Antoine ABBADIA ARRAST-ek, iturri guzien arabera, Michel bere aitarengandik zituen euskara eta euskaltzaletasuna. Haren bi anaiek halaber, euskararen alde agertu baitziren haiek ere. Ürrüxtoitarra zuten aita, zuberotarra beraz, Pettarrekoa. “Abadia” zuen sortetxea. Idazkietan ageri du Zuberoako euskalkiaren kutsua baino gehiago, haren oinarri nabarmena. Antoineren idazkietan berdin-berdina. Gainera poliglota zen hau (hamalau hizkuntza mintzatu zituen).
Ama irlandarra zuen, baina euskararen alde sartu zen buru eta belarri. Bide horretatik ariko dira hiru anaien emazteak, senarren laguntzaile porrokatuak agertuko dira beti. Michel Abbadiak, erbeste garaian, neskame bat Euskal Herritik Irlandara deitu zuen, haurrekin beti euskaraz ari zedin. Irlandatik itzul eta, bi euskal obretan eskua sartu zuen. Lécluse-ren gramatika diruz eta aholkuz lagundu zuen, haren erreklama ere idatziz (1826). Halaber egin zuen Darrigol-en gramatika-lan batekin, eta Frantses Akademiaren sari bat ukan zuen horrek.
Antoinek bere euskaltzaletasuna lehentze agertu zuen hamasei urteetan, hain zuzen ere Lécluse erran delako lanean lagunduz. Paristarra zen Lécluse, eta grezieraz irakasten zion Antoineri Frantziako Tolosan.
1836an, Augustin Xaho-rekin, euskal gramatika bat agertzen du Antoinek: Etudes grammaticales sur la langue basque. Frantsesez idatzia da lan hori. Zuberoera du hartzen oinarritzat. Lapurteraren kutsurik ere badu: iparraldeko tradizioan ez da harritzeko, gure literaturan lapurterak duen indarra ikusiz. Hegoaldeko euskalkiak ez dituztela oraino ezagutzen diote Abbadiak eta Xahok. Prolegomenoak, Antoineri zor dizkiogu. Izenpetzen ditu A.T. d’Abbadie de Navarre. T: Thompson (of Parck), amaren deitura; de Navarre: Voyage en Navarre liburu agertu berria zuen Xahok, aipamen sutsua egin baitzion Abbadiak Bulletin de geographie delakoan.
Bi zati dituzte prolegomenoek: lehenean Antoinek euskararen berezitasunak azpimarratzen ditu. Bigarrenean bibliografia bat dakar, orduko hoberenetarik. Liburua “Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner” zuzendua da: hortik dator ezpairik gabe “Zazpiak Bat” ikurburua. Gramatika bera, Xahoren eskutik dugu. Hiru zati ditu: I. Ahozkera - II. Deklinabidea - III. Aditza.
Gero hamabi urtez Etiopian gaindi dabil Antoine, bere anaia Arnauld-ekin. Itzultzean Lapurdin kokatzen da harekin eta euskarari berriz lotzen.
Hendaiako “Abbadia” jauregia eraikitzen du eta han agertzen dira, beste hizkuntza batzuen artean, euskal zuhurtitzak:
Zuberoeraren herexa ikusten dugu hor ere.
Ürrüxtoiko hilarrietan bat badago Abbadiako, kalustrapean. Epitafio edo hilartitz hau dakar zizelkatua:
Enetzat ez da dudarik Antoineren ganikoa dela hilartitz hori, ezen haren gozama zen, aitaren arreba gehiena, hor datzan hila.
Euskarari buruz beste lanik idatziko du, gehienik frantsesez:
Idazki batzuk “Antonio ABADIA” izenpetzen ditu.
Lan horietan euskaraz agertzen den bakarra, “Zubernoatikaco gutun bat” dugu. “Liburutegi Nazionala” delakoan dago Parisen, eta balio luke horren eskuratzeak. Bestalde idazki horietan ikusten dugu euskararen alde idazten duela gehienbat Abbadiak, baina hizkuntzaren teknikan ere sartzen badakiela, eta euskal obren aztertzeko eta azaltzeko gai dela. Euskarari buruz berriki egin diren lanak ikertzen ditu. Gutun horretan, Louis-Lucien Bonaparte printzearenak laudatzen ditu eta Intxauspe zuberotar apaizaren Euskal Aditza (Le Verbe Basque) oroz gainetik goraipatzen du.
Baina idatziz baino gehiago, aholkuz eta diruz du euskara laguntzen. Bonaparte printzearen lanetan toki berezia eta bikaina du, arartekari eta bitarteko bezala baitezpadakoa, derrigorrezkoa baita gure Antoine laguntzaileen aurkitzeko, printzeak berak gutun batean ongi erraiten dionez.
Harreman estuak ditu bere garaiko idazle eta euskaltzaleekin, horietan aipagarrienak DUVOISIN kapitaina, INTXAUSPE apaiza, SALABERRI, Bruno ETXENIKE, P. URIARTE eta gero ARXU zuberotar errejenta direla. Arartekari eta bitarteko lan horretan parte hartuko du Charles ABBADIA-k ere; hau baitugu Antoineren anaia gazteena: Nafarroako bi eskualdeetarik idazleak bilduko ditu Baigorriko Etxauzko bere jauregian.
Duvoisin eta Xahoren artean ere sartuko da Antoine, zubia egin nahiz, Xahok eskaturik: idazle biak nor bere aldetik euskal hiztegi baten idazteari lotzera zihoazen, eta Duvoisin elkarlan batera ekarri nahi zukeen Xahok. Xuria zen Duvoisin, gorria berriz Agustin Xaho. Baina Abbadia, bera xuria izanagatik, Xahorekin ere ari zen, lehenago ikusi dugunez. Horregatik, gure kasu honetan, bere arartekari-urratsetan, arrakastarik ez duke.
Elizatiarra zen Antoine Abbadia Arrast eta apaizengan zuen konfidantza, gehienik euskararen salbatzeko. Laguntzaile onak ukan zituen horien artean (eta egiari zor diogu hor duela beti laguntza gehienik ukan euskarak aitortzea). Nahigabe bat ere harrigarria eduki zuen alde horretatik. Baionako apaizgaitegi eta seminario handian, bere diruz euskararen irakasteko aulki baten eraikitzea eskaini zuen, baina eskubide hori ukatu egin zioten horko buruzagiek. Gobernuko eskoletan bezala, Baionako seminario handian eta Larresoroko seminario ttipian debeku zen euskaraz aritzea.
Gazteengan euskararen sustatzeko, beste bide bat hartzen du, beraz, Abbadiak: lehenbiziko jaunartzetik landa, euskaraz hobekienik ari diren haurrentzat sariak emanen ditu, horretarako apaizetarik bazter, apaizik gabeko batzordeño batzuk antolatuz. Horiek horrela, euskararen alde eginen duen lan bikainena, euskal jaien antolatzea da. Urruñan hasten ditu 1853. urtean, sei urte Kataluniako “Cortes de amor” famatu haiek baino lehen. Gainera haietatik eta lore-joko guzietarik bereizten dira Abbadiaren euskal festak, beren orokortasunaz: herri kulturaren eskualde guziak hartzen dituzte Abbadiak eraturiko jaiek. Hala ere, olerkia eta euskara dira hor “sujetak”.
Luzaz Urruñan antolatuko ditu (1853-1863), gero Saran (1864-1876), geroago urtero lekuz aldatuko ditu. Hegoaldera pasako dira, 1879an Elizondon, eta ondotik bi aldeetan emanen dira frango aldizka.
Ondoko urtean, hil berria zela Antoine Abbadia, Areatzan ospatuko dituzte, haren alarguntsarekin.
Abbadiaren euskal bestetarik kanpo, antzeko jaiak ospatuko dituzte hegoaldean udalek, probintziek eta kultur taldeek, bai haren denboran, bai gero ere: azkenak ene ustez 1929an, Andoainen.
Erran izan da olerkiaren maila ez zutela goratu jai horiek. Egia da inspirazioa ezin duela sortu manuak, baina duenari eman diezaiokete idazteko nahia eta parada. Zaletasun bat sortu zuten lehiaketa horiek eta bere ondorioa ukan du ene ustez Abbadiaren lanak euskal letretan.
Euskararen maila bederen goratu dute. Frantsesaren plegua du, hitzez hitz, orduko idazleen prosak, gaurko itzulpenek gaztelerarena duten bezalaxe. Bertsoak aldiz, egiazko euskaran idatziak dira eta hortik dator ene aburuz, iparraldean behintzat, adin batekoek ikasi dugun euskararen kalitatea. Gure aitzinako idazleek bederen, ezin zuten hartu hemeretzigarren mendearen erdiko prosalariengandik. Nondik, beraz, idazten ikasi zuten?
Ezin izartua da Abbadiak euskararen alde egin duen lana. Ezen, Jon Bilbao-k bere Entziklopedian dioen bezala, “euskararen eta euskal literaturaren berpizte lanean mugitzen ziren guztietan eta guztiekin zebilen Abbadia.” Idazlea baino gehiago Mecenas, antola, bultza, bil, aholka, inspiratzailea izan zen. Euskal kultur mugimenduaren sortzailea dugu. Bere lanez ideiaz eta etsenpluaz gain, hona bukatzeko 1892an Donibane-Lohizuneko euskal jaietan bota zuen mezua: atxik hizkuntza... Zazpiak bat! Euskal oihua dugu azken hau, egiazki; euskaran oinarritzen baita euskaldunen haurridegoa, oraingo zazpi euskal herrietan, eta mundu zabalean.
Luzaz ilunean, ixilpean ahantziak eta ehortziak, berpizten hasi zaizkigu Abbadiaren obrak eta mezua, euskara dutela oinarri, ardatz eta helburu, euskaldunen onerako.
J. H. S.Hona Abbadiak edo harekin antolaturiko euskal jaien zerrenda: