko edo besteko biztanleek itsasoa zeharkatu izatea ere, baina euskarri fisikorik ez dagoenez, asmazio eta burutazioen arloan gelditu beharra daukagu.

Feniziarrak oso merkatari onak ziren, eta merkataritzak bultzaturik itsaso guztietara abiatu ziren.

Thor Heyerdahl norvegiar esploratzailea ederki saiatu da itsasuntzi xumeez Ozeano Barea zeharkatuz burutu dituen ibilaldien bidez posibilitate hau demostratzen. Baina hala eta guztiz ere, gaurko zientzilari askok ez diote ahalbide honi jaramon handirik egiten. Beraientzat garai bateko Ozeano Barea zeharkatze honek, ez du inola ere oinarri zientifikorik.

Beste zenbait zientzilariren ustez berriz, nahikoa frogaturik dago orain dela lau mila urte (garai hartan Ozeano Bareko nagusi japoniarrak ziren) Ekuadorreko Valdivian lehorreratu zirela. Gizakia beti gizaki eta eritziak beti eritzi, noski!.

Euskal Balenzaleak

Nahiz eta gaur egun euskal balenzaleak Iparrameriketako Labrador, Ternua —Terranova—, eta Kanadako iparraldeko itsasertzetara zein urtetan iritsi ziren zehazten zaila izan, badirudi Colomb iritsi baino askoz lehenago han zebiltzala balearen arrantzan jo eta ke. Han noiztik zebiltzan ez dakigu, baina gure arrantzaleen artean ohitura zaharra zela, zahar-zaharra eta urteetan zehar luze iraun zuena zela bai.

Lope Martinez Isastik, XVII. mendeko lezoar historialariak bere Compendio Historial de Guipúzcoa izeneko liburu mardulean, honen berri ematen digu, eta berak dioenez, euskal balen arrantzaleek Ternuara joateko zeukaten ohitura zahar-zaharra zen; aspaldi-aspaldiko ohitura zaharra. Euskal balenzaleen zenbait aztarna gelditu zaigu, bai bertakoen hizkeran, bai beren erreminta eta arrantza-tekniketan, eta baita bertako toponimian ere.

Colomb Ameriketara iritsi aurretik badirudi hango itsasertzetan euskal arrantzaleak baleak harrapatzen jo eta ke zebiltzala.

Orduko dokumentaziotik dakigunez, euskaldunek bertako indiarrekin zerabilten harreman-hizkuntza euskara zen. Eta dirudienez, bertakoek oso ongi ikasi zuten euskaraz; euskaldunekin beren tratuak egiteko heinean bai behintzat.

Aipatutako Lope Isasti historialariak 1.625. urtean idatzitako liburu ospetsuan kontatzen digunez, Ternuako indiarrek oso ondo omen zekiten euskaraz1, eta euskaldunekin zituzten harremanak guztiz baketsuak izaten ziren. Euskal arrantzaleek "Zer moduz?" galdetzen dietenean —jarraitzen du Isastik— "Apaizak hobeto!" erantzuten diete adiskideki, nahiz eta gehienek apaiza zer den oso ondo jakin ez. Gure hizkuntzan hitz egiten eta tratuak egiten dituzte beti eta askotan han ezagutzen ez dituzten sagardo eta ogiaren truke, arrai lanetan lagundu egiten diete.

Dirudienez, euskaldunek hasiera-hasieratik Ternua ezagutu zuten, eta geroxeago Kanadako itsasertzak eta San Lorentzo golkokoak, beren kaia, badia, lurmutur, golko eta bestelako toki geografikoak euskaraz bataiatu zituztelarik: Balen Badia, Barba-Zulo, Anton-Portu, Igarnatxoa, Etxaide-Portu, Burua-Xumea, Burua-Aundia, Uli-Zulo, Plazenzia, Baratxoa, Opor-Portu, Portutxo, Badia-Aundia, Niganitz, Mingaiñ, Sagenai, Eskumiñak, San Joan,... Badaude bestalde, nahiz eta beste hizkuntzatan egon, oraindik ere euskaldunen orduko presentzia adierazten diguten izenak: Baye de Bizkaye, Port-aux-Basques, Baye-aux-Basques, Exafaud-aux-Basques, Anse-aux-Basques, Les escumins, Ile-aux-Basques, ...

Arrasto gehiago ere badira. Esate baterako Badia Haundia edo "Grande Baye" deiturikoan azaldutako San Joan izeneko euskal balenontzia; 1.565. urtean hango uretan urperatu zena. Plazenzia izeneko herrian aurkitutako XVI. mendeko itsasgizonen hilobiak, euskal etxeen arrastoak, zenbait lanabes eta bestelako tresnak, ...

Bertakoekin zer nolako harremanak izan zituzten ondo ezagutu ez arren, badaukagu honetaz Isastik bere liburuan emandako zenbait argitasun. Martinez Isastik dioenez, hango uretan balea asko omen zegoen, baina itsasertzen ondoan higitzen ziren izotzmendiak (iceberg-ak) zirela eta, harrapatze-lanak oso zailak zitzaizkien euskaldunei. Bertako biztanle basatiek ere, oso traba haundia egiten zieten. Isastiri jarraituz ternuar kostaldeko biztanleak bi eratakoak zirela ikus dezakegu:

"... Eskimal izenekoak dira okerrenak, guztiz salbaiak eta ankerrak, uztaia eta geziak erabiltzen arras trebeak eta beraiekin harrapatzen dituzte gure gizonak gero jateko. Besteak menditar edo kanal izenekoak baketsuagoak dira. Gure balenzaleekin hitz egiten dute, eta eskimalak noiz datozen abisatzen diete..."

Iparrameriketako toponimiak euskaldunak datzartzagu etengabe burura.

Oso adierazgarriak dira Patri Urkizuk bere Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma izeneko liburuan agertzen dizkigun 1.798. urteko zenbait testuren artean agertzen diren Ternuari buruzko honako bertso hauek ere:

  • Ternura da mortu hotza,
    eremu triste arrotza,
    laboratcen ez den lurra,
    neguan bethi elhurra.
  • Han oïhan, sasi handiac,
    larreac eta mendiac,
    harri, arroca gogorrac,
    lur agor eta idorrac.
  • Han otsoac eta hartçac,
    basoco beztia gaïtçac,
    alimalien herria,
    desertu icigarria.
  • Ternuan dire salbaïac,
    ere isquimaü etsaiac,
    guiça bestia cruelac,
    hillic jaten mariñelac.

Badaude bestalde, harreman haietatik euskaldunak eta bertako indiarrak asko nahastu edo mestizatu zirela baieztatzen dutenak ere. Askotan entzun daiteke Ternuako beothuksak eta euskaldunak nahasturik zeudela. XVIII. mendean jende dezentek uste zuen Labradorreko eskimalak bertakoek euskaldunekin izandako nahasketaren fruitu zirela. Gaur egun ez zaie teoria hauei jaramon handirik egiten; ez bait da inolaz ere euskaldunak horrelako mestizatze handira iritsi zirenik sinisten.

Nolanahi ere, inor gutxik eztabaidatzen du bi taldeon arteko harremanak oso handiak izan zirela, eta ondorioz, bertako kanadiarren bizimoduan arrasto ugari utzi dutela; arrantza-tekniketan, toponimian eta baita oroimen kolektiboan ere.

Amaitzeko zera aipatu beharra dago: XVII. mendeko euskal idazleen artean badaudela balenzale hauek eta beren Ternuarako bidaiei buruz zenbait berri ematen digutenak ere, garrantzitsuenak Joanes Etxeberri Ziburukoa, Arnaut Oihenarte eta Axular direlarik. Ikus dezagun gure idazle finak, 1.643. urtean argitaratu eta gure literaturaren barruan idazlan gorenentzat harturiko "Gero" izeneko liburuan azaltzen digun paragrafo adierazgarria:

Gizon batec, bere herritic kanpora Indietara edo bertçe lekhu urrun batetara partitçen denean, eta oraiño bere herrico agherrian, comarcetan eta terminoetan denean, maiz behatçen du gibelat bere herrico mendietart. Baina aitçina iraganez gero, itçultçen da bertçe alderat, ioan behar duen eta dohan lekhu hartarat: eta han aldiz, bere begiac, eta gogoa ere ibentçentu.

Wikingoen ordua

Badia Handia deiturikoan, euskal itsasuntziak ainguraturik.

Gure aroko 200. urte aldean hasi omen ziren Iparraldeko germaniar edo wikingoen lehenengo migrazioak. Beren drakkar azkarrekin aldameneko itsasertzak eta ondoren Europa osokoak erasotzen eta lapurtzen hasi ziren. Europako herriak izuturik omen zeuzkaten, eta kostaldeko herrietan wikingoak deabruen semeak zirela pentsatzen zuten. X. mendeko Ingalaterran "WIKINGOEN ERASOALDI ANKERRETATIK LIBRA GAITZAZU JAUNA!" errezatzen zuten, otoitz hau adierazgarri dugularik.

Badirudi wikingoen erasoaldi eta zabaltze-bidaien atzetik arrazoi asko zeudela. Batzuek beren demografiaren handitze ikaragarria aipatzen duten bitartean, besteek eskandinabiar buruzagi eta erregeen intolerantzia agertu eta onartzen dute arrazoirik handientzat.

Eskandinabiatik Mendebalderantz abiatu ziren; Feroe irletara, Islandiara eta gero Groenlandiara, 980. urtean iritsiz. 1.002. urtean Erik Gorria ospetsuaren seme zen Leif Erikson-en untziak Winland-eko (Iparramerikako) itsasertzetara iritsi ziren. Bertakoekin izandako harremanez ezer gutxi dakigu, baina Estatu Batuak eta Kanadaren arteko Laku Handiak izeneko lurralde zingiratsuan aurkituriko haitz batean egindako inskripzio batetik (harri ruriko deritzonetik) atera dezakegunez, 1.370. urte inguruan wikingoak bazebiltzan lur-eremu hotz haietan.

Testimonio aldetik ez dago gauza handirik; iturririk garrantzitsuenak ( Islandiar Sagak deiturikoak) gertatukoa baino 200 urte geroago idatziak izan bait ziren. Beraietan azaltzen dira beraz, Winland-i buruz ezagutzen ditugun lehenengo albisteak. Badirudi 986. urtean Islandiatik aldenduriko Erik Gorriaren wikingoek zenbait kolonia finkatu zituztela Groenlandiako kostaldeetan (bat ekialde aldean, eta beste bat mendebaldeko itsasertzetan) eta dirudienez bigarren honetatik abiatu zen geroago (1.000 urte inguruan), Eriken semea, Leif Erikson mendebalderago zeuden beste lurraldeetarantz, periplo honetan hiru irla berri aurkituz: Winland (mahatsaren lurra), Markland (basoen lurra) eta Helluland (harri leunen lurra).

Zenbait ikerlarik XVI. mende bukaerako eta XVII.eko hasiera aldeko mapetan erroturik defendatzen duenez, Winland bataiatutakoa Ternua litzateke, Markland Labradorreko Penintsula eta Helluland, agian Baffin izeneko irla.

Uste denez, wikingoen buruzagi hauek lur berri hauen kolonizazio-prozesuari ekin zioten, Groenlandia eta Iparramerikako kostaldeetan kolonia eta lantegi txikiak eraikiz. Orduko agiriek eta aurkituriko zenbait arrastok (txanpon, lanabes, arma, eraikuntzen hondakin, ...) hori azaltzen digute behintzat. Gaur egun oraindik ondo ez dakiguna wikingoen kolonia hauei geroago gertatu zitzaiena da; misterioski desagertu bait ziren islandiar sagetan isladaturiko oroimena ezik inolako berririk utzi gabe.

Ikerlari batzuen ustez, wikingoak bertakoekin nahastu egin ziren. Honela zioen behintzat Wilhjalmur Stefansson iparramerikarrak 1.939.ean New Yorken argitaratu zuen "Un solved mysteries of the Artic" izeneko liburuan. Gauza bera defendatu zuen geroago, 1.941. urtean Jon Duason islandiarrak.

Wikingoen zenbait agiri eta kronika zaharretan, bertako biztanleen berri ematen zaigu skraeling izenaz deiturik. Agian hauek izan ziren kolono wikingoen desagerpenaren eragileak. XIII. mendeaz gero Europatik joandako kolonoek ez zuten inolako arrastorik utzi. Hauxe da arazoa. Ez testu idatzirik, ez grabatutako oroigarririk, ... Groenlandiako Upernivik izeneko kolonia zaharrean azaldutako harrizko tumulua salbuespena dugu, eta bertan grabaturik kontatzen zaigunez, 1.333.eko apirilaren 25ean, bertan egon ziren groenlandiar ekialdeko kolonia batetik etorritako hiru wikingo. Baina 1.341. urtetik aurrera galdu egiten dira mendebaldeko amerikar lurraldeen albiste guztiak.

Zer gertatu ote zitzaien kolonoei?. Tenperatura hotzak, gaitz ezezagunak, izurritea ala pirata edo bertako biztanleen erasoak izan al ziren beren desagerpenaren zioa? Denak hil ote ziren? Nahastu egin al ziren bertakoekin zenbaitzuek dioten bezala, edo 1.637. urtean dataturiko testu batek dioen bezala, Iparrameriketako lurraldeetarantz abiatu ote ziren?

Oraindik erantzunik gabe dagoen eztabaida luzea dugu. Gauza zera da; XVIII. mendean, Hans Egede daniar mixiolaria kolonizazio berri bati hasiera emanez, Groenlandiarantz abiatu zenean, ez zuela inor aurkitu, inuit izeneko eskimalak ezik.

Piri Reis almirante turkiarraren mapak

Beren drakkar azkarrekin wikingoak ipar aldeko itsasoan jaun eta jabeak bihurtu ziren.

1.920.eko azaroaren 9an, Malil Edhem, Museo Nazional Turkiarretako zuzendariak, Istambuleko Topkaki museo ospetsuko inbentario eta sailkapenari ekiteko orduan, ustez galdurik zeuden XVI. mendeko Piri Reis almirante turkiarraren lurbira osoko mapak aurkitu zituen. Kronikek diotenez, bi mapa hauek Piri Reis berak eginak dira; lehenengoa 1.513. urtean eta bigarrena 1.528.ean. Mapa misteriotsu hauetan, Atlantiko osoko itsasertzak azaltzen dira: amerikarrak, europearrak, afrikarrak, Arktikokoak eta Antarktikokoak. Eta hauxe da harrigarriena; garai haietan Anktartida guztiz ezezaguna bait zen.

Ez dakigu bere datu kartografikoak zein iturritatik atera zituen, baina bere mapetan azaltzen diren xehetasun asko guztiz ezezagunak ziren bere garaikideentzat. Berak bere liburu batean esaten duenez, Alexandro Haundiaren garaiko liburu batean oinarritu zen, eta Colomb berak bere Ameriketarako bidaia antolatu zuenean, ba omen zuen liburu zahar honen berri ere. Mallery kartografo amerikarrak dioenez, Pirisen mapetan azaltzen diren Groenlandia eta Anktartida, poloetako izoztea gertatu aurretik diseinaturik omen daude. Bestela nola ezagutu zitzakeen horren zehazki Pirisek izotz azpian zeuden itsasertzak?

Mapa hauek bultzaturik eta sismografo batez lagundurik, Malleryk Pirisen mapetan seinalizatutako anktartidako zenbait izotz azpiko itsasertz zehaztu ahal izan du. Harrigarria benetan!

Sovietar ikerlariek pentsatzen dutenez, mapa hauek wikingoen geografi ezagupenetan oinarriturik eginda daude. Hauetako mapa batzuetan San Lorentzo eta Hudson-eko bokaleak seinalatuz "BJARNI ETA LEIF-EN AURKIKUNTZAK" esaten duen testu laburra irakur daiteke, eta dakigunez, Bjarni Herjolson eta Leif Erikson 1.002.ean Iparrameriketako kostaldeetan ibili ziren. Errusiarren teoria honetan finkatzen da nagusiki, nahiz eta beste herrietako zientzilariek onartu ez. Wikingoen kartografi eta geografi ezagupenak pentsatzen dena baino askoz ere handiagoak zirela defendatzen duen eskola da. Arazoa zera da: Pirisen mapak hor daudela eta hor jarraitzen dutela beren misterioa gordez. Nork eginak?. Hori da koxka!.

Kristobal Colomb

Uste denez, wikingoen buruzagiek lur berri hauen kolonizazio-prozesu bati ekin zioten, Groenlandia eta Iparrameriketako kostaldean koloniak eta faktoria txikiak eraikiz.

Kristobal Colomb-i buruz asko idatzi da, eta asko dira bere sorterriari buruz sortutako eztabaidak. Batzuentzat italiarra zen; Genoakoa. Besteentzat espainiarra, eta badaude euskalduna zela baieztatzen dutenak ere. Batzuentzat Katay (Txina) eta Zipango (Japonia) aldera iritsi nahi zuen, lurbirari itzulia emanez. Besteentzat bazuen beste kontinente baten berri eta baita hara joateko bidea ondo erakusten zuten mapa eta nabigazio-karta zahar bezain misteriotsuak ere.

Batzuek diotenez, Colombek ondo ezagutzen omen zituen kontinente urrunaren berri ematen zuten Alexandro Haundiaren garaiko mapa zaharrak; geroxeago Piri Reis almirante turkiarrak bereak egiteko oinarri gisa erabili zituenen antzekoak. Piris Reisek bere liburuan behintzat, horrela baieztatzen du. Amerika ezezaguna izan arren, bazegoen beren izatearen zenbait susmo eta esaera. Zenbait kartografo grekok ziotenez, "... Mendebaldeko itsaso zabalean ba omen dago "Antictoné" (antipoden lurraldea) izeneko kontinente misteriotsua. Sevillako Isidoro (560-636) gotu jakintsuak ere honako hau esana omen zuen: "... Ezagutzen ditugun hiru kontinenteez gain badago beste bat. Itsasoaz bestaldera kokatzen da eta han eguzkiak gure lurraldeetan baino askoz gehiago berotzen du. Badago gutxi ezagutzen den eta itsasoz bestaldeko kontinente urruna ebangelizatzera joan ziren monje bretoiez mintzatzen zaigun epopeia dramatikoa ere. Jakin badakigu Bretainiako kostaldetik irten izan zirela baina iritsi ote ziren kontinente berrira?.

Hitz bitan, teoria asko, esames asko, ... baina beren atzean zerbait gordetzen dutenak dira. 1.492. urtean Kristobal Colomb-ek Espainiako Erregeen izenean amerikar lurren agintea bere gain hartu zuenean, ez zuen ezer berririk deskubritu, mendebaldeko kontinenteko biztanleek aspaldi-aspalditik itsasoko beste aldekoekin harremanak izan zituztelako eta itsasoko bazter batekoek eta bai bestekoek betidanik beste aldekoen berri zeukatelako. Kristobal Colomb-ek egin zuen gauza bakarra, europear beharrizan ekonomikoei Ameriketako merkatal eta esplotazio bideak irekitzea eta mundu osoan inoiz ezagutu den genozidiorik haundienari hasiera ematea izan zen. Besterik ez!.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila