Gipuzkoa zure esku!

Solabarrieta Arrizabalaga, Danel

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Elhuyarren produktu berri hau formatu eta izaera ezberdineko bi jokok osatzen dute, eta gazteek aisialdia euskaraz gozatzeko eskaintza zabaltzera dator. Gipuzkoa zure esku: Maju robot suntsitzaileen aurka Gipuzkoako hainbat herri zeharkatzen dituen abentura grafikoa da, eta Gipuzkoa zure esku: galdera-lasterketa , berriz, mahaiko jokoa.

Bakarrik ordenagailuan nahiz familiarekin edo lagunekin jolasteaz gain, jokalariak, aldi berean, Gipuzkoako herriak, historia, kultura, ingurunea, ohiturak, etab. ezagutzeko aukera izango du.

Gipuzkoa zure esku: Maju robot suntsitzaileen aurka multimedia-jokoa

Alde batetik, ordenagailuan ibiltzeko jokoa daukagu, Gipuzkoa zure esku: Maju robot suntsitzaileen aurka ; hemen Gipuzkoa zeharkatzen duen abentura batean parte hartzeko aukera eskaintzen zaio gaztetxoari.

Jokoaren protagonista Maju izeneko neskatxa gipuzkoarra da, eta Gipuzkoari eraso dion Erots doktorearen plan maltzurren aurka egin beharko du. Horretarako Erots Doktoreak kostaldean duen uhartea ezabatzea lortu beharko du Majuk. Baina ez da dena hain erraza izango, Erots doktoreak robot maltzur batzuk egin baititu. Robot horiek deabrukeriak egiten ari dira Gipuzkoako hainbat herritan eta, uhartera joan aurretik, Majuk aurre egin beharko die.

Jokalariak, jolasean dabilen bitartean, herri bakoitzeko toki adierazgarri batzuk ikusiko ditu. Herriak jokoaren korapiloa garatzen den testuingurua izango dira, eta jokalariak, abenturan murgiltzen den heinean, herrien ezaugarriak identifikatuko ditu, era oso ludikoan. Jokalaria Gipuzkoan dagoen aberastasunaz jabetzeko bide bat izan daiteke, inguruan dituen eta ezagutzen ez dituen hainbat gauzaz ohartzean toki horiek benetan ezagutzeko jakinmina piztuko baitzaio ziurrenik.

Jokoaren ezaugarriak

Gipuzkoa zure esku: Maju robot suntsitzaileen aurka ordenagailurako elkarrizketa-jokoa da, hau da, jokalariak jokoan agertzen diren pertsonaiekin elkarreraginean aritu beharko du, jokoan aurrera egiteko beharrezkoak diren objektuak lortzeko. Beste objektu batzuk, berriz, arkade-motako proba batzuetan lortu beharko ditu.

Joko osoa Interneten ere ipiniko da, Elhuyarrek gaztetxoentzat duen atarian ( www.zernola.net ), eta edonork jokatu ahal izango du.

Gipuzkoa zure esku: galdera-lasterketa mahaiko jokoa

Bestalde, Gipuzkoa zure esku: galdera lasterketa mahaiko jokoak ingurukoekin jolasteko aukera eskaintzen dio gaztetxoari: neba-arrebekin, gurasoekin, lagunekin, ikaskideekin eta abar. Beraz, harremanak estutzeko baliabide bat ere izan daiteke.

Joko hau Gipuzkoa zeharkatzen duen ibilbide batean egiten den lasterketa da, eta ibilbidea bukatzen duen lehena izango da irabazlea. Antzara-jokoa mahaiko joko ospetsuaren itxurakoa da, baina berezitasun batekin: jokalariak, aurrera jarraitzeko, Gipuzkoari buruzko galderei erantzun beharko die laukitxo gehienetan. Bestelako laukitxo batzuk ere egongo dira: mugak, herrien laukitxoak, kartzelak eta abar.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila