Ez dut erraz ahaztuko adarzabalarekin topo egin nueneko azken aldia. Egun euritsu hartan pagadiaren ilunpea atzean utzi eta iratzez zipristinduriko garbigune batera abiatu nintzen. Bat-batean, zaunka gordin batek isiltasuna hautsi zuen, itzal handi bat mugitzen ikusi nuen aldi berean. Bi! Hiru, lau, bost! Lehenengoaren atzetik beste lau animalia atera ziren basorantz, batzuetan lasterka arrapaladan, besteetan lau hankekin jauzika, malgukiak bailituzten. Tarteka, iratzeen gainetik azaltzen ikus nitzakeen, atzealdean buztan zuri bizia, tente-tente zeramatelarik. Hura ikuskizun polita!
Lurrean sortu zirenetik harrapariengandik ihesi ibili behar izan duten espezieek, ehiztarien atzaparretara ez erortzeko sistema ugari garatu dute eboluzioan zehar. Adarzabalaren kasuan, orbain zuriz apaindutako larru arre-gorriska, liluragarria izateaz gain, bikaina da kamuflatzeko. Gainera, udazkenean ilajea aldatu egiten zaio, neguko kolore ilunetara ezinhobeto doitzen den larru arre edo grisa izaten duelarik. Bestalde, zerbidoen zaunkaren antzeko soinuzko seinaleak animalien artean oso zabalduta daude. Horrela, espeziekideak arriskuaz ohartarazteaz gain, inguratzen ari den etsaiari detektatu dutela adierazten diote.
Ihesi doazela buztana altxatu eta malgukien modura jauziak egiteko jokaera bitxia, arriskua dagoela abisatzeko era izan daiteke. Horrez gain, jauziak egiteko beste arrazoi bat, zenbait autoreren ustez harrapariari sasoi onean daudela erakustea izan liteke. Arrazoi honen arabera, hau ikusten duen harrapariak, hain bizkor dagoen animalia harrapatzen saiatzen ez du energia alferrik galduko, eta adarzabalak ihes egin beharrik ez du izango.
Ezin ahaztuko ditugu, noski, belarjale bizkor honen zentzu zorrotzak. Ehundaka metrotara gizakia usaindu, gauez ikusi, edota urrutiko bi lagunen arteko zurrumurrua entzuteko ahalmena dutelako, animalia hauek topatzea ez da erraza izaten.
Adarzabalaren Dama dama izen zientifikoak gogorarazten didanez, burua tente eta larru zoragarria andere finenen pare airosoki eramaten dituen animalia dotorea dugu. Luzeraz, 130-200 cm-koa izan daiteke, arrek 60-125 kg-ko pisua eta emeek 30-50 kg-koa dutelarik. Ihesaldietan tente erakuts dezakeen buztana, orkatz eta oreinenen aldean luzea da, 15-20 cm-koa eta kolore beltzekoa, ertz zuriekin. Zuriskak edo horiskak dira, bestetik, adarzabalaren azpialdea eta saihetsak.
Arrei garatzen zaizkien adarrak ere bereziak dira. Oreinenak ez bezala, zapalak dira hauek, pala-itxura dutelarik. Beste zerbidoetan gertatzen den gisara, urtero eroriko dira (maiatz/apiril aldera) eta segidan hazten hasiko dira, abuztu alderako belus eta guzti prest egoteko. Borroka, defentsa edota emeak erakartzeko tresna ikusgarri hauek, animaliaren osasun-egoera eta sasoiaren adierazle dira, adinarena baino gehiago. Sasoirik onenean, 65-78 cm-koak izan daitezke.
Oreinen familiako ugaztun hau oihan, bakandutako baso, zein parkeetan agertzen zaigu. Hain gogoko dituen larreek tartekatutako baso sastrakatsu hauetan, gauez, eta eme eta kumeez osaturiko taldeak osatuz mugitzen da gehienetan. Arrak aldiz, bakartiagoak dira, ugaltze-sasoitik kanpo behintzat.
Araldia urrian hasten da eta arrek borroka egiten dute, emeak bildu eta estaltzeko taldea osatzearren. Araldiak irauten duen denboraldian arrek zaunka erlats berezi bat egiten dute. Azaroraino luzatzen den ugaltze-sasoi honen ondoren, neguan zehar taldeka segituko dute gehienek, udaberrian arrek bizimodu bakartiari ekin arte.
7-8 hilabete geroago, maiatz/ekain aldera, emeak kume bat egiten du eta lehenengo egunak txoko lasai batean igaro ondoren, berehala egoten da taldeari jarraitzeko prest. Lehen asteetan amaren esnea besterik edaten ez badu ere, pixkanaka belarraz elikatzen hasten da, 6-9. hilabeterako amaren errapea guztiz utzi arte. Kumea urtebete edo urte t’erdiz amarekin bizi ohi da.
Adarzabalak belarjaleak dira eta fruitu eta kimuekin osatzen dute dieta. Neguan, elurrak lurtzorua estali eta besterik bilatzen ez dutenean, zuhaitz gazteen azalekin eta ahal dutenekin saiatu beharko dute sabela betetzen.
Belarjale hau nola dago banatuta? Gaur egungo banaketa oso zabala dela esan behar da. Europa guztiko parkeetan topa dezakegu, Islandia, Eskandinaviako iparraldea, Irlanda, eta Mediterranioko irletan izan ezik. Antza denez, azken glaziazioaren ondoren animalia hau Turkiako hegoaldean eta Mesopotamian besterik ez zen geratu eta geroago Mediterranioko herrialde guztietara sartua zen feniziarren eskutik, eta Europako erdi eta hegoaldera, ehizaki gisa, erromatarren eskutik.
Euskal Herrian aldiz, gutxi dago. Nafarroako Kintoa-ko mendietan besterik ez dago eta kopurua ere nahikoa txikia da. Horko animaliak, 1956-57an oreinekin batera sartutakoak dira, baina ingurune berrian zabaltzen ez dute arrakasta handiegirik izan. Dirudienez, adarzabala ez da eskualde horretara beste batzuetan bezain ongi egokitu eta neguko elurteetan ale askotxo hiltzen da urtero. Nafarroako Gobernua, animalia hauek ongiegi moldatzen ez zirela ikusita, bertatik kentzen saiatu zen, ehiztarientzat baimen bereziak emanez.
Hala ere, inguru horretara hain ongi moldatua ez dagoen espeziea harrapariei ihes egiten arras trebea da eta oraindik ez dute guztiz kentzea lortu. Oraindik ere, Eugi inguruko mendietan haien zaunka berezia entzun, edo ihes xelebrea ikusi ahal izango duzue zorte-pixka bat edukiz gero. Ixilik eta erne ibili behar!
Espeziea: Dama dama |