2003ko otsailean Elhuyar Fundazioa, Basque Research atariaren bitartez, Alphagalileo -ren partaide eta espaniar estatuaren ordezkari bihurtu zen. Hain zuzen ere, ordezkaritzako akordio horren baitan itzuli da web gunea euskarara eta gaztelaniara.
Sortu zenetik hau izan da Alphagalileo -ren asmoa: Estatu Batuetatik etortzen ziren ikerketa-berrien nagusitasuna apurtu eta Europan egiten zen ikerketa indar handiagoz plazaratzea. Proiektua Ingalaterrako British Association elkarteak zuzentzen badu ere, gaur egun Finlandia, Frantzia, Alemania, Grezia, Portugal eta Suediako ikerketa-kontseiluak ari dira ordezkari-lanetan, eta Europako Zientzia Fundazioa ere partaide da.
Alphagalileo -k Europan egiten den ikerketaren erakusleihoa izan nahi du. 4.330 kazetari eta 1.712 berri-emaile daude izena emanda, eta, web gunean, 15.000 berritik gora, 3.000 ekitaldi eta 200 liburu daude kontsultagarri.
Alphagalileo erabiltzen du nagusiki www.basqueresearch.com web guneak Euskal Herrian egiten den zientzia-ikerketa atzerrian zabaltzeko. Eta Alphagalileo -z gain, baita ikerketan espezializatutako beste web gune hauek ere: Estatu Batuetako Eurekalert! , Alemaniako Innovations Report eta Cordis-Wire .