Enpresan euskaraz eta teknologia berriak

Euskara lan-munduan txertatzeko bidean, teknologia berriak euskaraz txertatzea erabaki dute hainbat enpresa eta erakundek. Tresna eta makinen testu estatikoak, lehenengo, eta dinamikoak, gero, euskaraz ere erabiltzeko moduan jarri dituzte teknologia berriak.

(Argazkiak: Elhuyar Aholkularitza).

Teknologia berriak, gainera, euskararen erabilera bera bultzatzeko ere erabil litezke, eta horren adibide bat da hemen azaldu nahi duguna. Gure bezeroei bidaltzen dizkiegun faktura eta gainerako idazki guztiak euskaraz bidali nahi badizkiegu, nork bereak sortzea da gaur egun biderik erabiliena, batetik, merkatuko inprimaki estandarretan ez bezala, guk nahi dugun informazio zehatza igor dezakegulako eta, bestetik, gure irudi korporatibora askoz hobeto egokituko dugulako.

Euskaraz testuak sortzeko eta erabiltzeko lagungarri izango dugun softwarea osatu dugu Elhuyar Aholkularitzan. Software hori CD formatuan dago salgai, eta enpresako intranetean instalatzeko da. Enpresak ez ezik Lanbide Eskolak ere gogoan izan ditugu, eta iruditu zaigu horietan guztietan gehien erabiltzeko modua intraneteko zerbitzarian instalatuta egotea dela.

Enpresan euskaraz -en edukia

Bost ataletan banatua dago Enpresan euskaraz -en edukia: Hizkuntza-kontuak, Dokumentuak, Intranet, Hiztegia eta Bibliografia.

Hizkuntza-kontuetan ohiko hizkuntz zalantzak eta erabilera okerrak konpontzeko aukera eskaintzen dugu. Adibide eta argibide guztiak enpresaren testuinguruan kokatuak dira. Nahasmen handia sortzen diguten hainbat konturi buruzko argibideak ematen dizkigu: orduak, data, zenbakiak, gutunetako esaldi eginak, estilo-kontuak, dokumentu elebidunak (euskarari lehentasuna ematea erabakiz gero, hori nola egin daitekeen)... Eta, horietako bakoitzaren barruan, ariketa erakargarriak ditu.

Dokumentuak sailean, Hizkuntza-kontuetan egin dugun moduan, dokumentu eredugarrien sorta bat bildu dugu. Horien atalei buruzko argibide lagungarriak ere badaude. Internet atalean, euskaraz lan egiteko sarean aurki ditzakegun helbide interesgarri batzuetarako estekak dituzu.

Hiztegian, mota guztietako enpresetan gehien erabiltzen diren hitzak, horien gaztelaniazko ordainak eta bilaketa-sistema bat dituzu. Bilaketa bi norabideetan egin daiteke: euskarazko hitzaren gaztelaniazko ordaina nahiz gaztelaniazko hitzaren euskarazko ordaina bila daiteke.

Azkenik, Bibliografia atalean software hau osatzeko kontsultatu eta erabili ditugun iturriak jaso ditugu.

Hori guztia itxura erakargarriarekin eta oso erraz erabiltzeko moduan aurkezten dizugu Enpresan euskaraz CDan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila