Puzzletek, puzzle teknologikoen jokoa

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gazteei zuzendutako ordenagailuko joko berri bat prestatu du Elhuyar Fundazioak. Puzzletek izeneko DVD honetan, puzzleak izango dituzte gazteek jolasgai, jolasaren bitartez teknologiaren mundu zoragarria ezagutzeko.
Puzzletek, puzzle teknologikoen jokoa
2006/03/01 | Solabarrieta Arrizabalaga, Danel | Elhuyar Edizioak
(Argazkia: Elhuyar Fundazioa)

Puzzleetan, guztiok ezagutu eta erabiltzen ditugun joko horietan, oinarrituta dago Puzzletek DVDa. 12 urtetik gorakoentzat da, eta, puzzleen bitartez, teknologia eta energiaren mundua ezagutu ahal izango dute. Izan ere, puzzleak egin ahala, hainbat azalpen jasoko dituzte.

Puzzleekin jolastu

Jokalariek 50 puzzle baino gehiago izango dute eskura, eta ez edonolakoak, gainera: biribilak, karratuak, hutsunedunak, trukatzekoak... bakoitzak bere trebetasuna lantzeko aukera aparta izango dute gazte eta ez hain gazteek, eta puzzleak osatzen joan ahala, zailtasun-maila ere handitzen joango da. Puzzleen ezaugarri nagusietako bat da piezak mugitzean haien neurriak aldatu egiten direla, eta horrek aukera gehiago ematen dizkio jokalariari.

Teknologiaren inguruko azalpenak

Ordenagailuaren pantailan puzzleak osatzea da abiapuntua, baina, horretaz gain, hainbat informazio ere ematen du produktu honek. Puzzletek-eko gaiak teknologiari buruzkoak dira, eta teknologiaren barruan energiaren gaia lantzen da gehienbat: energia-motak, energiaren inguruko kontzeptuak fisikaren ikuspegitik, energia elektrikoa lortzeko sistemak industria eta ingurumenaren ikuspegitik eta abar. Gai horretaz gain, beste hainbat ere lantzen ditu: hegan egitearen historia --aitzindarietatik gaur eguneko azken espazio-ontzietaraino--, urpekaritza, eta abar luze bat. Puzzle bakoitza bukatzean, gaiari buruzko informazio labur bat ematen da, bideoen eta 3Dko irudien bitartez, eta, nahi izanez gero, ematen diren azalpen teknologikoak, geografikoak, historikoak eta abar irakurri eta inprima daitezke. Azalpenak bi ahotsek ematen dituzte (emakumezkoarena bata eta gizonezkoarena bestea), eta, horiek entzun eta gero, informazio gehiago jaso nahi bada, informazio-bilaketa egin daiteke, kontzeptu-mapa baten bitartez. Jolasten jarraitu nahi duenak ere jolasten jarrai dezake, erabiltzailearen esku baitago DVDan zer egin nahi duen.

Elhuyarren berriak
61
Solabarrieta Arrizabalaga, Danel
2
218
2006
3
049
Elhuyarren berriak; Enpresa
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila