Asier Saez-Cirión: "infekzioa kontrolatzeko mekanismo naturalak ikertzen ari gara"

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Asier Saez-Cirión ikertzaile portugaletearra Pasteur Institutuan dabil lanean; hain juxtu, aurten Fisiologia edo Medikuntzako Nobela jaso duenetako baten sail berean, Françoise Barré-Sinoussiren laborategian.
Pasteur Institutuko hiesaren ikertzailea
Asier Saez-Cirión: "infekzioa kontrolatzeko mekanismo naturalak ikertzen ari gara"
2008/12/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Asier Saez-Cirión, Pasteur Institutuko bere laborategian.
Pasteur Institutua
Pentsatzen dut ohore bat izango dela Nobel saridun baten laborategian lan egitea.

Bai, noski, ohore handia da, baita saria alde batera utzita ere. Hemengo denok izugarri harro eta pozik gaude beregatik.

Hortaz, Françoise Barré-Sinoussi ezagutzen duzu?

Bai, bost urte baino gehiago daramatzat laborategian lanean, eta elkarrekin aritzen gara.

Nola definituko zenuke?

Zientzialari gisa maila aparta du. Horrez gain, baina, oso pertsona konprometitua da; erabat arduratuta dago hiesaren aurkako borrokan, ez bakarrik hemen, baizik eta gehien behar duten herrialdeetan. Hain zuzen, erabat kezkatuta dago Afrikako eta Asiako hiesdunek osasun-arreta eta zaintza egokia izan dezaten, eta horri ematen dio bere denboraren zati handi bat. Pertsona miresgarria da.

Eta Nobela eman izanak eragin dizue eguneroko lanean?

Denbora gutxiegi igaro da gure lanean izan dezakeen eragina neurtzeko, baina, zalantzarik gabe, publikoaren eta prentsaren interesa hazi egin dela nabaritzen dugu. Gure lanean, dena den, gehien sumatzen dena poztasuna da. Laborategi honetan giro bereziki ona dugu lankideon artean, eta, Françoiseri Nobel saria emango ziotela jakinarazi zigutenetik, ezpainetatik irribarrea kendu ezinik gabiltza denok.

Pasteur Institutuko laborategia.
Pasteur Institutua
Sariak animoak emateko balio izan dizue, beraz. Izan ere, zuen lanak ez du erraza izan behar. Zu zertan aritzen zara?

Gure laborategia infekzioa kontrolatzeko mekanismo naturalak ikertzen saiatzen da. Zehazki, pertsona-talde oso-oso arraro bat aztertzen dugu: birusak infektatutako pertsonak dira, eta infekzioa kontrolatzeko berezko gaitasuna dute, inolako terapiaren laguntzarik gabe, eta oso denbora luzez. GIB-kontrolatzaile deitzen diegu pertsona horiei. Bada, infekzioaren berezko kontrol horren mekanismoak ulertzen saiatzen ari gara; hain zuzen, terapia immunologiko eraginkor batekin lortu nahi dugunaren adibide benetan erakargarria da pertsona-talde hori, nahiz eta, lehen esan bezala, oso arraroa den.

Infekzioa kontrolatzeko mekanismoak zein diren argitzea terapia berriren bat lortzeko abiapuntua izan ote daiteke?

Bai, bueno, guk iaz argitaratu genuen lan batean, GIB-kontrolatzaileek kontrola nola lortzen duten azaltzen duen aztarna sendo bat jakinarazi genuen. Jakina zen pertsona horiek, infekzioa kontrolatzen ez dutenekin alderatuta, T linfozitoen erantzun oso indartsua dutela, bikaina. T linfozitoak dira infekzioari erantzuten dioten zelulak, baina, pertsona arruntetan, erantzun hori eskasa da; GIB-kontrolatzaileek, berriz, erantzun indartsua eta eraginkorra dute. Hori zergatik gertatzen den jakiten ahalegintzen ari gara. Adibidez, iaz frogatu genuen GIB-kontrolatzaileen T linfozitoek beste pertsonenek baino 100-1.000 aldiz gaitasun handiagoa dutela birusak infektatutako zelulak deuseztatzeko.

Zuen ustez, gaitasun hori generen batekin edo gene-talderen batekin lotuta egon daiteke?

Gure laborategia ez ezik, nazioarteko beste talde batzuk ere ari dira GIB-kontrolatzaileak aztertzen. Are gehiago, hemen bertan, Frantzian, badago talde indartsu bat GIB-kontrolatzaileen talde oso handi bat ikertzen, eta ikerketa guztiak bat datoz gauza batean: badago erlazioa kontrol-gaitasun horren eta HLA batzuen artean, hau da, antigenoa aurkezten duten molekula batzuen artean. Hain zuen, molekula horiek ezagutzen dituzte gure gorputzean birusaren partikulak, eta T linfozitoei aurkezten dizkiete, haiek infektatutako zelula identifika eta suntsi dezaten.

Dena den, erlazio hori ez da erabatekoa. Hau da, GIB-kontrolatzaile askok dute HLA molekularen forma zehatz hau, baina, batetik, molekula hori duten pertsona guztiak ez daude babestuta, ezta gutxiagorik ere, eta, bestetik, GIB-kontrolatzaile guztiek ere ez dute molekula hori. Hortaz, ikusi egin behar dugu zein den molekularen parte-hartzea, eta, gainera, horrek itxaropena ematen digu uste izateko ez dagoela oinarri genetiko bat babes-maila hori izateko. Bestela, etsigarria izango litzateke, txertoa lortzeko ikuspuntutik.

Zein da zuen helburua?
Asier Saez-Cirión, laborategiko lankide guztiekin. Erdian, Françoise Barré-Sinoussi dago
jaka gorriduna
(Argazkia: Pasteur Institutua)

Orain, gure ikerketei esker, badugu infekzioaren kontrolari lotutako mekanismo batzuei buruzko informazioa. Horrez gain, erantzun bikain horiek identifikatzeko tresnak lortu ditugu. Beraz, antzeko erantzun bat sorrarazteko zer egin dezakegun ikustea da gure helburua. Hala, urte-hasieratik lanean ari gara, ea terapia goiztiar batekin gai garen erantzun eraginkor bat sorrarazteko infektatutako organismoan, infekzioa bere kabuz kontrolatzeko gai izan dadin. Horrenbestez, terapia goiztiar bat izango litzateke, ez txerto babesle bat.

Hain zuzen, txertoekin egin diren azken probek ez dute emaitza onik eman...

Oraingoz, txerto babesle bat, jendea infekziotik babestuko duen txerto bat, nahiko urrun ikusten dugu. Ez dut uste etorkizun hurbilean lortuko dugunik. Hori dela eta, txerto terapeutikoekiko interesa handitu egin da. Horien helburua juxtu orain esaten ari garen hori da: GIB-kontrolatzaileek berez duten ahalmena sorraraztea, hau da, birus-kopurua izugarri gutxitzeko gaitasuna ematea. Horrekin, infektatutakoek denbora luzez bizitzea lortuko genuke, eta birusaren transmisioa mugatuko genuke.

Bestela, txerto babesleekin egiten ari ziren azken ikerketen emaitzak etsigarriak izan dira, nahiz eta, neurri batean, gu ez garen gehiegi harritu. Horren ondorioa zein izan da? Bada, zientzialari guztiak ados jarri dira oinarrizko ikerketara itzultzeko, eta, hala, lanean ari dira jakiteko nola babesten duen erantzun immunologikoak, zein diren babes horren oinarriak eta zer mekanismoen bidez lortzen den.

Dena den, txerto babeslearen bila jarraitzen dute batzuek. Adibidez, vCP1521 txertoa probatzen ari dira. III. fasean dago eta datorren urtean espero dituzte emaitzak. Nonbait, aurrena, T linfozitoen erantzuna areagotzen du txertoak, eta, gero, 120-glikoproteinaren aurkako antigorputzak ematen zaizkie boluntarioei.

Ez dut ezagutzen saiakuntza hori, baina ikusi egin beharko litzateke nola lortzen duen areagotzea erantzuna, eta zein bidetatik. Izan ere, immunologia-sistema aktibatzea kaltegarria izan daiteke infekzioarentzat. Merck farmazia-konpainia handiaren txertoarekin, esaterako, hori gertatu zen, baina, behintzat, saiakuntza hark balio izan du ikusteko zer kalte egin ditzaketen txertoen saiakuntzek, eta ikasgai batzuk ateratzeko.

Orain, adibidez, interes handia dago proteina batean, birusaren egitura-proteinan, uste baitugu proteina horretara zuzendutako erantzuna beste erantzun batzuk baino garrantzitsuagoa izan daitekeela. 120-glikoproteinaren gaia, berriz, beti airean dago. Molekula interesgarria izan daiteke, azalean baitago, eta, beraz, immunitate-sistema ezagutzen lehena izan beharko luke, baina, bestalde, aldakortasun handia du.

Gianfranco Pancino doktorearekin. Hark ere GIB-kontrolatzaileak ikertzen dihardu.
Pasteur Institutua

Noski, txertoekin ikertzen jarraitu behar da, baina, nire ustez, jakin behar da zer gertatzen den GIB-kontrolatzaileetan, eta infektatuta egon arren gaitza garatzen ez duten tximinoetan. Babes hori nola eta zergatik gertatzen den ezagutzeak aztarna asko emango dizkigu.

Orduan, aurrerapenak bide horretatik etorriko direla uste duzu. Edozein modutara, oso zuhur sumatzen zaitut.

Bai, zuhurrak izan behar dugula uste dut, bestela, itxaropen faltsuak pizteko arriskua dugu. Mercken saiakuntzan, adibidez, publizitate handia egin zuten, eta gero erabateko porrota jaso zuten. Nik, hala ere, aitortu behar dut zientzialari askok ez genuela emaitza onik espero ikerketa hartatik. Horregatik, hobe da zuhurtziaz jokatzea.

Eskerrik asko, Asier.

Amaitu baino lehen gauza bat esan nahiko nuke: GIB-kontrolatzaileek ez dute gaixotasuna garatzen, baina gaitza transmititzeko ahalmena dute. Oso komenigarria da aintzat hartzea hori, baliteke eta horrelako pertsona batek pentsatzea berak ez duela birusa transmititzen, eta ez da hala.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
248
2008
12
033
Elkarrizketak; Mikrobiologia; Medikuntza; Farmakologia; Osasuna
Elkarrizketa
42
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila