Orain arte zaborra zabortegietan pilatu izan da. Material batzuk birziklatu egiten dira, hala nola, beira eta papera, baina gainerakoekin ez dakigu zer egin. Zabortegi askok gainezka egin dute, edo urte gutxiren buruan egongo dira beteta. Gainera, Europan pixkanaka-pixkanaka legea gero eta murriztaileagoa da, eta laster inolaz ere tratatzerik ez dagoen zaborra bakarrik eraman ahal izango da zabortegira.
Hori dela eta, hurrengo pausoa errekuntza da, ezinbestean. Oraingoz, ez dago metodo egokiagorik. Hori bai, gauzak ondo egiten badira, eta segurtasun-neurri zorrotzak hartzen badira. Egia esan, ia aukera bakarra da maila handian; izan ere, ez daukagu zabor kantitate handiak tratatzeko beste aukerarik.
Oraingoz, atzeratu samar gabiltza. Europa iparraldera joaten bagara, kontzientzia handiagoa da han. Egurraren inguruko industriak indar handia dauka, eta zerrautsa eta gainerako hondakinak tratatzeko errauskailuak dauzkate. Bada, hirietako hondakinak erretzeko ere moldatu zituzten instalazio horiek garai batean. Alemanian, esaterako, laster jarriko dituzte abian beste metodo batzuk. Urteak daramatzate errauskailuak erabiltzen eta zaborren tratamenduan oso aurreratuta daude.
Horretaz gain, oso sailkapen zorrotza egiten dute. Materia organikoarekin, esate baterako, konposta egiten dute etxean; pilak eta halakoak zer esanik ez. Haien ereduari jarraitu beharko genioke: ahal dena berriro erabili beharko litzateke, birziklatu beharrean. Eta berrerabil edo birzikla ezin daitekeena joango litzateke errauskailura, baina ondo sailkatu ondoren. Edozein substantziaren errekuntza nola egin pentsatuta dago, baina funtsa zaborra ondo banatzean edo sailkatzean datza; azken finean, zenbat eta homogeneoagoa izan erretzen den materiala, orduan eta errazagoa da prozesua.
Dioxinak bi lekutan sor daitezke: errekuntza-ganberan zein hozteko garbiketa-prozesuan. Metalek konposatu kloratuak katalizatzen dituzte, eta dioxinak eta furanoak sortzen dira. Hori bereziki 300 eta 400 ºC bitartean gertatzen da. Errausketa tenperatura altuan egiten da, 800-1.100 ºC-ren bueltan. Baina ganberako elikadura homogeneoa ez bada, tenperatura baxuagoko guneak geratzen dira, eta haietan sortzen dira dioxinak.
Errekuntzan sortutako gasa hozterakoan ere ahalik eta azkarren pasa behar izaten da dioxinak sortzen diren tenperatura-tartetik. Eta, hala ere dioxinak sortuko balira, ikatz aktibatuzko ohantze bat dago horiek jasotzeko.
Dena dela, dioxinak ez dira sortzen diren gai arriskutsu bakarrak. Halabeharrez, dioxinarik ez sortzeko tenperatura altuak erabiltzen dira, baina nitrogeno-oxidoak sortzen dira orduan. Alemanian amoniakoarekin tratatzen dituzte oxido horiek, eta zutabe-diseinu bereziak garatu dituzte datu enpirikoetan oinarrituta; izan ere, ez dakite nola eragiten duen gasa tratatzen den zutabearen egiturak nitrogeno-oxidoak ezabatzeko garaian.
Hala izango da, neurri zorrotzak hartzen badira. Alemaniako adibideari jarraitzen bazaio, esate baterako, oso arau zorrotzak ezarriko dira. Han kontrola ez da errauskailuan bertan bakarrik egiten, kanpotik ere kontrolatzen da. Hala, ezarritako emisio-mugen oso azpitik ibiltzen dira.
Baina arauak jartzea ez da nahikoa, ikerketa ere beharrezkoa da. Emisio-mugak gaur egungo jakintzaren arabera jartzen dira. Mugaz azpiko emisioa ez dela kaltegarria iruditzen bazaigu ere, baliteke aurkakoa frogatzea urte batzuk barru. Dioxinekin hala gertatu zen, eta beste hainbat konposaturekin ere bai.
Errekuntza ondo egiteko hiru kondizio bete behar dira: tenperatura altua izatea, errekuntza zeharo burutu arte mantentzea elikadura-ganberan, eta elikadura ondo eraginda egotea, hala ganberako puntu guztietan tenperatura bera izatea lortzen baita.
Errauskailu normalena parrilladuna da. Mota horretako instalazioan, zaborra ganberako parrilla baten gainera botatzen da, parrillaren zirrikituetatik airea sartzen da, eta zaborra erre egiten da. Errekuntza tenperatura altuetan egin behar da. Helburua solidoaren eta airearen artean ahalik eta kontaktu onena lortzea da. Izan ere, hor dago errekuntzaren arazoetako bat: solidoak geldi badaude eta airea barrura sartzen ez bada, barruko tenperatura baxuagoa izaten da, 400 ºC inguru baxuagoa, eta tenperatura horretan dioxinak sor daitezke.
Ganberako gune guztietan tenperatura bera lortzeko badira bereziki prestatutako errauskailuak, ohantze fluidizatuzkoak deritzenak. Horiek, parrillaren ordez hareazko ohantze bat daukate, eta handik sartzen da airea. Instalazioa eta mantentze-lanak garestiagoak dira, baina errazago kontrolatzen da errekuntza. Ohiko errauskailuetan, aldiz, kontrola zailagoa da, eta etengabe gainean egon beharra dago.
Bestalde, erretzen den materiala zenbat eta homogeneoagoa izan, orduan eta errazago doitzen dira instalazioko parametroak, lortzen den gasak konposatu gutxiago ditu, eta, horrenbestez, garbiketa edo arazketa errazagoa da.
Badirudi hurrengo pausoa gasifikazioa izango dela. Bigarren mundu-gerraren garaian ikatzarekin eta beste zenbait substantziarekin erabili zen, eta, ahaztu samar egon den arren, gaur egun badira instalazio pilotuak; eta teknologia nahiko garatuta dago.
Gasifikazioan ohiko errekuntzako tenperatura bera erabiltzen da gutxi gorabehera, baina aire gutxiago erabiltzen da. Hala lortzen den gasa sintesi-gasa da, edo errekuntzan erabiltzeko modukoa bestela. Errekuntzarekiko duen abantaila nagusia da gas gutxiago sortzen dela; hondakinik gehienak solido eran geratzen dira, metalak esate baterako, eta, hala, dioxinak sortzeko arrisku gutxiago dago.
Baina teknologia horrek ere badu arazorik. Izan ere, ez da gasa bakarrik sortzen, alkitranak edo parafinak ere sortzen dira, eta gasa erretzeko sistema hondatzen dute. Arazo hori konponduko genuke katalizatzaile egokiak erabiliz gero, baina asko garestitzen du prozesua horrek.
Etorkizuneko beste metodoa pirolisia da. Kasu horretan, tenperatura baxuagoak erabiltzen dira, eta, hala, are eta gas gutxiago sortzen da. Lortzen den produktua likidoa da batez ere. Likido hori korrosiboa da, ordea, eta erretzeko arazoak sortzen ditu. Badirudi pirolisia gehiago ikertu beharko dela oraindik, hobetu eta eskala handian erabiltzeko.
Hemendik hamar bat urtera gasifikazioko instalazio handiak ikusiko ditugula uste dut. Zaborra tratatzeko instalazioetan izugarri ari da ikertzen gaur egun, eta asko aurreratu azken hamar urteetan. Baina eragozpen handiena ekonomikoa da, noski. Gasifikazioa eta pirolisia garestiegiak dira oraindik. Hala ere, ikerketak aurreratu ahala merkatzen joango dira.
Errekuntza bera ere ez da merkea. Batzuetan errentagarria dela ere esaten dute, baina errentagarria ez da inoiz izango, nahiz eta kogenerazioa erabili. Zaborrari beste tratamendu bat egitea baino merkeagoa bada, baina askoz merkeagoa da petroliotik ateratzea elektrizitatea.
Argi dago errazena petrolioa eta gas naturala erabiltzea dela, eta zaborra zabortegietan pilatzea, baina ezin da hala jarraitu.