Teknopolis, freskuraz

Berrikuntza han eta hemen, modan dago, eta berrikuntzarena omen etorkizuna. Teknopolisen zazpigarren aldia ere badirudi olatu horren gainean datorrela, urtarrilean berrikuntza ugarirekin berragertuko baita ETBko programazioan.

Ikus-entzuleek gehien nabarmenduko duten berrikuntza, beharbada, programak izango duen itxura berria da. Izan ere, saioari kareta aldatu egin zaio, trantsizioetarako elementuak berriak izango dira, grafismoan ahalegin berezia egingo da... Eta aurkezpenetan ere bai. Miramongo estudioak utzita, programaren grabazioak beste toki batzuetan egingo dira, gaiekin lotura zuzena duten tokietan, edo, beste barik, irudi ona ematen dutenetan; Miramon Zientziaren Kutxagunea izango da nagusietako bat. Estudioen erosotasuna eta baliabide teknikoak galduko dira jauzia emanda, baina freskotasuna eta barietatea irabazi.

Itxuran ez ezik edukietan ere aldaketa bat baino gehiago: oinarrizko zientziari eskainitako tarte laburrak, zientziaren efemerideak, zitak, gai nagusiak sakonean noizbehinka, ikertzaileak beren ikerketa-lekuetan eta arlo pertsonalean ezagutzeko aukera

E. Carton

Ikusten denez, programa hobetu nahiarekin batera, lana ere areagotu egingo da. Logika berari jarraituz, lan-taldea ere aurreko urteetakoa baino zabalagoa izango da. Eskifaian Aitziber Agirre aurkezle-lanetan ere bai, iaz bezala , Maider Egues, Eneko Imaz, Joseba Imaz, eta Arantxa Txintxurreta; lemazain zaharra, berriz, Be ar Kortabarria. Nahasketa bitxia: dibulgazioan esperientzia duen jendea baina telebistan ez, kazetaritzan esperientziadunak baina dibulgazioan ez, esperientziarik ez dutenak baina sekulako jakin-mina eta gogoa daukatenak... Guztien lana beharrezkoa izango da astero-astero ontzia portu segurura eramateko.

Denboraldi berriko uzta urtarrilaren 16an hasi eta ekainaren bukaera arte igandero izango da zure etxean, gaztelaniaz eguerdian eta euskaraz iluntzean. Aurtengoarekin zazpigarren aldia du Elhuyarrek ETBrentzat ekoizten duen saioak, eta bukatutakoan 135 programa osatuak izango ditu.

Teknopolis saioa egin ahal izateko, dena den, aurreko urteetako formulara jo behar izan da; hau da, telebistak baliabide teknikoak jarriko ditu; Elhuyarrek, berriz, giza baliabideak. Hori dela eta, Teknopolis -ek zazpigarren aldi honetan ere erakundeen eta enpresen babesa izango du. Saioaren babesleak honako hauek dira: Eusko Jaurlaritzako Industria, Turismo eta Merkataritza Saila, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan zentro teknologikoa, Fagor, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eusko Tren. Horien laguntzarik gabe, ezin izango litzateke telebista-saiorik egin.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila