Altzairu-hondarren irtenbidea

Txintxurreta Agirre, Arantxa

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

CD zaharrak adarretatik zintzilik ikusi ditugu, baratzeetatik txoriak uxatzeko; alkandora zaharretik makina bat trapu ateratzen ikusi dugu, etxeko kristalak garbitzeko; garai bateko marmita zaharrak ikusi ditugu, euriak bustitako aterkiak gordetzeko. Alabaina, apenas ikusten da altzairutegietan pilatzen den hondakin andana ezertarako erabiltzen.
Altzairu-hondarren irtenbidea
2007/07/01 | Txintxurreta Agirre, Arantxa | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Altzairu herdoilgaitza da, seguruen, altzairuetan ezagunena. Modan dago; oxidatzen ez den altzairuzkoak dira koilarak, labanak, lapikoak, sagardotegi batzuetako kupelak, sukaldeak... Baina badaude beste mota batzuetako altzairuak ere, hala nola aleazio-altzairuak, aleazio baxukoak edo karbono-altzairuak. Azken horiek ikusten dira, adibidez, autoen karrozerian, somierretan eta itsasontzien kroskoetan. Konposizio kimikoan dute desberdintasuna altzairu horiek.

Altzairua karbonoz eta burdinaz osatutako aleazio bat da, oinarrian, baina kromoa eta nikela ere eraman ditzake. Oso gogorra bada ere, beroan erraz eman dakioke forma; hori da, seguru asko, altzairuaren ezaugarri nagusia. Txatarra berotuz lortzen da altzairua, eta prozesuan hainbat azpiproduktu sortzen da. Labe elektrikoan berotutako burdinatik eskoria edo zepa beltza ateratzen da, pisutsua, eta burdina horren arazketatik hauts fin bat irteten da, zepa zuria. Bakoitzak bere konposizioa eta propietateak ditu.

Hamabost altzairutegi daude Euskal Herrian, eta guztien artean ehunka mila tona zepa sortzen dute. Fabrikek berek kudeatzen dituzte hondakinak, eta haien zabortegietan bukatzen dute gehienek. Dena den, zepa beltzak badu irtenbiderik, eta errepideak egiteko erabiltzen da. Gehien pilatzen dena, beraz, zepa zuria da: hori ez da beste ezertan erabiltzen.

Irtenbideak tesian

Zepa zuria hauts fin bat da, eta, dunak osatuta, pilatu egiten da altzairutegien zabortegietan. Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako tesi batean, hiru irtenbide proposatzen dira hauts hori zerbait erabilgarri bihurtzeko.

Goikoa zepa zuria da; behekoa zepa beltza. Horientzako irtenbidea eraikuntza-sektorean egon daiteke.
A. Txintxurreta

Adibidez, mortero gisa erabil daiteke. Adreiluz egindako hormak estaltzeko erabili ohi da morteroa. Zementuz, hareaz eta urez egiten da nagusiki. Zepa zuria morteroari gehituta ez dizkio ezaugarriak aldatzen, eta prozesua merkatu egiten da, zementu gutxiago behar delako. Ondorio horretara iritsi da Milagros Losañez, aipatutako tesiaren egilea, laborategian egindako azterketetatik.

Modu berean, zepa zuria zementu-lurra sortzeko erabil daiteke, eta horrekin zurruntasuna eman mendi-bideei. Arautu gabe egin bada ere, aspalditik erabiltzen dira altzairutegietako hondakinak zeregin horretarako; mendian ibili den edonork egiaztatu du hori. Zepa zuria eta zepa beltza nahasiz egin izan da. Orain, ikerketaren ostean, frogatuta gelditu da nahastura horrek propietate bikainak dituela aplikazio horretarako. Adibidez, frogatu dute, euri-urak ez duela arrasto nabarmenik eramaten, eta, ondorioz, ekologikoki onargarria dela zepa erabiltzea.

Bestalde, badago zepa zuria hormigoi gisa erabiltzerik, zepa beltzarekin nahasita, baina arazo batzuk aurkitu dizkiote egindako probetan, eta ez da, tesiaren aburuz, irtenbiderik egokiena, produktuaren kontrol handia eskatzen duelako.

Hondakinak lehengai

Tona bat altzairu sortzen den bakoitzeko, 120-150 kg zepa beltz eta 40-70 kg zepa zuri sortzen da. Altzairua sortzen jarraitzen bada, hondakin-iturria agortezina dela esan daiteke. Eraikuntza eta obra zibila indar handiko sektorea da gurean, eta lehengai ugari kontsumitzen du. Hala, batak soberan duena besteak erabiliz, dirua aurreztea eta hondakinak murriztea lor daiteke.

Milagros Losañez, eskuetan zepa zuria duela.
A. Txintxurreta

Noski, praktikan ez da dirudien bezain erraza, eta arazo batzuk konpondu beharko lirateke lehenik. Adibidez, produkzioan aldaketa batzuk barneratu beharko lirateke. Izan ere, gaur egun, altzairutegietan altzairua da balioa duena; zepa zuria hondakina besterik ez da. Horregatik, ez da zeparen produkzioa kontrolatzen. Hemendik aurrera balioa duen produktua izatea nahi bada, kontrolatu egin beharko da, altzairuarekin egiten den moduan.

Zailtasunak zailtasun, garapen jasangarriak eta ingurumena babesteko dagoen jarrerak hondakinak murriztera eta birziklatzera bultzatzen du. Nork bere etxean sortzen dituen hondakinak norberak kudeatzen ditu: beira, olioa eta papera birziklatzera eramanez, edota CDak, alkandora zaharrak eta marmitak beste zerbaitetarako erabiliz. Modu berean ari da industria ere, bere hondakinei irtenbidea bilatzen. Altzairutegiek milaka tona hondakin sortzen dute; eraikuntzak eta obra zibilak ehunka tona material behar izaten dute. Biak uztartzeak gizakiaren zabor-poltsa apurtxo bat txikiagoa egingo luke.

Txintxurreta Agirre, Arantxa
3
233
2007
7
032
Birziklatzea; Industria; Ingurumena
Artikulua
30
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila