Iruzur zientifikoaz hitz egitean, zertaz ari gara?
Kontzeptu hori oso zabala izan daiteke, eta batzuek zientziaren inguruan gerta daitezkeen nahaste guztiekin lotzen dute. Baina nire ustez arazo etikoak ez dira iruzurrarekin nahasi behar. Ni iruzurraren definizio ofizialera mugatzen naiz. Iruzur zientifikoa ikerketa zientifikoa egitean eta emaitzak zabaltzerakoan arauak ez errespetatzea da. Horrek ez dauka zerikusirik, adibidez, aurkikuntzaren erabilerak sor ditzakeen ondorio txarretan zientzialariak berak ardurarik duen ala ez esatearekin.
Gainera, azpimarratu nahi dut zientzialariak ez garela gainerakoak baino hobeak ala okerragoak eta ez gaudela etikoki gizarteko gainerako taldeak baino gorago. Neurri horretan ez da harritzekoa zientzian ere iruzurrak bere lekua izatea.
Ezagutzen diren ikerketen emaitzak fidagarriak al dira?
Ikerketa zientifikoen emaitzak fidagarriak dira, argitaratzeko ikaragarrizko kontrolak pasatzen baitituzte. Tartean behin gerta daiteke emaitza okerreko ikerketak plazaratzea, baina horiek ez dute luze irauten gezurtatu gabe. Garrantzi handiko ikerketek jende asko erakartzen dute, eta emaitza horietatik beste ikerketa batzuk sortzen direnez, behin eta berriz egiaztatu behar izaten dira. Zientzialarien eta laborategien arteko leiari esker iruzurrak laster detektatzen dira. Zientziak aurrera egiteko interesak emaitza okerrak baztertzea dakar.
Zein da ikerketak kontrolatzeko garaian zientzi-a-aldizkarien lana?
Zientzia-aldizkariek paper garrantzitsua jokatzen dute. Artikuluek zenbat eta aipamen gehiago jaso, hainbat hobea izango da horiek argitaratu dituen aldizkaria eta horregatik ongi kontrolatzen dituzte. Zientzialari denek, ospea handitzearren, aldizkari onenetan argitaratu nahi izaten dituzte beren lanen emaitzak, baina ez da batere erraza, aldizkari horiek emaitzak zuzenak diren ala ez egiaztatzeaz gain ikerketaren garrantzia ere kontuan hartzen baitute. Hortaz, Nature aldizkariak, adibidez, egoki baloratutako hamar lanetik bakarra argitaratzen du.
Oso garrantzitsua da aldizkariek egiten duten lana, bestela egun osoa irakurtzen pasa beharko genuke eta; gainera, guhaurrek egin beharko genuke egiaren eta gezurraren arteko bereizketa. Neurri batean hori da Interneten gertatzen dena; informazio asko dago, baina egiaztatu gabea.
Nork balioesten ditu ikerketak?
Lanak balioesteko bi aditu hautatzen ditu aldizkariak. Egileak ez du jakiten nork balioetsiko duen bere lana, baina, normalean, berekin leian dauden ikertzaileek balioesten dute. Hortaz, epaiketa horretan, balioesten dutenek fiskal moduan jokatzen dute, egileek abokatu moduan eta aldizkariek epaile moduan.
Gaur egungo legedia egokia al da iruzur zientifikoak epaitzeko?
Iruzur zientifikoak hirugarren bati kalte eginez gero kode zibilarekin epaitzen da. Arazoa da epaiketan parte hartzen duten pertsonek ez dutela epaitzen ari diren prozesua ulertzen. Oso zaila da hizkuntza zientifikoan dagoena kode zibilera pasatzea. Baina iruzur zientifikoak gero eta oihartzun handiagoa du eta, beraz, instituzioek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote arazoari.