2009/05/01
253. zenbakia
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Claudio Palomo
2008ko Euskadi ikerketa-saria
"Oinarri zientifiko eta teknologiko apropos bat izan ezean, herrialde batek ezin du eraginkorki lehiatu"
Claudio Palomo (Bartzelona, 1951) EHUko Kimika Organikoko katedradunak jaso du 2008ko Euskadi ikerketa-saria, Zientzia eta Teknologiaren modalitatean. Otsailaren hasieran jaso zuen saria, eta, bi hilabete geroago, lasai hartu gaitu bulegoan.
ARG.: Argazki Press - Arg. Argazki Press
Claudio Palomo: "Oinarri zientifiko eta teknologiko apropos bat izan ezean, herrialde batek ezin du eraginkorki lehiatu"
2009/05/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hainbat hamarkada ikertzen eman ondoren, zure ikerketa-lana saritu dute. Pozik jasoko zenuen albistea, ezta?
Ohore handia da, eta poz handia sentitu nuen. Bakarkako lanaren eta talde-lanaren emaitza da; urte askoan ni neu buru naizen taldean aritu diren eta egun aritzen diren ikertzaileek egindako lanaren emaitza. Ikertzaile horien guztien lanek kimika organikoa garatzen lagundu dute Euskadin, eta mailarik entzutetsuenetan kokatu dute. Ikertzen jarraitzeko pizgarri bat da, ikerketa-taldea osatzen duten nahiz etorkizunean taldean sar litezkeen ikertzaile guztientzat.
Sariek iraganean egindako lana saritzen dutela uste dute zenbaitek; beste batzuek, berriz, etorkizunean ikertzen jarraitzeko bultzada gisa hartzen dute saria. Zein da zure kasua?
Nire ustez, bi alderdi horien konbinazio bat da. Alegia, oro har, sariak aurrez egindako lanak, kasu honetan kimika organikoaren inguruan egindako ikerketa-lana, saritzeko ematen dituzte, baina, aldi berean, lan horrekin jarraitzeko indarra eta kemena ematen dute.
Fakultate bereko bosgarrena zara Euskadi ikerketa-saria jasotzen. Pedro Migel Etxenikek, Juan Colmenerok, Jesus Mari Ugaldek eta Jose Maria Asuak jaso dute lehenago. Zer du, bada, fakultate horrek?
Lan handia. Ikerketak, ezagutzaren bestelako jarduerek bezala, ahalegin jarraitua eskatzen du. Ahalegin horren saririk handiena da norberaren ikerketen emaitzek oihartzun handia izatea, eta zientzialariek ongi baloratzea. Sariak, hein batean, aipatutako ikertzaile horietako bakoitzak bere alorrean egindako etengabeko ahalegin horren fruitua dira. Guztiek elkarrekin lan handia egin dugu fakultatean. Guk, bereziki, kimika organikoaren alorrean egiten dugu lan.
(Argazkia: Argazkipress)
Zergatik kimika organikoa? Zer du erakargarri kimika organikoak?
Testuliburuen arabera, kimika organikoa karbonoaren eta haren konposatuen kimika da. Biziaren oinarrizko osagaiak molekula organikoak dira, hein handi batean: lipidoak, karbohidratoak, proteinak eta azido nukleikoak. Kimika organikoa erakargarria da, batik bat, konposatu horiek naturan nola sortzen diren azaltzen duelako. Gainera, naturak aukera ematen du bere baliabideekin sortu ezin dituen eta ezaugarri aproposagoak dituzten molekulak eraikitzeko tresnak garatzeko. Kimika organikoak, naturan gertatzen diren prozesuak behatu ez ezik, eraldatu egin ditzake, eta prozesu eta produktu berriak sor ditzake. Hori guztia oso erakargarria da. Are gehiago: horixe da gainerako oinarrizko zientzietatik bereizten duen gauzetako bat. Ingurura begiratuz gero, ikus daiteke kimikari zor diogula ongizatearen oinarrizko zati bat.
Zure aita ere kimikaria zen. Hark animatu al zintuen kimikaren munduan sartzera?
Bai, nire aitak, Antonio Luisek, kimika organikoa ikasi zuen; baita haren bost anaietako hiruk ere. Guztiak farmazia-sektoreko enpresen fundatzaileak izan ziren, eta, bereziki, Kataluniako enpresa bateko fundatzaileak --beste batzuekin batera--. Enpresa hura, Biochemie, antibiotiko beta-laktamikoen ekoizpenean aitzindari zen. Gaur egun, zorionez edo zoritxarrez, Novartis taldearen barruan dago. Segur aski familiako egoera horrek bultzatu ninduen ni neu ere Kimika ikastera.
Eusko Jaurlaritzaren eskutik jaso duzu Euskadi ikerketa-saria. Nola ikusten duzu Euskadi ikerketan Europako erreferente izateko Jaurlaritza egiten ari den lana? Besteak beste, CIC zentro berriak eraikitzen ari da. Anbizio handiko plana da.
Egin beharreko zerbait da, eta horretan ari dira; eta ondo, gainera. Hezkuntza, zientzia eta teknologia propioak herrialde guztien oinarria izan behar dute. Hiru mugarri horiek izan ezean, ez dago lehiatzerik. Alegia, ez dago lehiatzerik etengabe hazten ari den mundu globalizatu honetan. Biozientzien eta nanoteknologien alorretan sortzen ari diren CIC berriak eraikiz, zimenduak jartzen ari dira EAEk aurrera egin dezan. Beharbada, nire kezka da ez ote diren diru-laguntzak sektore horretara bideratuko nagusiki, unibertsitateak, gure kasuan EHU, ahaztuta.
Zalantzarik gabe, ahalegin berezia egin behar da arlo horretan, baina betiere unibertsitatea baztertu gabe. Unibertsitatea ezagutza sortzen den erakundea da. Eta, horrez gain, herrialde orok behar dituen etorkizuneko profesionalen eta ikertzaileen trebakuntza-zentroa da. Horretarako, finantziazio egokia behar da, eta, jakina denez, oro har, aurrekontuen murrizketak jasaten dituzten lehenengo erakundeak ikerketa-erakunde publikoak dira. Nolanahi ere, espero dut Eusko Jaurlaritzak eta EHUk ikerketa-taldeei orain arteko diru-laguntzak ematen jarraitzea.
(Argazkia: Argazkipress)
Unibertsitatearen garrantzia aipatu duzu, baina, gaur egun, karrera zientifiko edo teknologikoak aukeratzen dituzten ikasleen kopurua gutxitzen ari da. Nolakoa ikusten duzu etorkizuna?
Litekeena da ikasle-kopurua gutxitzea, egungo krisiaren, motibazio faltaren, hezkuntza izaten ari den etengabeko aldaketen eta abarren ondorioz. Egia esan, ez da erraza etorkizuna aurreikustea. Arestian aipatu dudan bezala, oso garrantzitsua da ikertzaile gazteak trebatzea. Izan ere, horiek ordezkatuko dituzte egungo ikertzaileak. Berriz diot lehen esandakoa: oinarri zientifiko eta teknologiko apropos bat izan ezean, herrialde batek ezin du eraginkorki lehiatu. Ezinbestekoa da zientzia- eta teknologia-alorreko ikasketak sustatzea (betiere, giza zientziak ahaztu gabe). Halaber, arreta handia jarri behar da ikertzaile-taldeetan.
Deigarria da Kimikako lizentziaturaren kasua. Duela hamar urte, 176 ikasle berrik ematen zuten izena karrera horretan; azken urteotan, ordea, EHUko ikasle gutxien duen titulazioetako bat da. Iaz, 46 ikaslek besterik ez zuten eman izena lehenengo mailan.
Kimikak, zoritxarrez, ez du behar lukeen ospea izan beti. Izan ere, azken bi hamarkadetan, kimika ingurumeneko poluzioaren errudun delako ideia gailendu da, besteak beste. Horrez gain, urte hauetan, zenbait enpresa txiki eta ertainek hondoa jo dute, batez ere ezin zutelako Txinako eta Indiako merkatuekin lehiatu. Aitzitik, kimika zientzia sortzailea da, ezinbestekoa herrialde baten ekoizpena areagotzeko eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko.
Ekarpen garrantzitsuak sintesi organikoan
Euskadi ikerketa-sarien epaimahaiaren ustez, Palomo irakasleak oso ekarpen garrantzitsuak egin ditu sintesi organikoan. Ekarpen horiek hainbat alorretan dituzte aplikazioak; bereziki, ezaugarri biologikoak dituzten konposatuen ekoizpenean.
Claudio Palomoren ikerketa-taldeak sintesi organikoaren eta erreakzio organikoen estereokimikaren kontrolaren ikerketa egiten du nagusiki. "Oinarrizko eta funtsezko lan bat da. Eraikin baten eraikuntzaren lehenengo mailan gaudela esan genezake" azaldu du Palomok. "Gure lana karbono-karbono loturak forma estereokontrolatuan eratzean datza" gehitu du.
(Argazkia: benjah-bmm 27)
Esaterako, botika asko kiralak dira. Molekula bat bere ispilu-irudiarekin gainezarri ezin denean, kirala da. Objektu kiral arruntenak eskuak dira. Nahiz eta biak oso antzekoak izan, ezin dira gainezarri. Enantiomeroak elkarren ispilu-irudiak diren molekulak dira --grekotik eratorritakoa da, eta enantios hitzak kontrakoa esan nahi du--. Kiralitatea molekula organikoen ezaugarri adierazgarrienetako bat da, eta funtsezkoa da molekula horien ezaugarriak eta aplikazioak zehazteko; "Izan ere, enantiomero batek zenbait ezaugarri izan ditzake, eta besteak, berriz, litekeena da ezaugarri horiek ez izatea, edo, are gehiago, oso bestelako ezaugarriak izatea. Horregatik, enantiomero horiek bakarka, eta ez nahastean, eratzeko tresnak diseinatzen edo aurkitzen saiatzen gara" dio Palomok.
Adibidez, asparagina bi enantiomeroz osatutako aminoazido natural bat da. Bi enantiomeroetako batek zapore gozoa du; besteak, berriz, mikatza. Ezaugarri kontrajarri horiek enantiomeroek dituzten atomoen espazio-konfigurazio ezberdinen ondorioa dira. Adibide tragikoagoak ere badaude. "Beharbada, enantiomero bat bakarka prestatzeak duen garrantziaz ohartzeko adibiderik adierazgarriena talidomidaren kasua da. Botika hori bi enantiomeroren nahaste banaezin gisa ematen zitzaien haurdun zeuden emakumeei 50eko hamarkadan, egoera horrek sortzen zizkien zorabioak eta goragaleak arintzeko. Botika haren ondorioz, zenbait haur sortzetiko malformazioekin jaio ziren, eta gerora jakin zuten bi enantiomero horietako bat zela fenomeno horren erantzule" azaldu du Palomok; "guk enantiomero bakarra modu erraz eta praktiko batean eskuratzeko metodologia garatzen dihardugu".
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
253
2009
5
018
Elkarrizketak; Kimika; Sariak
Elkarrizketa
22
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.