Jose Maria Asua: "Teknologiak bizi-kalitatea eman digu"

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Aurten jaso duen Ikerkuntzako Euskadi saria bere ibilbide profesionalean lagun izan dituen guztiei eskaini zien Jose Maria Asuak. Ingeniaritza Kimikoan katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean. Emultsio-polimeroetan da aditua eta Polymat institutuaren gidaritza darama. Lehenengo galdera osatu baino lehen hasi zen gurekin berriketan, eta ohartu ginen ez zela izango ohiko galdera-erantzun estiloko elkarrizketa bat.
2005eko Ikerkuntzako Euskadi sariaren irabazlea
Jose Maria Asua: "Teknologiak bizi-kalitatea eman digu"
2006/07/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: N. Rementeria)
Emultsio-polimerizazioan egiten duzu lan. Zer du metodo horrek...?

Gaur egun, emultsio-polimerizazioa bi arrazoi nagusigatik da bideragarria: produktuek disolbatzailerik behar ez dutelako eta beste era batera ezin direlako lortu produktu horiek. Ez dago beste modurik ehun nanometroko polimero-bolatxo bat lortzeko, esate baterako.

Har dezagun PVCzko inpaktu-xurgatzaile bat. PVCa berez zurruna da eta, horrenbestez, hauskorra ere bai, gai zurrun gehienak bezala. Bada, PVCa hauts ez dadin kautxu-zati nanoskopikoak sartzen zaizkio. Kautxu-zati horiek emultsioan egiten dira, eta PVCarekin bateragarriak izan daitezen metil-polimetakrilatoarekin estaltzen dira. Horrela, hauts bat lortzen da, eta hauts hori PVCarekin nahastu eta hor duzu!

Erraza dirudi...

Erraza da, baina lan handia egin da hori aurkitzeko.

Funtsean, uretan sakabanatutako polimero bat egiteko era bat baino ez da emultsio-polimerizazioa. Izan ere, emultsio-polimeroak ia ez dira erabiltzen piezak egiteko. Emultsio bidez egiten den pieza ia bakarra pneumatikoa da. Gainerakoan, oro har era honetako gauzak egiten dira: post-it ohar-papertxoen itsasgarria, liburuen azalak... Egia esan, oro har, paperak zenbat eta dirdira handiagoa izan, couché esaten zaiona, orduan eta polimero gehiago dauka. Papera polimeroz estaliko ez balitz, idaztean boligrafoaren tinta zabaldu egingo litzateke.

Larrua tratatzeko ere erabiltzen da, hain leuna izan dadin polimeroa behar du. Gaur egun ehun asko tratatzen dira polimeroz; euri-ura eta zikinkeria uxatzen duten horiek, esate baterako, emultsio-polimeroz estalitako ehunak dira.

Ingurura begiratuta, badirudi milaka polimero-mota daudela, baina industrian gehien ekoizten direnak zazpi edo zortzi dira.
Jose Maria Asua laborategiko erreaktore baten ondoan.
G. Roa

Tira, bai eta ez. Tona-kopuruaz ari bagara, egia da: ekoizpenaren % 90 inguru polimero gutxi batzuk dira. Polietilenoa, polipropilenoa, estirenoa, PVCa, nylona, PET eta poliuretanoa batuta, gutxi gorabehera % 80-90 izango dira. Baina polimero horietako bakoitza familia bat da. Horregatik, nylona beharrean, nylonak esan beharko genuke, poliuretanoa beharrean poliuretanoak eta abar.

Eta, horiez gain, espezialitateetan kopolimero asko erabiltzen dira. Kopolimeroak monomero desberdinekin egindako polimeroak dira. Hau da, polietilenoa polimero bat da, eta etileno monomeroak bakarrik ditu, baina bi monomero desberdin erabilita kopolimero bat osatzen da. Esate baterako, estirenoarekin eta butil-azilatuarekin, pinturetan asko erabiltzen den polimero bat osatzen da. Eta beste monomero batzuk gehituta, beste ezaugarri batzuk lortzen dira.

Horren guztiaren ondorioz, polimeroen familiak oso handiak dira. Emultsio-polimerizazioko fabrika ez oso handi batek ehun-berrehun produktuko katalogoa izan ohi du. Konbinazioak egiten dira hainbat monomero erabilita, eta baita proportzio desberdinak erabilita ere. Beraz, pentsa zer aukera dagoen.

Halako aukera izanda, produktuak ia-ia bezero bakoitzari egokitutakoak dira?

Produktu guztiak dira bezeroari egokitutakoak. Baina, aukerari buruz hitz egitean, ekoizlea eta eroslea bereizi behar dira. Izan ere, ekoizlea saiatzen da ia edozer gauzatarako balioko duen produktu-katalogo bat osatzen. Hala, eroslea behar jakin batekin etortzen zaionean, behar hori aseko duen produktua katalogoan aurkituko du. Duela 30 bat urte arroparekin izan zen iraultza haren antzeko zerbait da.

Garai batean, arropa neurrira josten ziguten. Baina, halako batean, dendara joan eta egindako arropa aurkitu genuen, neurri desberdinak aukeran, egokiena aukeratzeko. Bada, polimero-enpresetan antzeko zerbait egiten saiatzen dira. Hau da, produktuak neurrira egiten dituzte aplikazio jakin bati begira. Dena dela, bezero handi horietako bat bazara, nahi duzuna eska diezaiekezu, baina, normalean, bezeroak katalogoan dauden produktuekin moldatu behar izaten du.

Esan bezala, katalogoko produktu hori neurrira egina da, aplikazio jakin baten neurrira. Oso ondo dakite polimero horren konposizioa zein den, pisu molekularren distribuzioa, kateen arkitektura eta gainerako guztia.

Polimero bat egitea errezeta bati jarraitzea bezalakoa da?
Gaur egun, ia edonon dauzkagu polimeroak: pinturetan, arropan, botiketan...
Artxibokoa

Bada, egia esan, literaturan askotan erabiltzen da errezeta hitza. Niri gehiago gustatzen zait formulazio hitza; errezeta gauza serioetarako uzten dut, sukalderako eta...

Txantxak alde batera utzita, nik nahiago dut formulazio hitza; baina, kontuz, horrekin ez dut esan nahi osagaiak bakarrik adierazten direnik, osagaiak eta erreakzioa aurrera eramateko modua ere agertzen dira. Hau da, tenperatura-profila, formulazioaren osagai bakoitza nola gehitu, nahastea nola egin... polimero bat eta ez beste bat lortzea eragiten duen bidea ongi adierazi behar da.

Polimero sintetikoek II. Mundu Gerran izan zuten bultzada handiena. Ordutik ez da mende bat ere igaro, eta, hala ere, ia edonon dauzkagu. Imajinatzen duzu nolakoa zen bizimodua polimerorik ez zegoenean?

Oso zaila da. Eta gizarteari bidali beharreko mezu bat dela iruditzen zait. Bukolismo antzeko bat dugu 'era naturalean' bizitzearen gainean. Baina teknologiak bizi-kalitatea eman digu.

Teknologiaren alderdi negatiboei begiratzeko joera dugu. Baina aurrerapen horiek gabe bizitza oso gogorra izango litzateke. Imajinatu zer zen janaria eskuratzea fitosanitariorik gabe, esate baterako. Bada, ez da mende bat igaro ordutik.

Ez dago gaizki falta dugunari begiratzea, hau da, ingurumena hobetu behar dugu, noski. Baina ezin diogu teknologiari uko egin, ez da posible.

Baina, bide honetatik jarraitzen badugu, petrolioa ahitu egingo omen da. Petrolioa erregai gisa erabiltzen dugu, baina baita Kimikaren lehengai gisa ere; polimeroen lehengaia da, hain zuzen ere. Zer gertatuko da petrolio amaitzen bada?

Tira, batetik, polimeroak garestiago ordaindu beharko ditugu. Eta, bestetik, esan behar da polimeroen ekoizpenerako erabiltzen den karbono eta hidrogenodun konposatuen frakzioa txikia dela (polimeroak oinarrian karbonoa eta hidrogenoa dira). Petrolioa ez ezik ikatza ere erabil daiteke polimeroak ekoizteko; izan ere, ikatzetik sintesi-gasa atera daiteke, eta horrekin petrokimika osoa garatu.

Teknologiaren aurrerapenean zeresan handia izan dute polimeroek; horiei esker, bizi-maila asko hobetu da.
Artxibokoa

Berez ez da petroliorik behar. Merkea da, ordea; eta horregatik hartu zuen ikatzaren lekua. Eta beste aukera batzuk ere badira; muturrera jota, biomasa bera. Karbonoa eta hidrogenoa ditu, eta oso ugaria da.

Polimeroak ekoizteko gaur egun erabiltzen diren prozesuetan biomasa barneratzeko transformazio bat beharko da; transformazio hori ez da garestiegia?

Ez. Eta, gainera, beste aukera batzuk ere badira. Gas naturaletik abiatuta, adibidez, kimika sinpleagoa da petroliotik abiatuta baino. Izan ere, ia petrokimika osoa etilenotik abiatzen da (oinarrian etilenoa, bentzenoa eta xilenoak daude); horietatik abiatuta lortzen dira gainerakoak.

Beraz, petrolioa agortzen denean?

Nik uste dut benetako arazoa energian izango dela: berokuntza, argia, industriaren baliabideak, garraioa... Hori da benetako arazoa. Gainerakoan, lehengai gisa gutxi erabiltzen da. Eta polimeroei dagokienez konponduta dago kontu hori. Arazoa ekonomikoa izango da, noski.

Rementeria Argote, Nagore
3
222
2006
7
022
Elkarrizketak; Kimika; Materialak
Elkarrizketa
11
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila