Ricardo Baeza-Yates: "Yahoo!k dituen erabiltzaileen eta web gune guztien arteko elkarrekintza aztertzen dugu"

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Interneten informazioa bilatu nahi dugunean, aukeran dauden bilatzaileetara jotzen dugu askotan, askoz erosoagoa baita bilatzaileari hitz bat ematea eta hark egitea bilaketa-lanak, nork bere bidetik horri buruzko informazioa eman diezaiokeen helbide bat bilatzea baino. Bilatzaileak kudeatzen dituztenek erabiltzaileen portaera aztertzen dute, eta, horren bidez, beren web guneak hobetzeko bideak bilatzen dituzte. Lan horretan aritzen dira Yahoo! Research erakundean, Estatu Batuetan, eta hortik kanpo, Bartzelonan eta Txilen dituzten zentroetan. Azkeneko bi zentroetako zuzendaria da Ricardo Baeza-Yates.
Yahoo! Research erakundeak Bartzelonan eta Txilen dituen zentroetako zuzendaria
Ricardo Baeza-Yates: "Yahoo!k dituen erabiltzaileen eta web gune guztien arteko elkarrekintza aztertzen dugu"
2008/01/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: O. Lakar)
Zer helburu du jendeak egiten dituen bilaketak aztertzeak: datu estatistikoak bilatzen dituzue (web gune ikusienak, gehien bilatu dituzten hitzak...), edo hori baino gehiago da?

Azterketa estatistikoa egiten den lehenengo lana da, baina helburua ez da hori bakarrik. Helburu nagusia da jendearen portaeraren datuak biltzea, etorkizuneko bilaketak hobetzeko edo interesgarriak izan litezkeen beste erabilera batzuk aurkitzeko. Nolabait esateko, jendearen portaerak berak barnean duen jakinduria erabiltzen dugu, jende horrek berak bilaketa hobeak egin ahal izan ditzan etorkizunean.

Munduko herrialde batzuetako eta besteetako jendearen kultura eta ohiturak oso desberdinak dira; batzuek eta besteek egiten dituzten bilaketetan hautematen da hori?

Aldatzen den gauza bakarra da nola egiten duen bilaketa jendeak, zer hitz erabiltzen dituen bilatzeko, eta zer hizkuntzatan egiten duen. Bestela, antzeko gauzak bilatzen dituzte; antzeko gauzak eskatzen dizkiete Interneti leku bateko eta besteko erabiltzaileek. Horretan ez gara hain desberdinak.

Hasieran, ingelesez idatzita zeuden orrialdeak baino ez zituzten bilatzen bilatzaileek. Gaur egun, berriz, bilaketak egiteko aukera zabaldu da. Batetik, hizkuntza gehiagotan idatzita dauden orrialdeak bila daitezke, eta, bestetik, hizkuntza bakarrera mugatu daitezke. Bilaketak egiteko hizkuntza-aukera handitzeko joera al dago?

Bai, noski; joera da bilaketen hizkuntza-kopurua handitzea. Gertatzen dena da pixkanaka-pixkanaka egiten ari garela, eta hiztun gehien dituzten hizkuntzetatik hasi ginela. Orain, bilaketak 10 milioi hiztun inguru dituzten hizkuntzetan egin daitezke Yahoo!n; hortik beherakoak oraindik ez.

"Etorkizunean posible izango da bilatzailean hitz bat jarri ordez argazki bat jartzea, edo bideoetan grabatuta dauden hitzak bilatzea".
Artxibokoa
Zer garrantzi ematen zaio bilaketak euskaraz nahiz hura bezalako hizkuntza gutxituetan egiteko aukerari?

Euskarak milioi bat hiztun ditu gutxi gorabehera; beraz, oraindik ez gara iritsi bilaketak hizkuntza horretan bakarrik egiteko aukera ematera. Baina lehenago edo beranduago iritsiko gara.

Interneten aurki dezakegun informazioa bi taldetan sailka dezakegu: batetik, objektibotzat jo dezakeguna, eta, bestetik, blogetan aurki dezakeguna, iritzizkoa edo subjektiboa. Bilatzaileek horiek bereizteko helburua dute?

Arazoa ez da informazioa objektiboa edo subjektiboa izatea, egiazkoa izatea edo ez izatea baizik; eta hori zuzenean lotuta dago idatzi duen pertsonarekin edo informazio hori babesten duen erakundearekin. Bilatzaileek bilatzen ari garen gaiari buruzko informazio guztia ematen dute, eta saiatzen dira informazio aipagarriena hasieran jartzen. Erabiltzaile bakoitzak, gero, aukeratu egiten du zerk balio duen eta zerk ez. Adibidez, gerta daiteke iritzi-orrialde batean informazio oso interesgarria egotea, eta merezi izatea iritzi hori irakurtzea, esaten duenarekin ados ez bagaude ere. Erabiltzaileek eurek adierazten dute zer orrialde diren interesgarrienak egindako bilaketan, eta bilatzaileak kudeatzen dituztenek informazio hori erabiltzen dute emaitzen ordena ezartzeko.

Bilaketak hitzen bidez egiten dira gaur egun. Beste nolabait, beste formaturen batean edo, egiteko aukera bilatzen ari zarete?

Gaur egun, egia da, bilaketetan hitzak bilatzen dira; argazki bat bilatu arren, argazkiekin batera dauden testuetan, edo argazkiek dituzten etiketetan, hitzak bilatzen dituzte bilatzaileek, eta hitz horiekin batera orrialdean ageri den argazkia erakusten dute. Etorkizunean, dena den, posible izango da bilatzailean hitz bat jarri ordez argazki bat jartzea, edo bideoetan grabatuta dauden hitzak bilatzea; baita aldi berean hainbat formatutako informazioa bilatzea ere. Horretan ari gara lanean.

Yahoo! Research erakundeak Bartzelonan eta Txilen dituen zentroetako zuzendaria da Ricardo Baeza-Yates.
O. Lakar

Egia esan, gaur egun egon, badago, horrelako bilaketak egiteko aukera. Arazoa da oso gutxi garatu direla, eta ezin direla erabili Interneten dagoen informazio-bolumen izugarri handiarekin. Horrelako bilaketa bat egingo bagenu, emaitzak lortzeko denbora asko beharko genuke, ez litzateke ohiko bilaketak bezain azkarra; eta jendea ohiko abiadura horretara ohituta dago, ez du onartzen itxarotea. Hala ere, uste dut bilaketa-mota horiek inoiz iritsiko direla hitzen bidezkoak bezain azkarrak izatera.

Gaur egun, zertan ari zarete lanean?

Yahoo!Research osoan --Estatu Batuetan dauden zentroetan eta nik zuzentzen ditudanetan, Txilen eta Bartzelonan--, azterketa-bide nagusiak bilaketetan oinarrituta daude. Hain zuzen, datu-meatzaritza egiten dugu, hau da: web guneen egiturari eta erabilerari buruzko datuak eskuratu, ordenagailuen ikasketa automatikoarekin lotuta dauden teknologiak garatu, Interneteko ekonomiarekin --enkanteekin, publizitatearekin eta abarrekin-- lotuta dauden kontuak hobetu, eta erabiltzaileen esperientziekin --alegia, multimediarekin, interfazeekin, mugikorrekin eta abarrekin-- zerikusia dutenak lantzen ditugu... Hau da, Yahoo!k dituen web gune guztien eta erabiltzaileen arteko elkarrekintza aztertzen dugu. Publizitatea ere aztertzen dugu, jakiteko nola iritsarazi publizitate egokia pertsona egokiari eta une egokian, pertsona horren beharrak asetzeko eta ez gogaitzeko.

Horrez gainera, gai berri batekin hasi gara: Internetekin lan egiten duen pertsona-ekosistema batek nola funtzionatzen duen aztertzen dugu. Adibidez, Yahoo! Respuestas deritzon zerbitzuan, erabiltzaile batek galdera bat egiten du, eta edozeinek erantzun diezaioke; gero, galdera egin duenak erabakitzen du eman diren erantzunetatik zein den hoberena, baina hori irakurtzen duen edonork ere bere iritzia eman dezake. Hala, web guneen eboluzioa aztertzen dugu, eta ikusten dugu zein diren arrakastatsuak eta zeinek egiten duten porrot.

Zer faktorek bultzatzen zaituztete ikerketa bide batetik edo bestetik egitera: sarean egiten dituzuen azterketek bakarrik, edo kanpoko eragilerik ere badago?

Bi informazio-iturrik bideratzen dute ikerketa batez ere. Lehenengo informazio-iturria Yahoo!k eskaintzen dituen produktuak dira; hau da, jadanik ditugun produktuak hobetzeko bideak bilatzen ditugu, ezinbestekoa baita etengabe hobetzea. Eta, bestetik, zerbitzu eta produktu horietatik guztietatik ateratzen den informazioa aztertzen dugu, jendeak horiei buruz zer esaten eta pentsatzen duen jakiteko, gauza berriak aurkitzeko eta ezagutzen ez ditugun eta espero ez ditugun gauzak bilatzeko --horiekin produktu berri bat era genezakeelako, jendearentzat oso erabilgarri izan daitekeen zerbitzu bat--.

"Internetekin lan egiten duten pertsona-ekosistemek nola funtzionatzen duten aztertzen dugu".
Artxibokoa

Saretik kanpo ez dago ikerketa baldintzatzen duen faktorerik; azken batean, gure helburua da jendeak bere beharrak ase ahal izateko moduko web gune bat egitea, eta horrek independentea izan behar du kanpoko faktoreekiko.

Posible al da nolabait iragartzea nola eboluzionatuko duen sareak datozen urteetan?

Ez, ez da posible, edo oso zaila da, behintzat. Nik hogei urte daramatzat Internetekin lanean; orain dela hamalau urte Iberoamerikako lehenengo web zerbitzaria sortu nuen, eta, oraindik, intuizioak huts egiten dit. Askotan intuizioak ez du balio sarean zer gertatuko den iragartzeko. Adibidez, zenbait urte atzera egingo bagenu, eta entzungo bagenu norbaitek Wikipediaren antzeko zerbait martxan jartzeko asmoa duela, pentsatuko genuke: "erotu egin da, inoiz ez du funtzionatuko elkarlanean oinarritutako entziklopedia batek". Eta begira zer eratu den.

Gainera, kanpotik, arrakasta duten web guneen berri baino ez dugu izaten; eta oso gutxi dira horiek; porrot egin duten ehunka web gune existitu direla ere ez dakigu; beraz, ez dakigu jendeak zer nahi duen.

Lakar Iraizoz, Oihane
3
238
2008
1
029
Elkarrizketak; Internet
Elkarrizketa
15
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila