Adi ahotsari

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Tinbre finekoa da batzuena; baxua, berriz, besteena. Ozen hitz egiten du zenbaitek, baxu beste hainbatek. Ahotsa egunero erabiltzen dugu, eta, horrexegatik beharbada, maiz ez gara haren garrantziaz ohartzen. Poztasun ugari eman dezake, kantuan aritzeko abilidadea dutenei batez ere, baina ondoez-eragile ere bada, gero eta maizago, gainera.
Adi ahotsari
2008/09/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: MEC)

Zenbait ikerketaren arabera, irakaskuntzan jarduten dutenen artean % 62k, gutxi gorabehera, ahots-arazoak dituzte eta gehienek, % 42k, disfonia funtzionala dute, hau da, ahotsa egoki erabiltzen ez dutelako dituzte arazoak. Ahots-arazoen ondorioz baja gehien hartzen duen lantaldea da irakasleena.

Oro har, Espainiako biztanleen % 5ek du ahots-arazoren bat, gutxi gorabehera. Ahots-arazo gehienak 25 urtetik 45 urtera bitartean gertatzen dira, eta gehiago izaten dituzte emakumeek gizonek baino. Izan ere, laringearen tamaina eta kokapena ezberdina da sexuaren arabera. Emakumeen laringea gizonezkoena baino txikiagoa da, eta, beraz, haien ahots-kordak ere txikiagoak dira. Hortaz, oro har, ahots-kordetan lesio gehiago izaten dituzte, ahotsaren erabilera desegokiaren edota ahotsa gehiegi bortxatzearen eraginez. Are gehiago, erabilera desegoki horiek ohitura bilakatzen direnean.

Gehienbat helduei eragiten dien arazoa bada ere, haurretan ere hasi dira nabarmentzen azken urteetan ahotsaren erabilera desegokiak eragiten dituen kalteak. Estatistikek nabarmentzen dute haurren % 40-60k ahots-arazoren bat dutela. Sei-zortzi urterekin eta pubertaroan gertatzen dira maizen, eta gehiago izaten dituzte mutilek neskek baino. Pubertaroaren aurretik, laringearen dimentsioak eta kokalekua berdinak dira sexu bietan. Hala ere, oro har, mutilen fonazio- aparatua hiperfuntzionalagoa dela nesken fonazio-aparatuarekin alderatuta azaldu digu Secundino Fernández Nafarroako Unibertsitate Klinikako adituak. Izan ere, lagun arteko harremanetan, jolasetan eta abarretan fonazio-organoak gehiago behartzen omen dituzte mutilek. Haurren kasuan zein helduetan, laringearen arazo anatomiko batek edo fonazio-organo baten disfuntzioren batek eragin dezake disfonia. Horietan, patologiarik ohikoenak noduluak dira.

Disfonia

Kasurik gehienetan, disfoniaren eragilea ahotsaren erabilera okerra izaten da, hau da, ahotsa gaizki erabiltzea edo behartzea. Gehiegi edo indar eta tonu ezegokiarekin hitz egitea, garrasi egitea, eztula egitea, teknika desegoki batekin abestea, hautsa edo tabakoaren kea arnastea... Horrelakoetan ez da lesio anatomikorik izaten fonazio-organoetan.

Haurretan ere hasi dira nabarmentzen azken urteetan ahots-arazoak.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

Disfonia organikoen oinarrian, ordea, fonazio-organoetako lesioak daude, gehienetan noduluak eta polipoak. Hala ere, arrazoi traumatikoengatik ere sor daitezke disfoniak, arrazoi audiogenoengatik (gaizki entzutearen ondorioz) nahiz arrazoi psikogenikoengatik.

Disfoniak tratatzeko hiru bide nagusi daude: botikak, errehabilitazioa eta kirurgia. Askotan, nahikoa izaten da errehabilitazioa disfonia bat sendatzeko, ahotsa erabiltzeko ditugun ohitura txarrak zuzenduta: laringea lasaitzeko teknikak erabiltzea, arnasketaren, soinuaren eta ahotsaren koordinazioa lantzea, gaixoaren fonazio-baliabide guztiak erabiltzea --batez ere biriketako airea, hura baita ahotsa sortzeko oinarrizko energia ematen duena--. Teknika horiek erabiltzen dira nodulu sortu berrien kasuan; ez, ordea, zaharretan. Horietan, mikrokirurgia beharrezkoa da errehabilitazioarekin hasi aurretik, noduluak berriz ez ateratzeko. Mikrokirurgiak ez du ia arazorik sortzen, eta kasuen % 98 sendatzen dira. Halaber, kirurgia oso erabilgarria da, baita ere, ahots-korden lodierarekin arazoak daudenean edo sortzetiko malformazioak daudenean.

Aurrerapauso handiak

Azken urteotan, aurrerapauso handiak eman dira ahotsaren patologiak diagnostikatzeko eta tratatzeko erabiltzen diren baliabideetan. Gaur egun, ahots-korden anatomia hobeto ezagutzen da, bai eta korden bibrazioarekin erlazionatutako fisiopatologia ere; hartara, diagnostiko hobeak eta tratamendu egokiagoak finka daitezke.

Secundino Fernández Nafarroako Unibertsitate Klinikako otorrinolaringologia-aditua eta Medikuntza Fakultateko dekanordea da.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

Diagnostikoari dagokionez, egungo estroboskopioek eta ahotsa aztertzeko ekipoek aukera paregabeak eskaintzen dituzte, Fernándezen esanean. "Estroboskopioaren bidez, ahots-korden bibrazioa ikus daiteke kamera geldoan. Berrienek argiztapen hobea dute, eta seinalearen digitalizazioa ahalbidetzen dute. Beraz, kalitatezko irudiak sortzen dituzte. Bestetik, teknologia informatikoa aplikatzea aurrerapauso handia izan da ahotsa aztertzeko. Izan ere, teknologia horri esker, gaixoaren ahotsa grabatu eta digitalizatu ondoren, ahots-korden bibrazioan egon daitekeen edozein irregulartasun edo zarata (ahots-kordetatik ihes egiten duen airea) neur daiteke" gehitu du Nafarroako Unibertsitateko otorrinolaringologia-adituak.

Halaber, ahots-arazoak sendatzeko ebakuntza-prozesuen alorrean hobekuntza nabarmenak egin dira. Horiei esker, ahots-kordetako lesio arinak kontu handiz eta zehaztasunez trata daitezke; bai eta tratamendu onkologikoekin edo arazo neurologikoen ondorioz sor litezkeen akatsak zuzendu ere.

Fernándezek hauek nabarmendu ditu: ahots-kordetan birusak eragindako gaixotasunak edo displasiak tratatzeko laser berrien erabilera, laringeko paralisiarekin erlazionaturiko arazoak sendatzeko teknika kirurgikoa, anestesia orokorrik gabeko ahots-kordetako ebakuntza-prozesuen garapena eta aplikazioa eta abar.

Bestalde, fonazio-aparatuaren fisiologian oinarrituriko prozesu logopedikoak garatu dituzte. Horiekin, litekeena da ahots-arazoak izateko arriskua duten pertsonetan arazo horiek saihestea.

Oro har, emakumeek lesio gehiago izaten dituzte ahots-kordetan.
MEC

Ahotsaren laborategiak

Duela urte batzuetatik hona, ahotsaren laborategiak sortu dira. Ahotsaren eta ahots-arazoen ezaugarri akustikoak (frekuentziak, harmonikoak intentsitatea...) eta aerodinamikoak (laringearen erresistentzia eta abar) neurtzen dituzte laborategi horietan. Neurketa horien bidez, lesioen maila kuantifika daiteke, eta modu objektiboan eta automatikoan ikus daiteke ahotsak hobera edo okerrera egin duen. Gainera, ahotsaren azterketa aerodinamikoak asko laguntzen du diagnostiko zehatza egiten.

Ahotsa nolakoa den ezagutzea ez ezik, ezinbestekoa da haren sorreraren mekanismoak ikertzea eta disfonia fonazio-aparatuaren zein gunetan sortzen den jakitea. Nafarroako Unibertsitate Klinikako adituaren esanean, "garrantzitsua da gaitza modu objektiboan hartu eta zenbatzea. Horretarako, zenbait teknika zehatz behar dira, ezaugarri fisiologikoak erregistratzeko eta aditu profesionalak emaitza horiek interpretatzeko eta saio klinikoetan aplikatzeko". Gainera, askotan, ahotsaren laborategi horietan erabiltzen diren teknikak, gaitzen diagnostikoan ez ezik, tratamenduan ere lagungarri izan daitezke.

Egia esan, Espainian ez daude ahotsaren laborategi asko. Maiz, unibertsitateetako sail baten barnean edota ahotsaren asaldurak ikertzeaz arduratzen diren ikertzaile-taldeen barnean daude. Nafarroako Unibertsitateko ahotsaren laborategiak 15 urte baino gehiagoko ibilbidea du. Mota horretako bestelako laborategiak Oviedon, Bartzelonan, Madrilen eta Alcala de Henaresen daude.

Ahotsaren laborategietan ikus daiteke ahotsak hobera edo okerrera egin duen.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

"Espainiako Otorrinolaringologia Erakundearen Foniatria Batzordeak eta ahotsaren laborategiek ahalegin berezia egiten dihardute azken urteotan arlo horretako adituak prestatzen eta medikuntzaren atal horren garrantzia azpimarratzen", gehitu du Nafarroako Unibertsitateko espezialistak. Izan ere, batzuentzat eguneroko lan-tresna bada ere, gainerako guztiontzat komunikatzeko modua eskaintzen du ahotsak.

Adituen esanean, kontzienteki era egokian hitz egitea da askotan ahots-arazoak konpontzeko gakoa, baina hartuak ditugun ohitura kaltegarriei konponbidea ematea zail izaten da askotan. Ariketa egokia da, zer esaten dugun ondo pentsatzeaz gain, horiek esateko dugun moduaz ere hausnartzea; egin proba!

Nola sortzen da?
Ahotsa zer den hobeto ulertzeko, esperimentu erraz bat egin daiteke: bi paper hartu eta bata bestearen aldamenean jarri; bi horien artean putz egitean, paperak mugitzeaz gain, soinu bat sortzen da. Horixe da, hain zuzen ere, fonazio-aparatuaren adibide bat. Aireak itxita dauden ahots-kordak mugiarazten ditu, eta, horren ondorioz, soinu bat, alegia, bibrazio bat sortzen da.
Ahots-korden gainean ez balego ezer, soinua une oro berdina izango litzateke. Konstantea. Egia esan, ezingo genuke gauza handirik transmititu beti soinu berarekin. Baina, zorionez, besteak beste soinuak aldarazten, modulatzen eta aberasten dituzten organoak dauzkagu gizakiok.
(Argazkia: MEC)
Halaber, mingainaren posizioa aldatzean, soinua aldatu egiten da, eta bokal batzuk edo beste batzuk sortzen dira. Mingaina beherantz jartzen bada, a bokalaren soinua sortzen da, adibidez. Mingaina aurrerantz altxatzen bada, berriz, e bokalaren antzeko soinua sortzen da. Mugimendu horiek guztiak gizakion burmuinak egiten ditu; azkar, eta gu geu horretaz jabetu gabe, gainera.
Azken finean, giza ahotsa laringean sortzen da, baina haren atal garrantzitsuena glotisa da, hain zuzen ere. Hain zuzen ere, hori da gizakiaren benetako fonazio-organoa. Biriketatik arnasketarekin batera irteten den airea glotisean zehar pasarazten da, eta ahots-kordak bibrarazten ditu. Ahots-kordak mihi-itxurako mintz bikoitz bi dira. Erresonantzia-kutxaren eginkizuna barrunbe edo hobiek (ahoak eta sudurrak) betetzen dute.
Ahotsaren ezaugarriak
Ahotsa kolore anitzekoa da oso, pertsonala. Pertsona bakoitzak bere ahotsa du, eta ahots horrek ezaugarri berezi batzuk ditu. Tinbreak, tonuak eta intentsitateak ematen diote ahotsari identitatea.
Tonua
Tonua soinu bat igortzen deneko segundoko dardara-kopurua da, eta korden tentsioari eta luzeraren aldaketei esker erregulatzen da. Ahots-korda motz eta oso tenkatuek tonu altuak sortzen dituzte. Umeen laringea, esate baterako, oso posizio altuan egoten da jaioberrietan eta, hortaz, soinu altu edo zorrotzak sortzen dituzte.
Ahots-korda luze eta gutxi tenkatuek, berriz, tonu baxuak sortzen dituzte. Gizonezkoek nerabezaroan jasaten dituzten hormona-aldaketek laringeari beherantz egin eta kordak luzarazten dituztenez, soinu sakonagoak igortzen dituzte.
Intentsitatea
Soinuak igortzeko indarra da. Ahotsaren intentsitatea kanporatzen den aire-potentziaren eta ahots-kordetan sortzen den dardara-anplitudearen araberakoa da. Soinuaren intentsitatea neurtzeko, dezibela erabiltzen da.
Tinbrea
Altuera eta intentsitate bereko bi soinu desberdintzeko erabiltzen den ezaugarria da.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
245
2008
9
033
Osasuna
Artikulua
42
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila