Garbiñe Egibarrekin kulturaz mintzo

Garbiñe Egibar Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Sailean Diputatu-ordea da. “Koldo Mitxelena” deituriko kultur unea zabaldu dela eta, aproposa iruditu zaigu berarekin kulturari buruzko solasaldi bat izatea.

Elh.: Koldo Mitxelena liburutegiaren historia adieraziko al diguzu? Zergatik aukeratu da izen hori? Ez al dago nahikoa liburutegi Donostian?

G. E.: Ez dago hainbeste liburutegi; ezta hainbeste liburu ere, biztanle-kopurua kontutan hartuta. Europako batezbestekotik askoz ere beherago gaude eta liburutegiak falta zaizkigu. Koldo Mitxelenaren izena jartzearen arrazoia ere garbia da. Inork euskal kulturari ezer eman badio, nahiz eta batzuetan eztabaidagarria izan, bera izan zen dudarik gabe.

Elh.: Zer material duzue orain Koldo Mitxelenan?

Administrazioak kultur industriaren sustatzaile izan beharko luke.
L. Arzuaga

G. E.: Diputazioko liburutegia ez da liburutegi zaharra; mende honen hasierakoa baizik. Hasieran, diputatuen liburutegia izan zen. Diputatuak elkartzen zirenean, Gipuzkoa osotik etortzen ziren eta Diputazioan bertan bazkaldu etab. egiten zuten eta denbora librean edota atsedenaldietan liburuak behar zituzten irakurtzeko. Horrela sortu zen Diputazioko liburutegia. Ekarpen inportanteena Julio Urkijoren liburutegia eskuratu zenean egin zen; hau euskal gaietan zegoen liburutegirik inportanteena izan baita.

Hori kontutan hartuz, euskaraz argitaratutako guztiarekin osatuz joan da. Horretarako beste fondo batzuk ere erabili dira; Busca Isusirena eta abar. Gero, Koldo Mitxelena ireki behar zela eta, ahalegin handia egin da gaurkotasunezko gaiak eskuratzeko. Une honetan Koldo Mitxelena liburutegia definitzen denean, bi zutaberen arabera hitz egiten da: batetik ezin dugu ahaztu Euskal Herrian ez dagoela liburutegi nazionalik, beste nazioetan gertatzen denaren antzera, eta bestetik, une honetan ez dago planteamendurik euskal liburutegi nazionalik sortzeko.

Dena den, nire iritzian Diputazioak izango lirateke zutabe edo oinarri. Beraz, Gipuzkoan dugun erronka euskaraz, Gipuzkoan eta euskal fondoetan argitaratzen den guztiarekin osatzen joatea eta mantentzea da. Bestetik, lehen esan bezala, Gipuzkoan liburutegi gutxi dagoenez eskaintza publikoa egin behar genuen behar hori asetzeko. Dena den, Diputazioaren helburua ez da liburutegi publikoa izatea. Gaur egun bada eta eskaintza hori egin behar du, baina benetan liburutegi publikoen erantzukizuna udalek eduki behar dute. Beraz, Koldo Mitxelena dagoelako ez da pentsatu behar udalek inbertitu behar ez dutenik. Horregatik, urte batzuetara begira Koldo Mitxelenak euskal fondoetan eta giza jakintzan edo humanitateetan espezializatua izan behar du.

Elh.: Zientzia eta teknologia giza gaia al da?

G. E.: Bai giza gaia da, baina ezin duguna punta-puntan joatea da. Adibidez, fisikako ez dakit zer liburu edukitzea, gurea baino gehiago unibertsitatearen erantzukizuna dela uste dugu. Guk hutsartea, humanitate gaietan ikusten dugu. Unibertsitateek espezializazioa beste maila batean izango dute. Berdin gertatu zaigu Artelekuko dokumentazio-zentruekin, hau da, hor punta-puntako guztia eta gai horien inguruan munduan ateratzen dena dago. Koldo Mitxelenan ezin dugu horrenbesteraino heldu. Zabalagoak, orokorragoak edo erabilgarriagoak eduki behar ditugu.

Elh.: Jendeari zuen fondoa erakusteko garaian teknologiak eskaintzen dituen bide berriak erabiliko al dituzue? Adibidez, liburuak digitalki eskuratu ahal izatea, gauza bera argazkiekin, etab.?

G. E.: Dudarik gabe bide horretatik jo behar dugu, eta liburu zaharrekin edo liburu zahar gehienak ez dira jendearen eskura jartzen. Gauza batzuk mikrofitxetan jada badaude. Digitalizazioa ere jorratzen ari gara. Badago entziklopedia bat CD ROMean. Beraz, bide horiek jorratu eta landu egingo ditugu.

Elh.: Beraz, aurrekontuen zati bat horretan erabiliko da?

G. E.: Bai. Dena den, orain arte merkaturatzen diren euskarri berri horiek eskuratu egin ditugu. Oraindik ez dugu produkturik inplementatu.

Elh.: Orain arteko kritikak Koldo Mitxelenari buruz, nolakoak izan dira?

G. E.: Orain arteko kritikak erabat positiboak izan dira. Jende asko etorri da. Uholdea izan da. Egunero ia bi mila pertsona pasa dira bertatik. Hori guztia normalizatu egingo dela pentsatzen dut. Gainera jendeak liburuak eskatu eta ordenadorearen aurrean kontsultak egin ditu. Horrek, demanda bat badagoela erakusten du. Hogei puntu ditugu informaziorako eta jendeak toperaino erabiltzen ditu, berez inolako problemarik gabe.

Elh.: Krisi garaian gaude. Garai hauetan kultura izaten da seniderik pobreena. Somatzen al duzu horrelako zerbait?

G. E.: Bai, somatzen da, baina kulturan gaudenak kultura errentagarri bihurtu behar dela pentsatzen dugu, eta ez biharko; epe luzerako baizik, hau da, plan luzerako errentagarritasuna bilatu behar zaio. Horrekin batera batez ere errentagarritasun soziala bilatu behar da. Une honetan krisiak dena hartu du, baita kultura ere, baina argi dugu krisi garaian ere ezin dugula atzean geratu. Hain zuzen Koldo Mitxelenan ez da murrizketarik egongo. Krisi garai honetan Koldo Mitxelena berak gogoeta-topagune izan behar du. Beraz, beste alor batzuetan jaitsiera egongo da, baina hemen ez. Orain badirudi turismo, kultura etab. direla herri honen salbamena eta nire iritzian hori horrela baldin bada ea kanpotik etorritako kulturagatik ez eta guk produzitu edo sortutako kulturagatik den.

Kultur taldeei eta giza taldeei hasieran sortzen direnean lagundu egin behar zaie; ez baitu zentzurik administrazioak bakarrik egindako kulturak. Baina talde horiek jakin beharra dute ezin dutela betirako administrazioaren eskutik egon. Ezin da autofinantzazioaren bidea ahaztu, baina bapatean hori ez dela lortuko jakin badakigu. Beraz oreka lortu behar da kultur taldeekin: nahitanahiezkoak dira kultur taldeak eta nahitanahiezkoak dira beren ekintzak. Administrazioak kultur industriaren sustatzaile izan beharko luke.

Elh.: Baserri-kulturatik kultura urbanora pasatzen ari gara. Igarotze honetan lehenaren eta orainaren artean konexiorik ba al dago edo galdu egin da?

G. E.: Baserria ez da gauza zaharra; gauza modernoa baizik. XVII. mendean azaldutako zerbait da, industri krisi baten ondoren jendeak nekazaritzara jo zuenean. Nik uste dut, gaur egun oraindik atzera begira gaudela eta konexio gehiegi dauzkagula; konexio desegokiak izan ere. Ona da gertatutakoa ezagutzea, baina ez mitoetatik bizitzea. Beraz, atzera begiratzen dugun bakoitzean aurrera begiratzeko izan behar du eta ez hor geratzeko. Konexioak baditugu, baina ez konexio egokiak. Gauza batzuez lotsatu egiten gara eta beste batzuk idealizatuak ditugu. Beraz falta da gogoetarako horrelako foro bat eta debategune bat. Nire proposamena, hain zuzen ere, horixe da: Koldo Mitxelena horixe izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila