Aditu guztiak bat datoz: isuri bat gertatutakoan, beharrezkoa da ahal den erregai gehien biltzea itsasoan. Zergatik da hain garrantzitsua kostara ez iristen saiatzea?
Arrazoi asko daude. Ikuspuntu praktikotik, itsasoan biltzea lurreko zenbait tokitik kentzea baino errazagoa eta merkeagoa da, askoz ere baliabide eta bitarteko gutxiago behar baitira.
Gainera, erregaiak kostan egiten duen inpaktua itsasoan baino nabarmenagoa da, eta, ingurumenaren aldetik begiratuta, kostako ekosistemak aberatsagoak eta zaurgarriagoak dira; beraz, horiek babesteko ahalegina egin behar da.
Bestalde, denbora ere garrantzitsua da: zenbat eta arinago eta isuritik zenbat eta hurbilago bildu, hobe. Izan ere, denborarekin fuel-olioa emultsionatu egiten da, ura hartzen du eta bere bolumena bost edo sei aldiz handigoa egiten da. Gero, itsasoan dauden beste materialetara itsasten da eta, kostara iristen denerako, hasierako bolumenaren hogei halako bildu behar da.
Zein metodo erabili dira hemen Prestige -k isuritako erregaia biltzeko itsasoan?
Erregai gehiena salabardoen bidez bildu da. Bestelako bideak probatu eta garatu ditugu, baina arrantzaleen laguntza hain onuragarria eta handia izan denez, azkenean beste metodoak ez dira erabili, nahiz eta prest egon.
Aldeko eta aurkako faktoreak aztertu ondoren, irtenbide egokiena salabardoen bitartez jasotzea zela ondorioztatu genuen. Aipatzekoa da jendeak oso ondo hartu duela arrantzaleen lana, gizarteak elkartasuna eta babesa adierazi dio arrantzaleen ekimenari, eta hori ere aldeko faktore bat izan da.
Fuel-olioa biltzeko beste metodo batzuk probatu dituzuela aipatu duzu. Zein dira metodo horiek?
Gure lana arrantza-tresnak moldatzea izan da, fuel-olioa biltzeko egokiak izateko, eta sistema bat baino gehiago probatu dugu: arrasteluak, arraste-sareak... Adibidez, egokitutako arraste-sareekin probak egin genituen Santander parean, eta bost tona fuel-olio bildu genituen. Baina argi gelditu zen ez zela batere egokia.
Hasteko, arrantza-tresnak harrapatu nahi den arrain-espeziera moldatuta daude. Guk badakigu zein den arrainen jokabidea, eta horretan oinarrituta egiten ditugu arrantza-tresnak. Esate baterako, arraste-arrantzan sistema arraina biltzen doa: arraina sareetatik aldentzen da, eta erdialdera eta atzealdera joaten da. Azkenean, arrain denek bilduta eta nekatuta bukatzen dute, eta arrantzalea horretaz aprobetxatzen da.
Fuel-olioaren kasuan ezin da hori egin. Ura iragazi baina fuel-olioa atxikitzen duen sistema bat bilatu behar da. Arazoa da fuel-olioa ahotik sartu ahala sarean itsasten dela; ondorioz, sarea ez da ura iragazteko gai, eta berehala gelditzen da erabili ezinik. Gainera, sarea itsasontzira igotzean dena zikintzen zuen, eta oso garestia zen. Horregatik, bertan behera utzi genuen.
Arrasteluekin emaitza hobeak izan dituzue?
Bai, bai, egokitutako arrasteluak fuel-olioa jasotzeko oso eraginkorrak direla ikusi dugu. Donostian itsas hondoan algak biltzeko erabiltzen den Ozentziyo arrantzuntziarekin egin genituen probak. Arrasteluak marko batzuen modukoak dira, eta horietan sareak kateatzen dira. Kasu honetan, markoa 6 metro zabal eta 1,3 m luze zen. Flotagailu batzuen bidez, itsas azalean erabiltzeko eraldatu genuen sistema. Gero, sare horri haize-babesen materialez egindako zaku bat jarri genion barrutik.
Egokitutako arrastelua arrunta bezala eramaten du arrantzuntziak, eta bidean topatutako orban guztiak biltzen ditu. Salabardoak ez dira egokiak orban txikiak jasotzeko; arrasteluak, aldiz, den-dena biltzen du: zakuaren materiala oso itxia denez, ezerk ez dio ihes egiten, eta aldi berean ura iragazten uzten du.
Horretaz gain, ur-lasterren ondorioz, orbanek lerrokatzera jotzen dute, eta arrasteluak sei metroko zabalera duenez, lerro osoa jasotzen du. Beraz, sistema benetan eraginkorra dela frogatu dugu. Proba egin genuenean, fuel-olioa ez zegoen oso kontzentratuta, eta, hala ere, ordu erdian bost tona fuel-olio bildu genituen. Beraz, pentsatzekoa da orduko 10-20 tona bil daitezkeela arrasteluarekin.
Hori ez da asko? Salabardoekin zenbat fuel-olio biltzen da denbora horretan?
Bai, asko da. Arrantza-ontziaren eta tripulazioaren arabera, gizoneko eta eguneko batez beste tona bat biltzen da salabardoekin, eta arrasteluarekin, lagun gutxiago behar izateaz gain, oso emaitza onak lortzen dira. Gainera, ez dira arrantza-ontzi handiak behar; esaterako, Ozentziyok 21,3 metroko luzera du.
Kostuaren aldetik ere beste hainbat metodo baino hobea da, merkea baita. Materialak ez dira garestiak; markoa eta sareak berriro erabiltzeko moduan gelditzen dira. Zakua betetakoan, berriz, itxi eta balizatuta uzten da itsasoan, beste ontzi batek bil dezan; edo, kostatik hurbil ari bada, hondartzan utzi eta kamioi batek eramaten du. Bitartean, arrasteluan beste zaku bat jarri, eta arrantza-ontziak lanean jarraitzen du.
Metodoa garatuta dago. Ez dugu erabili, gehien bat salabardoen bidez jaso delako fuel-olio guztia, baina inoiz behar izanez gero sistema prest dago.
Beste isuri batzuetan probatutako hainbat metodo, hala nola, bioerremediazioa, disolbatzaileak, ponpa xurgatzaileak... hemen ez dira erabili, ezta?
Hesi higikorrek geldiarazitako fuel-olioa xurgatzeko erabili dira ponpak, baina toki jakin batzuetan bakarrik jarri ziren hesiak. Disolbatzaile kimikoak probatu direnean, mesede baino kalte gehiago egiten dutela ikusi da; beraz, hemen ez ditugu erabili. Bioerremediazioa, aldiz, eraginkorra izan da zenbait kasutan, adibidez, Exxon Valdez -en isurian. Kasu hartan isuritako erregaia oso biodegradagarria zen, eta, itsasora hura desegiten zuten bakterioak ugaritzeko eragileak botata, nahiko emaitza onak lortu ziren. Prestige -ren fuel-olioa, ordea, % 10 inguru biodegradatzen dela kalkulatu zuten; ondorioz, irtenbide hori ere alde batera utzi genuen.
Itsasoan jasotako ia fuel-olio guztia, beraz, arrantzaleek bildu dute. AZTIk batez ere orbanen jarraipena, aurreikuspenak eta arrantzaleen koordinazioa egiten kolaboratu du, eta, azkenean, emaitza txapela kentzeko modukoa izan da.
Itsas azaleko arrastelua
Itsas azaleko arrastelua 6 m zabal eta 1,30 m luze da, eta 10 cm-ko zabalerako U profilez eginda dago. Barrualdean, sarea lotzeko edo sareari eusten dioten mosketoiak jartzeko hagatxo bat du. Gutxi gorabehera, 300 kg pisatzen ditu, eta 380 kg-ko flotagarritasuna duten bi flotagailuren bidez lortzen da flotatzea egitura osoak.
(Argazkia: I. Onandia / Azti).Sarea polietileno purpuraz eginda dago, B/5 neurriko hariz, eta 50 mm-ko sare-begia du. Markoari lotutako gutunazal baten modukoa da, 6 m-ko luzerakoa eta 4 m-ko zabalerakoa. Barruan, haize-babesen motako polietilenozko zaku bat du, bi arlingekin: batak zorroa itxi egiten du eta besteak, berriz, askatu.