Jose Maria Rivera: "zitologia diagnostikoa minbizi-kasu asko antzemateko errutinazko teknika da"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Galiziako Costa da Morte-ko herri txiki batean jaiotako ikertzaile honek hainbat alorretan jardun du lanean, baina beti bere grina den zitologiaren inguruan. Espainiako Zitologia Elkarteko lehendakaria izan da hamar urtean eta 1971tik EHUko Anatomia Patologikoko katedraduna izateaz gain, 20 urtean sail horretako arduraduna izan da Barakaldoko Gurutzetako Ospitalean.
Jose Maria Rivera bere bulegoan.
A. Galarraga

Maiatzaren 31n, Amsterdamen izan den Nazioarteko XIV. Zitologia Biltzarrean Maurice Goldblatt nazioarteko sari garrantzitsua jaso du. Saria jasotzera joan aurretik izan ginen berarekin eta Gurutzetako bulegoan egin zigun harrera beroa aprobetxatuz, hizketaldi luzea eta interesgarria izan genuen.

Hasteko, zorionak Maurice Goldblatt Zitologia Sariarengatik! Lan zehatz batengatik ala ibilbide osoaren ordain gisa eman dizute?

Nire ustez, urte hauetan guztietan zehar egindako lanengatik saritu naute. Amsterdamgo biltzarrean azken hiru urtetako sariak emango dituzte (1999, 2000 eta 2001) eta niri dagokidana azkena da. Bitxia izan da, gure iritzia eman dezagun urtero saria jasotzeko proposatutako izenak bazkideei jakinarazten dizkigutelako, baina aurten ez dut izendatuen zerrenda jaso. Nonbait, ezustekoa eman nahi zidaten eta orain bertan eman beharreko hitzaldia prestatu behar dut.

Beraz, saria emateaz gain, lana ere eragin dizute. Dena dela, ez dut uste lan-eskasian izango zarenik. Zertan diharduzu orain?

Nik beti zitologiaren alorrean egin dut lan; ez ikerketako oinarrizko zitologian, baizik eta zitologia klinikoan, batez ere diagnostikoa dena, hau da, diagnosiak egiteko erabiltzen dugun zitologian.

Izan ere, zitologia diagnostikatzeko oso era erraza da eta gaixoari kalte gutxien eragiten diona, ez delako ebakuntzarik egin behar. Biopsietan ebaketa egin behar da, baina zitologiarekin aztertu nahi den ehunean xiringa sartu eta lagina ateratzea nahikoa da. Zelula horiek aztertuz, diagnostiko zuzena jakin dezakegu.

Minbizi-kasu asko diagnostikatzeko errutinazko teknika da. Esate baterako, Euskal Herrian beste minbizi-mota batzuk arruntagoak diren arren, umetoki-lepoko minbiziak eraginda, hildako asko izaten ziren urtean. Orain, aldiz, Papanicolau testa ohikoa da eta oso diagnostiko goiztiarrak egin ahal ditugunez, hilkortasun-tasa izugarri jaitsi da.

Diagnostiko goiztiarrei esker, askoz pronostiko hobeak lortzen dira.

Adibide horrek, beraz, argi uzten du zitologia diagnostikoaren garrantzia, kasu honetan, minbiziaren diagnostiko goiztiarrean. Baina beste arlo askotan ere egin duzu lan, ezta?

Bai, bai... Garai batean trikinak aldatutako muskulu-zuntza aztertu nuen eta, 1967-68 inguruan, horri buruzko lan bat argitaratu genuen. Mikroskopia elektronikoaren bidez egindako lehenengotakoa izan zen lan hura eta sarritan aipatua izan da.

Gero, patologia neuromuskular esperimentalean jardun nuen. Hain zuzen ere, tesia nerbio-plaka eragilearen birsorkuntzari buruz egin nuen. Azetilkolinesterasaren azalpen histologikoa egin nuen, hau da, plaka eragilearen neurotransmisorearena. Oso lan astuna zen, baina Santiagoko Unibertsitatean aparteko saria lortu nuen.

Eta orain ere Bizkaiko Itsasoaren ertzean bizi zara.

Bai, hala da, baina tartean handik hona ibili nintzen. Santiagotik Sevillara joan nintzen eta handik, March Fundazioko beka batekin, Alemaniara, nerbio-sistema zentraleko eremu jakin bati buruzko azterketa egitera. Gainera, garai hartan ospe handia zuen aldizkari zientifiko batean argitaratu zuten. Santiagora itzuli eta gero, hona etorri nintzen eta, esan bezala, minbizia diagnostikatzeko zitologian aritu naiz batez ere. Aurretik, ordea, Sanchez Fernandez sendagilearekin batera, belarriaren barne-egiturari buruzko lanak argitaratu nituen.

Zein minbizi-motari eskaini diozu arreta gehien?

Bularreko patologia da gehien interesatzen zaidana. Izan ere, bularreko minbizia benetan arazo larria da. Urtetik urtera kasu-kopurua gora doa eta kontuan izan behar da ez dela minbizi-mota bakarra, baizik eta bularreko minbizi-motak bat baino gehiago direla, eta bakoitzak bere tratamendua eta pronostikoa duela.

Minbizia 60 urtetik gorakoen gaixotasuna da normalean.

Hainbeste urteren buruan, minbiziarekiko emakumezkoen jarreran eta prebentzioan aldaketa asko ikusi al dituzu?

Jakina! Gaur egun, gobernuak bularreko minbiziaren larritasunaz jabetu dira eta urteak dira Eusko Jaurlaritzak prebentzio-kanpaina martxan duela. Dena dela, egunero zerbait berria ikasten dugun arren, bestelako eragozpenak eta erronkak azaltzen zaizkigu. Bularreko minbiziaren eragile zuzenik ez da ezagutzen eta horrek dena zailtzen du. Genetikarekin erlazioa duela badakigu, baita horren eragina handia dela ere. Alabaina, ezin dugu gene horrengatik edo harengatik denik esan. Aldaketa genetikoen eragileak askotarikoak direnez, minbizi-motak aldaketa genetiko garrantzitsuen bateratzearen ondorioa direla esan dezakegu.

Bestalde, herrialde garatuetan minbizi-kasuak ugariagoak direla argi dago eta ez hobeto diagnostikatzen direlako edo bizi-itxaropen handiagoa dutelako soilik. Gainera, bizi-itxaropena luzatzeak, bularrekoaz aparte, minbizi-mota guztiei eragiten dio. Izatez, haurren minbizia izan ezik, 60 urtetik gorakoen gaixotasuna da oro har. Baina, dirudienez, minbizi-zelulek sortzen dituzten aldaketa genetikoek bat egiteko aukera gehiago dago herrialde garatuetan.

Minbizi-zelula sortzen duten eragile genetikoak ezagutzea zaila denez, minbizia sortu orduko igarri ahal izateko, agian zelula mutatzen den unea antzematea izango litzateke onena. Hori posible al da?

Ez; gaur egun, minbizi-zelula antzemateko arma diagnostiko bakarra azterketa zitologikoa da. Ekografia eta erradiologia bezalako irudi-teknika berriekin gero eta nodulu txikiagoak ikus daitezke, baina onbera ala gaiztoa den jakiteko zitologia erabiltzen da. Behar bada, etorkizunean, zelula gaiztoek ekoitzitako adierazleren bat odolean antzemateko gai izango gara. Baina, alde batetik, adierazlea soilik zelula horiek ekoitzitakoa izan beharko luke eta, gainera, tumorea dagoen tokiaren berri ez liguke emango. Dena dela, teknika biokimikoak gero eta zehatzagoak dira, baina arazoa konplexua da.

Bularreko minbizian oso neurri txikiko tumoreak antzematea lortzen ari gara eta neurria eta pronostikoa zuzenean lotuta daude. Diagnosi goiztiarra egiten da eta zein tumore-mota den ere gero eta azkarrago jakiten da. Horretaz gain, kirurgia ez da garai batean bezain erradikala eta hedapena detektatzeko gongoilak aztertzen dira, beraz, azkarrago ikus daiteke zabaltzen ari den ala ez.

Orain dela gutxi, gongoil zaintzailean oinarritutako diagnosi-metodoa erabiltzen hasi direla entzun dugu. Zertan datza?

Linfa-basoak gorputzeko atal zehatzak drainatzen dituzte eta bularreko basoak galtzarbeko gongoilean biltzen dira. Tumorean koloratzailea edo isotopo erradioaktiboa den adierazgailu bat injektatzen bada, zein gongoiletan azaltzen den ikus daiteke. Beraz, gongoil hori aztertuz, bularreko egoeraren berri jakin dezakegu. Erraza badirudi ere, ez da ohiko teknika, gongoil hori aztertzeak lan handia ematen duelako. Bestalde, bularreko minbizian baliagarria bada ere, beste minbizi-mota batzuetan gongoil zaintzaileak ez dira hain eskuragarriak, adibidez, koloneko minbizian.

Zitologia minbizi-zelula antzemateko teknika garrantzitsua da.

Diagnosi-metodoak asko hobetu direla aipatu dugu eta, horrekin lotuta, pronostiko hobea izaten da kasu gehienetan. Sendabideak ere, gero eta hobeak izango dira, noski.

Zalantzarik gabe. Erradioterapia eta kimioterapia garai batean baino leunagoak eta zehatzagoak dira. Horrela, eraginkortasun handiagoa lortzeaz gain, gaixoak tratamenduak errazago jasaten ditu.

Horretaz aparte, hainbat kasutan, besteak beste bularreko eta prostatako minbizi-mota batzuetan, hormonoterapia erabil daiteke. Esate baterako, bularreko ehunari estrogenoak eragiten diete eta estrogenoen aurkako substantziak erabiliz tumore-mota batzuen hazkundea gelditzen da.

Beste minbizi-kasu batzuetan, aldiz, hezur-muinaren transplantea egin behar izaten da... Ez da erraza, kasu asko daude eta bakoitzak tratamendu berezia behar du.

Bukatzeko, minbiziaren aurkako borrokan aurrerapen asko iragartzen dira. Etorkizunari begira, zertan ari zarete?

Azterketa zitologikotik tumoreen azterketa molekularrera pasatu gara. Orain, Nafarroako Unibertsitateko Genetika departamentuarekin batera, maila molekularrean eta genetikoan ari gara ikertzen. Gaur egungo ikerketa-lerroak hortik doaz eta diagnosi-metodo hobeen bila aurrera egitea espero dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila