Eneko Oregi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea da, zehatzago esanda, sailen arteko koordinaziorako arduraduna. Solaskide egokia, inondik inora, egitasmo berriaren nondik norakoak aztertzeko. Euskadi Irratiko “Norteko Ferrokarrilla” saioan eman zizkigun ondorengo xehetasunak. Labur beharrez, ondoko lerrotara ekarri dugu egun horretako hitz-aspertua.
ZETIAZ-ELHUYAR: Egitasmo berriak Hezkuntza eta Industria uztarri berean jarri ditu. Baten batek esango du bere artean ‘ba zen garaia!’ ...
Eneko Oregi: Eta, dudarik gabe, arrazoia du. Elkarlana funtsezkoa izan da egitasmo berria aurrera ateratzeko, baina hori baino gehiago dago. Sail desberdinek gauza askotan egiten dugu lan elkarrekin. Hezkuntza Sailak, adibidez, beste sail askorekin dauzka programa amankomunak; kultura-sailarekin, industria-sailarekin, lurralde antolamendu eta ingurugiro-sailarekin, eta abar. 1997 eta 2000. urte bitarteko Zientzia eta Teknologiarako Plan berria oso garrantzitsua da hezkuntza eta industria elkarlanean eta uztarri berean jartzen dituelako, batetik, eta Euskal Herriko zientzia eta teknologia sistema osoari dei egiten diolako. Sistema diodanean, unibertsitatea, teknologi zentroak eta ikerketa eta garepenean lanean ari diren enpresak, guztiak, hartzen ditut kontuan. Orain arte Euskal Autonomia Elkartean egiten zenarekin alderatuta, plan hau aurrerapauso garrantzitsua dela ikusten dut.
Z-E.: Ekimen publikoa eta pribatua egitasmo berean biltzen ditu eta, gainera, ez da dirua jartzera mugatzen; bi arlo horien partehartze zuzena izango du planak. Zer iritzi duzu horren inguruan?
E. Oregi: Euskal Autonomi Elkarteko zientzi eta teknologi sistema osotu bat eratu nahi da. Orain arte, egia da Eusko Jaurlaritzak —hezkuntza-sailak beken bitartez eta industria sailak laguntzen bidez— lagundu izan dituela enpresak eta teknologi zentroak; ekimen pribatua sustatu nahi izan da. Baina, nire ustez, lehen aldia da ikerketa, garapena eta teknologia lantzen dituzten enpresak, unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritza plan berean lanean ari direna. Plan hori puntu desberdinetan garatzen ari dira. Diruari dagokionez, noski, Eusko Jaurlaritzak jartzen du diru-kopuru garrantzitsua. Enpresek eta Europako Batasunak ere bere ekarpena egingo dute. Hori guztiarekin plan osotu bat jarri da martxan.
Z-E.: Zein dira egitasmo honen helburu nagusiak?
E. Oregi: Garrantzitsuena, dudarik gabe, zientzia eta teknologia sustatuko dituen sistema osotua egituratzea da. Horretarako planak formazio-ekimenak bultzatuko ditu, beka sistemaren bidez, nagusiki, teknologi zentroetan eta enpresetan ikerlarien egonaldiak antolatuz. Gainera, ikerlariaren mugikortasun-plana jarriko da abian, hau da, ikerketaren eta enpresaren arteko harremanak sendotu egingo dira. Oreka lortzen saiatuko gara. Unibertsitateko irakasleek ikerketak enpresatan edota zentroetan egin ditzaten bultzatuko da eta ikerketa-zentroetakoek eta enpresetakoek unibertsitatean. Euskal Autonomi Elkarteko komunitate zientifiko eta teknologikoa osatu nahi da. Formazioaz landa, ikerketa-proiektuak bultzatu eta finantziatuko dira; lehentasuna emango zaie estrategikotzat jotzen diren zenbait arlori hala nola, ingurugiro, telematika, hizkuntza edo biologiari. Egitasmoaren izpirituarekin bat, proiektu horiek teknologi zentroen, unibertsitateen eta enpresen artean egingo dira, elkarlanean. Hirugarren arlo nagusia, azpiegitura edo ekipamendua da. Ekipamendurako laguntza bereziak emango zaizkie enpresei, ikerketa-zentroei eta unibertsitateei.
Z-E.: Plan horren asmoa zientzia politikoaren integrazioa gauzatzea da. Zientzia eta Teknologiaren Euskal Kontseilua hori egituratzeko tresna izango al da etorkizunean?
E. Oregi: Zientzia eta Teknologiaren Euskal Kontseilua euskal zientzia politika aztertu, landu eta aholkatuko duen erakundea izango da. Bestetik, lan-talde txikiago batek planaren garapena segituko du eta bi horien artean gauzatuko da planaren garapena. Plana, esan bezala, 1997-2000 urte bitartean burutuko da eta lau urte horietan egin beharreko ekintzak biltzen ditu.
Z-E.: Egitasmoaren aurkezpena egin zenean hezkuntzaren eta industriaren aldetik somatutako eskaria azpimarratu zen. Zein norabidetan higitzen da enpresaren eta ikerketaren arteko komunikazioa? Orain arte norena izan da komunikazio hori abian jartzeko ekimena?
E. Oregi: Enpresek, teknologi zentroek eta ikertzaileek (unibertsitatekoek eta gainerakoek) bi eskari nagusi egin izan dute. Batetik, oinarrizko ikerketa eskatzen dute, hau da, berehalako eraginkortasunik ez duen ikerketa. Bestetik, garapeneko ikerketa edo ikerketa aplikatuaren beharra ikusten dute, hau da, produktua garatzeko enpresek behar dutena. Enpresek eskatu eta behar dutenaren, ikerlariek dituzten proiektuen eta unibertsitatetik sortutako ekimenen artean etena egon da orain arte, plan honek gainditu nahi duen etena, hain justu. Ikerketa ahalik eta eraginkorrena izan dadin, baliabideak ahalik eta ondoen erabil ditzagun, aipatu esparruak uztartu egin behar ditugu. Telematikak, hizkuntzen industriak eta beste hainbat arlok berebiziko garrantzia izan dezakete gure ekonomiaren garapenerako. Arlo horiek ez dira industrialak zentzu hertsian, baina zentzu zabalean industriak dira.
Z-E.: Ikerketa-arloko eskumen guztiak ez daude Eusko Jaurlaritzaren esku. Noraino mugatuko du planaren garapena egoera horrek?
E. Oregi: Estatutuak dio ikerketa Euskal Autonomi Elkartearen eginkizuna edo konpetentzia dela. Hala ere, une honetan konpetentzia hori eskuratu gabe dago eta horrek esan nahi du estatuari deskontatu beharrean, Eusko Jaurlaritzako sail desberdinek beste gauza batzuetatik atera behar dutela dirua ikerketa egin nahi bada. Gu horren kontra gaude, noski, eta hori salatu egin dugu. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu du transferentzia hori, transferentzia hori gauzatuko balitz, 7.000 milioi pezeta gehiago izango lituzkeelako ikerketa bultzatzeko. Gaur egun ez dituenak eta estatuak hemendik kanpo bere proiektuetarako erabiltzen dituenak. Hala ere, Euskal Autonomi Elkarteak ezin du ikerketarik egin gabe egon. Horregatik, administrazioa, enpresak eta teknologi zentroak ahalegintzen ari dira lan horretan eta, gure iritziz, ahalegin hori beharrezkoa eta emankorra da.
Z-E.: Jakina da hezkuntzak ahaleginak egin dituela euskararen erabilera arlo askotan normaltzeko. Nolanahi ere, askotan euskaraz formatzen diren ikertzaileek erabat erdalduna den lan-munduan murgildu behar izaten dute. Zer egin dezake Hezkuntzak? Zertan lagundu dezake industria, lan-mundua, euskaldunagoa izan dadin?
E. Oregi: Zientzia eta teknologia sustatzeko planak bultzada garrantzitsua eman nahi die euskararen ikerketari eta teknologia berrien ikerketari. Euskara lan-munduan, lan-esparru berrienetan txerta dadin eta teknologi aurrerapenaren puntan joan dadin ahalegina egingo da. Egiten ari da eta egiten segituko dugu. Azken batean, euskarak teknologiaren esparrutik eta lan-sistematik kanpo ezin du gelditu. Euskarak ezin du telematikatik, multimediatik, teknologia garapenetik kanpo gelditu. Euskara uhin horretan sartzen bada, zientzia eta teknologiaren alor berri horietan murgilduko da eta, beraz, bizitza ekonomikoaren zati garrantzitsua izango da. Zein enpresak ez ditu hemendik gutxira erabiliko —edo oraintxe bertan erabiltzen— telematika, multimedia edota baliabide informatiko berri horiek? Gero eta gehiago erabiltzen dira eta gero eta gehiago izango dugu alor hori euskaraz landuta.
Z-E.: Ikertzaileak bere laborategietan isolatuta bizi direla uste duten enpresariei zer esango zenieke?
E. Oregi: Oker daudela. Ikertzaile asko enpresetan ari dira lanean. Beste asko prest daude enpresekin lan egiteko eta proiektuak aurrera eramateko. Plan honen baitan izango du aukerarik bai alde batekoen eta bai bestekoen ahaleginak eta proiektuak uztartzeko eta elkarrekin jorratzeko.
Z-E.: Eta alderantziz, enpresek duten lehiatzeko beharra zientziaren kalterako dela uste duten ikertzaileei zer esango zenieke?
E. Oregi: Gauza bera. Planaren bitartez izango dute aukerarik, egonaldien, beken eta ikerketa-proiektuen bitartez, bi errealitate horiek azken batean bat direla ikusteko.
112.000 milioi pezetako inbertsioa aurreikusten du egitasmoak datozen lau urtetarako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Industria Sailek 42.000 milioi inguru jarriko ditu; ekimen pribatuak —enpresek, ikerketa-zentroek, eta abarrek— 54.000 milioi eta, azkenik, Espainiako Industria eta Energia Ministeritzak eta Europako Batasuneko Fondoek ere lagunduko dute. Euskal Autonomi Elkarteko Teknologia sarea indartzea da egitasmo horren helburuetako bat. Hori lortzeko, langileen koalifikazioa hobetzeko ahalegin handia egingo da. Horrez gain, lanpostu berri gehiago sortuko da. Egin diren aurreikuspenen arabera, egitasmoak indarrean dirauen epean, mende berriaren hasiera arte, beraz, 800 lanpostu berri sortuko dira. |