Unai Pascual García de Azilu ingurumen-ekonomialariak urte asko daramatza gizakiak naturarekiko duen atxikimendua ikertzen. Oraingoan, naturak biziraupenerako egiten dizkigun ekarpen materialak aztertu ditu, natura suntsitzeak jendearengan izango lituzkeen bestelako ondorioak ere agerian jartzeko. Egun hauetan Montrealen ospatzen ari den Dibertsitate Biologikoaren Biltzarrean aurkeztuko dute lana: 30x30 estrategiaren barruan zer naturagune babestu beharko liratekeen proposatuko dute. Baina beste helburu bat ere badute: negoziaketan aniztasun kulturalaren aldagaia ere sartzea.
Naturaren ekarpen materialen ikuspegitik babestu beharko liratekeen guneak kartografiatu dituzue. Zer helbururekin?
2018an Science aldizkarian argitaratu genuen artikulu baten jarraipena da hau, bigarren kolpea. Hartan, naturak gizakiari egiten dizkion ekarpenak jaso genituen, eta oraingoan, 14 ekarpen garrantzizkoetan zentratu gara. Naturaren balio intrintseko hutsak agerian jartzea, praktikan, ez da nahikoa natura babesteko neurriak hartzeko. Natura suntsitzen jarraitzen dugu. Baina badago natura zaintzeko beste arrazoi pragmatiko bat: pertsonak eta beren ongizatea babestea. Ez da bakarrik natura gustatzen zaigulako eta moralki garrantzitsua delako; natura suntsitzeak ondorio latzak ditu jendearengan.
Beraz, identifikatu nahi izan dugu non dauden gizateriarentzat kritikoak diren naturaguneak, beti ere gizakiari ekarpen materialak egiten dizkioten heinean. Horretarako, “naturak gizakiari egiten dion ekarpena” kontzeptua bera definitu behar izan genuen 2018an. Askotan zerbitzu ekosistemikoez hitz egiten da, baina ikusi dugu kontzeptu hori oso murritza dela, eta naturaren ekarpena beste modu zabalago batean ulertu behar dela.
Zer ekarpen hartu dituzue kontuan?
Berebiziko garrantzia duten 14 ekarpen dira: intsektu polinizatzaileen habitatak, nekazaritza eta giza elikadura bermatzeko; sedimentuei eusteko gaitasuna, urak eraman ez ditzan; nitrogenoa jasotzeko gaitasuna, uraren kalitatea ziurtatzeko; abereentzako bazka; zuraren ekoizpena, eraikuntzarako; egurraren ekoizpena, erregai modura; uholdeei eustea; ur gezetako arrantza; itsas arrantza; aisialdirako erabiltzen diren naturaguneak; itsas aisialdia; eta itsasoko ekaitzetatik kosta babesteko gaitasuna. Hamabi ekarpen horiek tokian tokikoak dira, naturak inguruan bizi direnei egiten dizkien ekarpenak. Eta badira beste bi globalak direnak: CO2-a biltegiratuz klima-aldaketa erregulatzeko gaitasuna, eta hezetasun atmosferikoaren birziklapena (landaretzak erregulatzen duena). Egia da naturak askoz ere ekarpen gehiago egiten dizkigula, baina ez dago nahikoa daturik mundu osoa mapatzeko, oraingoz, behintzat.
Osatu dugun munduko mapan estatu bakoitzeko gune aktibo kritikoak azaltzen dira, naturak estatu horretan egiten dituen ekarpenen % 90 bermatzen dituztenak, eta, beraz, lehentasunez babestu beharrekoak. Esaterako, eremu bat izan daiteke Aiako Harria: sedimentuen erretentzioa lortzen du, filtro moduan jokatuta; polinizatzaileen habitat oso garrantzitsuak daude…
Eta ikusi dugu lurrazalaren % 30an biltzen direla gizadiak —tokian tokiko gizarteak—baliatzen dituen baliabide guztien % 90. Eta kostaldeko ekarpenak kontuan hartuta, kostaldearen eta inguruko ur-azaleraren % 24an biltzen dira.
Euskal Herrian non daude gune aktibo kritiko horiek?
Osatu dugun mapa globalean zoom bat eginda, ikusten da Euskal Herriaren eremu handi bat dagoela naturagune kritiko horien barruan. Eremu gehienek egiten dituzte hamabi ekarpen horietako asko. Hiriguneak, Nafarroan erditik beherakoa eta Arabako gune batzuk bakarrik geratzen dira kanpoan; nekazaritza intentsiboa dutenak, esaterako. Izan ere, gune naturalak edo seminaturalak hartu ditugu kontuan.
Oraindik findu beharreko kontuak daude. Esaterako, Euskal Herriko mapan Gipuzkoa eta Bizkaia nabarmentzen dira, baita pinuz estalita dagoen eremua ere, eta horko baso-plantazio intentsiboak Arabako patata-landaketak bezain desnaturalizatuak daude.
Bestetik, kontuan hartu behar da osatu dugun mapa globalak estatuen informazioa hartzen duela. Alegia, mapa honetan, erreferentzia ez da Euskal Herria bera, estatuak baizik. Kontu handia izan behar dugu mapak interpretatzean.
Zergatik hartu duzue estatu mailako erreferentzia mapaketa egiteko, eta ez mundu mailako balio handieneko ekosistemak? Horrek asko aldatuko du argazkia, ezta?
Politika-mailan erabakiguneetara eramateko baliagarriagoa delakoan egin dugu. Nazio Batuen Erakundeak ezin du erabaki munduan zer babestu. Halako politikak estatu mailakoak izaten dira. Bere eskumenen baitan, estatu bakoitzak helburuak finkatzen ditu. Halako mapekin, bakoitzak jakingo luke zer babestu behar lukeen. Euskal Herrian zaila dugu, eskumenak hainbat administraziotan banatuta baitaude.
Aipatu duzu lurrazalaren % 30ean biltzen direla natur gune aktibo kritikoak. Horren arabera, nahikoa izango litzateke Lurraren % 30 babestea?
Bai, eta ez. Bai, tokiko ekarpen jakin horiek mantendu ahal izateko. Baina askoz ere ekarpen gehiago daude, oraindik mapatu ezin izan ditugunak. Garrantzitsuena ez da sortu dugun mapa; garrantzitsuena da ariketa bera. Metodologia bat sortu dugu hori egin ahal izateko, eta ikusi dugu posible dela. Big datarekin eta daukagun konputazio-ahalmenarekin, etorkizunean mapa hobeak etorriko dira. Naturak egiten dizkigun ekarpen gehiago mapatzeko aukera ireki dugu.
Badago beste datu interesgarri bat: ekarpen globalak mantentzeko, klima-aldaketari aurre egiten laguntzen duten ekarpenak adibidez, dezente handitzen da babestu beharreko eremua.
Hori da, ekarpen globalei dagokionean, estatu bakoitzak egiten duen ekarpenaren % 90 mantendu nahi badugu, jadadik lurraren % 44 babestu beharko genuke.
Euskal Herriko basogintza oso garrantzitsua litzateke. basogintza jasangarria eginez gero, lur horiek klima-aldaketari aurre egiteko gaitasun handia izango lukete. Galdera litzateke: orain arteko basogintza-ereduak gai izango dira ekarpen horiek denboran iraunarazteko? Hor zentratu beharko genuke eztabaida.
Babestu beharreko gune aktiboen inguruan nor bizi den ere aztertu duzue, ezta?
Bai. Mapa hauek ikusten dituzunean, sortzen den lehenengo galdera da: zenbat jende bizi da munduko lurrazalaren % 30 kritiko horren inguruan? Bada, munduko 8.000 milioi pertsonetatik 6.000 milioi bizi dira, ez guneen barruan, baizik eta inguruan. Guztira, munduko biztanleriaren % 80k baliatzen ditu zuzen-zuzenean gune horietako ekarpenak. Beraz, gizadiarentzat ezinbestekoa da eremu horiek babestea. Ez natura gustatzen zaigulako bakarrik; gure ongizaterako oso garrantzitsuak diren ekarpenak egiten dizkigu.
Beste kontu bat da zenbat jende bizi den % 30 horren barruan. Askoz ere gutxiago: % 16. Normalean izaten dira tokian tokiko komunitate txikiak, komunitate indigenak… Eta zer aniztasun kultural dago hor? Bada, izugarria. Kalkulatu dugu hizkuntza gutxituen % 96 dagoela hor. Alegia, gainezarri egiten dira naturagune aktibo kritikoak eta aniztasun kultural handieneko guneak.
Are gehiago, gainezarri egiten dira baita bioaniztasun handieneko guneekin ere. Horrek marko sendo bat sortzen du zer gune babestu behar diren erabakitzeko: eremu horiek babestuta, gizakioi egiten dizkigun ekarpen material horiez gain, bioaniztasuna ere babestuko genuke, hein handi batean.
Eta zer inplikazio ditu aniztasun kultural handieneko guneak ere izateak?
Toki horietan aniztasun kultural handia dagoenez, litekeena da askotariko balio kulturalak egotea: era askotako bizimoduak, naturarekin harremantzeko beste moduak… Lur horrekiko atxikitutako balioak egongo dira, eta naturaren ekarpen horiekiko bizipen desberdinak, gainera. Une honetan, 30x30aren eztabaida dago Montrealen: 2030erako munduko lurrazalaren % 30 babestuko ote dugun. Nola babestuko dira, baina? Zer politika diseinatuko dira? Galdera hauek erantzuteko tokian tokiko nork izango du hitza eta erabakitzeko aukera? Ez da erraza izango adostea ez Montrealen, ez eta testuinguru lokaletan.
Adibidez, Amazonasen edo Afrikan naturagune aktibo horietako asko daude. Haietan bizi den jendea kanporatu behar dugu, interesgarri jo ditugun gune horiek babesteko? Hori ez litzateke aukera izan behar. Ezin da modu neokolonialean babestu natura. Naturaguneak babesteak ezin du ekarri aniztasun kulturalaren gainbehera. Babesteko estrategian integratu beharko ditugu jende horren bizimodua, haien baloreak, kultura eta izaera, eta kontuan hartu beharko dugu naturagune horiek historikoki beren bizimoduan integratu dituztela eta oraindik ere bizitzeko baliatzen dituztela. Hori dena kudeatu beharko da. Hor dago eta egongo da 30x30aren barruko eztabaida handiena. Montrealen 30x30ko akordio politikoa lortuko balitz, aldagai hori sartu behar da.
Eta zein da zientziak eman beharreko hurrengo urratsa?
Uste dut naturagune kritikoak identifikatzeko ahalegin horretan beharrezkoa dela arlo soziala eta ekologikoa uztartzen dituen ikerketa zientifikoa egitea. Pobrezia non dagoen ikertu behar da, zer motatakoa den, zer nolako inekitateak dauden gune horietan… Desberdintasun sozio-ekonomikoen mapa integratu behar da orain sortu ditugun mapa ekologikoetan.
Arazoa da adierazle sozioekonomikoak eta kulturalak normalean ez daudela guk orain erabilitako 2 km2-ko erresoluzioan. Ekologikoak bai, baina sozioekonomikoak ez. Pobreziaren, hezkuntza-mailaren eta osasunaren kasuan, esaterako, erresoluzio-maila askoz txikiagoa da. Normalean herrialde gehienek bataz bestekoak baino ez dituzte argitaratzen. Beraz, bultzada bat eman behar zaie horrelako aldagaiak neurtzen dituzten agentziei. Horrela ikusi ahal izango dugu zenbateraino gainezartzen diren naturagune kritikoak eta pobrezia, adibidez. Jakingo dugu zein diren ingurune horietan bizi diren pertsonen ezaugarriak. Eta zer behar duten. Mundu mailan 30x30 estrategia gauzatzea erabakitzen bada, nahitaezkoa aldagai sozioekonomikoa integratzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia