2002aren laburpena Google-ren eskutik

Hernandez Piris, Gregorio

Informatikaria

Eleka Ingeniaritza Linguistikoa

Interneten erabiltzaile gehienek badakite Google dela gaur egungo bilatzailerik erabiliena. Pasa den urtean 55 mila milioi bilaketa inguru egin ziren bertan. Agian ez dute jakingo, ordea, urtea bukatzean egindako bilaketekin txosten bat kaleratzen dutela. Bilaketa-mota ezberdinen Top Ten modukoak agertzen dira, hilabetez hilabete gai jakin baten inguruan zenbat bilaketa egin diren eta antzeko estatistikak. Horrelako txostenek internauten profil soziologikoak egiteko laguntza baliagarria eskaintzen dute.

Bestalde, Google Zeitgeist izeneko zerbitzuak urteko gertakizun garrantzitsuenen eta pil-pilean zeuden joeren ikuspegi berezia ematen du. Jendearen kezkak nondik nora joan diren ikusteko balio du, gai jakin batekiko interesa nola handitu edo txikitu den ikusteko edo, hainbeste sakondu gabe, gai hutsaletarako; esate baterako, Interneteko pertsonaia garrantzitsuena zein izan den jakiteko, bilaketa-kopuruaren arabera behintzat.

Top Ten bilaketak

Google-n aldatu egiten dute logoa egun bereziak ospatzeko, adibidez, urte berria ospatzeko.

Agian, atalik erakargarriena Top Ten bilaketena da. Google-k aukera ugari eskaintzen ditu atal horri dagokionez. Iazko datuei begira, orokorrean, gehien bilatu zen terminoa ‘Spiderman’ izan zen, pelikula horrek pasa den urtean eduki zuen arrakastaren isla. Musikaren atalean, Eminen eta Shakira izan ziren errege-erreginak eta kirolean, berriz, David Beckham eta Anna Kournikova. Bitxia da Las Ketchup 20 bilaketa ugarienen artean aurkitzea baina are bitxiagoa da bilaketa horien historia ikustea herrialdez herrialde. Espainian, maiatzean egin ziren bilaketa gehien, ekainean Italiara iritsi zen Aserejé -a eta urte-amaieran Alemanian, Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan doinu horrekin dantzan ari ziren bitartean, Espainian jadanik modaz pasatuta zeuden.

Google-ren estatistikek herrialdeen artean dauden ezberdintasun edo berdintasun kulturalez jabetzeko ere balio dute. Erresuma Batuan, Frantzian eta Estatu Batuetan emakume bilatuena Britney Spears izan zen eta Japonian, berriz, hamar emakume bilatuenen artean ez dago mendebaldeko inor.

Bilaketa-terminoak aztertzeaz gain, bilaketak nondik, zein hizkuntzatan eta zein plataformatatik (sistema eragilea eta nabigatzailea) egiten diren ere aztertzen dute Google-koek. Hizkuntza nagusiena ingelesa da, bilaketen erdiak hizkuntza hori erabiliz egin baitziren. Alemana dator gero (ingelesa baino lau aldiz gutxiago erabili zen) eta ondoren japoniera eta gaztelania, horiek biak nahiko parean. Ingelesa baino zortzi aldiz gutxiago erabili ziren.

Sistema eragileetan, Windows 98 erabili zen gehien, % 37, Windows XP erabiltzaileen % 26k erabili zuten eta Windows 2000 % 20k. Beraz, Windows da oraindik ere sistema eragileetan jaun eta jabe; izan ere, Windows ez diren sistema eragileen kopurua % 8 baino ez da. Nabigatzaileei dagokienez ere, Microsoft da nagusi, Internet Explorer baita nabigatzaile erabiliena.

Hemen aipatu diren datuak bitxikeria moduan har daitezke, baina, Internetez baliatuz, ikerketa soziologiko, demografiko eta politiko ugari egiten dira. 1995ean Internetek 18 milioi erabiltzaile zituen eta 2001eko martxoan, berriz, 167 milioi inguru. Hazkunde azkar horren arrazoien bila dabiltza ikertzaileak eta, sarea zertarako eta nola erabiltzen den jakiteko, erabiltzaileen bilaketak ikertzeaz aparte, posta elektronikoa nola erabiltzen den aztertu dute: zein berri irakurtzen dituzten, zer erosten duten eta zergatik, txata zertarako erabili duten eta abar. Bitxikeria bezala, 2001eko iraileko atentatuak eta gero estatubatuarrek Internet zertarako erabiltzen duten aztertzen duen ikerketa aipa daiteke. Ez zuten erabili berri-iturri nagusi bezala, telebistaren eta telefonoaren gehigarri bezala baizik (telefono-sarea gainezka baitzegoen) eta, batez ere, sentitu zuten haserrea adierazteko.

Horrelako ikerketa gehiago ere aurki ditzakegu Google direktorioaren Interneteko estatistika- eta demografia-atalean eta, nola ez, hilabetez hilabete datu bitxiak ikusi nahi izanez gero, Google Zeitgeist-en.

'Las Ketchup' terminoaren bilaketa-kopurua urtean zehar nola aldatu den ikusten da grafiko honetan. Datuak bost herrialderi dagozkie.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila