Xabier Erkizia Soinu-ikertzailea

"Harrigarria da zenbat ikerketa egin diren soinuaz, eta zer gutxi entzuteaz"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Xabier Erkiziari entzunda, garbi dago motz, oso motz, geratzen zaiola soinuaren definizio klasikoa. Soinu-ikertzailea da Erkizia, eta, batzuetan, zientzialariek erabiltzen dituzten tresna berak baliatzen ditu lanerako. Baina haren helburua ez da zientifikoa, bestelako asmoak eta kezkak ditu: zer harreman dagoen soinuen eta ekonomiaren artean, soinuen eta musiken alderdi politikoa eta historikoa, soinuen pertzepzioa genero-ikuspegitik... Azkenaldi honetan, entzutean jarria du arreta. Horretaz guztiaz hitz egin digu bere lantoki eta laborategietako batean, Artelekun, hizketa biziz baina isiltasun-uneei uko egin gabe. Eta opari bat ere egin digu: 5 soinu, 5 entzuteko modu grabaketa eskaini digu. Horretaz gozatzeko, irakurleak entzule bihurtu beharko du. Hemen, berriz, elkarrizketan esandako hitzak bildu ditugu, zurian beltz.
harrigarria-da-zenbat-ikerketa-egin-diren-soinuaz-
Arg. © Juan Carlos Ruiz/ARGAZKI PRESS

--> Entzun 5 soinu, 5 entzuteko modu grabaketa:

 
Badago bereizketarik soinuaren, zarataren eta musikaren artean?

A priori, niretzat ez dago desberdintasunik, eta onartuta daudenak guztiz subjektiboak dira. Banaketa horren gauza interesgarriena atzean gordetzen duen ezberdintzeko saiakera edo beharra da. Gure aurreko belaunaldientzako, guk entzuten dugun musika beti zarata izan da, eta guretzat ere hala izango da gure hurrengo belaunaldiak entzungo duena. Horrek adierazten du musikak zenbateko gaitasuna daukan nortasuna indartzeko edo eraikitzeko. Bereizi nahi horretan badago balioen birkontaketa bat. Gaztetan, gure gurasoek entzuten duten musika izan daiteke horterada bat eta, gero, denborarekin, zure burua topatzen duzu boleroak entzuten. Eta gurasoentzat ere antzera izaten da: entzunez, ulertuz, ikasiz...

Orduan, ikasi egiten da entzuten?

Bai [ziurtasun osoz]. Behar bada hori da gurekin daramakigun kontraerranetako bat: uste dugu musika bere balio estetikoengatik epaitzeko gai garela, eta ez da horrela; guk, berez, ez dakigu hori egiten, ikasi egiten dugu.

Musika guk aukeratzen dugula uste dugu, gure izaerarekin ondo datorrelako eta abar, baina, benetan, musikak aukeratzen gaitu gu, musika horrek gure aurrekoekiko haustura suposatzen duelako. Ondorioz, musikak aukeratzen gaituenean, guk hura besarkatzen dugu, aipatu haustura hori indartzeko eta performatzeko.

Soinua, zarata eta musika definitzean, soinua da hiruren izendatzaile komuna, bibrazio-mota guztiak bere barruan onartzen dituena: gustukoak eta ez gustukoak, nortasuna indartzen digutenak edo ez... Musika izango litzateke soinuaren adierazpen humano bat; entzuten dugun horren guztiaren erantzun bat, nolabait; eta horrek suposatzen du erantzun bat gizartean, estatus kulturalean, sistemaren aurrean...

Eta zarata izango litzateke, behar bada... [hizketa eten du pixkatean] soinu politizatu bat. Politizatua zentzu batean: zaratak beti suposatzen du gaitzespena. Negatiboa da, beti da bertzeena. Eta norberarena bada, musikaren testuinguruan izango da, non haustura horrek behartzen zaituen jarrera bat hartzera eta esatera "nik zarata egiten dut honen kontra". Zarata beti da zer edo zeren kontra, zaratak dauka beti...

Arg. © Juan Carlos Ruiz/ARGAZKI PRESS
Bestea?

Bai, bertzea oso presente dago zaratan. Bertze rik gabe, ez legoke zaratarik; hori da behar bada gakoa. Zarata, eta musika horren barne, da bertzearen soinua deskribatzeko erabiltzen dugun adjektibo bat, nabarmen politizatzen duguna. Politizatzen dugu bertzearekiko dugun erlazioetan eskala batzuk ezartzeko, eskala sozialak adibidez. Zarata eta isiltasuna bezalako kontzeptu abstraktuak eta guztiz subjektiboak erabiltzen ditugu, hain zuzen, gizarte-maila desberdinak deskribatzeko.

Atzerritarra beti da zaratatsua...

Atzerritarra beti da zaratatsua; bizilagunak beti dira zaratatsuak; aberatsak beti dira isilak, eta pobreak, gero eta pobreago, orduan eta zaratatsuago. Horrek ere badu aldi berean musikarekin lotura... Adibidez, har dezagun topikoa: ijitoak oso zaratatsuak dira. Zergatik? Beti musika jotzen ari direlako. Eta non jotzen dute musika? Kalean. Baina musika hori bera sartzen baduzu Kursaalen, orduan jada ez da zarata. Hor dago gure balioen erradiografia, hori da niretzat interesgarriena entzumenaren mundu honetan.

Eta, hain zuzen, gure hezkuntza banaketa horretatik abiatzen da, eta jada ikastolan erakusten digute zer den musika, zer den zarata, baina ez digute erakusten zer den soinua. Zergatik? Hezkuntza-sistemak, nolabait, banaketa horien beharra duelako. Irakasle batek, bere ikasleekin moldatzeko, eskala hori behar du: bere ahotsa ez da zarata, eta bertzeek egiten dutena, hori zarata da. Eta guk autoritate hori onartzen dugu, baina, bertzalde, nork ez du iskanbilarik sortu, irakasleak isildu arazi arren? Nolabait, denok praktikatzen dugu zarata momenturen batean. Behar bada, hezkuntzaren urte horiek garrantzitsuak dira, hain zuzen, balio horiek indartzeko, baina inork ez digu ematen gertakari horren espektro zabal bat. Eta hori kritikagarria izan daiteke, baina ez da salagarria guztiz; azken finean, gure gizartea balio horietan oinarrituta dago.

 
Soinu-sortzaile izateaz gain, biltzaile ere bazara, beste gauza askoren artean, eta baduzu proiektu bat: Soinu Mapa.
Lesakako Nabasturen zentral hidroelektrikoan grabatzen "Bidasoa Elektra" diskorako (Ferns recordings, 2012). Arg. Asier Gogortza

Soinu Mapa hemen sortu zen, Artelekun. Orain arte webgunea edukitzeko Artelekuren laguntza jaso dugu, baina orain bide berria abiatu nahi dugu, egitasmoari dagokion autonomia emanez, egitasmo kolektiboa izan behar duela sinetsita gaudelako. Arazo nabarmena sustengua da. Nahiz eta bisita mordoa duen, parte-hartzaile pila, zortzi urte daramatzan funtzionatzen, kosta egiten da edozein erakunde publiko konbentzitzea. Iruditzen zaigu badagoela zerbait ez dena guztiz iristen, eta azkenean beti ondarearen ideia dela gailentzen dena.

Guri ondarearen kontu hori aunitz interesatzen zaigu, baina ez da gure helburu nagusia ondare bat osatzea. Helburua hori balitz, egin beharko genuke ikerketa serio bat, baliabide jakin batzuekin, ondarearen irizpideen arabera soinu batzuk lehenetsiz. Eta behar bada guri gehien interesatzen zaiguna da justu lehen aipatzen genuen zarataren eta soinuaren arteko balio-aldaketa hori islatzea soinu-grabaketa batzuen bidez. Eta ikustea soinu-grabaketa horietan ere nola islatzen diren aldaketa historikoak.

Adibidez, frankismo garaiko NODOek narrazioa eta musika dute, eta soinua edo irudia kentzen badiezu, bat batean beste zentzu bat hartzen dute, guztiz. Zer gertatuko litzateke irudi horien benetako soinuak entzungo bagenitu? Nola aldatuko lirateke gure errelato historikoak?

Horrela hasi ginen soinuak zintzilikatzen Soinu Mapan, eztabaida zabal bat pizteko... Eztabaida horretatik zer atera daitekeen ikusi nahi dugu. Beraz, denborarekin entzunaldien mapa bihurtu da. Zergatik? Gu ere kontzienteak gara zer subjektiboak garen soinuak biltzerakoan eta soinu horiek aukeratzerakoan.

Gainera, mapa, definizioz, gauza zaharkitua da, ez Soinu Mapa bakarrik, edozein mapa. Soinuarekin, are gehiago. Soinuak ez dira existitzen mugimendurik gabe, presentzia batzuk dira. Jendeak aunitzetan erraten digu: "leku horretara joan beharko zenuke, halako soinua dago...", baina joaten garenerako jada ez dago. Gu, berez, zentzu haundirik ez daukan zerbait egiten ari gara. Grabaketa bat zintzilikatzerakoan, jada existitzen ez den zerbait jartzen ari zara mapan. Denbora eta espazio jakin bateko soinu bat jartzen ari zara denborarik eta espaziorik gabeko leku batean. Entzule gisara ditugun kontraerran guztiak azaleratzeko balio digu, eta hori da interesgarriena.

Edonola ere, soinu pila bat bildu dituzue.

Gaur egun 1.500 bat soinu izango ditu. Horiekin, egin dezakezu, adibidez, inauterien azterketa bat soinuen bidez, edo trafikoarena, edo ur azpiko soinuena... Baina gu ez gara ez biologoak, ez antropologoak, ez ezer. Guretzat, artearen sentsibilitatetik dauka balioa entzuten dugun horrek.

Indiako Ahmedabad hiriko igandeetako merkatu jendetsua grabatzen. Arg. Isabel Herguera

Hala ere, komunikabide batzuek eta hezkuntza zentruek erabiltzen dituzte guk bildutako soinuak, eta nahi genuke are gehiagok erabiltzea. Izan ere, Soinu Mapa librea da, eta funtzio hori ere badu. Ez dakigu noiz arte iraungo dugun, baina momentuz, elkarte bat sortu dugu, Audiolab izenekoa, hura kudeatu eta ikerketak sustatzeko. Erraterako, ikerketa-ildo posibleak aztertzen, entzuteko modu aunitz daudela ikusi dugu. Hortik etorri dira Soinu Maparen bi atal berriak: Entzuteko idatziak [soinuak grabatzeko gailuak asmatu aurretik idatziz egindako kronikak, zaratari buruzko lege zaharrak...] eta Soinudun irudiak [soinua irudikatzen duten irudiak]. Zergatik soinuek ezin dute egon testuetan eta irudietan islatuak? Eta islatze horretan, nolako sinbologiak sortzen dira? Eta zenbateko garrantzia dute? Eta zer neurritan gara sinbologia horiek interpretatzeko gai?

Kasu hauetan entzuleaz ari gara, ez soinuaz. Izan ere, harrigarria da zenbat ikerketa egin diren soinuaz, eta zer gutxi entzuteaz. Musikan, ahozkotasunean, bertsolaritzan... praktika soilik aztertu da, adierazpidea. Baina entzulea, horri guztiari balioa ematen dion subjektua, ezkutuan dago. Inor ez da entzuteaz arduratu.

Aldiz, ikerketa dezente egin dira aztertzeko musikak sortzen duen eragina unibertsala ote den. Zuk zer iritzi duzu?

Egia errateko, kontu hori ez zait gehiegi axola. Musika unibertsala dela esatea da ura unibertsala dela esatea bezala, edo hitza... Hitza eta musika eskutik doaz beti; hitza dagoen lekuan, musika dago. Beti. Bi arrazoiengatik: bat, musika erantzun bat delako inguruarekiko, alegia ingurua nolakoa, halakoa izango da musika; eta, bi, musika gehienak, sorreran, lanabesak direlako.

Musikaren funtzionaltasun horren seinale, historiako pentsalari guztiek hartu dute aintzat musika. Musikak askatzeko balio duelako, baina, batez ere, manipulatzeko balio duelako. Industrializatu gabeko herrialde batera joaten bazara, segituan konturatuko zara musika eta lana eskutik doazela: hemen, adibidez, emakumeak arto-zuritzen ari zirenean, sinkronizazioaren, erritmoaren beharra zuten; Vietnamgo arroz-soroetan ere, arroza biltzean, denek erritmo berean joan behar dute... Horretarako erabiltzen da kantua, musika. Hor daude martxa militarrak ere. Ejerzitoa sinkronizatzeko balio dute. Eta behin sinkronizatuta, zer gehiago egin dezakegu horrekin? Hori da kontua. Musika unibertsala ote den baino gehiago interesatzen zait zertarako erabiltzen den.

Etnomusikologiak horri buruzko ikerketa pila egin ditu, baina gehienak mendebaldeko ikuspegitik egin izan dira. Hori ez da musikarekin bakarrik gertatu, jakina, baina musikan oso nabarmena da ikertzaileak entzundakoa eskala kromatikora itzultzen duela. Eta gure arauetara moldatzeko prozesu horretan, izugarrizko aberastasuna galtzen da.

Lian Nain baten erretratoa Likisa eskualdean, Ekialdeko Timor (2009). Arg. Asier Gogortza
Munduko hainbat lekutan ibilia zara, tartean Ekialdeko Timorren. Toki berezia da zuretzat, ezta?

Hala da. Berez, hizkuntzen bila joan nintzen. Jakin genuen hizkuntza pila bat hitz egiten zirela han, eta haiek grabatzeko asmotan joan ginen. Eta han beste zerbaitekin egin genuen topo: konturatu ginen ez zegoela soinu-erregistrorik, ez hizkuntzena, ez bestelakorik. Ezta musikarena ere. Are gehiago, musika-tresnarik ere ez zuten. Nola zen posible? Bada, lurralde horrek genozidio basati bat pairatu zuen, eta belaunaldi oso bat galdu zuen. Eta horrekin batera, bere kultura-aberastasunaren zati handi bat desagertu zen.

Egoeraz jabetuta, ahal genuena egitea erabaki genuen, eta gure mikroak eta hartu, eta grabatzen hasi ginen. Hori bai, argi genuen, zerbait grabatzen genuen bakoitzean, kopia bat utziko genuela lekuko irratian, artxiboan edo dena delakoan. Ez dakigu gero zerbait egin ote duten horrekin, baina guk garbi dugu hori haiena dela. Guri balio digu horrek ikerketa-gai bezala, baina arazo etiko larriak ditut horri copyright bat jartzeko. Horrelako egoera batek zure kontraerran guztien aurrean jartzen zaitu. Kontua da hemen disko bat argitaratu nahi baduzu, nahi eta nahi ez, copyright bat jarri behar diozula, baina konturatzen zara horrek eman dezakeen dirua ez dela sekula itzuliko harat. Beste errealitate bat da, eta zeure buruaren kritika egiteko balio du.

Ekialdeko Timorren egindako grabaketa-multzo bakarra guk egindakoa da. Ni horrek asko kezkatzen nau, ez dakigulako zer ari garen galtzen. Eta, bestetik, liluragarria da, topatzen baitituzu inolaz ere espero ez zenituen gauzak. Adibidez, niretzat sekulakoa izan zen Lian Nain-ekin topo egitea. Pentsa: entzutearen kontuak nerabilzkin buruan, eta, bat batean, bere funtzioa entzutea den figura topatu nuen.

Lian Nainek ardura hori dute: inguruan gertatzen den guztia entzuten dute, bizilagunek esaten dutena eta pentsatzen dutena, txorien kantua, haizearen hotsa, errekaren soinua, espirituek eta jainkoek diotena... Dena entzun eta memorian gordetzen dute. Eta tartean behin, norbaitek arazoren bat duenean, edo bien arteko liskar bat pizten denean, harengana jotzen dute, eta orduan hasten da entzundako guzti hori ahora ekartzen. Eta azkenean, beti dator epaia edo erantzuna. Horretara iristeko, inoiz ez dakizu zenbat denbora beharko duen, izan daitezke minutu batzuk edo orduak, baina beti-beti erantzuten dio galderari. Gainerakoan, bere funtzioa entzutea da eta entzundakoa memorian gordetzea, giza grabagailu bat balitz bezala.

Agian, neurri batean, bertsolariaren funtzioa ere garai batean antzekoa zen: ez zen hainbeste kantatzea, baizik eta idazten ez zen garai bateko kronika egitea eta horren memoria gordetzea. Eta, horretarako, nahitaez entzun behar zuen. Trobadoreek ere egiten zuten hori, baina idazketa sortu zenean, desagertu egin ziren. Bertsolariek, ordea, iraun egin dute. Zergatik? Segur aski, idatzitakoarekin ez zeudelako guztiz ados. Hortaz, bertsolaritza izan daiteke bizirauteko estrategia bat, Lian Nainena bizirauteko estrategia den bezala.

Xabier Erkizia Martikorena
1975an jaio zen, Lesakan. Haren esanean, mugako herri batekoa izateak eta txikitan kontrabandisten istorioak entzun izanak eragina izan dute beraren izaeran. Izan ere, istorio horietako asko gauez gertatzen ziren, eta, haietan, soinuek garrantzi berezia zuten. Dioenez, dantzari ohia izateak ere arrastoa utzi dio (musikariak dantzari frustratuak omen). Edonola ere, musikari bihurtu zen, eta irrati-telebistako ikasketak egin zituen Bilbon. Gaur egun, soinu-artista da, musikaria, ekoizlea eta kazetaria. Beste musikei eskainitako ERTZ jaialdiaren sortzaileetako bat da, Artelekuko Audiolab soinu-laborategiko zuzendaria, eta hainbat film, antzezlan nahiz dantza-ikuskizunetarako musika egin du. Azkenaldian, entzumenaren fenomenologia ikertzen dabil.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila