John Durant: "Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da"

Urruzola Arrate, Manex

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Massachusettsko Teknologia Institutua (MIT) mundu mailako erreferentzia bat da zientzia, ingeniaritza eta ekonomia arloetan. MITen egiten den ikerketa eta berrikuntzaren erakusleihoa da MIT Museoa, eta Cambridgen dago (Massachusetts). MITeko Zientzia, Teknologia eta Gizartea programako irakasle izateaz gain, duela bi urtetik, MIT Museoko zuzendaria da John Durant (Ingalaterra, 1951).
MIT Museoaren zuzendaria
John Durant: "Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da"
2007/10/01 | Urruzola Arrate, Manex | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
MIT Museoaren zuzendari izan aurretik, At-Bristol Zientzia Zentroko arduradun izan zen John Durant bost urtez. Sari garrantzitsu ugari irabazi zituen At-Bristol zentroak urte haietan.
Graham Gordon Ramsay
Nola bihurtu da ingeles bat Estatu Batuetako MIT ospetsuaren museoaren zuzendari?

Nire emaztea estatubatuarra da, Harvard Unibertsitateko irakaslea, eta denboraldi batean transatlantikoak izan gara. Zortea izan nuen 2005ean MITera etorri ahal izan nuelako; horrek gure familiaren petrolio-aztarna gutxitu du pixka bat!

MIT Museoak bere plan estrategikoa garatu berri du. Zein dira etorkizuneko erronka nagusiak?

MIT Museoaren eginkizuna da ikerketa eta berrikuntza denentzat ulergarri egitea. MIT erakunde paregabea da, mundu mailako ikerketa-tradizio bereizgarria du zientzia-, ingeniaritza- eta teknologia-esparru guztietan. Pribilegio izugarria da jarduera horiek guztiak gizarteratzeko arduraduna izatea; Museoa hedatuz eta ikuslegoaren profila zabalduz, modu eraginkorragoan eragin nahi dugu.

Dibulgazio-ekintza garrantzitsua gidatu du aurten MIT Museoak: Cambridgeko Zientzia Jaialdiaren lehen edizioa. Bestalde, irailean ireki da gure erakusketa % 50 zabaldu duen solairuaren hedapena, kaletik askoz ikusgai eta nabarmenago egiten gaituena. Garapen garrantzitsu horiek oso modu esanguratsuan hasten dute plan estrategikoarekiko lotura, nire ustez.

Zer funtzio du MIT Museoak MITen gauzatzen den ikerketaren dibulgazioan?

Garrantzi handiko hiru gauza egiten ditugu: MITeko ikerketa eta berrikuntza esanguratsuenen materialaren bilduma egiten dugu; erakusketa iraunkor eta aldi baterakoak sortzen ditugu; eta hainbat motatako egitarauak garatzen ditugu: museoari loturiko hainbat, eta baita gizartera zabaldutako beste hainbat ere.

MITeko ikerketa eta berrikuntzari buruzko zein bilduma nabarmenduko zenuke?

Zientzia-museo askoz handiagoetan lan egin izan dut, baina inon ez dut aurkitu MIT Museoan bezainbesteko aukerarik lehen mailako zientzia- eta teknologia-tresnak biltzeko. Zuzendari izan naizen denbora laburrean, honako hauek eskuratu ditugu: 1960ko hamarkadako Apollo ilargi-programako ingeniaritzako jatorrizko eredu eta gidaliburuak; itsas sakoneko munduko lehen albo-esploraziorako sonarra, esplorazio zientifikoa hainbeste ireki zuena; Claude Shannon-ek azken urteetan sortu zituen jostailu mekaniko eta elektromekanikoen bilduma zoragarria; eta XX. mendearen erdialdeko zientzia- eta teknologia-informazio aitzindaria, batzuk aipatzearren. Nire buruari galdetzen diot: munduko zein beste txokotan aurki daitezke honelako harribitxiak?

Zer iritzi duzu 'Laborategi irekiak' esperientzien inguruan, zeinetan zientzialariak laborategian lanean ari diren bitartean ikusleen bisita jasotzen duten?
(Argazkia: Eric Roth)

Nola egiten den. Laborategi batzuetan egiten dena ikustea pintura lehorra ikustea bezalakoa da neurri batean, baina batzuetan zientzialariek oso gauza interesgarriak egiten dituzte, eta ia beti dute zerbait interesgarria esateko egiten ari direnaren inguruan. Alegia, 'Laborategi irekiak' bertan egongo diren zientzialariekin batera antolatu behar dira, eta, ahal bada, gertatzen ari denari buruz elkarrekin hitz egiteko aukera izan behar dute ikusleek eta zientzialariek. Horixe egiten saiatu gara MIT Museoan Lab-Link ekimenarekin: ikusleak eta laborategian dauden ikertzaileak konektatuko dituen zuzeneko bideokonferentzia-ekitaldia.

Zergatik da hain garrantzitsua ikertzaileek beren ikerketen emaitzen berri ematea?

Komunikazioa lantzen ez duen zientzialaria arrakastarik gabeko zientzialaria da. Komunikazioa zientziaren oinarrizko atal bat da; zientziak berekin dakar giza ezagutzarentzat egin den ekarpena besteei jakinarazten saiatzea. Horri buruzkoa da zientzia-argitalpen prozesua, erritu izugarri bihurtu dena. Lehenago edo geroago, merezi duten aurkikuntzak ezagutarazteko kudeaketan arrakastarik ez duten zientzialariak beren lanetik kanpo egongo dira. Beraz, zientzialaria izan nahi baduzu, izan zaitez komunikatzaile ona!

Gizartearen eta komunitate zientifiko-teknologikoaren artean gertatzen ari omen den banaketaren aurrean, nola jokatu behar dute egungo zientzia- eta teknologia-museoek?

Beti sinetsi izan dut zientzia- eta teknologia-museoak oso garrantzitsuak direla adituen eta gizartearen arteko elkargune gisa. Gure museoak konpromiso publikorako foro moduan garatu behar ditugu; ikasteko, noski, baina baita elkarrizketarako eta eztabaidarako ere. Horixe ari gara egiten hemen, MIT Museoan. Artearen munduarentzat Arte Garaikideko Institutu bat zer den, horixe izan nahi dugu guk zientziaren eta ingeniaritzaren munduarentzat.

Zer helburu ditu gaur egun zientzia- eta teknologia-museo batek? Zer indartu behar da museoetan eta nola erakarri behar dira bisitariak?

Galdera asko dira batera. Hauxe da nire aholkua: izan aipagarria, izan zorrotza, izan argia; ez izan zeure ikuslegoaren bezero; eta ez ezazu zeure burua hain serioski hartu.

"Zientzia-dibulgazioa egungo aro eszeptikoan" izenburupean hitzaldiak eskaini dituzu. Nola ikusten duzu gizarteak zientziaren aurrean duen erantzuna?

"Sinets iezadazu, zientzialaria naiz eta" esan ahal izateko egunak bukatu dira. Orain, beren iritzia kaleratzean aurre egingo dietela pentsatu behar dute zientzialariek; eta, beste profesional batzuek egin duten moduan, horren aurrean nola jokatu ikasi behar dute. Zientzialariei aurre egiteak ez du derrigor esan nahi zientziaren aurkakoa izatea, autoritatearen aurkakoa izatea baizik.

Londresko Zientzia Museoko Zientziaren Komunikazioko zuzendari izan zen John Durant 1989tik 2000ra.
Graham Gordon Ramsay

Egiazki, zientzialariak dira gizarteko talde profesional guztietatik errespetuaren gainbeheragatik gutxien arduratu behar luketenak, zientzia bera baita autoritatearen aurkakoa. Hipotesi baten aurrean, zientzialariek arrazoiei eta frogei erreparatu behar liekete, eta ez hipotesia proposatu duenaren izen, titulu eta kalifikazioei!

Kazetaritza zientifikoaren garrantzia aldarrikatu izan duzu.

Funtsezko informazio-, ideia- eta iritzi-iturria da kazetaritza zientifikoa. Nire ustez, kazetaritza zientifiko onena kazetaritza orokor onena bezalakoxea da: ezezaguna dena ezagutarazten du, iluna dena argitzen du eta eztabaidagarria denari aurre egiten dio. Azken finean, ez dago kazetaritza zientifiko eta kazetaritza politikorik; kazetaritza ona eta kazetaritza txarra besterik ez dago.

"Batzuetan nire buruari galdetzen diot ez ote den MIT Cambridge-n baino ospetsuagoa mundu guztian". Zuk esana da.

MITera iritsi eta handik gutxira esaldi hau entzun nuen: "MITen ospea handitu egiten da Charles-tik urrundu ahala" (Charles hango ibaiaren izena da). Pentsatu nuen ziur aski horrelako zerbait gertatuko zela. Izan ere, 1990eko hamarkadan irakasle izan nintzen Londresko Imperial College-n, eta "Europako MIT" gisa ezagutzen da hura! Nork esan zuen imitatzea dela lausengatzeko erarik zintzoena?

Zientzia, Teknologia eta Gizartea programako irakasle zaren aldetik, nola ikusten duzu garapen teknologiko erabatekoaren aurrean gizarteak daraman bilakaera?

Urduri, adi-adi, zalantzati, eta batzuetan kezkati samar ere sentitzen naiz; alegia, beste edonor bezalaxe!

Erreferentzia-erakundea
Massachusettsko Teknologia Institutua (MIT, ingelesezko Massachusetts Institute of Technology -tik) Estatu Batuetako irakaskuntza- eta ikerketa-erakunderik garrantzitsuenetako bat da, batez ere zientzia, ingeniaritza eta ekonomia arloei dagokienez. MIT erakunde pribatua da, eta 32 departamendu akademikoz osatua dago --ikerketa teknologiko eta zientifiko teoriko eta aplikatuak garrantzi berezia du--. Cambridgen (Massachusetts) dago, eta 63 Nobel saridun daude irakasleen eta ikasle ohien artean.
Urruzola Arrate, Manex
3
235
2007
10
029
Elkarrizketak; Museoak
Elkarrizketa
15
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila