RFID: Radio Frequency Identification ingelesez, irrati-maiztasunaren bidezko identifikazioa, euskaraz. Izenak berak igarrarazten duenez, edozein motatako objektuak irrati-maiztasunaz, uhinen bitartez --alegia, kontaktu zuzenik gabe--, identifikatzeko sistema da.
Sistema honek bi osagai nagusi ditu: RFID etiketa bera --txipa eta antena ditu-- eta RFID igorle-hartzailea edo RFID irakurgailua. Irakurgailua etiketak bidaltzen duen informazioa jasotzeaz, tratatzeaz eta prozesatzeaz arduratzen da. Etiketa eranskailu bat bezalakoa izan daiteke. Animalietan, pertsonetan edo hainbat kutxa eta produktutan jar daiteke, eta datu anitz eman dezake: izena, ezaugarriak, koloreak, ohiturak, datak... Datuak igortzeko sistema eramangarria eta ahaltsua da.
Ideia 1980ko hamarkadan sortu zen, AEBetako ikertzaileak objektuak ezagutzeko eta aztertzeko sistemak garatu nahian hasi zirenean. Alabaina, horrek uste baino arazo eta zailtasun gehiago zekartzala jabetu ziren, eta pentsatu zuten hobe zela objektuek berek beren burua identifikatzea. Era horretan, RFID errealitate bihurtu zen laster, objektu mugikorrei jarraitzeko zuen gaitasunagatik.
Bi RFID etiketa-mota daude oro har: etiketa pasiboak eta aktiboak. Etiketa pasiboak oso bereziak dira, ez baitute inongo elikatze-iturririk behar; beraz, ez dute erabiltzen inolako bateriarik ez pilarik. Horrenbestez, erantzuteko eta datuak igortzeko beharrezkoa duten energia eskuratzeko, RFID igorle-hartzaileak datuak irakurtzeko bidaltzen dituen seinale txikiez baliatzen dira. Horixe da RFID etiketaren espiral-itxuraren funtsa.
Etiketa pasiboek elikatze-iturri propiorik ez daukatenez, datu-kopuru txikia bidaltzeko gaitasuna dute, eta ezin dituzte oso urrunera ere igorri: 10 milimetrotik 5 metroraino. Aitzitik, elikatze-iturri propiorik ez edukitzeak etiketa oso txikiak garatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, azalpean, kartoizko kutxetan edo txartel eta billeteetan ezar daitezke. Hain zuzen ere, 2005ean salgai zegoen RFID etiketarik txikiena 0,40x0,40 milimetro zen, eta paperezko orri bat baino xeheagoa; lentilla batean lau sartzen ziren. Horrelako tamainarekin ikusezinak izan daitezke.
Etiketa aktiboek, berriz, elikatze-iturri propioa dute eta datu gehiago eta urrunago igortzeko gaitasuna dute. Indartsuenak 10 kilometrora hel daitezke. Halaber, memoria eta datuak gordetzeko gaitasuna ere emendatzen da. Gainera, etiketa aktiboak seguruagoak dira giro batzuetan, adibidez, oso tenperatura handietan eta txikietan edo uretatik gertu.
Desabantailak ere badituzte, ordea. Elikatze-iturriaren ondorioz, handiagoak dira pasiboak baino; haatik, egun, txanpon baten tamainakoak ere aurki daitezke. Berebat, bateriak amaitu egiten dira, eta, orduan, etiketa bera edo bateria aldatu egin behar dira (bateria batzuek hainbat urte iraun dezakete). Bestalde, txartel pasiboak merkeagoak dira, eta, horregatik, gehienak mota horretakoak dira gaur egun.
Txartelen tamaina txiki-txikiari esker, leku ezkutuenetan ezar daitezke, eta eramangarriak dira. Horrenbestez, aplikazio anitz dituzte eta oso praktikoak; batzuetan ezin onuragarriagoak dira, eta beste batzuetan, berriz, nahikoa eztabaidagarriak eta ez oso bidezkoak.
Adibide garbi bat supermerkatuetan topa daiteke. Euskal Herriko edozein merkataritza-zentrotara joanez gero, edonori gerta dakioke erosi eta ordaindu duen produktu batekin atera eta ateko detektagailuak txistu-hoska hastea. Horrek ez du esan nahi zerbait lapurtu dugunik, baizik eta kutxazainak gaizki kendu edo deuseztatu duela produktuaren RFID etiketa. Izan ere, hainbat eta hainbat produktutan hasi dira RFIDak jartzen merkataritza-zentroetan, ez bakarrik lapurretak salatzeko, baita produktuen stock automatikoetarako, saldu direnak kontrolatzeko edo apaletan eta biltegietan zenbat dauden jakiteko ere. Hortaz, baliteke RFID etiketak barra-kodeen sistema ordezkatzea hurrengo urteetan, nahiz eta oraingoz garestixeagoa izan.
Gainera, kreditu-txarteletan ere RFID etiketa jarriz gero, detektagailu baten bitartez ordainketa automatiko eta arina egin ahal izango dugu, jende-ilaran itxaron beharrik gabe. Hong-Kongen, adibidez, Octopus txartel-motan, baliagarri dago jada sistema hori. Europako Batasunak ere asmoa omen du billeteetan RFID txipak sartzeko --zurrumurruek diote dagoeneko sartu dituztela--. Horren arrazoia billeteen zenbaketa, jarraipena eta ordainketak egiteko erraztasuna da, antza. Xede horretarako sistema itzela da RFIDa. Hala ere, apika, sistema itzela izan daiteke lapurren lana errazteko ere, RFID irakurgailu baten bitartez, lapur batek jakin bailezake une oro zenbat diru daukan pertsona batek.
RFID sistemekin, bestalde, posible da merkataritza-ikerketak egitea, erosleen jarraipena egitea eta kontsumitzaileen ohiturak aztertzea, bezeroaren inolako baimenik gabe.
Beste aplikazio interesgarri batzuk trafiko-seinale adimendunak dira. Iragarpenen arabera, hurrengo urteetan trafiko-seinale eta balizetan ezarriko dira RFID txipak, eta ibilgailuek RFID irakurgailuak izango dituzte. Irakurgailuek seinaleak detektatu, ulertu eta gidaria ohartarazi egingo dute, ahotsaren edo haizetakoan proiektatutako irudi holografikoen bitartez.
Aurreko gaietako batek zientzia-fikzioko liburu batetik ateratakoa badirudi, hurrengo hau ez da salbuespena: txertaketak. RFID txip txertagarriak hasiera batean animalietan ezartzeko pentsatuta zeuden, baina ez da baztertzen pertsonetan ere txertatzeko aukera. Horien bitartez, espediente medikoak gorde litezke, nortasun-lapurretak eragotzi, babestutako eraikin edo ordenagailuetarako sarbidea kontrolatu...
Egitasmo horien zilegitasun etikoa ez dago argi, baina merkatuan dagoeneko badago gizakietan txerta daitekeen txip bat. Horrekin lotutako bitxikeria bat: AEBetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDAk) ikerketa bat hasi zuen 2004an, RFID txipak erietxeetan erabiltzeari baietza eman erabakitzeko. Eta erakunde horrek onetsi egin zituen gizakietan txerta daitezkeen aurreneko txipak: VeriChip enpresak egiten ditu, eta 132,2 kHz-eko maiztasuna erabiltzen dute.
Erabilera horiek mesedeak ekar ditzaketela ez da zalantzan jartzen, baina ez da baztertu behar gizabanakoen askatasunak murriztu eta pribatutasunari eraso egiteko aukera ere. Adibidez, azkenaldian pil-pilean daude pasaporte digitalak. Bada, hori oso kasu larri eta aipagarria izan daiteke, nola garatzen den.
Bi teknologia mota daude nagusiki pasaporte digitalak egiteko: RFID eta SmartCard. Azken hori irakurgailu berezi batean sartu behar da irakurri ahal izateko, txanpon-txartelak bezala. Hau da, irakurgailuaz gain, kontaktu fisikoa beharrezkoa da txipa irakurri eta pasaportearen datuak eskuratzeko.
RFIDa erabilita, ordea, urrunetik irakur daitezke datuak baimenik eta inolako kontaktu fisikorik gabe; RFID irakurgailua besterik ez da behar.
Hain justu, AEBek eta beste estatu batzuek bigarren hori hautatu dute pasaporte digitaletarako. SmartCardekin alderatuta ez dute abantaila teknikorik. Pribatutasunerako, ordea, arrisku handia ekar dezakete, eta, gainera, teknologia honetaz balia daitekeen edonork lapurreta edo eraso selektiboak egiteko.
Hori guztia dela eta, gai honen inguruan sortu diren eztabaidak eta boikotak ez dira gutxi. Gai gatazkatsua eta zalantzaz betea dugu aurrean; ikusi egin beharko da zer gertatuko den.