Har itzazu edalontzi bat urez beteta eta plater bat. Bota ura platerara. Jarri kortxo txiki bat ur gainean eta haren gainean paper-puska bat. Segidan su eman paperari eta estali sua edalontziarekin (noski, honen ahoa azpikaldera dagoelarik). Zer gertatzen da? Edalontzi barnean dagoen ur-maila igon egiten dela, ezta? Honen arrazoia hauxe da: suak aireko oxigenoa erretzen du karbono (IV) oxidoa sortuz. Azken konposatu honen zati bat absorbatu egiten du urak, beraz uren gainetik gas-kantitate txikiago dagoenez, presioa txikitu egiten da eta noski ur-maila handitu.
Aurreko saiakuntza hau egin ondoren beste saiakuntza batera pasako gara. Har ezazu edalontzi bat goiko ertzaraino urez beteta. Ondoren estali paper-orri baten bitartez edalontziaren ahoa. Paper-orri honek ur-gainazalarekin eta edalontziaren ertzarekin bat egin behar du. Azkenik, irauli edalontzia eta konturatuko zara ura ez dela isurtzen, baizik eta paperak tapo¡ baten eragina duela.
Azken saiakuntza hau egiterakoan kontuz ibili beharko duzu, beti ez bait da ondo ateratzen eta etxeko zolua busti daiteke.
Gaurko saioak bukatzeko har ezazu flasko txiki bat eta urez bete goiko ertzaraino. Flaskoaren lepotik helduz sarrera-ahoa estali erpuruaren bitartez. Irauli flaskoa eta sartu posizio honetan ura dagoen edalontzi batera, ondoren erpurua kendu eta bertikalki mantendu flaskoa. Ikusiko duzu flaskoan dagoen ura ez dela jaisten. Hau ere, kanpoko airearen presioaren eragina da.
Orain, zure trebetasunaren menpe uzten zaitugu.