Asunción Azpeitia: "Duela 50 urte arte, gizakiok batez ere landareak erabili ditugu sendatzeko"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Laster, Europako Batasunak sendabelarrei buruzko zuzentarau bat argitaratuko du. Aitzakia horrekin, Gipuzkoako Farmazia Eskola Ofizialera jo dugu eta Asunción Azpeitia lehendakariarekin elkartu gara. Elkarrizketaren ondoren, garbi gelditu zaigu sendabelarrek badutela lekua, bai farmazietan bai gaur egungo medikuntzan.
Udan, EHUko ikastaroetan, sendabelarrei buruzko jardunaldi profesional bat antolatu zenuten. Zergatik aukeratu zenuten gai hori?

A. Galarraga

Europako Batasunak sendabelarrez egindako botikei buruzko araudia bateratzeko asmoa duenez, oraingo araudi eta legeekiko zein aldaketa izango ziren jakin nahi genuen.

Izan ere, Europako Batasuneko herrialdeok ohitura eta lege desberdinak ditugu sendabelarren gainean, eta orain sartu berri diren herrialdeek ere izango dituzte bereak. Beraz, arauak bateratzeko ahalegin handia egin beharko da, baina behintzat argi geldituko da zein sendabelar erabil daitezkeen, nola merkaturatu behar diren, zein informaziorekin eta abar. Eta hori guztion mesederako izango da.

Aurretik, Espainiako araudian ere egon dira aldaketak, ezta?

Tira, bai. Urte hasieran, merkatutik erretiratu beharreko sendabelarren zerrenda argitaratu zuen Osasun eta Kontsumo Ministerioak. Baina ez da aldaketa handia izan, zerrenda horretan agertzen diren landareak lehendik ere baztertuta zeudelako edo oso erabilera mugatua zutelako. Esate baterako, zerrendan Amanita muscaria azaltzen da, baina lehen ere ez dut uste inork tortillan jango zukeenik.

Horrelako zerrendak kaleratzen direnean edo, besterik gabe, toxikotasuna dela eta sendabelarren bat saltzea debekatzen denean, batzuk agian beldurtu egiten dira eta sendabelarrak arriskutsuak direla pentsatzen dute. Eta alde batetik arrazoia dute; sendabelarrak ezin dira edonola hartu, hain zuzen ere sendatzeko direlako. Ostera, ez dira konturatzen medikamentu kimikoekin ere gauza bera gertatzen dela: arduraz hartu behar dira, eta, gainera, aldian-aldian bakarren bat erretiratzen dute espero ez ziren ondorioak eragiten dituelako.

Naturatik farmaziara, zein bide egiten dute sendabelarrek?

Amanita muscaria.

Farmazian saltzen diren sendabelarrak landatutakoak izaten dira, ez dira basatiak. Prozesua hasiera-hasieratik kontrolatzen da. Lehenengo eta behin, lursailaren ezaugarriak hartzen dira kontuan: lurrak aproposa izan behar du landareak osagai aktiboa ekoizteko eta behar den zatian metatzeko. Gainera, landarearen hazkuntza kontrolatzen da, ez dezan gaixotasunik izan, ingurua ez dadin poluitu... Bestela, horrek guztiak sendabelarra hartzen duenaren gorputzean eragina izan dezake.

Gero, prozesatzeko instalazioetara eramaten da sendabelarra. Han aukeraketa egiten da: sendabelarren artean nahasi diren belar txarrak kendu eta sendabelarretik behar den zatia bereizten da. Horretarako, bilketa garai egokian egin behar da; lorea behar bada, loretan dagoenean biltzen da, eta fruitua behar bada, fruitu egin arte utzi.

Ondoren, laborategiko probak egiten dira, eta, azkenik, saltzeko prestatzen da, dela osorik, dela txikituta edo infusioan hartzeko poltsatxoetan. Halaber, sendabelar batzuk grageatan ere saltzen dira, hortaz, botika kimikoak bezain errazak izan daitezke hartzeko.

Botikekin alderatuta, haiek baino bide errazagoa edo zuzenagoa egiten dutela dirudi.

Bai, baina kontuan hartu behar da sendabelarren gainean mendetako esperientzia dugula. Duela 50 bat urte arte, gizakiok landareez baliatu gara sendatzeko eta zaintzeko. Alabaina, oroimen laburra dugu, eta iruditzen zaigu farmazian ditugun botikak betidanik egon direla. Baina, berez, kontrakoa da: nahiz eta orain erdi ahaztuta eduki, beti-betikoak sendabelarrak dira.

Lurrak aproposa izan behar du landareak osagai aktiboa ekoizteko eta behar den zatian metatzeko.
MOE / P. VIROT

Orain dela urte batzuk, sendagai kimikoen industriak motelaldi bat izan zuen, eta, orduan, sendabelarren erabilera berpiztu egin zen. Hasieran, farmazia-industriak osagai aktiboak aurkitzeko hasi ziren ikertzen sendabelarrak, gero laborategian sintetizatzeko. Baina ikusi zuten batzuetan osagai aktiboak isolatuta ez zuela eraginik, eta, beraz, hobe zela landarea erabiltzea.

Ondorioz, orain sendabelarrak farmazian daude, eta, gainera, laborategien bermea dute.

Zein alde dago sendabelarrak farmazian edo belar-dendan erostearen artean?

Batez ere, saltzailearen jakiturian dago aldea. Farmaziako karreran botanika ematen da, eta hor ikasten da zein diren sendabelarrak, zein osagai aktibo dituzten, nola prestatzen diren, nola erabili... Egia da ikasitakoa ez bada praktikan jartzen ahaztu egiten dela, eta horregatik orain farmazialariok birziklatze-kurtsoak egiten ari gara. Eguneratu beharra daukagu, merkatuan lehen ez zeuden landareak azaltzen ari direlako, Asiakoak, Amerikakoak... Beste batzuk, luzaroan baztertuta egon ondoren, berriro agertu dira. Horregatik, oso garrantzitsua da egunean egotea.

Ez da nahikoa sendabelarrek bilgarrian dakarten informazioarekin. Beharbada, sendabelarra berme osoz merkaturatu du ekoizleak, baina saltzen duenak jakin behar du zertarako den eta nola erabili. Horretaz gain, zenbait galdera egin behar ditu; esaterako, beste botikarik hartzen ari den jakin behar du, interakzioak egon daitezkeelako. Kontraindikaziorik ez dagoela ere ziurtatu behar du. Eta medikuek ere sendabelarrak ezagutuko balituzte, hainbat hobe. Arazo gutxiago izango genituzke.

Azkenaldian atzerriko landareak agertu dira sendabelarren merkatuan.
MOE / P. VIROT

Halaber, sarritan sendabelarrek nola eragiten duten azaldu behar zaio jendeari. Izan ere, sendabelarretan oinarritutako tratamenduak luzeak izaten dira gehienetan, eta gazteei harrigarria egiten zaie hainbeste denbora behar izatea mesedea antzemateko. Pertsona nagusiak, berriz, ez dira harritzen, oraindik gogoratzen baitute nolakoak diren sendabelarrak.

Orduan, batzuek behintzat ezagutzen eta erabiltzen dituzte sendabelarrak...

Bai, bai. Hain zuzen, lehen sendabelarren kultura indartsua zegoen hemen, eta baserritarrek bazekiten zein sendabelar erabili, zertarako eta nola. Gaur egun, ordea, jakituria hori galduta dago, eta horregatik da garrantzitsua dakien jendearen esku egotea.

Horrekin guztiarekin ez dut esan nahi sendabelarrak farmazian bakarrik saldu behar direnik, baina berme bat da. Gainera, belar-dendak hemen bakarrik daude. Europako gainerako herrialdeetan, sendabelarren % 70 farmazietan saltzen dira, eta beste % 30 merkataritzagune handietan. Espainian, aldiz, % 30 bakarrik saltzen da farmazietan. Zuzentarau berriarekin hori dena kontrolatu nahi da, merkataritzaguneetan landare ezagunenak bakarrik sal ditzatela (kamamila, ezkia...), eta beste guztia baimendutako tokietan.

Horretaz gain, zein dira zuzentarauak ekarriko dituen aldaketa nagusiak?

Hemendik aurrera, sendabelarrek bete beharreko arauak botikenak bezain zorrotzak izango dira ia.
MOE / P. VIROT

Hemendik aurrera, sendabelarrek bete beharreko arauak botikenak bezain zorrotzak izango dira ia. Edozein sendabelarrek, merkaturatu ahal izateko, erregistratuta egon beharko du, eta laborategiko probak aurkeztu beharko dira. Gainera, ekoizpen-prozesuak kalitate-kontrol zorrotzak izango ditu, eta ondo zehaztuko da zein informazio jarri behar den kaxan. Baimenak, berriz, Osasun eta Kontsumo Ministerioak emango ditu.

Berez, bi motatako produktuak bereiziko dira: “sendabelarretan oinarritutako botikak” eta “sendabelarretan oinarritutako botika tradizionalak”. Hau da, hitz batean bakarrik bereizten dira, eta tradizionaltzat hartuko dira gutxienez 30 urtean etenik gabe erabili diren sendabelarrak. Horiek erregistratzeko erraztasunak izango dituzte.

Horrekin batera, batzorde bat eratuko da, eta, besteak beste, sendabelar bakoitzaren fitxa monografikoa ateratzeaz arduratuko da. Hor dena argituko dute: non hazten den landarea, zein atal erabiltzen diren, zertarako, nola... Den-dena. Beraz, orain dagoen egoera irauli egingo da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila