Elhuyar.- Atzo Euskal Herriko alfibioei buruz mintzatu zinen Natur Zientzia-saileren barnean. Zer azaldu zenuen hitzaldi horretan?
Jose Ramon Aihartza.- Azaldu nuena, zera izan zen: egiten ari garen lan baten aurrelana edo Euskal Herriko anfibio-espezie guztien edo gure ustez hemen izan daitezkeenen hedapena. Baina behin-behineko lana da eta oraindik informazio gehiegirik ere ez daukagu eta landa-lana egin behar da gainera.
E.- Zeintzu dira Euskal Herrian anfibiorik ugarienak edo nagusienak?
J.R.A.- Jendeak gehien ezagutzen dituenak, apo arruntak, arrubio, txantxikuak eta uhandre palmatuak dira; Ia Euskal Herri osoan agertzen direnak hain zuzen. Beste anfibio batzuk ere badaude, baina leku konkretu batzutan bakarrik bizi dira hauek.
E.- Eta zein da anfibio guzti horien artean zuretzat bitxiena edo interesgarriena?
J.R.A.- Akaso nik horretaz zerbait lan egin dudalako eta beharbada gehien landu den espeziea delako, uhandre piriniarra da. Baditu berezitasun fisiologiko batzuk ere eta oso toki konkretutan bizi da; goimendietan, erreka-bazterretan. Gehienbat horretan aritu naizelako izango da, baina hori da neretzat bitxiena edo.
E.- Askotan entzuten da zenbait igel-mota arriskutan dagoela; bai jendeak harrapatzen dituelako (haien hankak jateko) eta baita bideetan zehar askotan automobilek zanpatzen dituztelako. Horrelako arriskurik ba al dago Euskal Herrian? Espezieren bat desagertzeko zorian ba al dago?
J.R.A.- Badira horrelako espezie batzuk. Oso toki konkretutan aurkitu dira. Bata, sasi-igel meridionala edo hegoaldeko sasi-igela da; Donostian bakarrik aurkitu dena. Ia duela mende bat aurkitu zen eta harrez gero aztertua izan da. Oraindik ere mantentzen dira horiek Euskal Herri osoan, Iparraldea salbu. Horretaz ez daukagu oraindik informazio gehiegirik; ez bait da beste inon aurkitu eta nahiko fenomeno konkretua da. Espezie hori, arriskutan dago. Hori eta beste zenbait espezie ere, toki batzuetan behintzat arriskutan daude.
Jaten diren igeletan, basa igeletan alegia, zera gertatu da: hasiera batean ur-igelak jaten ziren, eta orain ohartu direnez askoz ere errazagoa da basa igel gorriak harrapatzea. Oso putzu txikietan ugaltzen bait dira. Hauek dira dauden arriskurik handienak. Orain, badirudi zenbait pertsona kanpaina egiten ari dela igel-mota hori babesteko, baina nahikoa lan zaila da, eta serio hartzen ez bada hainbat lekutan espezie horiek desagertu egingo dira. Basa igelen artean behintzat badira nahikoa toki mugatuetan bizi diren espezie konkretu batzuk, eta horiek izango dira arriskurik handiena izango dutenak.
E.- Gizakiaren presioak eragin handia izango du anfibioen hedapenean. Zera esan nahi dut: urmahelak, zingirak, padurak eta abar lehortzen diren heinean, anfibioen bizigunea murriztu egingo da, ezta?
J.R.A.- Bai, eta hori batez ere nabaria da bai isurki atlantikoan eta bai Ebrorako isurkiaren hegoaldean, zeren iparraldean (batez ere ingurune atlantikoan) errekarik gehienak erreta bait daude. Beraz erreka-adarrak bakarrik daude kutsatu gabe eta zenbait putzu txiki kostaldean. Gizateriaren presioa oso handia da. Jendetza-dentsitatea handia den tokietan, putzu horiek arriskutan daude. Orain dela gutxi Donostian bizpahiru putzu lehortu dituzte eta bertako espezieak, (batzuk oso bitxiak) ba desagertu egin dira. Hori batez ere Kostaldean gertatzen da eta Erribera aldean berriz, ureztapenerako erabiltzen diren ubideak direla eta, zenbait zingira eta zenbiat putzu natural (beste garai batzuetan ugalketarako erabiltzen zituztenak) lehortu egiten dira. Horrek ere hondamena dakar, noski.
E.- Besterik ez, mila esker.