Darwin: adarretatik sustraietara

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Charles Darwin 1809ko otsailaren 12an jaio zen; hortaz, hil honetan ospatzen da haren jaiotzaren 200. urteurrena. Gainera, duela 150 urte argitaratu zen haren lanik ospetsuena, Espezieen jatorria. Darwini eta haren lanari buruz hitz egiteko bi aditu elkartu ditugu, Kepa Altonaga eta Begoña Jugo. Biak dira Biologian doktoreak eta irakasleak EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Arlo desberdinetan aritzen dira, biak garrantzitsuak, ezinbestekoak, Darwinen teoria ulertzeko eta osatzeko. Hain zuzen ere, Kepa Altonaga zoologoa da, eta, eboluzioaren teoria proposatzeko, Darwinentzat oinarrizkoak izan ziren animaliei buruz egindako azterketak. Begoña Jugo, berriz, genetikaria da, eta genetikak baieztatu du Darwinen teoriak sustrai sendoak dituela. Hala, Darwinek egindako ekarpenaz, izan zuen eraginaz eta eboluzioaren teoriak izan duen bilakaeraz jardun dute Altonagak eta Jugok, bakoitzak bere arlotik.
Darwin: adarretatik sustraietara
2009/02/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: C. Purrington)
Darwinek ekarpen asko egin zituen, baina, zuen ustez, zein izan da haren ekarpen handiena?

Kepa Altonaga: Egia da gauza asko ekarri zituela, baina, nagusia aukeratzekotan, nik esango nuke paradigma bat ekarri zuela. Darwini esker, eboluzioa paradigma bihurtua dugu, eta zientzian horretara egokitzen ditugu datu guztiak. Eta ez biologian bakarrik; esaterako, astronomian ere, izarren jaiotzaz eta ari direnean, eboluzioa aipatzen dute; edo gizarte-gaietan ere, greba bat dela edo, haren eboluzioaz hitz egiten dute; edo informatikan... Edozein alorretan ikusten dugu paradigma hori.

Orain, beraz, paradigma hori barneratuta dugu, eta horren arabera pentsatzen dugu. Bere garaian, berriz, Espezieen jatorria argitaratu zuenean, nik esango nuke bi ekarpen egon zirela. Batetik eboluzioaren ideia dago. Ideia ez zen berria, Grezia klasikoan jada aipatzen dute, eta gero Lamarck eta beste aitzindari batzuk ere badaude. Baina Darwinek ideia horri sendotasuna eman zion, mila eta bat datutan oinarritu baitzuen; hala, Darwinen liburuaren ostetik, eboluzioa onartutzat eman zen esparru gehienetan.

Bestetik, Darwinek eboluzioa azaltzeko mekanismo bat proposatu zuen: hautespen naturala. Eta hori eztabaidatuagoa izan zen. XX. mendearen hasieran, esaterako, liburu batzuetan eboluzioaren eklipsea aipatzen dute, baina ez da eboluzioarena, baizik eta hautespen naturalarena. Eta gerora berriro onartzen da hautespen naturalaren ideia.

Horrenbestez, Darwinen ekarpen denak ez ziren maila berekoak izan, baina bai egin zuen gauza bat: gizakia bere tokian jarri zuen. Lehen Copernicok Lurra bere lekuan kokatu zuen bezala, Darwinek kreazioaren erregearen edo erreginaren postua kendu zion gizakiari, eta beste bizidunen artean jarri zuen, leku apalago batean.

Begoña Jugo: Ni Keparekin guztiz ados nago. Darwinek bildu zituen aldez aurretik zeuden ideia batzuk, eta ideia berriak eman zituen: bat, bizidun guztiak senide garela, arbaso komun batetik gatozela eta batzuk besteetatik eboluzionatzen dugula, eta, bi, zer mekanismoren bidez gertatzen den eboluzioa, hau da, hautespen naturala.

Esan izan da garai hura nolabait aproposa zela horrelako ideiak sortzeko eta onartuak izateko. Zerk edo nork uste duzue lagundu ziola Darwini?
Kepa Altonaga Biologian doktorea da. Zientzia-dibulgazioko hiru liburu eta hainbat artikulu argitaratu ditu, eta Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea da.
I. Azurmendi

K. A.: Kontu hori nahiko eztabaidatua da. Izan ere, esan ohi da Wallaceren lana ere orduan sortzeak neurri batean frogatzen duela ideia hori bazegoela giroan. Nonbait, orduko Ingalaterra, industria-iraultzaren ondoko gizarte-eredua eta, humus moduko bat izango lirateke, eta halabeharrez edo sortu behar omen ziren ideia horiek.

Mayrrek, ordea, esaten du bazirela egitate edo datu batzuk, baina falta zirela datuen arteko inferentziak, eta inferentzia horiek egin zituztela Darwinek batetik, eta, bestetik, harrigarriro, Malaysia aldean zebilen Wallacek. Eta hori garai berean gertatu zenez, askok uste dute ideia giroan zela. Baina Mayr ez dago ados, eta, hortaz, ni ere ez nago oso ados, zeren, bestela, ideia hark ez zuen sortuko Ingalaterran sortu zuen halako kontrakotasunik.

Izan zen kontrako jarrera, orduan.

K. A.: Bai, eta handia, gainera. Lehen aipatu dugunez, eboluzioaren ideia bai, onartu zuten. Berritasuna zen hautespen naturala. Eta orain, atzera begiratuta, pentsa dezakegu, orduan Ingalaterrako gizartean lehia handia zegoenez, Darwinek hori eraman zuela mundu naturalera. Mayrrek, ordea, ez du uste hori horrela izan zenik, baizik eta abere-hazleen esperientziatik atera zuela ideia.

B. J.: Hori, hori da. Nire ustez, Darwinen egoera pertsonala ere oso abantailatsua izan zen. Formazioz hainbat arlo landu zituen: zoologia, botanika, geologia.... Gainera, bere behaketak zituen, bost urteko bidaian bildutakoak. Badaude Malthus eta gizartean zegoen lehiaren eragina aipatzen dituztenak ere. Baina, horretaz guztiaz gain, hazleena dago. Hazleek aukeratzen zituzten ezaugarri onenak zituzten abereak, eta gero banako horiek gurutzatzen zituzten, ezaugarri on horiek zituzten ondorengoak lortzeko.

Darwinek ez zituen esperimentuak egin, baina, nolabait, hazleen esperientzia hautespen naturalaren hipotesiaren esperimentu moduko bat izan zen Darwinentzat. Gainera, Espezieen jatorria liburuaren lehen kapitulua horretaz da, hobekuntza genetikoari buruz. Kasu horretan gizakiaren eraginez zen, eta berak hori naturara eraman zuen. Han ez dago gizakiaren esku-hartzerik, baina inguruan kondizio batzuk daude, eta horiengatik gertatzen da hautespena.

K. A.: Bai, hori da Mayrrek aipatzen duen inferentzietako bat. Denek ezagutzen zuten hazleen lana, baina Darwin gai izan zen hortik ideia berri bat ateratzeko. Eta bidaia ere hor dago. Gouldi irakurri nion bidaiaren ibilbidea erabakigarria izan zela. Izan ere, hainbat leku eta fenomeno ezagutzeko aukera izan zuen; esaterako, ikusi zituen lurrikarak, sumendiak, oihan tropikala, non espezieen arteko lehia nabaria den... Hori oso lagungarria izan zen Darwinentzat.

Begoña Jugo Biologian doktorea da, animalien genetikan aditua. Hamabost urte baino gehiago daramatza Populazioen Genetika eta Eboluzioa irakasten EHUn.
I. Azurmendi

Adibidez, Gouldek aipatzen du sasoi berean Kropotkin printzeak ere egin zuela bidaia bat. Siberian zehar ibili zen, eta hura beste mundu bat da: hutsa, hotza, oso kondizio gogorrekin... Eta han, badirudi espezieak, lehiakide izan beharrean, elkarren lagun direla. Badago lehia, noski, baina ez da hain nabaria. Itxurazko laguntasun horretatik, Kropotkin printzeak anarkismoaren ideia ekarri zuen. Hor ikusten da Darwinek egin zuen bidaiaren ibilbidea benetan garrantzitsua izan zela bere ideiak garatzeko.

Beraz, era batera edo bestera, gauza batek baino gehiagok lagundu zioten Darwini bere ideiak garatzen.

K. A.: Aipatu ditugunez gain, nire iritziz oso garrantzi handiko beste une bat gertatu zen 1839. urtean, uste dut; hau da, bidaia amaitu eta jada Londresen zegoela. Bidaian zehar jasotako bildumak adituen artean banatuta zeuzkan, eta ornitologo batek, John Gouldek, Galapagoetako hegaztiak identifikatu zizkion, besteak beste gerora hain ospetsu bihurtu diren txontak. Baina txontek ez zuten jende askok uste duen bezainbesteko eraginik izan Darwinen pentsamenduan, txonten arazoa zailegia baitzen garai hartan azaltzeko. Hori gerora azaldu da, eta, anakronismo baten bidez, Darwinek azaldu izan balu bezala aurkeztu da askotan. Benetan ez zen hala izan.

Bai eragin zion, ordea, ornitologoak hiru birigarro-espezierekin egindako identifikazioak. Birigarro-espezie horietako bakoitza Galapagoetako irla banatakoa zen, eta, horiez gain, bazen beste espezie bat, haien antzekoa, Ekuadorren. Eta hori bai, erabakigarria izan zen Darwinentzat. Izan ere, ikusi zuen ahaiderik hurbilena kontinentean egonda, oso antzeko izanda ere espezie desberdin ziren beste hiru zeudela, bakoitza bere ingurunean, eta hori ikustea flash moduko bat izan zen.

Eta azpimarratu nahi dudan beste kontu bat da zortzi-hamar urte eman zituela itsas ezkurrak aztertzen. Eta lan luze hori, zertarako? Bada, nonbait, horrekin onespena lortu nahi izan zuen adituen artean, bere ideiek ere onarpena izan zezaten.

Zer eragin izan zuten, bada, Espezieen jatorria liburuak eta Darwinen ideiek garaiko gizartean?

B. J.: Nik uste dut eragin kontrajarria izan zutela; batzuk alde azaldu ziren, eta beste batzuk, aurka. Aurkakoak batez ere erlijioan oinarritzen ziren. Lehen esan dugunaren arabera, Darwinek gizakia beste animalien artean kokatu zuen, eta horrek itzelezko inpaktua izan zuen erlijiosoen artean. Beste batzuk, berriz, alde zeuden, baina orduan erlijioa baztertu behar zuten. Hortaz, nik uste dut Darwinen ideiek barne-borroka bat sortu zutela jendearengan.

(Argazkia: I. Azurmendi)

Gizartean ez ezik, zientzialarien artean izugarrizko eragina izan zuen. Aipagarria da Darwinen liburuaz eztabaida bat izan zela Oxforden, Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Britainiarrean, hainbat ikertzaile eta apezpiku baten artean. Bada, eztabaida hark mila entzule inguru izan zituen. Han azaldu zuen Thomas Huxleyk gizakiaren eta tximinoaren arteko erlazioa, eta gero apezpikuak galdetu zion ea zer zuen nahiago izatea bere aitona, gizon errespetagarri bat edo tximino bat.

K. A.: Hor badira anekdota asko, baina eragina, zientziatik kanpo, Spencer izeneko filosofo batek ere izan zuen. Darwinismo sozialaz jardun zuen; alegia, Darwinen ideiak gizartean aplikatu zituen. Darwin bera, ordea, ez zen halako eztabaidetan sartzen.

B. J.: Egia da Darwin ez zela inoiz jendaurreko eztabaidetan agertzen. Nonbait, emaztea oso fededuna zuen, eta hura ez mintzeagatik edo ez zen horrelakoetan azaltzen.

K. A.: Bazituen, ordea, defendatzaileak; Huxley izan zen horietako bat Ingalaterran, Darwinen bulldoga deitzen zioten. Alemanian, berriz, Ernst Haeckelen eragina itzelezkoa izan zen. Darwinismoa gizakira aplikatu zuen hark, eta kontinentean eragin handia izan zuen. Espainiara, esaterako, frantsesera itzulitako Haeckelen liburuen bidez iritsi zen darwinismoa.

Eta sarritan ahaztu egiten da alderdi soziala, eta deigarria da nola interpretatu zen batzuetan. Adibidez, darwinismoak askoz onarpen handiagoa izan zuen Hego Amerikan Europan baino. Zergatik? Borroka sozialak askoz gordinagoak zirelako han Europan baino; esklaboak eta indigenak eta zeuden han, eta nagusiak darwinismoan oinarritu ziren beren boterea justifikatzeko.

B. J.: Eta hori Darwin bera antiesklabista izanda. Ideien erabilera okerraren adibide garbia da hori.

K. A.: Bai, baina hor bazegoen gizartearen zati bat darwinismoa onartzeko prest, beren jokabidea zientifikoki justifikatzeko modua ematen zielako. Eta badira datuak Argentinako euskaldunenak, eta hor ikusten da denak darwinistak zirela, zentzu horretan. Espainian, berriz, kontrakoa gertatu zen: sozialistak ziren darwinistak. Izan ere, Espainian elizak indar handia zuen, eta orduan darwinismoa progresismoa zen.

(Argazkia: I. Azurmendi)

B. J.: Hala ere, Espainian eboluzioaren ikerketa oso berandu hasi zen.

Hori guztia, gizartean. Eta zientzialariek nola hartu zuten?

K. A.: Aipatu dugu: eboluzioarena onartu egin zuten, baina gero eklipsea gertatu zen. Hautespen naturala dela eta ez dela, 50 urtean itzalean egon zen.

B. J.: Izan ere, garai hartan eboluzioa eta genetika oso banatuta zeuden. Nire ustez, Darwinen teorian zegoen hutsunerik handiena zen ez zegoela oinarri genetikorik. Darwinek, adibidez, ez zuen Mendel ezagutzen, nahiz eta garai bertsukoak ziren. Baina Mendelen lanak ez ziren ezagunak, eta bakoitza bere aldetik joan zen.

Eta mutazioak gertatzen zirela deskubritu zuten genetistek. 1900-1920 artean, mutazioari eman zitzaion garrantzia prozesu ebolutibo gisa, eta hautespen naturala eklipsatuta geratu zen.

K. A.: Eta ez hori bakarrik: neolamarckismoa agertu zen, finalismoaren gorakada bat izan zen... lau-bost lerrok gora egin zuten, hautespen naturalak behera egin zuenean. Garai hartan, Weissman izan zen defendatzaile bakarra.

B. J.: Hori da, eta genetistak aurka zeuden. Gero, berriz, konfluentzia bat gertatu zen; hautespen naturalaren eta Mendelen herentziaren teoriak batu ziren, eta teoria neodarwinista sortu zen, 1930-1940 inguruan. Eta orduan azaltzen dira ikertzaile oso garrantzitsuak, batez ere populazioen genetikan: Fisher, Wright eta Haldane, hiru erraldoiak. Ordurako ezagunak ziren geneak eta aleloak; bada, alelo horien maiztasunean oinarrituta garatu zituzten eredu matematikoak oraindik erabilgarriak dira.

(Argazkia: I. Azurmendi)

K. A.: Bego, aipatu dituzu hiru horiek, eta nik ez dut entzun Dobzhansky.

B. J.: Bai, orain dator hori. Lehenengoek corpus teorikoa egin zuten, eta Dobzhanskyk esperimentuak egin zituen, euliekin, laborategian.

K. A.: Eta, gainera, naturalista zen.

B. J.: Hala da, bai. Eta berea da esaldi ospetsu hori, ez? "Biologian ezerk ez dauka zentzurik, eboluzioaren ikuspegitik ez bada". Hortik aurrera, 1940ko hamarkadan beste arloetara ere hedatu zen eboluzioaren ideia, zoologiara, botanikara, geologiara... eta gero garatu ziren beste gauza batzuk.

Darwinen ekarpenari esker egin zen, beraz, bide hori. Baina akatsen bat ere egingo zuen. Zertan ez zuen asmatu?

K. A.: Bueno, hutsune handiena genetikan du. Berak aldakortasuna behar du bere teoria azaltzeko, ikusten du aldakortasuna badagoela, baina ez zituenez geneak eta ezagutzen, ezin zuen azalpen zuzena eman. Orduan, puntu batzuetan lamarckista da...

B. J.: Bai, eta onartu egiten du ezaugarri lortuen herentzia. Eta aurretik onartu egiten zuen herentzia nahastua, aitaren eta amaren ezaugarriak nahastu egiten direla ondorengoetan. Gero, Mendelen lana ezagutzen denean, hori dena guztiz baztertuta geratzen da, noski.

(Argazkia: I. Azurmendi)

K. A.: Berak zer proposatu zuen, gemulak edo... nola zen hori?

B. J.: Bai, ikusten du baduela hor hutsune bat herentzia eta azaltzeko, eta pangenesiaren teoria proposatzen du, eta gemulak daudela sakabanatuta gorputzean... Kontuan izan behar da hazleak eta fenotipoarekin aritzen zirela lanean, eta artean genetika garatzeko zegoela. Gauza bakoitza bere garaian ikusi behar da, eta artean ez zuten nahiko ezagutzarik ondo azaltzeko nola gertatzen ziren belaunaldi batetik besterako aldaketak eta herentzia.

K. A.: Askok egiten dioten beste kritika bat da Darwinek karga handiegia hartu zuela esatean "Natura non facit saltus" . Alegia, Darwin gradualista zen; haren ustez, naturan ez da saltorik gertatzen. Lyell geologoarengandik hartu zuen ideia hori. Orduko geologo gehienak katastrofistak ziren, baina, katastrofismoa onartuz gero, denak balio du, baita azalpen azientifikoenek ere. Lyellek, ordea, ez du horrelako azalpenik onartzen. Haren arabera, oraingo fenomenoen parekoak gertatu ziren lehen ere, eta horietan oinarrituta azaltzen du Lurraren historia. Darwinek ideia hori geologiatik hartu eta biologian aplikatu zuen, hau da, aldaketak pixkanaka gertatzen direla proposatu zuen.

B. J.: Eta Kepak esaten duena da batzuen ustez zenbait aldaketa saltoka gertatzen direla, eta Darwinek ez zuela hori ikusi.

K. A.: Hor arazo bat zegoen. Lord Kelvin fisikari ospetsuak esperimentu bat egin zuen, eta Lurrak 60 milioi urte zituela esan zuen. Eta 60 milioi urte denbora gutxiegi zen Darwinentzat eboluzioa azaltzeko, aldaketak hain pixkanakakoak izanda. Huxleyk esan zion: "Ikusten? Hor zerbait bortitzagoa behar dugu". Wallace, aldiz, ez zen batere arduratu; "Arinago gertatuko zen mekanismo guztia", esan zuen. Hortaz, gradualismoa hasieratik izan zen eztabaidatua. Gero, mutazionistak etorri ziren, eta horiek, Goldsmith eta, berez ziren saltazionistak. Gaur egun ere, eztabaida nagusietako bat hor dago: saltazionismoaren eragina, oreka taiduna... inguru horretan. Hor daude, adibidez, Gould eta Dawkins, alde banatan.

B. J.: Nik ez dut uste eztabaida horrenbesterainokoa denik. Eboluzioaren teoriek, pluralean, onartu egiten dituzte gauza berriak. Esate baterako, orain badakigu gene erregulatzaile batean gertatzen den mutazio batek izan dezakeela itzelezko eragina, eta gauza berriak sor daitezkeela mutazio bakar batekin. Arazoa da nola sakabanatzen den aldaketa hori populazio batean. Izan ere, aldaketa banako batean gertatu da, eta gu populazioez ari gara, ez banakoez. Hori da kontua. Beharbada gauza biak gerta daitezke, aldaketa gradualak eta baita saltoak ere. Orain, genomaren azterketarekin, informazio asko ari gara jasotzen, eta ez dut uste biak kontrajarriak direnik. Evodevo deitzen zaio horri.

Evodevo?
(Argazkia: I. Azurmendi)

K. A.: Evodevo, evolution and development , eboluzioa eta garapena.

B. J.: Nire ustez, arlo horretatik etor daitezke erantzun asko.

Eztabaida ez da bukatu, beraz.

B. J.: Ez, ez; ez eztabaida, ezta eboluzioaren teoria ere. Eta nik uste dut Darwinen urtea oso baliagarria izango dela arlo desberdinetako adituak elkartzeko, informazioa biltzeko eta eztabaidatzeko.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
250
2009
2
034
Elkarrizketak; Eboluzioa; Biologia; Historia
Elkarrizketa
32
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila