Abian jarri da espazioko hiria

Imaz Amiano, Eneko

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Joan den azaroaren 20an Proton-K jaurtigailu errusiarrak Zaria ("egunsentia" errusieraz) kontrol-modulua (FGB) espazioratu zuen; abenduaren 4an Endeavour transbordadore estatubatuarrak Unity izeneko atala, moduluen arteko lotunea izango dena, eraman zuen Zaria-ren ondora. Abenduaren 7an elkartu zituzten bi zati horiek dira Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS ingelesezko siglaz ere ezaguna) izango denaren lehen oinarriak.
NASA

Nazioarteko Espazio Estazioa inoiz elkarlanean prestatu izan den programa zientifikorik handiena da. Hamasei estatuk (EEBB, Kanada, Japonia, Errusia, Italia, Danimarka, Norvegia, Belgika, Herbehereak, Frantzia, Espainia, Alemania, Suedia, Suitza, Erresuma Batua eta Brasil) parte hartzen dute eta xedea 2004-2005 urterako, lurretik 335-460 kilometrora, 108 m luze, 74 m zabal eta 460 tona izango dituen espazio-estazioa prest izatea da. Bertan, une berean, 6-7 pertsona bizi ahal izango dira presurizatutako 1.300 m3-etan, 6 laborategiak barne. 28.000 km/h-ko abiaduran 90 minutuz behin Lurraren inguruan itzulia osatuko duen estazioa zientzia eta ikerketarako zentro garrantzitsua izango da. Ehun bat mila pertsonak parte hartuko dute estazioa eraikitzeko lanetan, dela espazio-agentzietan, dela laborategietan, dela kontratatutako enpresetan.

Sorrera

Historian atzera joaz, estazioa 1984an Ronald Reagan Estatu Batuetako (EEBB) presidenteak bertan bizitzeko modukoa izango litzatekeen espazio-estazio bat eraikitzeari bultzada ofiziala eman zionean jaio zela esan daiteke. Orduan, Askatasuna Espazio Estazioa (Space Station Freedom) izenez bataiatu zuten. 1988.eko irailean Europako Espazio Agentziak (ESA) eta Kanadako Espazio Agentziak (CSA) batetik eta, 1989ko martxoan Japoniako gobernuak bestetik, proiektuarekin bat egin zuten EEBBek luzatutako gonbidapenari erantzunez.

NASA

Ondoren, aurrekontu-arrazoiak zirela medio, egitasmoa berraztertu eta azken helburuak murriztu egin zituzten, horretarako aurkeztutako hiru aukeren artean Alfa izenekoa onetsiz. Aurrerantzean Alfa Nazioarteko Espazio Estazioa zeritzon proiektuak aurrekoaren egitura eta sistemen % 75 inguru mantendu zituen, nazioarteko partaidetzari ere eutsi zion eta diseinua aurrekontu-murrizketei egokitu zitzaion.Bestalde, 1992ko urrian Errusiako Errepublika ere proiektuan sartu zen; harrezkero, izena aldatu eta Nazioarteko Espazio Estazioa izena eman zioten. Proiektuak, denera, gutxienez 40.000 milioi dolarreko (5,8 bilioi pezeta/232.000 libera) aurrekontua du, baina, batzuek diotenez, benetakoa askoz handiagoa izango da.

Nazioartekoa

Hasierako proiektuari aldaketa horiek guztiak egitea eta, batez ere nazioarteko partaidetza, oso garrantzitsuak izan dira, estatu bakoitzak proiektuan bere zeregina izango duen neurrian. Estatu Batuek dute ardura eta pisu nagusia, baina gainerako kideek lan garrantzitsuak egingo dituzte. ESAk Columbus izeneko laborategi presurizatua (COF) eta espazio-estaziora hornigaiak bidaltzeko gidaririk behar ez duen ibilgailu automatiko bat, Transferentziako Ibilgailu Automatikoa izenekoa (ATV), egingo ditu; ibilgailu hori Ariane 5 jaurtigailuan bidaliko da espaziora; ESAk guztira 2.705 milioi euro bideratuko ditu proiektu horietara.

Kanadak urrutiko kontrol bidezko beso mekanikoa eraikiko du, estazioa osatzeko gehitu beharreko atalak txertatzeko erabiliko dena; 720 milioi dolarreko proiektua da. Japoniakesperimentu zientifikoetarako erabiliko diren sei modulu presurizatuetariko bat egingo du. Azkenik, Errusiak parte hartze handia izango du. Espazioan iraupen luzeko egonaldietan duen esperientzia eta bere estazioetan erabilitako teknologia eskainiko ditu. Bere jaurtigailuak erabiliko dira estazioaren atalak espazioratzeko eta, bere laborategiaz gainera, zerbitzu-modulua ere eraikiko du.

Proiektuaren urratsak

NASA

Proiektua erabat diseinatu eta aurrera eramatea erabaki zenean, hiru fase bereizi ziren. Lehen fasea 1994ko otsailean hasi zen eta 1988ko ekaina arte iraun du: estatubatuar astronautek Mir espazio-estazioan egonaldiak egin zituzten, errusiar astronautek EEBBetako transbordadorean bidaiatu zuten eta, behin eta berriz, estatubatuarren transbordadorearen eta Mir-en arteko akoplatzea burutu zuten esperientzia lortzeko eta Nazioarteko Espazio Estazioaren atalen arteko elkartzeetan arriskuak gutxitzearren.

Bigarren fasean estazioa eraikitzeari ekin zaio 1998ko azaroan eta abenduan bidalitako bi atalekin. Fase honetan egitura nagusia izango dena prestatu eta orbita egokian jarri da.Aurtengo uztailean errusiarrek eraikitako Zerbitzu-modulua bidaliko da, estazioan bizi ahal izateko behar diren egongela, logela, komuna, sukaldea eta bestelako zerbitzuak dituena, eta 2000. urteko urtarrilean iritsiko da estaziora lehen tripulazioa.Azken fasean, eraikina gizakiak etengabe bizi ahal izateko behar den azpiegituraz hornituko dute eta gainerako tresneria eta laborategiak erantsiko dira.Modu horretan, 2004 urtean, gutxienez hamar urtez erabili ahal izateko prestatuta geratuko da estazioa eta batera 7 pertsona bizi ahal izango dira bertan. Hau guztia burutu ahal izateko Lurretik espaziorako 45 bidaia egin eta 91 irtenalditan banandutako 550 ordutik gora beharko dituzte astronautek espazio-ontzitik kanpora lanean.

Helburuak

Proiektu honen helburu orokorrak hainbat dira:

  • Ia grabitaterik gabeko ingurunean (Lurrean baino 10.000 bider gutxiago) material berrien inguruan eta biologiako hainbat arlotan ikerketak egiteko laborategiak eskaintzea.
  • Medikuntza-arloko ikerketak egitea espazioan.
  • Material eta prozesu berriak garatzea industriarekin elkarlanean.
  • Lurrean epe laburrean eragina izango duten eta lanpostu eta aukera ekonomiko berriak eskainiko dituzten teknologia- eta injinerutza-aurrerapenak azkarragotzea.
  • Munduko estatuen arteko lankidetza areagotzea.

Helburu orokor horiez gainera, garbi dago ISSaren sustatzaile –eta ordaintzaile– nagusiek, Estatu Batuek, programa horren bidez, "Lurrean bezala zeruan ere" beren lidergoari eustea dutela helburu, bai eta beren industri sektore esportatzaile nagusia den teknologia aeroespazialari laguntzea eta hobetzea ere.

Horrez gain, epe ertain eta luzeko helburu ekonomikoa ere badela esan daiteke. Espazioko programetan inbertitutako dolar bakoitzak bi dolarreko etekina sortzen omen du, zuzenean edo zeharka.

Lan-programak

Aurreko helburu orokor horien baitan, NASAk hainbat programa eta egitasmo zehaztu ditu ISSan egiteko. Batetik, biologiaren inguruko egitasmoa prestatu dute, Giza Ikerketarako eta Espazioaren Garapenerako (HEDS) Egitasmoa izenekoa. Honen xede nagusiak: 1) ingurune espaziala erabiliz, prozesu naturalez dugun ezagutza gehitzea; 2) eguzki-sistema ikertzea eta 3) espaziorako bidaiak ohikoak izatea lortzea dira. Egitasmoa burutzeko, bestalde, bi programa jarriko dituzte martxan. Lehena, Biomedikuntza-ikerketarako eta -sendabideetarako Programa deritzona, giza ikerketara bideratuko da.

NASA

Batetik, espaziorako hegaldietan gizakiengan aldaketa biologikoen eragileak diren erantzun fisiologikoen eta portaerazkoen arteko loturak ezagutu nahi dira; bestetik, gizakia espazioan urtebetetik gora bizitzen eta lanean eduki nahi da, baina Lurrera itzultzean berregokitzea gogorra izan ez dadin lortuz eta tripulazioen ongizate eta segurtasuna emendatzeko babes-neurriak garatu nahi dira. Bigarrenari Grabitatepeko Biologia eta Ekologiarako Programa deritzo eta grabitate-maila desberdinak erabili nahi ditu biologia-zientzien oinarrizko ezagutzan sakontzeko. Horretarako, grabitateak eboluzioan, garapenean, morfologian eta hainbat funtziotan izan duen eragina ikertuko dute.

Bestetik, Lur Planetara Zuzendutako Eginkizunak deritzon programaren bidez, Lurreko atmosferaren kalitatea, ura, klima-aldaketa, landaredia eta lurraren erabilera, baliabide mineral eta elikadurazkoak eta ur gezaren eta itsasoen osasunaren egoera aztertu nahi dira, honek guztiak biziaren kalitatean izan dezakeen eragina nabarmena baita.

Hirugarrenez, Espazioko Zientzietarako Programak unibertsoko misterioak argitzea, eguzki-sistema aztertzea, beste izarren inguruan planetak aurkitzea eta Lurretik kanpora bizia aurkitzea ditu helburu. Hori lortze aldera lau ardatz nagusiren inguruan lan egingo dute: 1) unibertsoaren egitura eta eboluzioa; 2) eguzki-sistemaren azterketa; 3) Eguzkia/ /Lurra lotura; eta 4) planeta-sistemaren eta honen jatorriari buruzko astronomia-ikerketa.

Laugarren ikerketa-multzoa mikrograbitateari lotutakoa da. Estazioak jasango duen grabitate-indarra Lurrean dugunaren milioirena izango da eta, beraz, Lurrean grabitateak eragozten dituen saiakerak egin ahal izango dira, besteak beste, bioteknologiaz, errekuntzaz, fluidoen fisikaz, oinarrizko fisikaz eta materialen zientziaz. Bioteknologian, proteina-kristalen hazkuntza, proteinen egitura eta funtzioak ulertzeko ezinbestekoa dena, batetik, eta, bestetik, zelula eta ehunen hazkuntza, txerto eta ebakuntzetan erabili ahal izateko dituztenak, ikertuko dituzte nagusiki. Errekuntzari dagokionez, argi dago egungo gizartean duen garrantzia, baina hala ere, errekuntzaz dugu informazioa mugatua da oso. Espazioan egin asmo dituzten esperimentuek hutsune hori bete nahi dute.

Espazio-estazioa orain dagoen bezala, hau da, bi atalekin.
NASA

Fluidoen fisikaren inguruan egingo dituzten ikerketak, batez ere, eraikinen segurtasunean, energia transformatzeko instalazioetan eta materialek Ilargian izango duten portaera aurresateko ere erabili ahal izango dituzte. Oinarrizko fisikaren arloan, Lurrean frogatu ez daitezkeen teoriekin lan egingo dute. Azkenik, materialen zientzien esparruan, materialen egitura (atomo- edota molekula-mailan), propietateak (termiko, magnetiko, kimiko, etab.) eta sorrera (sorreran nola jokatzen duten) aztertuko dituzte emaitzak Lurrean aplikatu ahal izateko.

Bosgarrena, Injinerutzako Ikerketak eta Teknologia (ERT) egitasmoa deritzona, teknologia garatu eta saiatzera bideratua dago, ondoren, ibilgailuen sistemak eta garraio-ahalmenak hobetu, mantenimentu- eta konponketa-kostuak murriztu eta espazioan erregaiak eta tripulazioa murriztu ahal izateko erabiliko dena. Beraz, espazioan zein Lurrean erabiliko den teknologia garatuko litzateke.

Azkenik, NASAren Office of Life and Microgravity Sciences and Applications (OLMSA) programak Comertial Space Centers (CSC´s) deritzona antolatu zuen industria pribatuak espazioan iker dezan sustatzeko asmoz. Orain arte parte hartu duten enpresa eta bestelako elkarteek arlo guztietako ikerketak egin dituzte (biologia, bioteknologia, errekuntza, elektronika, komunikazioak, materialak, nekazaritza, robotika, medikuntza, elikagaiak...) eta orain ISSan parte hartzeko prestatzen ari da.

Erabiltzeko eskubidea eta aukera

Astronauten bizitetxea: 1. solairuan egongela eta sukaldea; 2.ean logelak; 3.ean komunak eta ariketa fisikorako gela
NASA

Programa hauek guztiak NASAk berak sortutakoak dira eta, beraz, EEBBko ikerketa-moduluetan egingo dira nagusiki. Dena den, Nazioarteko Espazio Estazioan Europak (ESAren bidez) eta Japoniak ere izango dituzte euren ikerketa-moduluak eta guztien artean erabiltzeko banaketa adostuta dute. EEBBek euren laborategien % 97 eta europarren COF laborategiaren eta japoniarren JEM laborategiaren % 46 erabili ahal izango dute. Kanadarrek, ordea, ikerketarako azpiegitura guztiaren % 2,3 erabili ahal izango dute kanpo-robota eraikitzearen truke eta errusiarrak euren kasa ibiliko dira. ESAren COF moduluan, besteak beste, zelulen hazkuntza, landareen ekoizpena eta erradiazioek giza ehunetan duten eragina ikertuko dituzte. Eguzkia, hondo kosmikoa, Lurreko sute eta sumendien jarduera eta hainbat materialek espazio irekian duten portaera ere aztertuko dituzte.

Enpresa pribatuek ere ikerketak egiteko aukera izango dute, zehazki europarren azpiegituraren % 20-30 eta estatubatuarren % 30-40, nahiz eta NASAko arduradunek portzentaia hau % 60ra igotzea nahiko luketen.

Dena ez da arrosa kolorekoa

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmentzen dituzten sortutako itxaropenak eta ikerketarako aukerak ukaezinak izanda ere, bada desadostasunik zientzialarien artean. Kritikoak direnek erabiltzen duten arrazoi nagusia proiektuaren garestitasuna da. Haien ustetan, NASA beste proiektuen bizkarretik ari da lortzen estaziorako behar duen dirutza eta astronautak orbitan edukiz lortu nahi diren helburuetako asko, batetik, robotak erabiliz eta, beraz, diru gutxiago xahututa, lor daitezke eta, bestetik, ikerketa horietako zenbait Lurrean ere egin daitezke. Kostuez gain, espazioan egingo diren ikerketetako asko Lurrean erabiltzeko baino gehiago aurrerantzean gizakia espazioan erosoago moldatzeko izango direla ere salatu eta horren baliagarritasuna zalantzan jartzen dute. Gainera, badirudi espazio-estazioaren bibrazioek hainbat ikerketatan eragina izan dezaketela; egindako probetan dardarak moteltzeko sistemek ez zuten behar bezala lan egin eta, dirudienez, ez dira berriz probatuko espazioan erabili arte.

Horrez gain, NASAko arduradunek onartu dutenez, istripu larriren bat gertatzeko arriskua nabarmena da (muntaketa-lanetan arazo larriak sortzeko aukera % 73an finkatu dute), baita heriotza-istripuren bat gertatzekoa ere.

Kanadak egingo duen beso mekanikoa.
NASA

Izan ere, Mir-ekin lortutako esperientzia oso garrantzitsua izan arren, ISSan erabiltzen ari diren hainbat tresna eta programa informatiko berriak dira eta, gainera, Lurrean ez dituzte estazioko osagai guztiak frogatu.

Badirudi proiektuaren sustatzaileak batez ere Marte eta Ilargira begira ari direla eta espazio-estazioa hauetara jauzia egiteko tarteko pausotzat ikusten dutela, estazioak espazioan denbora luzez nola bizi, elikagaiak nola ekoitzi eta ura eta airea nola birziklatu ikasteko balioko baitu.

Euskal enpresa baten partaidetza

Donostian kokatuta dagoen Inasmet teknologi zentroa, Teknika Aeroespazialen Institutu Nazionalaren (INTAren) laguntzarekin, ISSan egingo diren esperimentuetako bat prestatzen ari da. "Tribolab" deritzan esperimentuaren baitan 2001. urtean ISSaren kanpoaldean errodamendu-sistema sofistikatu bat jarriko dute lubrifikatzaileek espazioko baldintzetan duten jokaera aztertzeko. Honez gain, beste hainbat egoeratan nola erantzuten duten ere aztertuko da, hala nola, erradiaziopean, hutsean eta oxigeno atomikopean.

Ezagunak ditugun autoen lubrifikatzaileak lurrundu egiten dira espazioan, egunean birritan tenperatura 100 eta -100 °C artean aldatzen baita, eta, beraz, espazio-ontzi eta -estazioetan lubrifikatzaile solidoak soilik erabil daitezke. Helburua orain arte erabilitako produktuak hobetzea da. Bestalde, INASMETek Europako Espazio Agentziak espazio-estazioan izango duen laborategiko hozkailuetarako material bereziak ere egingo ditu. Hozkailu hauetan ISSan egindako biologia-ikerketak gordeko dituzte eta hamabi urtez iraun beharko dute, denbora horretan guztian ez baitituzte ordezkatuko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila