Ospe handiagoko Parkinson edo Alzheimer gaitzen aurretik, epilepsia nahasketa neurologiko hedatuena da.
Gaitza duten pertsonen kopurua 50 milioikoa dela eta herrialde garatuetan populazioaren % 0,5-1ek jasaten duela kalkulatzen da. Hori gutxi balitz, edozein tratamenduri erantzuten ez dioten gaixoen kopurua % 20 da. Bestalde, epilepsiaren kontrako botikak eskuko atzamarrak baino gutxiago dira, eta beren eraginkortasun erlatiboa ez da beti zientifikoki azaldu.
Baina hona hemen krisi epilektikoak, baita bihurrienak ere, osatzeko gai den sistema. Gailu honek garunari erregularki bidaltzen dizkion pultsu-elektrikoen bitartez, krisien eragile diren korronte-deskargak, garuneko zenbait eremuk igorritakoak, kontrolatzen ditu. Burmuineko benetako pacemaker edo taupada-markagailu hau ez da epilepsia sendatzeko tratamenduak baino askoz ere garestiagoa.
Egun epilepsiaren inguruko isiltasunak badu bere arrazoia: oso urri diren sendagile espezializatuek, neurologo-epileptologoek, gaixotasunari buruz ezer gutxi dakite. Gaitzaren faktore erabakigarriak hogeitik gora izan daitezke, krisi-mota desberdinez azaltzen da eta gertaeren % 70ean iturburua zein den jakin badaiteke ere, (garunaren horrelako edo halako lekua) arrazoiak ezin argi daitezke.
Zer daki zientziak epilepsiari buruz? Ezer gutxi, bizi guztirako gaixotasuna dela eta baita bere tratamendua ere. 5 urte baino gazteagokoengan eta 25 urte baino gazteagokoengan gaixotasunak aurrera egiten du kasuen % 20an eta % 59an hurrenez hurren. Zergatia jakin barik epilektiko batek urteko 3 krisi eduki ditzakeen bitartean, beste batek egunean 100 eduki ditzake.
Krisiak —gehienak onberak— garuneko eremu batean (lekuko epilepsiak edo fokalak) edo batzuetan (epilepsia multifokalak) izaten den lesio edo disfuntzioak sortuak izan daitezke. Eremu hauek ebakuntzak egiteko ohikanpokoak dira, helmenetik kanpo daudelako edota kirurgiak hauek ukituz gero kalte handiagoak sortuko lituzkeelako (paralisiak). Garunaren funtzio arrunten nahasmendu elektriko laburrak, deskargak eta ustekabean izaten diren era guztietako zirkuitulaburrak dira krisiak pizten dituztenak. Gaixotasunaren berezitasun orokorrena bere sintometan eta efektuetan dago: behin eta berriro izaten diren krisietan, zeintzuetan burmuinak une batez gorputzaren kontrola galtzen duen. Gehienetan, epilepsia-mota guztiek krisia datorrela adierazten duen seinalea dute: "Aura", zapore bitxia, sentipen ezatsegina eta inurridura.
Orain arte hau da epilepsiari buruz zientziak dakien guztia. Benetan ezer gutxi! Enpirikoki esan daitekeena epilepsia-mota bat baino gehiago dagoela da. Krisi, sintoma eta gaixotasunaren forma anitzei behatuz, epileptologoek 20 krisi-mota baino gehiago dagoela egiaztatu dute. Krisiok 4 epilepsia-mota eta 3 kausa agerian utzi dituzte, epilepsia bakarra zegoen ustea baztertu egin dutelarik.
Baina, zeintzuk dira krisien arrazoiak? Sorburua ezaguna denean krisi sintomatiko izenez ezagutzen dira (krisien % 30). Burmuinean identifika daitezkeen lesioekin erlazionatuta daude. Ohiko kausak hauek dira: burezur traumatismoak, burezur-tumoreak, garezur-odoljarioak, saturnismoa edo alkoholismoa eta antzeko toxikazioak, meningitisa eta antzeko infekzioak, entzefalitis birala, difteria, eta neurri txikiagoan, hazikurriak, errubeola eta beste haur-gaixotasun batzuk.
Lekuko krisiak edo krisi fokalak eta krisi orokorrak desberdin daitezke. Lekuko krisiak burmuinaren eremu jakin batetik datoz eta gehienetan, jokabide psikiko irrazionalaz agertzen dira: beso edo hanka baten muskulu-astinaldia, ezpainei kosk egitea, eta noraezean ibiltzea. Krisi hauek segundo gutxi edo minutu asko iraun dezakete. Laztasunaren arabera erreakzioa gorputzaren atal batean (lekuko krisi sinplea) edo atal askotan batera (lekuko krisi konplexua) ager daiteke konorte-galera eraginez. Krisi orokorrak garunaren alde bietan hedaturik dauden eremuetatik datoz eta sarritan konbultsio izugarriak eragiten dituzte konortea galtzeraino. Epileptikoen % 39k konbultsioaren hasieran krisi orokorrak nozitzen dituzte.
Krisiak berak ere, kategoria askotan sailka daitezke:
Epilepsia ezintasuna eta inhibizioa eragiten duen gaitza dela frogatzen du sailkapen honek.
Krisiak, krisiak izateko arriskuak, hiltzeko arrisku goiztiarra eta botiken bigarren mailako efektuak gaixoaren ongizate fisiko, psikiko eta gizarte-ongizatearentzako zama handia dira. Krisiak gainditu ezin dituztenek eskolara joateko, gidabaimena lortzeko edo lanpostua mantentzeko eragozpenak izaten dituzte. Besteekiko menpekotasun-sentimendua garatzen dute, euren buruarengan konfidantza galduz. Gaixoen familiak zalantzan bizi dira, istripuz hiltzeko, buru-hilketa edo ustekabeko heriotza izateko arriskua batez bestekoa baino handiagoa baita.
Desberdinak diren hainbat krisiri aurre egiteko epilepsiaren kontrako medikamentuak badaude. Eraginkorrak diren arren, beti ere ez da ezagutzen nola eta zeri eragiten dioten. Funtsean noizbehinka elkartzen diren lau molekulatara mugatzen dira: karbamazepina, balproatoa, fenitoina eta fenobarbitola dira molekulak. Medikamentu hauek, ordea, ez dira zenbait epilepsiarentzat eraginkorrak. Bestalde, bizi guztian zehar hartu behar diren botikok sintomak moteltzen dituzte baina ez bere zioak.
Azkenik, ohiko medikuntza tratamenduak sortzen dituen efektu zitalak (garunaren moteltzea, nekea, logurea eta lokartzea, kontzentrazio-arazoak...) minimizatzera eta terapiaren eraginkortasunaren etengabeko galera sortarazten duen ohitze-fenomenoa mugatzera bideratzen da medikuen zeregina.
Ikuspegi beltz horren aurrean, orain atera den epilepsia-tratamendu berriak, ehun urte pasa eta gero aurrenekoa denak, esperantza handiak piztu ditu. Ipar Amerikako Cyberonics enpresak aurkeztutako protesi neurozibernetikoak (NCP) epilepsia zitalenetan ere eraginkorra dela frogatu du.
Gailu hau burmuinarentzat bihotzarentzat taupada-markagailuaren parekoa da. Europako Batasunak lehenengo eta Estatu Batuetako Food and Drug Administration (FDA) ospetsu eta zorrotzak geroago onartu dute hamar urte baino gehiago iraun duten ikerketak eta azterketak egin ondoren gertu dagoen gailua.
NCPa aurrenekoz 1988an ezarri zen. Geoago 24 herrialdetako 1000 gaixok jaso izan dute gailua. Sistema erabiltzen duten gaixoen erdiak krisien % 20ko berehalako murrizketa eta hemezortzi hilebete ondoren % 50ekoa baino murrizketa handiagoak lortu dituzte.
Bestalde, sistemak ez du eragin zitalik, hala nola kronikorik, jokabidezko edo emozionalik, ez eta MAEk duten toxikotasuna ere. Bere eragina murriztu beharrean areagotu egiten da denbora igaro ahala.
NCP sistemak bideratzen duen tratamenduak, nerbio bagoaren estimulatzailea (VNS) deiturikoak, bost minuturo 1,25 eta 2,5 miliampere bitarteko intentsitate, 30 hertzeko maiztasun eta 50 nanosegundoko iraupeneko (nanosegundo bat = 10-9 segundo) pultsazio elektrikoak igortzen ditu. Gailua oso trinkoa eta ezartzen erraza da. Doi-doi 55 gramo pisatu eta poltsiko-erloju baten neurria duen sorgailuaz osaturik dago.
NCPa bi ebakidura bitartez ezar daiteke: lehena bularrean omoplatoaren parean egiten da sorgailua eta bere pila txertatzeko, eta bestea lepoaren eskuineko oinean nerbio bagoan elektrodoak jartzeko. Kirurgiak egiten duen "tunelizazio"-lan klasikoari esker elektrodoak pilari berehala lot dakizkioke.
Baina zergatik nerbio bagoan? Garunaren eta barruko organoen arteko jarduera, batez ere, berak kontrolatzen duelako. Nerbio mistoa da, aldi berean eragilea eta sentsoriala. Funtsean, % 85, informazioa azpiko aldetik goiko aldera igortzen duten zuntz aferenteez osaturik dago. Nerbio-sistema zentralaren barreneraino hedatzen diren zuntzok, birika, bihotz, aorta, heste-traktu eta beste organo batzuetara konektaturik daude. Zuntz aferenteek deskarga epileptikoak pizteko duten ahalmenagatik ezagutzen diren egitura kortikalaletara (amigdala, hipokanpo, kortex eta abarretara) informazioa igortzen dute.
Nerbio bagoaren zuntz aferenteen bitartez eremu epileptogenetan arituz garunaren jarduera alda daiteke. Horregatik, VSNa prebentzio-tratamendua dela esatea badago: garunaren jarduera elektrikoa aldatzen baitu epilepsia-krisien iturburu diren ezusteko deskarga elektrikoak saihestuz.
Kontua da Gizarte Segurantzarentzat tratamendu berri honen kostua zenbatekoa izango den ikustea. Bost urteko iraupena (pila kargatu beharra dago) eta 50.000 liberako (1.250.000 pezeta inguruko edo 7.500 euroko) prezioa izanik, kostua ohiko tratamenduen antzerakoa da. Jakina da Administrazioak osasun-poltsa epe luzera betetzea baino egunez egun betetzea gurago duela. Beraz, tratamenduaren abantailak sinestaraztea ez da hain erraza izango. Ez ahaztu, ordea, NCP sistemak bigarren mailako ondoriorik ez duela sortzen, hauek beti ere gaixoarentzako kaltegarriak eta gizartearentzat garestiak direlarik.