María Vivanco : Nire ustez, zelulen portaera ezagutzeko lehengai paregabea dira, eta horrek oso garrantzitsu egiten ditu. Bestalde, zelula arrunten iturri ia agortezina dira, eta, beraz, material ezin hobea dira, adibidez, botika berriak probatzeko. Horrez gain, medikuntza birsortzailearen potentziala dago; baliteke egunen batean zelula amek aukera ematea kaltetutako gorputzeko zelulak ordezkatzeko, adibidez, bihotzekoak edo hezurretakoak...
Itziar Alkorta : Gizartearen ikuspuntutik, berriz, itxaropen handia sortu dutela uste dut. Itxaropen hori neurri batean bakarrik ari da betetzen, eta arlo batzuetan oraindik bide luzea dago aurretik; hori dela eta, gizarteak sumatzen du oraindik denbora asko igaroko dela agindu ziren zenbait gauza egia bihurtuta ikusterako.
M. V.: Zaila da erantzuna jakitea, baina iruditzen zait ikertzaileek oso arduratsu jokatu zutela, eta adierazpen zuhurrak egin zituztela.
Kontua ez da errua inori botatzea, baina, hala ere, uste dut komunikabideek sarritan itxaropen faltsuak sortzen laguntzen dutela. Oso ohikoa da haiek galdetzea, adibidez, "zenbat urte barru izango dugu minbiziaren aurkako sendabidea?", eta, noski, erantzuna izenburu ikusgarri bat izatea nahi dute. Alabaina, normalean ez dute hori lortuko, ikertzaileen erantzuna hau izaten baita gehienetan: "oraindik ez dakigu, lanean ari gara..."
Itxaropenen eta zientzia-prozesu orok eskatzen duen zuhurtziaren arteko orekari eustea zaila da. Seguru asko, denen errua da itxaropena neurrigabekoa izatea batzuetan.
I. A.: Ados nago. Kontuan izan behar da, gainera, arlo honetan diru asko inbertitu dela, maila publikoan zein pribatuan, eta inbertsio hori justifikatzeko emaitzak egongo direla agindu digute. Gero, normala den bezala, neurri batean bakarrik da egia.
Horren haritik, nik uste dut oso garrantzitsua dela gizarte hezia izatea. Denok ez dugu biologia molekularrean adituak izan beharrik, baina informazioaren gizartean bizi gara, eta ezinbestekoa da aukeratzen jakitea, komunikabideetatik iristen zaigunarekin kritiko izaten jakitea.
M. V.: Oztopoak edo zailtasunak daudela onartu behar dugu; oraindik asko dugu ikertzeko eta jakiteko.
Hiru oztopo tekniko nagusi ditugu ikertzeko. Batetik, askoz hobeto ezagutu behar dugu noiz eta nola erabakitzen duten bereiztea zelula amek, eta hori nola kontrolatu. Oraingoz, zelula-mota jakin batzuk manipulatzeko gai gara, baina eraginkortasun txikiarekin. Bestetik, pazientearekiko bateragarritasun-arazoa konpondu behar dugu. Hirugarrenik, tumoreak azaltzeko arrisku handia dago, eta hori kontrolatu behar dugu. Sakoneko arazoak dira, eta oraindik gogor egin behar dugu lan horiek gainditzeko.
I. A.: Ikuspuntu etiko eta juridikotik, zelula amen ikerketei eragiten dien arazo handi bat da legeetan alde izugarria dagoela herrialde batzuetatik besteetara. Enbrioiaren estatus juridikoa eta etikoa izan da eztabaidagai nagusia.
Nire iritziz, enbrioiaren gaineko araudietan dagoen aldea, une honetan, gainezka egin duen eztabaida baten ondorio da. Eztabaida hori neurri handi batean izendapen-kontu hutsa dela, ordea, garbi ikusi da Espainian onartu berri den legearekin edo Britainia Handian aurki onartu behar dutenarekin. Enbrioiaren babes juridikoa unean uneko beharretara egokitzen joan da.
Halaber, iruditzen zait interesak egon direla eztabaida neurriz kanpokoa bihurtzeko. Eguneroko hizka-mizka politikoan ere erabili dute, eta hori guztia kaltegarria da ikerketarako.
Ikertzaileek euskarri juridiko seguru bat behar dute. Ezinezkoa da nazioarteko ikerketa egitea herrialde batzuetan baimenduta badago eta beste batzuetan ez. Eta arlo honetan nahitaezkoa da nazioarteko lankidetza. Egin kontu: itsasontzi bat hartu eta, ikertzera, nazioarteko uretara joatera iritsi dira. Horrek denak neurrigabeko energia- eta diru-gastua sortzen du, eta, beraz, bada garaia eztabaida hau bere onera ekartzeko.
M. V.: Nire iritziz, argi eta garbi aurrerapauso bat da. Hala ere, Itziarrek esan bezala, uste dut gehiago egin behar dela nazioarte mailan, eta hori, ezinezkoa ez bada ere, oso zaila da orain.
Bestalde, nabarmendu nahiko nuke bultzada bat ematen diola arlo sanitarioan egiten den ikerketari, eta hori nahiko berria da. Beste herrialde batzuetan, hala nola Britainia Handian eta Estatu Batuetan, aspalditik egiten da, eta arrakasta handia du, gainera. Hemen, berriz, oraintxe hasi dira. Horregatik, biziki gustatu zait ikustea hemendik aurrera bultzatu egingo dela.
I. A.: Zurekin bat nator. Lege hau onuragarria da ikerketarako: ikerketa zientifikoa eta ikerketa klinikoa bultzatzen ditu, kontrolak agintzen dira fase guztietan.... Gainera, biomedikuntzari buruzko ikerketaren mapa koherente bat marraztea lortu dute. Izan ere, hainbat erkidegotan eztabaida handia egon da eskumenen gainean, eta, azkenean, lege honek nahiko era deszentralizatuan jokatzen du.
Hobetu daitekeen zerbait aipatzekotan, arauan zenbait gai gehiegi arautu direla esango nuke: giza enbrioien gaineko ikerketaz gain, gizakien gaineko ikerketa, analisi genetikoak, biobankuak, bioetikari buruzko batzordea, ikerketaren lurralde-egitura... Luzeegia dela iruditzen zait. Beste herrialde batzuetan gai horietako bakoitzeko lege bana egin dute.
Azkenik, nire ustean, gai bati ez diote irtenbide egokia eman, eta oso gai garrantzitsua da; ikerketarako obuluak emateari buruz ari naiz. Beste herrialde batzuetan, Britainia Handian, adibidez, galdeketa publiko handia egin da hori baimendu ala ez erabakitzeko, baina Espainian ez dut ikusi inolako ahaleginik egin denik horretan. Izatez, ez da aipatu ere egin. Beti enbrioiaz aritu dira, baina badaude garrantzi handiagoko beste alderdi batzuk, eta hori da bat.
I. A.: Ikerketarako obulu-ematea lagundutako ernalkuntzaren legera bidaliz konpondu du auzia Espainiako legeak. Hala, legeak obulu-ematea baimentzen du, ernalkuntzarako, eta orain baita ikerketarako ere, eta emaileak ordain ekonomiko bat jasotzen du ondoezengatik eta gastuengatik. Eta hori oso arriskutsua da, gerta baitaiteke, leku batzuetan gertatzen den bezala, behar ekonomikoa duten emakumeek obuluak ematea, ez helburu altruistekin, baizik eta diruagatik.
Aitzitik, Britainia Handian galdeketa publiko bat egin zen, eta azkenean obulu-emate altruista baimendu dute. Hain zuzen, Newcastleko zientzialari-talde batek egin zuen eskaera zentzu horretan, eta HFEAk, ernalkuntzaren eta giza enbrioien autoritate arauemaileak, galdeketa publikoa egin zuen; azkenik, erabaki zuten obuluak ematea baimentzea, in vitro ernalkuntzatik soberan gelditutakoak izan zein ikerketarako emandakoak, baina betiere ordaindu gabe izatekotan. Iruditzen zait Espainiako lege berriak irtenbide hobea eman beharko liokeela horri.
M. V.: Hala da, bai, emakumeen obuluak erabili behar ez izateko beste bide askotatik saiatzen ari dira ikertzaileak. Uztailean atera diren lan batzuk aipatu nahiko nituzke. Saguekin egin dituzte, baina batek daki etorkizunean gizakietan ere egin ahalko ote diren.
Argitaratu duten teknikaren bitartez, zelula helduak zelula ama pluripotente bihur daitezke, enbrioi bat sortu beharrik gabe. Horretarako, larruazaleko zelula helduetan, fibroblastoetan, lau gene jakin sartzen dituzte, eta gene horiek arduratzen dira zelulak birprogramatzeaz eta pluripotente bihurtzeaz. Egia da oraindik arazo larri batzuk konpondu behar dituztela --adibidez, minbizia agertzeko arriskua % 20 areagotzen da--, baina aurrerapauso bat da, eta obuluen erabilera saihesteko bide bat.
I. A.: Bai, azken finean emakumeei obuluak erauztea teknika arriskutsua da eta, arlo honetan, inori kalterik egingo ez dioten eta erabateko bermea eta segurtasuna emango duten bideak bilatu behar dira.
M. V.: Oraindik lan asko dago egiteko, eta ez dago behin betiko emaitzarik. Nolanahi ere, asko ikas dezakegu zelula hauekin egindako ikerketetatik, ez bakarrik medikuntza birsortzailean, baita botika berriak probatzean, bestelako terapietan, eta abarretan ere.
Esate baterako, gure laborategian ugatz-ehuneko zelula amekin lanean ari gara. Zelula horiek ugatz-zelulen portaera zein den erakusten digute. Horrez gain, duela urte batzuk hipotesi bat sortu zen, eta gu horren gainean ari gara lanean.
Hipotesiak iradokitzen duenez, zelula amak beste zelulak baino erresistenteagoak dira gaur erabiltzen diren terapiekiko. Hori dela eta, zenbait minbizi-kasutan, badirudi tratamendua eman ondoren minbizia desagertu dela, baina, handik denbora batera, berriro agertzen da tumorea. Hipotesiaren arabera, zelula ametan sortzen dira tumoreak; tratamenduarekin ez dira desagertzen, eta denborarekin gai dira berritzeko eta beste tumore bat sortzeko.
Hortaz, zelula hauek ezinbesteko tresna dira aztertzeko nola jokatzen duten eta nola erantzuten duten tratamendu desberdinen aurrean, gero minbiziaren zelula amak behin betiko desagerraraztea lortuko duten tratamenduak bilatzeko. Horrenbestez, medikuntza birsortzaileaz gain, beste alderdi askotatik ere interesgarria da zelula amekin ikertzea, nahiz eta izenburu gehienak hari ematen zaizkion.
I. A.: Berez, komunikabideek badute zelula amen ikerketekiko interesa. Beste kontu bat da informazio hori gizarteari helarazten asmatzen duten, askotan gertatzen baita izenburu deigarri bategatik alde batera uzten dela informazio oso baliotsua. Horregatik, hain justu, niri asko gustatzen zait Elhuyar.
I. A.: Gizartea ondo informatzeko eta zientzian hezteko tradizio handirik ez dago hemen, eta, horren ondorioz, zenbait kasutan, gizartea beldurtuegi dago, neurriz kanpo arduratuta. Interesatutako sektore batzuek gaia arma politiko gisa erabiltzeko arriskua ere badago. Nire ustez, auzia bere onera ekartzeko unea da; bestela, gainezka egin eta gizartearentzat onuragarriak izan daitezkeen ikerketak bertan behera uzteko arriskua egon daiteke, hainbat herrialdetan gertatu den bezala.
M. V.: Bai, nire kasuan behintzat bai, nahiz eta beti dagoen arriskua batzuek gure lana geldiarazi nahi izateko. Animaliekin egiten diren esperimentuak adibide ona dira. Ukaezina da, neurri batean, animalietan egiten diren esperimentuei esker egin duela aurrera medikuntzak. Gainera, esperimentu horiek erabat kontrolatuta egiten direla bermatzeko arau zorrotzak daude. Hala eta guztiz ere, oraindik badago zientzian animaliak erabiltzea gaitzesten duen jendea. Horrelakoak galarazteko, hezkuntza ezinbestekoa da.
I. A.: Nik uste dut beharrezkoa dela hiritarrek eztabaida bioetikoak ulertzeko eta kritikoki epaitzeko gaitasuna izatea. Bestela, hainbat sektoretatik gai hauek manipulatzeko arriskua dago. Eliza Katolikoak enbrioien gaineko ikerketan izan duen jokabidea, esate baterako, nahiko sektarioa eta interesatua izan da. Horren aurrean, oso garrantzitsua da batzuen eta besteen iritziak kritikoki epaitzeko gai diren hiritarrak izatea.
I. A.: Frantzian zelula amekin ikertzeko aukera dute, eta, hala ere, duela gutxi arte, oso proiektu gutxi egin dituzte. Gizartean kontrako jarrera zegoela ikusita, zientzialariek berek atzera egiten zuten. Horregatik diot arlo honetan oso garrantzitsua dela gizartearen babesa izatea.
M. V.: Hori espero dugu. Horretan ari gara, helburuak lortzeko lanean. Hala ere, argitu nahi nuke, inbertsioak egin badira ere, inbertsioek jarraituak izan behar dutela, ikerketek aurrera egin dezaten eta fruituak eman ditzaten. Ez da nahikoa hasierako bultzadarekin, eutsi egin behar zaio, eta, egia esateko, Europako beste herrialdeetan zientzian inbertitzen dutenetik oso urruti gaude oraindik. Eta ez da diru publikoa bakarrik; beste herrialdeetan, fundazio pribatuek, farmazia-konpainiek... ikerketa babesten dute, eta hori hemen ia ez da gertatzen.
Hori esanda, noiz emango du fruitua hemen egiten dugun lanak? Zein helbururi buruz hitz egiten ari garen; epe luzera izan daiteke, ertainera... Baina dagoeneko ari gara helburuak lortzen. "Parkinsonen gaitzaren aurkako sendabidea lortu dugu" edo antzeko izenbururen bat espero badugu, epe luzerako helburuez ari gara. Baina zelula amen ikerketak ari dira emaitzak ematen, aspalditik gainera. Lehen zelula amak saguetatik isolatu zituzten 1981ean, eta ordutik asko ikasi dugu.
I. A.: Patenteetan alde izugarria dago Europaren eta Estatu Batuen artean. Estatu Batuetan arlo honetan patente ugari daude; Europako Batasunak, berriz, debekatu egiten du giza enbrioiak deuseztatzea eskatzen duen edozein metodo patentatzea. Hala ere, maila horretan Europako Patenteen Bulegoaren politika ez da oso koherentea izan. Legeak hobetu egin behar direla uste dut.
I. A.: Inolako zalantzarik gabe. Eta tentu handiz ibili beharra dago gauzak ondo egiteko. Izan ere, pentsatzen dut batzuetan ardura gehiegi jarri dugula zientziaren arlo batzuetan, eta beste batzuk albo batera utzi ditugula. Azken urteotan, legegileak eta bioetikan adituak tematu egin gara biomedikuntzaren gaineko zenbait gairekin, zelula amekin, esate baterako, eta haiekin lan egiten duten ikertzaile asko kexu da kontrolatuegi daudelako. Konturatu behar dugu hau ez dela zientziaren arlo bakarra; areago, beste arlo batzuetan egiten diren ikerketak, hala nola kimikan eta fisikan, arriskutsuagoak izan daitezke gizartearentzat, eta ez daude, inola ere, hain arautuak. Gogoeta egiteko eta auzia bere onera ekartzeko unea iritsi delakoan nago.
María Vivanco bat etorri zen gogoeta horrekin eta biei ere egokia iruditu zitzaien horrekin amaitzea.