Homo Heilderbergensis Neanderthal gizakiaren zuzeneko arbasotzat jotzen da, Europan aurkitu diren aztarnen ondorioz. Beraz, Europan sortutako espezieak al dira?
Ez dago guztiz argi. Hori mundu zientifikoan dabilen proposamen bat da, hain zuzen, banaketa geografikoaren aldetik nahiko parekoak direlako. Dena dela, Europan ez baina Eurasian sortutakoak direla esan beharko genuke.
Baina Irakeko eta Israelgo fosilen arabera, badirudi Europan sortu eta, gero, ekialdera joan zirela. Ez al da hori irakurketa ona?
Hori ere ez dago guztiz argi, hain zuzen, hor datazio-arazoekin topo egiten dugulako, karbono-14aren mugarekin. Neanderthal gehienak 30.000 urtetik gorakotzat hartzen dira, eta muga horrekin nekez egin daiteke banaketaren edo sakabanaketaren mapa bat. Hau da, ezin ditugu geziak marraztu non sortu eta nora abiatu ziren zehazteko. Horretarako, termolumineszentziaren bidezko datazioak egin beharko lirateke, eta horiek askoz zailagoak dira, datazio-metodo hori ez delako unibertsala.
Oinarritzat oso tenperatura altuan berotutako silikato bat hartu behar da eta, beraz, suharri errea hartu behar duzu eta ez edonolakoa; baldintza zehatzetan erretakoa izan behar du eta tamaina batetik gorakoa, kanpoaldeko geruzetan poluzioak utzitako aztarnak kendu ahal izateko. Nahiko prozesu konplexua da. Euskal Herrian oraindik ez da horrelakorik egin.
Hala ere, garai batean ez zitzaion batere garrantzirik eman Mauer-en (Heilderberg) aurkitutako matrailezur horri, baina azkenean oso fosil garrantzitsua bihurtzen ari da.
Cro-Magnon, aldiz, badirudi Afrikan sortu zela, baina aztarna gutxi ditugu. Zein izan daiteke horren arrazoia?
Hor arazo bat daukagu, Afrikako arkeologia ez dagoelako oso garatuta. Adibidez, australopitekoa eta lehen gizakiak aztertzeko indusketak bai, baina hori arkeologia koloniala delako gertatzen da. Kenyara, Tanzaniara eta Etiopiara joan diren ikertzaileak Estatu Batuetakoak eta Europakoak dira. Baina Cro-Magnon gizakiaren indusketa ez dago hain garatuta.
Fosil gutxi izatea horren ondorioa izan daiteke. Kobazuloak aurkitzeko miaketak egiten ez badira, nekez aterako dira fosilak. Ekialde Hurbila ongi ezagutzen dugu. Eta Ekialde Hurbila da gakoa, hain zuzen, hor ikusten dugulako gutxi gorabehera duela 100.000 urteko gizaki modernoa artean oso itxura arkaikoa zuen gizakiarekin batera.
Eta, gero, Europakoak iparraldetik (Siria, Irak eta Kurdistanetik) sartu zirenean beste inon sortu ez den egoera sortu zen; hori islatzen duten aztarnak duela 60.000 urtekoak dira. Lurralde berean elkarrengandik oso diferenteak ziren bi giza espezie batera zeuden. Oraindik ez dago oso argi zein zen egoera, baina hor ez zen ordezkapen automatikorik gertatu, bi espezie ezberdinek leku berean luze iraun zuten.
Eta Ipar Afrikako egoera horren antzekoa dela ikusiko genuke hobeto aztertuko bagenu. Baina hor arkeologiari ekiteko muga soziologikoak eta politikoak aurkitzen ditugu. Marokon, adibidez, garai jakin batzuetako arkeologia egitea debekatuta dago, arabiartzean herriaren kronometroa hutsean ipini zelako, eta aurreko nortasuna aztertzea ez da, neurri batean, politikoki oso egokia.
Zuen lanari dagokionez, Labeko kobaren kasua bitxia da. Neanderthal gizakitik Cro Magnon gizakira bitarteko trantsizioaren garaiko aztarnak zeuden han. Baina Arrasaten errepide bat eraiki behar zutenez, kobazuloa suntsitu egin zuten; hala ere, zuen eskaera dela medio, erraztasunak eman zizkizueten hango aztarnak oso epe laburrean ateratzeko. Ez al da egoera paradoxikoa?
Hori azaltzea nahiko konplexua da. Horrelako egoerak egunero sortzen dira Euskal Herrian, gero eta herri-lan gehiago egiten direlako. Astebeteko epean erabaki behar duzu aztarnategia industen hasiko zaren ala ez. Aldez aurretik jakin daiteke, gutxi gorabehera, interesgarria den ala ez, baina industen hasten zaren arte ezin da baloratu hor barruan zer egongo den.
Labeko kobaren kasuan, egia da kobazuloa suntsitu zela, baina egia da aztarnategia ez zela suntsitu. Aztarnategia kobaren barruan zegoena da eta bere garaian hori guztia behar bezala ateratzeko aukera eman zen.
Hain denbora laburrean egin behar izatean, zeri egin behar izan zenioten uko ikerketaren ikuspuntutik?
Bueno, metodologian egokitzapenak egin behar izan dituzu. Gu laginketak profil osoan egiten ohituta gaude baina, kasu horretan, hustuketa azkar egin behar zen. Palinologiako laginketa, adibidez, lau zutabetan eginda dago. Hori egokitzapena da. Denbora falta denean, faktore kritikoa materiala zuk uste duzun bezala ateratzea da. Baina interpretazioan egokitzapen horrek agian % 10 suposatzen du. Zure ahalmena % 10ean duzu murriztuta. Egunero ikusten dugu beste aztarnategi garrantzitsu batzuk ez direla inoiz ateratzen, diru-laguntzarik edo baimen administratiboa eta abar ematen ez delako. Horrekin esan nahi dut zapore gazi-gozoa gelditu zaidala.
Hala eta guztiz ere, aldez aurretik gestioak egiten direnean, askotan, tartekatuta ditugun mekanismoek funtzionatzen dute. Adibidez, abiadura handiko trenaren kasuan, Lezetxiki txikitu behar zuten, baina hori eragoztea lortu da. Alegazioak garaiz eginda, trenaren ibilbidea lekuz aldatzea lortu dugu. 200 metro mugitu dute, eta guretzat 200 metro horiek oso garrantzitsuak dira.
Fosilen arabera, Cro-Magnon gizakiak hemengo lurraldea okupatu ondoren ez zuen Ebrotik hegoaldera jarraitu. Zergatik gertatzen da bitxikeria hori?
Horretan ere hainbat hipotesi daude, eta mundu guztia ez dator bat. Gure arazoa datu eskasia da. Baina daukagun informazioaren arabera, Europako azken Neanderthalak penintsulako beheko muturrean egon ziren.
Hegoaldera jo zuten itsasoarekin topo egin arte?
Ez dut uste Neanderthalentzat Gibraltar oztopo izango zenik Afrika aldera jarraitzeko. Australiako kolonizazioa askoz lehenagokoa da, adibidez, eta horretarako nabigazioa ezagutu behar da, hau da, itsasontziz egin behar da.
Ez al da posible Australiakoek nabigazioa ezagutzea eta Europakoek, aldiz, ez?
Posible, bai. Baina adimen horrek ez zuen aurrez ezarritako horrelako asmakuntzak egiteko muga biologikorik. Bere garaian, Amerikako kolonizazioak eta populazioak halabeharrez glaziazio baten garaikoak —izotzaren gainean ibili ahal izateko— izan behar zuela esan zen, gizaki horiek ezin zutelako inolaz ere nabigatu edo itsasontzi bat nola egiten den jakin. Eta, aldiz, egun badakigu duela 50.000 urte Australia populatuta zegoela.
Orduan, agian, Afrikako iparraldean inoiz ager litezke Neanderthalen aztarnarik?
Bai. Hain zuzen ere, Moustier aldiko tresnen itxurakoak badaude. Fosilak aurkitzea beste gauza bat da. Konplexua da. Hala ere, badirudi Europan ezagutzen ditugun azken Neanderthalak Iberiar Penintsulan bizi izan zirela, 28.000-27.000 urteko datazioa dutela eta, normalean, Moustier aldiko tresneriarekin batera aurkitu direla. Dena dela, ez dakigu non sortu zen Cro-Magnon gizakia. Mendebaldeko Europako dataziorik zaharrenak ere Iberiar Penintsulan ditugu. Garai batean gizaki modernoaren Goi Paleolitoko tresneria penintsularen iparraldean sortu zela proposatu zen, baina ez dago oso argi.