Urte berriarekin, abiada bizian iritsiko zaizkizu hango eta hemengo ikertzaileek garatutako punta-puntako berrikuntza teknologikoei buruzko erreportajeak, oinarrizko zientziari buruzko zertzeladak, asteko berri berrienak, zientziaren historian izana eta izena izan dutenen esaldi gogoangarriak... guztiak Teknopolis -ko erredaktore-taldeak ekarritakoak: Maria Agirre, Beñar Kortabarria eta Bego Zubia kazetariak, eta Ainara Belaustegi eta Eneko Imaz biologoak.
Berrikuntzaren jantzia soinean aurkeztu zen iazko Teknopolis , aurreko urteekin alderatuta aldaketa ugari egin zirelako. Jantziz ez du aldatuko telebista-saioak, egindako berrikuntzetan sakontzea du helburu eta.
Iaz abiatutako bidetik, ikusgarritasunari —begietatik berez sartzen den horri— lehentasuna eman nahi zaio. Lan zaila, gertatu bai, baina begiz ikus ezin daitekeen gauza asko baitago zientzian. Grafismoak, hortaz, presentzia gero eta nabarmenagoa izango du saioan. Kameren objektiboek harrapatu ezin dutena marraztu eta erakusteko ahalegin berezia egingo da.
Helburua ikusgarritasuna izanda, programaren egituran ere bizitasuna bilatuko da. Erreportaje luzeak motzagoekin tartekatuko dira, patxadaz eta sakontasunez egindako elkarrizketak motz-motzean emandako berriekin, bitxikerian edo ikuspuntu ezezagunean oinarritutako tartetxoak mezu zehatzak hedatuko dituzten lanekin... Kaosaren argazkia dirudi aurreko guztiak, ez hankarik ez bururik duen zerbait, baina ez da horrela, badu gidari-lana egiten duen hariren bat edo beste. Zurruntasunik eza bera, apropos bilatutako zerbait izanik, izan daiteke bat.
Teknopolis saioa egin ahal izateko, dena den, aurreko urteetako formulara jo behar izan da; hau da, telebistak baliabide teknikoak jarriko ditu, eta Elhuyarrek, berriz, giza baliabideak.
Hori dela eta, Teknopolis -ek erakundeen eta enpresen babesa izango du zortzigarren aldi honetan ere. Saioaren babesleak hauek dira: Eusko Jaurlaritzako Industria, Turismo eta Merkataritza Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Mondragon Unibertsitatea, Fagor, Euskal Herriko Unibertsitatea, Ingelectric Team, Policlinica Gipuzkoa eta Eusko Tren. Horien laguntzarik gabe, ezin izango litzateke telebista-saiorik egin.