Kate Millar Bioetikako ikertzailea

"Niretzat izugarri garrantzitsua da ikerketetan hasieratik hartzea aintzat alderdi etikoa"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Animaliekin egiten diren ikerketak, zelula amekin egiten direnak, azterketa genetikoak eta haiek nekazaritzan, abeltzaintzan edo giza osasunean dituzten aplikazioak... Halako gaien alderdi etikoek eztabaida bizia eragin dute azken urteotan; hain juxtu, kezka horiei erantzuten saiatzen da Kate Millar ikertzailea. Grinatsu baina gozo, eta irribarrea galdu gabe, hitz egiten du bere lanaz.
kate-millar-niretzat-izugarri-garrantzitsua-da-ike
ARG.: Luis Jauregialtzo/Argazki Press - Arg. Luis Jauregialtzo/Argazki Press
Kate Millar: "Niretzat izugarri garrantzitsua da ikerketetan hasieratik hartzea aintzat alderdi etikoa"
2010/01/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Bioetika Aplikatuaren Zentroko (CAB) zuzendaria zara, Nottingham Unibertsitatean. Zertaz arduratzen da zentroa?

Axola ez bazaizu, lehenik aurrekariak aipatu nahi nituzke, garrantzitsuak direla uste baitut. Zentroa 1993an hasi zen lanean, eta Britainia Handia lehenengoetakoa izan zen arduratzen nekazaritzako elikagaiez eta halako gaiez. Oso desberdina zen etikaz arduratzen diren beste zentroetatik, haiek giza gaietan jartzen baitzuten arreta.

Nik duela hiru urte hartu nuen zentroaren zuzendaritza, eta gehien bat animalien erabilerarekin lotutako gaietan jarduten dugu: animaliekin egindako esperimentuak, giza kontsumorako abereen hazkuntza, xenotransplanteak... Zientzialariei eta politikariei gai horien alderdi etikoa esploratzen laguntzeko tresnak sortzen ari gara. Hain zuzen, interes berezia dugu gizarte-eragileetan eta politikarietan; gure helburua da marko batzuk ezartzea, arauak egiten dituztenei erabakiak hartzen laguntzeko.

Arlo asko aipatu dituzu. Adibideren bat emango zeniguke?

Jakina. Adibidez, bioerregaiak aztertzen ditugu, National Biofuel Centre-rekin batera (Britainia Handiko Bioerregaien Zentroa). Lan hori BBSRCk babesten du (The Biotechnology and Biological Sciences Research Council, Bioteknologiako eta Zientzia Biologikoko Ikerketen Batzordea), bost urtez. Ikerketa horiek garrantzi handia dute gaur egun; orain, bigarren belaunaldiko bioerregaiekin ari dira --biomasa erabiliz lortzen direnak--, eta beharrezkoa da ikerketen kalitatea bermatzea. Horretaz arduratzen gara gu. Gainera, Europako hainbat talderekin harremana dugu, eta gure zentroan egiten den lana baliagarria da haientzat ere.

Beste adibide bat: txakurrak gaixotasun konplexuen eredu gisa erabiltzen dituzten ikerketa batzuk babesten ditu Europako Batasunak, eta hor ere parte hartzen dugu.

Giza gaixotasunen eredu?

Hori da. Ikerketa batzuetan, txakurrak hazten dituzte, gizakion gaitzen eredu gisa erabiltzeko: epilepsia, bihotzeko gaixotasunak... Esate baterako, badugu lankidetza bat Bartzelonan, eta, han, gaixotasun horien ezaugarri genetikoak ikertzen ari dira txakurretan; haietan identifikatzen badituzte gaitz horiekin lotutako ezaugarri genetikoak, gizakietan ere hobeto ulertuko dira gaixotasun konplexu horiek.

Gure lana halako ikerketen alde etikoa aztertzea eta zaintzea da; hau da, txakur horien hazkuntzan erabakiak hartzen laguntzea, ez dezaten jasan ezinbestekoa ez den inolako kalterik.

Laborategiko txakurren ongizateak ez ezik, etxeko txakurrenak ere kezkatzen zaituzte, ezta?

Bai, gai horrek garrantzi handia baitu Britainia Handian. Izan ere, albaitariak oso kezkatuta daude txakur askok dituztelako bizi-ohitura okerrarekin lotutako gaixotasun larriak. Esate baterako, txakurren % 25 obesoa da. Eta giza populazioan ere datua antzekoa da, % 27 inguru, eta hazten ari da.

Bada, txakurretan ere obesitatea hazten ari dela ikusi dute, eta, hala, albaitaritza-fakultateekin eta soziologoekin elkarlanean, obesitatearekin erlazionatutako faktoreen eragina aztertu genuen, hala nola elikadura, ariketa fisikoa edo espazio irekietan ibiltzeko aukera. Halaber, txakur obesoen eta ez-obesoen jabeak elkarrizketatu genituen.

Erlazionatuta dago pertsonen eta txakurren obesitatea?

Oraindik ez dakigu, baina txakur-jabeen eta txakurren arteko harremana aztertzen ari gara, erlaziorik ba ote dagoen jakiteko. Azterketa soziologikoa da, baina arazo etikoa ere badu: jabeak nola ulertzen duen ardura, hala jokatzen du. Sentitzen duen arduraren arabera elikatzen du, laguntzen dio ariketa fisikoa egiten, edo era bateko edo besteko harremana du albaitariarekin. Eta horrek guztiak txakurraren ongizatean eragiten du. Ikerketaren emaitzak izandakoan, bidaliko dizkizut.

Eskerrik asko. Bide batez, zuk baduzu txakurrik?
(Argazkia: Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS)

Ez, ez (barrez). Ezin dut, lanagatik eta... Baina izugarri maite ditut, eta izan nuen bat txikitan, Biffy. Ile luzeko collie baten eta labrador baten arteko mestizo bat zen.

Dena dela, ikerketara itzulita, niretzat bereziki aipagarria da gure zentroa Bizitza Zientzien Fakultatean egotea, eta ez Gizarte Zientzienean. Horrek erraztu egiten du zientzialariek gizarte-gaien arazoen berri izan dezaten, eta soziologoek gertu dituzte zientzialariak eta haien metodologia. Horrez gain, lagungarria da zientzialariek ikerketen hasieran har ditzaten kontuan alderdi etikoak, eta ez ikerketa amaitu ondoren. Eta, nire ustez, hori izugarri garrantzitsua da.

Atentzio berezia eman dit proiektu batek: The Ethical Matrix, Matrize Etikoa.

Bikain, gogoko dut horretaz hitz egitea. Guk garatutako marko etiko bat da, politikariei eta zientzialariei erabakiak hartzen laguntzeko. Adibidez, pentsa ikertzaile bat zarela eta animalia transgeniko bat sortzeko asmoa duzula, animalia horren esnean proteina sendagarri bat ekoizteko. Bada, Ethical Matrix diseinatuta dago ikerketa horren auzi etikoak esploratzen laguntzeko (animaliaren ongizatea, justiziarekin zerikusia duten alderdiak...), ikerketaren ondorioak jasaten dituzten talde guztiak kontuan hartzeko, eta, azkenean, erabakiak hartzen laguntzeko.

Nolabait esateko, matrizea auzi etiko guztien mapa bat da. Berez, gure zentroan sortu zuten, bertako ikertzaileentzat. Baina historia luzea du, eta hobetzen eta garatzen joan da; eta orain baliagarria da, ikertzaileentzat ez ezik, baita beste arlo askotako pertsonentzat ere.

Maila sinpleenean, egiaztapen-zerrenda baten antzekoa da. Baina maila sofistikatuago batean ere erabil daiteke, arrisku zehatzak bilatzeko, edo araudiak sortzeko. Esaterako, Britainia Handiko Ikerketa Batzordeak erabiltzen ari dira, eta nazioarteko erakundeek ere erabiltzen dute: FAOk akuikulturarekin lotutako arazo etikoak esploratzeko erabili du, baita Norvegiako Komite Etikoak ere, Norvegiako arrantza-industriarekin batera.

Edozeinek erabil dezake. Demagun politikari batek eztabaida bat antolatu behar duela nanoteknologiaren aplikazioek izan ditzaketen onura eta arriskuei buruz. Matrizea oso baliagarria izango zaio eztabaida egituratzeko, interes desberdina duten taldeek (ikertzaileak, industria, osasunean adituak, legegileak, kontsumitzaileak) topo egin dezaten, eta kontu horietaz modu interaktiboan eztabaidatzeko aukera izan dezaten.

Eztabaidaz ari garela, Britainia Handian, animaliekin esperimentuak egiten dituzten ikertzaileek arazoak dituzte animalien eskubideen aldeko muturreko taldeekin. Zer iritzi duzu horri buruz?

Auzi hori aspalditik dator, eta oraindik puri-purian dago Britainia Handian. Hain zuzen, duela bost urte, Tony Blairren gobernuak dokumentu bat argitaratu zuen, legearen barruan animaliak erabiltzen dituzten ikertzaileak estremistetatik babesteko, "Animal welfare-Human Rights: protecting people from animal rights estremists".

Kontu gordina da, ekintzaile batzuek legea hausten dutelako. Nire ustez, beharrezkoa da zientzialariak babestea legez kanpoko ekintzak egiten dituzten pertsonetatik. Eta ez bakarrik zientzialariak, baizik hiritar guztiak. Egia esan, ezin dizut daturik eman, baina iruditzen zait pertsonak babesteko lege hori atera zenetik eraso gutxiago egon direla.

Etikaren aldetik ikuspuntu oso desberdina duten taldeak elkartzea da gure egitekoa, eta, hain juxtu, nire lankide batek, Pru Hobson-West doktoreak, lan soziologiko oso interesgarri bat egin du honi buruz. Animaliekin ikertzen duten zientzialariak elkarrizketatu ditu, eta baita muturreko ekintzaileak ere. Horri esker, hobeto uler dezakegu zein diren gaiaren auzi etikoak eta zergatik sortzen diren muturreko jarrerak.

Edozein modutara, gaia zabalean hartuta (laborategiko animaliak, konpainiakoak, giza kontsumorako abereak...), animalien ongizateari buruzko debateak bide luzea egin du Britainia Handian, eta gaur egun ere, araudi hobeak ditugun arren, gai hori lantzen jarraitzen dugu.

"Eursaferen kongresuan, eztabaida pizten duten gaiez jardungo dugu"
Kate Millar Eursafe elkartearen zuzendaritza-taldeko kide da. Elkartearen aurtengo kongresua Bilbon izango da, irailean, eta antolatzaileekin biltzeko etorri da Bilbora (Zuzenbidea eta Giza Genoma katedrako Leire Escajedo eta Aitziber Emaldi, hain zuzen).
Eursaferen IX. kongresua dela eta etorri zara Bilbora. Zer da Eursafe?
Berez, nekazaritzaren eta elikagaien etikari buruzko Europako elkartea da Eursafe. Ikertzaileak ez ezik, elikagai-ekoizpenaren eta nekazaritzaren alde etikoarekin zerikusia izan dezaketen banakoak eta taldeak biltzeko sortu zen, hala nola ekoizleak, politikariak, gobernuz kanpoko erakundeak... Hortaz, oso elkarte plurala da, ikuspuntu erabat desberdinak dituzten pertsonak biltzen baititu.
Elkartearen asmoa da haien guztien elkargunea izatea, eta, gainera, hezkuntzari ere garrantzi handia ematen diogu, zehazki, biozientzietan etika lantzeari.
Eursaferen aurtengo kongresuaren antolatzaileak, iazkoarenekin batera. Ezkerretik eskuinera, Aitziber Emaldi, Leire Escajedo, Matthias Kaiser, Franck Meijboom eta Kate Millar. Arg.: Luis Jauregialtzo/ARGAZKI PRESS.
Helburu horrekin, kongresuak antolatzen dituzue. Ekimen gehiago badituzue?
Bai, aldizkari bat argitaratzen dugu, eta Interneten jartzen dugu (www.eursafe.org), nahi duenak eskuratu dezan.
Nolanahi ere, kongresuek pisu handia dute. Elkarteak hamar urte ditu, eta hurrengo hamar urteetako lehen kongresua izango da Bilbokoa. Gizartean interesa eta eztabaida pizten dituzten gaiez jardungo dugu: transgenikoak, nekazaritza ekologikoa, elikagaien segurtasuna, jasangarritasuna, bioerregaiak, animalien ongizatea, aniztasun biologikoa, herrialde inportatzaile eta esportatzaileak... www.eursafe2010.es webgunean dago informazio guztia.
Gai horiek eztabaidatzeko une aproposa dela iruditzen zait; dena aldatzen ari da --jarduerak, ingurumena, legeak--, eta, beraz, garai ezin hobea da aurrera begira jarduteko. Halaber, Bilboko taldearen ekarpena benetan garrantzitsua delakoan nago.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
260
2010
1
020
Elkarrizketak; Etika; Albaitaritza; Nekazaritza
Elkarrizketa
24
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila