Tony Hawkins: "Diseinu berriko sareak erabiltzeko aukera handia dago"

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Sinaval/Eurofishing feriaren barruan, arrantzaren kudeaketari buruzko hitzaldiak antolatu ditu AZTIk. Hizlarietako bat Tony Hawkins izan zen, Ipar Itsasoan arrantza kudeatzen duen NSCFP erakundearen zuzendaria. Hawkins Aberdeeneko itsas biologiako laborategiaren zuzendaria izan zen, eta bakailaoaren, abadiraren eta beste espezie batzuen ugalketari buruzko ikerketa asko zuzendu ditu. Eskerrak eman nahi dizkiogu AZTIri eskoziar peto horrekin hitz egiteko aukera emateagatik.

Zein da Ipar Itsasoaren eta Atlantikoaren arteko ezberdintasun nagusia arrantzaren ikuspuntutik?

G. Roa Zubia

Ez dut uste ezberdintasun handiak daudenik. Neurri batean, arrain-stock berberak ustiatzen dituzte bi itsasoetan, batez ere zona pelagikoan. Aldea kudeatze sistemetan dago, bide desberdinetatik garatu baitituzte.

Ipar Itsasoa tradizio handiko arrantza-lekuen eremua da, baina zientzialariek beti hartu dute parte eremu horren kudeaketan. ICES erakundea oso zaharra da, ehun urte baino gehiago ditu. Jende askoren ustez ona da hainbeste urte izatea, baina, ikusten dudanez, orain erakundea ez da garai batean bezain eraginkorra kalak kudeatzen.

Nire ustez, Baltikoa, Atlantikoaren aldea, Ipar Itsasoa eta Mediterraneoa modu berean kudea daitezke, baina orain arte ez da horrela egin kulturalki ezberdinak direlako. Ezberdintasun horiek direla medio, bakoitza bere aldetik kudeatuz gero, sistema bakar batek ez du balio.

Ipar Itsasoan petrolio-industria asko dago. Nola eragiten dio industria horrek arrantzari?

Olio-plataforma asko dago Ipar Itsasoan; jadanik, asko ustiatutako olio-eremua da. Gainera, orain, Atlantiko aldera ari dira industria hori hedatzen, Shetland uharteen mendebaldera. Kezka handia dago gerta litezkeen istripu larriengatik, eta jadanik ikusi ditugu bakar batzuk. Adibidez, Piper Alpha plataformak su hartu zuen; PCBak Ipar Itsasora isuriko ote zirelako beldur ginen.

Norvegiako arrantzaleak lanean.

Gainera, Ipar Itsasoaren edozein tokitan harrapatutako arrainen analisietan hidrokarburoen arrastoak detektatzen dira. Han petrolio-industria izatearen ondorioa da hori. Ez da oso arazo larria, baina ez da ona. Inork ez ditu poluitzaileen kontzentrazio altuak nahi arrainetan. Dena dela, olio-industria arrantza baino askoz garrantzitsuagotzat jotzen da eta, neurri batean, eremu horietan kudeaketa permisiboa izan da iraganean. Orain, egoera hobetzen ari da; bi industria horiek ez dira bateragarriak. Dena dela, arau eta kontrol zorrotzagoak beharko dira.

Bestalde, Ipar Itsasotik eta Eskoziako mendebaldeko kosta zaurgarrietatik gertu pasatzen diren petrolio-ontziek ere kezka handia sortu dute. Ontzi horiekin zer gerta litekeen ikusi genuen Shetland uharteetan Braer ontzia hondoa jota geratu zenean, eta Prestige ontziak Espainiako mendebaldeko kostan sortu duen arazoari ere jarraitu diogu. Denok kezkatzen gaituzte arazo horiek, baina batez ere arrantzaleak.

Bizitza erabilgarria bukatuta, plataforma asko desmuntatzen ari dira Ipar Itsasoan. Horrek zer esan nahi du, petrolio-industria behera egiten ari dela?

Ipar Itsasoko olio-eremuaren bizitza luzatzen ari da. Hasieran, adituek uste zuten laster bukatuko zela, baina ez da hori gertatzen ari. Eremu horiek berrerabiltzen hasi dira orain. Espero dugu luze irautea ustiaketa horrek. Hasieran, gobernuek agindu zuten olio-plataformak desmuntatu egingo zirela industriak behera egiten zuenean, baina, noski, agindu horiek bertan behera gelditu dira, eta plataforma batzuek lanean jarraituko dute oraindik.

Ipar Itsasoan arrantza egiteko erabiltzen diren ontziei ere egiten die segimendua NSCFP erakundeak.

Horrek arrantza-aukera murriztu egiten du, eta poluzioari buruzko kezkak berpiztu egiten ditu. Arrantzaleak plataformak kentzearen aldekoak dira, baina, orain, gobernuek diote oso garestia litzatekeela.

Orain, bakailaoa arrantzatzea debekatu egin da Ipar Itsasoan, baina beste hainbat espezie ere horrekin batera harrapatzen dira, abadira, adibidez. Zer dakar bakailaoaren arrantza debekatzeak?

Oraingo arazoa bakailao-kantitatea da, Ipar Itsasoaren hegoaldean, batez ere. Bakailaoa gehiegi ustiatu dutelako izan liteke, baina, batzuen iritziz, klima-aldaketaren ondorioa ere izan liteke. Arrazoia bata edo bestea izanda ere, argi dago bakailaoak Ipar Itsasoaren iparraldera jo duela, eta ohiko kalak oso urriak direla orain.

Abadirarena bestelako kasu bat da. Orain, Ipar Itsasoan abadira asko dago; urte hau oso oparoa da, eta itsasoa beterik dago. Asko harrapatzen da. Baina arazo bat dago abadirarekin: urtez urte oso aldakorra da; batzuetan asko izaten da eta hurrengo urtean, agian, oso gutxi, eta kantitate handian berriz ere noiz etorriko zain egon behar da.

Beraz, une honetan arrantzarako kondizio onak daude, baina abadiraren etorkizunak kezkatu egiten gaitu. Egoera horrelakoa den bitartean, arrantzaleek uste dute abadira harrapatzen jarraitzeko eskubidea dutela. Baina arrantza konbinatua denez, hau da, bakailaoarekin batera, sare berean, harrapatzen denez, abadiraren eta beste espezie batzuen kuota murriztu egin da, bakailaoaren stocka babestu ahal izateko.

Nire ustez, diseinu berriko sareak erabiltzeko aukera handia dago. Sare horiekin abadira eta liba harrapatzen dituzte, baina bakailaoari ihes egiten uzten diote. Arazo berbera dute Ipar Amerikako uretan, eta han espezieak bereizten dituzten baliabideak erabiltzen dituzte, bakailaoak eta abadirak ez dutelako berdin jokatzen sarean sartuz gero. Abadirak gorantz jotzen du, eta bakailaoak, ordea, behera egiten du, itsaso-barrenera. Beraz, sarea bitan bana daiteke, eta, horrela, abadira goiko erdian harrapatuko litzateke eta bakailaoa behekoan; gero, hortik ihes egiten utz lekioke.

Abadira bat itsas hondoan.

Zoritxarrez, Europako Batzordeak ez du metodo horietan konfiantzarik. Nahiago dute arrantza egin daitekeen egunak eta kuotak mugatu; ez dute batere interesik garapen teknologikoetan. Nire ustez, hori akats handia da.

Metodo berriak bilatu beharko lituzkete. Gainera, metodo horiek ez dira bakarrik arrain zuriarekin eta hondokoarekin aplikatzen, otarrainskekin eta antzeko animaliekin ere erabil daitezke. Arrantza-mota horretan ere harrapatzen da nahigabe bakailaoa. Baina erraza da sareak egokitzea otarrainskak harrapatzeko bakailaoari ihes egiten utzita. Berriz ere, ordea, batzordeak ez du interesik mota horretako konponbideetan. Baina ikasi egin beharko dute. Metodo horiek arrantza-mota guztien etorkizuna direla uste dut.

Ternuako kasuan, hamar urtez bakailaoa harrapatzea debekatuta egon ondoren, populazioa ez da berreskuratu. Zure ustez, gauza bera gertatuko da Ipar Itsasoan?

Tony Hawkins Bilboko Erakustazokan.
G. Roa Zubia

Galdera horri erantzuten zaila da. Une honetako teoria onartuenaren arabera, bakailaoa urritzearen erru ia osoa arrantzarena da, eta arrainaren gaineko presioa murriztuz gero, populazioa azkar berreskuratuko da. Ustez, Ipar Itsasoan Newfoundland-en (Ternuan) baino azkarrago berreskuratuko da, bakailaoa oso azkar hazten delako; Newfoundlandeko ur hotzetan baino askoz azkarrago, hain zuzen. Beraz, nahiko bakailao geratzen bada, ugaltzeko adinera azkar iritsiko dira. Ugaltzeko prest dagoen biomasa bi edo hiru urtean handituko litzateke.

Dena dela, ez dakigu klimak zenbateraino eragiten dion bakailaoari. Klima aldatzen ari da. Benetako arazoa tenperatura-aldaketak ekartzen badu, eta hori horrela delako arrastoak badaude, agian denbora asko beharko da bakailaoa berreskuratzeko. Orduan, galdera honako hau da: merezi du neurri zorrotzak hartzea Ipar Itsasoaren hegoaldean bakailaoa berreskuratzen saiatzeko? Agian, ez du populazioak berreskuratzeko ahalmenik. Beste arrain guztien kuotak mugatu behar ditugu, nahiz eta horrek ez dion onurarik ekartzen bakailaoari?

Nolako eragina izan dezakete arrantza egitea erabat debekatzen duten gune babestuek?

Gune babestuek garrantzi handia dute, baina arazoak ere badaude. Joan den urtean, Europako Batzordeak itxi egin zituen ugalketa-guneak, baina ez zioten inolako mugarik jarri arrantzari. Horregatik, itsasontziak itxitako gune horietatik gertu hasi ziren arrantza egiten, eta bakailao heldu asko harrapatu zuten. Beraz, azkenean, ez zen helburua lortu.

Hala ere, nire iritziz gune babestuek helburu bat bete dezakete. Nire ikerketatik badakit bakailao gaztea kostatik gertu hazten dela. 1970eko hamarkadan eremu horiek itsasontzi-trafikoari itxita zeuden, eta, horri esker, bakailaoa haz zitekeen gune horietan, eta gero kala nagusietara joan. Zona horiek irekita daude orain; arrantzaleak hondartzetaraino hurbil daitezke. Nire iritziz, hori ez dago ondo; bakailaoarentzat bakarrik den eremu bat beharko litzateke, eta babestuta egon beharko luke. Arrantzaleek ez lukete baimenik izan behar eremu horretan sartzeko.

Kontrol Batzordeko langileak arrantzaleen sareak aztertzen dituzte.
European Commission

Bestalde, mota horretako guneek badituzte hainbat abantaila. Bakailaoaren eta abadiraren ugalketak ikertzen direnean oso argi geratzen da espezie horiek oso jokaera konplexua dutela. Abadirak lurraldeak osatzen ditu itsasoan, eta bi espezieek egitura sozial konplexuak dituzte. Horrek esan nahi du arrain-talde handi asko osatzen dituztela eta komunikatzeko soinuak erabiltzen dituztela. Ugalketa, beraz, oso prozesu konplexua da.

Beraz, arrainak ugaltzen ari direnean itsasontziak eremu horietan ibiltzea ez da oso ideia ona. Ugaltze-prozesua eten egiten du; lurraldeak finkatzeko portaera ere oztopatzen du. Eta oso garrantzitsua da beharrezkoa denean eremu horiek ixtea. Gainera, arrantza ere debekatu beharko litzateke ugaltze-eremu horien inguruan. Inguruko horietan ere beste arrain batzuk ari dira ugaltzen. Itsasontziek gune horietatik urrun izan beharko lukete.


ICES: Ehun urtez arrantza kontrolatzen

Egoitza nagusia Danimarkan du ICES erakundeak ( International Council for the Exploration of the Sea ). 1902an sortu zuten itsasoari buruz ahalik eta gehien ikasteko asmoz. Gaur egun, 19 herrialde dira ICESen partaide. Itsasoaren ikerketa koordinatzen du Ipar Atlantikoan eta inguruko itsasoetan, Baltikoa eta Ipar Itsasoa barne.

Piper Alpha plataformaren istripuak
2002ko maiatzaren 8an, arrantzako itsasontzi batek Piper Alpha plataformaren hanka baten kontra jo zuen. Plataforma hori Ipar Itsasoan dago, Yorkshire-eko kostatik 27 miliara, eta gasa erauzteko erabiltzen da; seguru asko, plataformak radarrik ez duelako gertatu zen istripua. Istripua gertatu eta segituan, langile guztiak ebakuatu egin zituzten. Gerta zitekeenaren beldur ziren, 1988an 167 langile hil zirelako plataforman sute baten ondorioz.

Braer petrolio-ontzia
1993an, Braer petrolio-ontziak hondoa jo zuen Shetland uharteen kostaldean, Eskoziako iparraldean. Istripua urtarrilaren 5ean izan zen, eta beraz, bederatzi urte pasatu dira ordutik. Ontzi hark 85.000 petrolio-tona inguru isuri zituen itsasora.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila