Energia, luze eztabaidatzeko gaia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Energia hain gai zabala eta sakona izanik, ez da erraza bi aditu aukeratzea horretaz aritzeko. Hala eta guztiz ere, gure gonbidatuek ez dute aitzakiarik. Izan ere, biek energiari lotutako gaietan murgilduta egin dute ibilbide osoa. Gainera, alderdi desberdinetatik heldu diote: batek gehienbat sistemen eraginkortasuna hobetzen egiten du lan EHUn, eta bestea energia berriztagarrien saileko arduraduna da EEEn (Energiaren Euskal Erakundea). Jose M. Sala eta Javier Marqués dira.
Energia, luze eztabaidatzeko gaia
2006/11/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: A. Galarraga)
Lagunekin ditugun hizketaldietan, edozein komunikabidetan, politikarien ahotan... energiaren gaia edonon ageri da. Gainera, krisi hitzari lotuta azaltzen da askotan. Zer itxura hartzen diozue zuek gaur egungo egoerari?

Javier Marqués: Une hauetan, energiaren gaia puri-purian dago ikuspuntu askotatik begiratuta: ingurumenean sortzen duen inpaktuagatik, erregaien prezioagatik, nazioarteko politikan duen eraginagatik... Ez dakit askotxo esatea ote den, baina benetan uste dut gizateriaren arazo handienetakoa energia dela.

Jose M. Sala: Nik, berriz, bi alderdi nagusi bereiziko nituzke. Batetik, mundu osoan energia ez-berriztagarriak erabiltzen ari gara gehien bat; horrek esan nahi du arazo bat dugula, lehentxeago edo geroxeago energia-iturriak agortu egingo baitira. Bestetik, energia-kontsumoak ingurumenean sortzen duen eragina dago.

Horiek dira, nire ustez, energiaren gaiak dituen bi arazo nagusiak. Horiei irtenbidea bilatu behar zaie, eta, seguru asko, energia berriztagarriak izango dira giltza, neurri batean behintzat. Baina energia horiek garatzen diren bitartean, eta bestela ere bai, arazoaren konponbidean garrantzi handia izan behar dute bai aurrezteak, bai eraginkortasuna handitzeak ere.

Kyotoko Protokoloan jadanik horrela azaltzen da hori dena, ezta? Beraz, badago adostasun bat. Baina deigarria da batzuek hala ere ez dutela berretsi protokoloa, are gehiago haiek izanik energia-kontsumitzaile handienetakoak. Edo, beharbada, horrexegatik ez dute egin, ez dakit.

J. M.: Estatu Batuez ari zara. Egia da ez dutela Kyotoko Protokoloa berretsi, baina, hala eta guztiz ere, azken hilabeteetan aldaketa handi bat egin dute. Iaz Bushek adierazpen batzuk egin zituen, energiaren arazoari irtenbidea eman behar zitzaiola esanaz, eta ordutik energia berriztagarrietan jarri dute indarra, batez ere biodieselean.

Egia esan, baliabide ugari dituzte: biodieselak egiteko behar den lehengaia landatzeko lurra, haizea... Iberdrola, Gamesa eta energia eolikoaren arloko enpresak indartsu sartu dira Estatu Batuetan, eta izugarrizko hedapena izaten ari dira.

Hortaz, nahiz eta Estatu Batuek ez duten Kyotoko Protokoloa berretsi, azkenaldian aldaketa handia eman dute energia-politikan.

Jose M. Sala ( J.M. S. ) . Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko industria-ingeniari doktorea da. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean lizentziatu zen Zientzia Fisikoetan, eta, denboraldi labur batzuetan izan ezik, ibilbide osoa unibertsitatean egin du. Zenbait postu izan ditu unibertsitatean, eta 1982-1983an Termodinamikako eta Fisika-Kimikako katedradun izendatu zuten. Gero aldaketak egon ziren antolakuntzan, eta orain sail hura Makina eta Motor Termikoen saila da. Lau urte daramatza saileko zuzendari-lanetan, eta postu hori uztekotan da urtea bukatzerako. Ez du, hala ere, sailean lana egiteari uzteko inolako asmorik .
(Argazkia: A. Galarraga)
Beraz, agintarien erabakiek pisu handia dute energia-politikak aldatzeko garaian. Orduan, zergatik kostatzen zaie hainbeste neurriak hartzea?

J. M.: Nire ustez, Estatu Batuak ez ezik, besteak ere ari dira gaiaz arduratzen; esate baterako, Europako Batasunak Energia Berriztagarrien Liburu Zuria egin du. Han ezarritako helburuaren arabera, 2010. urterako kontsumitzen den energiaren % 12k energia berriztagarrien bidezkoa izan beharko du. Horretarako, ezinbestekoa da energia berriztagarrien ikerketa eta garapena bultzatzea.

Bestetik, EAEn ere egin da 2010era bitarteko energiaren gaineko estrategia, eta administrazioak legeak egin ditu, dituen eskuduntzen arabera. Izan ere, aitortu beharra dago oso zaila dela joerak aldatzea, legeak behartuta ez bada. Eta, hala ere, kosta egingo da.

Adibidez, 2010erako EAEren egitasmoan agertzen denez, gasolinaren eta gasolioaren % 11,9k biodiesel izan beharko du. Hori asko da, ikaragarri, eta 2010. urtea gainean dugu. Baina, behintzat, adibide adierazgarria da erakusteko administrazioak ari direla pausoak ematen.

Bitartean, Jose Mari, hor ari zarete, eraginkortasun energetikoa handitzeko zein energia aurrezteko bideak bilatzen.

J.M. S.: Bai, hor bi kontu daude; elkarrekin doaz baina desberdinak dira: aurreztea eta eraginkortasuna handitzea. Aurrezteko neurriak hartzea zentzuz jokatzea da, hau da, ateratzean argia itzaltzea, erabili behar ez diren tresnak ez uztea piztuta, leihoak ixtea berogailua martxan dagoenean...

Gero eraginkortasun energetikoko neurriak daude. Nire iritziz, industria da gehien egin duena arlo honetan. Industrietan prozesuak aztertu dituzte, energia gutxiago kontsumituz emaitza jakin batzuk nola lortu ikertu dute, eta, horren ondorioz, teknologiak hobetu dira, prozesuak aldatu... Horrela handitu dute eraginkortasuna.

Noski, alderdi ekonomikoak eragin zuzena izan du horretan. Energia asko kontsumitzen duten sektoreetan (beira- eta zementu-fabrikak, industria kimikoa...), energiaren prezioan dauden aldaketek izugarrizko eragina dute arloko enpresen lehiakortasunean. Hala, ulertzekoa da industria izatea eraginkortasun energetikoan gehien aurreratu duena.

Javier Marqués ( J. M. ) . Industria-ingeniaria da. EHUren Ingeniaritza Goi Eskola Tekniko Industrialean lizentziatu zen, eta Ekonomia-gaietako masterra du. Energiaren Euskal Erakundean (EEE) egin du ibilbide profesionala. Erakundea hori Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 1982an EAEko energiaren alorreko arazoei arre egiteko asmoz. Javier Marqués energiaren zentzuzko erabileraren, eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarrien arloetan aritu da lanean, eta, gaur egun, EEEren Energia Berriztagarrien Saileko arduraduna da. EAEn energia berriztagarrien garapena bultzatzea da haren egitekoa.
(Argazkia: A. Galarraga)
Eta zer gertatzen da beste arloetan? Garraioan, adibidez.

J.M. S.: Hor, Javierrek bioerregaiak aipatu baditu ere, kontraesan apur bat ikusten dut nik. Izan ere, motorren errendimenduak izugarri hobetu dira; duela 25 urte errendimendua % 20-25 zen, eta orain bikoiztu egin da. Baina, bestetik, autoa bultzatzen da garraiobide nagusi gisa. Eta, jakina, hori ez da ez pertsonak ez merkantziak garraiatzeko modu eraginkorrena.

Ni trenaren aldekoa naiz. Nire ustez, garai batean trenbideak kentzea erabaki zutenek hanka sartu zuten. Egia da orain abiadura handiko trenaz ari direla, baina oraingoz merkantzien garraioa nagusiki errepidez egiten da, eta hori ez da batere eraginkorra energetikoki, batez ere trenarekin alderatuta.

Hor dago, beraz, kontraesana: garraioaren arloko ekoizleek izugarri hobetu dituzte errendimenduak, gero eta motor eraginkorragoak eginez, baina, bestalde, pentsaera-aldaketa bat behar da garraio kolektiboa erabiltzeko, eta trena bultzatzeko merkantzien garraiobide gisa.

Azkenik, etxebizitzen arloa gelditzen da. Etxegintza ez dago industria-sektorea bezain teknifikatuta, eta, horregatik, hobetzeko ahalegina geroago etorri da. Baina ari dira pausoak ematen. Adibidez, Espainian Eraikuntzaren Araudi Teknikoa onartu dute aurten, eta hor zehazten da zer baldintza energetiko bete behar duten eraikinek. Frantzian ere araututa dute hori guztia.

Argi dago kezka handia dagoela eraikinen eraginkortasun energetikoaren gainean; esaterako, Europako Batasunaren aginduz, hemendik urte gutxira beharrezkoa izango da eraikinen eraginkortasun energetikoaren agiria. EAEn, CADEM elkartearen bidez, urteak dira agiri hori egiten dela. Eraikin publiko eta babes ofizialeko etxebizitza guztietan egiten da, eta baita hala nahi duten pribatuetan ere.

Eta energia berriztagarriei dagokienez --eguzki-energia, eolikoa, hidraulikoa, biomasa...-- zer politika hartu behar da? Zein bultzatu beharko litzateke?

J. M.: Nire ustez, energia berriztagarri guzti-guztiak garatu behar dira. Energia-beharrak hain handiak izanik, ezin da bakarraren alde egin eta besteak baztertu.

(Argazkia: A. Galarraga)

Europako Batasunaren helburua betetzeko, alegia, kontsumitzen den energiaren % 12 berriztagarrien bidezkoa izateko, ahalegin ikaragarria egin behar dugu, gaur egungo portzentaia % 4-5 artekoa baita. Gainera, gero eta zailagoa izango da horretara iristea, kontsumoa etengabe ari baita handitzen.

Energia berriztagarrien arazoa da etekina ateratzeko ez dela nahikoa aerosorgailu edo eguzki-panel bakar bat jartzea, instalazio handiak jarri behar dira. Eta jendeak ez ditu nahi inguruan. Betiko kontraesana da. Karbono dioxidoa ez da ikusten, ez da ukitzen; ondorioz, ez gara jabetzen hor dagoela. Bestela balitz, ez genieke hainbeste oztopo jarriko energia berriztagarrien instalazioei.

Energia berriztagarrien instalazioek ez ezik, bestelakoek ere aurkakotasun handia sortzen dute. Boroako zentrala adibide garbia da.

J.M. S.: (Hasperena) Bueno, ni gai horrek tartean harrapatu ninduen, zornotzarrei azalpenak emateko egin zen bilera baterako deitu baininduten. Unibertsitateko aditu gisa joan nintzen, ziko konbinatuko zentralen funtzionamenduari buruzko azalpenak emateko asmoz. Baina gero... zer izan zen hura! Jendea erabat aurka zegoen, eta ez zuen jakin nahi ez nola funtzionatzen zuen, zer onura ekarriko zituen ez ezer.

Nire ustez, ez zuten garaiz eman informazioa, eta ez zen behar bezala bideratu. Hala ere, jakin behar da ziklo konbinatuko zentralek iraultza ekarri dutela erregai fosilak erabiliz elektrizitatea sortzeko sistemetan. Gas naturala erretzen dute, horretan ez dago berrikuntzarik. Baina ohiko zentralek % 44-45eko errendimendua dute, eta ziklo konbinatukoek, berriz, % 56-58koa. Hori izugarrizkoa da.

Horregatik, mundu osoan jartzen ari dira halako zentralak, eta jartzen jarraituko dute, erregai fosiletatik abiatuta energia elektrikoa sortzeko teknologia eraginkorrena eta garbiena delako. Dena den, ukaezina da badutela eragina ingurumenean, tximinietatik karbono dioxido tona piloa ateratzen baita.

Baina betikoa da: erregai fosilak erabilita energia elektrikoa sortzeko aukera onena horixe da, baina, jakina, inork ez du horrelakorik eduki nahi bere etxean.

J. M.: Igual astakeria bat irudituko zaizue, baina jendeak orain ordaintzen duena baino garestiago ordainduko balu energia, agian orduan jabetuko litzateke arazoaz.

(Argazkia: Artxibokoa)
Edonola ere, gauza batzuk oso garbi ditu jendeak. Esate baterako, energia nuklearrarekiko aurkakotasuna orokorra da, nahiz eta aditu batzuk energia-mota hori bultzatzen hasi diren berriro.
J.M. S.: Bai, egia da. Kyotoko protokoloan zehazten diren helburuak betetzeko, erregai fosiletan oinarritzen ez diren energia sortzeko bideak bilatu behar dira. Eta bideetako bat energia nuklearra da.

Hemengo jendeak, ordea, ez du zalantza handirik, eta Europa osoan ere aurkako iritzi sendoa dago. Salbuespenak ere badaude, nola ez: adibidez, Frantzian sortzen duten energia gehiena zentral nuklearretan ekoizten dute, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dute.

Energia nuklearraren aldekoek egindako kalkuluetan, zentraletan sortutako kWh bakoitza nahiko merke ateratzen da. Aurka daudenek, berriz, hondakin nuklearrak gordetzeak ekartzen dituen gastuak ere hartzen dituzte aintzat, eta, orduan, askoz garestiagoa ateratzen da. Zein da prezioa?

J. M.: Hori da. Berez, energia nuklearraren prezioa kalkulatzeko, uranioa erauzten denetik hondakin nuklearrek erradioaktiboak izateari uzten dioten arteko pauso guztiak izan beharko lirateke kontuan. Hala ere, Europako hainbat herrialdetan, berriro ikusten da aukera gisa.

J.M. S.: Bai, izan ere, uranio dezente dago munduan, eta nahiko banatua. Hortaz, ez litzateke egongo orain dagoen mendekotasuna herrialde gutxi batzuekiko (erregai fosilak dituzten herrialdeekiko). Uranioak ez du arazo hori, baina kontua da uranioa tratatu egin behar dela zentralean erabiltzeko; eta oso herrialde gutxik dute horretarako behar den teknologia. Hortaz, mendekotasun teknologikoa izango lukete gehienek.

Beste energia-mota batzuekin ez da hori geratzen. Adibidez, energia eolikoa ekoizten duten aerosorgailuak hemen egiten dira.
(Argazkia: A. Galarraga)

J. M.: Bai, bueno, baina energia berriztagarriekin bakarrik ez da arazoa konpontzen, kontsumitzen den energiaren zati oso txiki bat besterik ez baita horrela sortua. Ez dago irtenbide magikorik, eta, hala ere, horrek izan behar du bidea. 2010erako helburua % 12an dagoela aipatu dugu (kontsumitzen den energiaren % 12 berriztagarrien bidezkoa izatea, alegia), eta 2020rako % 20an izatea nahi dute. Horrenbestez, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraitu beharra dago.

Hemen nola daude banatuta energia berriztagarriak? Zeinek du indar gehien eta non?

J. M.: Lekuen arabera banatzen dira. Edonola ere, biomasa da oraindik ere erabiliena. EAEn, gaur egungo % 4-5 horretatik, % 85 biomasa da, ondoren eolikoa eta hidraulikoa datoz, eta eguzki-energia ez da ia batere baliatzen oraingoz. Nafarroan, berriz, beste era batera dago banatuta; eolikoak pisu handia du, baina, hala ere, biomasak ere garrantzi handia du.

Noski, betitik aprobetxatu dira zura eta haizearen indarra; alde horretatik, energia berriztagarriak ez dira batere berriak. Eta orain ere erabiltzen dira basogintzako hondakinak erregai moduan, baina beste era batera. Izan ere, hondakin horiek heterogeneoak dira, eta hori oztopo bat da industriarentzat. Materiala homogeneoa izatea komeni da, eta, horregatik, pellet-ak erabiltzen dira orain.

Zer dira pellet -ak?

J.M. S.: Pellet -ak zura trinkotuz egindako pilulak dira. Europaren iparraldean eta erdialdean, zisternetan banatzen dituzte, eta etxeetako berogailuetan, industriako galdaratan eta baita elektrizitatea sortzeko zentraletan ere erabiltzen dira.

Egurraren aldean, hainbat abantaila dute. Hasteko, lehengaia lortzeko ez dira basoak soildu behar, aroztegietan edo inausketatan sortzen diren hondakinak erabiltzen baitira pellet -ak egiteko. Gainera, egurra baino askoz hobeto dosifikatzen da, eta karbono monoxido gutxiago sortzen du. Eta, zurezkoak ez ezik, polimerozkoak ere badaude. Horiek egiteko, nekazaritzako plastiko-hondakinak erabiltzen dituzte, adibidez.

J. M.: Edonola ere, azkenean, dibertsifikazioa da joera; energia-iturri bakarra erabili beharrean, hainbat eratara sortutako energiaz baliatuko gara, batzuen eta besteen onurak aprobetxatuz. Baina biomasak ezinbestean izango du pisu handia, bestela ezingo dira bete helburuak.

Polimerozko pellet -ak egiteko nekazaritzako plastiko-hondakinak erabiltzen dituzte, adibidez.
NPL
Etorkizunera begira, zer beste energia-motak iruditzen zaizue garrantzia hartuko duela?

J.M. S.: Fusioa aipatu beharko dugu, ezta? Beti esan ohi da fusioa izango dela panazea, etorkizuneko irtenbidea. Fusioa fisioaren alderantzizkoa da: deuterio-nukleo bat eta tritio-nukleoa fusionatuz, helio-nukleoa eratzen da. Erreakzio horretan energia-kantitate ikaragarria askatzen da.

Alabaina, bi nukleoak fusionatzeko, duten aldarapen-indarra gainditu behar da. Horretarako, plasma baten barrenean egon behar dute, eta, plasma-egoera lortzeko, milioika gradu zentigraduko tenperatura behar da. Gero hori gorde egin behar da, eta bi teknika daude hori egiteko, bat magnetikoa eta bestea inertziala.

Hori teorian. Praktikan zer gertatzen da? Hasteko, munduak izugarrizko diru-pila inbertitu du fusioan. Nik doktoretza Ingalaterran egin nuen, eta han nintzen 1976-1977an. Behin, hango energia atomikoaren agentziako aditu bat etorri zen unibertsitatera, eta hark hauxe esan zigun. "25 urte barru, funtzionatzen izango dugu lehen fusio-erreaktorea".

30 urte igaro dira, eta esaten ari dira hemendik 50 urtera beharbada izango dugula erreaktore bat, agian... Eta ez dut uste aditu hark epe hura besterik gabe bota zuenik, baizik eta benetan hori uste zuelako. Orain uste dute geroago izango dela, baina, bitartean, diru-kopuru astronomikoak inbertitzen ari gara ikerketan.

Eta, alde batetik, normala da horrenbesteko ahalegina egitea, izugarrizko indarra izan bailezake. Deuterioa eta tritioa uretatik lor daitezke, eta metro kubiko bat ur 200 tona petrolioren baliokidea da, eman dezakeen energiari dagokionez. Pentsa, beraz, zenbat energia dagoen hor: ia-ia mugagabea. Baina hori lortzeko teknologia oraindik garatzeko dago. Frantzian ITER nazioarteko fusiozko zentral termonuklearra egitekoak dira, eta, horri esker, aurrerapausoak emango direla uste dugu.

Eta erregai-pilak?

J.M. S.: Erregai-pilak energia-transformadoreak dira: erregai bat, normalean hidrogenoa, energia elektriko bihurtzen dute, errekuntzarik gabe. Hortaz, ez dute karbono dioxidorik isurtzen.

Arretaz entzun zituzten batak bestearen iritziak.
A. Galarraga

Bateria baten modukoak dira, baina ez dute energia metatzen. Bi elektrodo eta elektrolito bat dute, hidrogenoa edo beste erregai bat eta oxigenoa ematen zaizkie, eta elektrizitatea sortzen dute korronte zuzenean. Gero, korronte alternoa bihurtzen da.

Hainbat eratakoak daude, batzuk nahiko aurreratuak. Ezin da esan merkaturatzeko fasean daudenik, ez baitira lehiakorrak duten prezioagatik. Adibidez, azido fosforikozko pilak oso aurreratuta daude, eta tenperatura baxukoak dira. Hondar-beroa sortzen da, 150 °C-koa, eta hori aprobetxa daiteke, adibidez lurruna sortzeko presio altuan, eta, hala, kogenerazio-sistema bat izango litzateke.

Beste era bateko piletan, sortzen den hondar-beroa tenperatura altukoa da. Horiek oraindik garatzeko fasean daude, eta uste dute potentzia altuetarako erabili ahalko direla. Besteak, tenperatura baxukoak, potentzia txikirako erabiliko direla uste dute.

Motorrekin eta gasezko turbinekin alderatuta, abantaila ugari dituzte: ez dago konbustiorik, errendimendu handiak lortzen dira, ez dute zaratarik sortzen... Hortaz, etxeetarako eta hirugarren sektorerako aproposak dira. Eta proiektu batzuk dezente aurreratuta daude. Hemen bertan, Ikerlanen, etxeetan jartzeko erregai-pila bat sortu dute.

J. M.: Bai, etxean galdara beharrean jartzeko erregai-pila bat sortu dute, eta horrek etxean behar den elektrizitatea, beroa eta hotza ematen du. Baina produktua merkatuan sartu eta lehiakorra izateko denbora behar da. Aldaketek denbora eskatzen dute.

Hala ere, nire ustez, ez dago panazearik; denen batura bat izan beharko du. Begira, irailean Zaragozako Powerexpo energia berriztagarrien azokan egon nintzen. Iaz eolikoa izan zen azokaren izarra, eta aurten, berriz, eolikoak ere indar handia zuen, baina eguzki-energia zen nabarmenena. Badirudi sekulako bultzada eman zaiola.

Bada, horretaz hizketan ari ginela, Soluziona enpresaren energia-alorrean lan egiten duen lagun bat hurbildu zitzaigun, eta hau esan zigun: "Bada, nik uste osoa daukat etorkizunean ikatzak hartuko duela protagonismoa". Niretzat, ikatza iraganeko kontua zen ia, baina, badirudi aintzat hartu beharreko energia-iturria izango dela. Beste teknologia batzuk erabilita eta abar, baina hor egongo dela ematen du.

Niri erabat harrigarria iruditzen zait ikatza izatea geroa...
(Argazkia: Artxibokoa)

J.M. S.: Bada ez dago inondik inora baztertuta. Izan ere, ikatz asko dago munduan, eta oso banatuta dago. Noski, Asturiaskoa ez da lehiakorra, baina beste leku askotan eskura dago. Ez da petrolioa bezala; petrolioak gerrak eragiten ditu, toki gutxitan baitago. Eta, gainera, badaude teknologiak ikatza erretzeko ingurumenean inpaktu txikia sortuz.

Esate baterako, hor dago ikatzaren gasifikazioa: ikatzetik gasak lortu, eta horiek erregai-gisa erabili, ziklo konbinatu batean. Hala, elektrizitatea sortzen da, errendimendu handiz.

Horrez gain, ikatzetik erregai likidoa ere lor daiteke, garraiorako, adibidez. Arazoa da karbono dioxido gehien sortzen duen erregaia dela, duen konposizioagatik. Baina badaude egitasmoak munduan karbono dioxidoarekin zer egin aztertzeko. Hain zuzen, badago errekuntzan sortutako gasak banatzeko aukera, eta posible izango litzateke karbono dioxidoa hartzea eta gordetzea. Non? Ozeanoetako uretan, disolbatuta, eta baita haitzuloetan ere.

Hori ez dago garatuta, baina egia da ikatza aukeretako bat izan daitekeela. Oraingoz, alde batetik petrolioa erretzen eta bestetik energia berriztagarriak garatzen jarraituko dugu. Hemendik 50-80 urtera, seguru asko, azken horiek izango dira nagusi, eta agian erregai-pilek ere garrantzi handia izango dute, baina, bitartean, litekeena da ikatza erabili behar izatea. Izan ere, kontsumoa gero eta handiagoa da, eta, Txina eta India eta halako herrialdeak ere izugarrizko garapena izaten ari dira. Nolabait egin beharko zaio aurre energia-eskaera horri, eta ikatza aukera bat da.

J. M.: Trantsizioko iturria izango da, eta gainerakoak garatzeko ahaleginak egiten segitu beharko dugu. Hainbeste kontsumitzen dugu, ezin dugu aukerarik baztertu. Eta, hala eta guztiz ere, ezin dugu hau ahaztu: orain baino gutxiago kontsumitzen saiatu behar dugu, ezinbestekoa da hori ulertzea eta benetan ahalegintzea.

Izpiak
J. M.: Energia-instalazioak eraikitzeak sortzen duen aurkakotasunari buruz.
Inork ez du halakorik nahi inguruan. Hori bai, jendeak ez dio uko egiten energia kontsumitzeari, ezta telefono mugikorra erabiltzeari ere. Zaborrekin gauza bera gertatzen da. Badakizue ingelesek horri zer izen eman zioten: Nimby-efektua, hau da, Not In My Back Yard (Ez nire etxe atzeko patioan). Orain, Estatu Batuetan pauso bat gehiago eman dute, eta Banana-efektua esamoldea sortu dute jendeak duen pentsamoldea izendatzeko: Build Absolutely Nothing Anywhere Near Anything (Ez eraiki ezer inon ezertatik hurbil).
J.M. S.: Karbono dioxidoarekin zer egin? Hainbat aukera daude.
Karbono dioxidoarekin zer egin aztertzen ari dira, irtenbideak aurkitzeko. Hain zuzen, badago errekuntzan sortutako gasak banatzeko aukera, eta posible izango litzateke karbono dioxidoa hartzea eta gordetzea. Non? Ozeanoetako uretan?, disolbatuta, eta baita haitzuloetan ere.
Galarraga Aiestaran, Ana
3
225
2006
11
034
Elkarrizketak; Energia; Ingurumena; Industria; Garraioak; Teknologia; Arkitektura
Elkarrizketa
36
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila