CD-ROM hau IKAS pedagogia-zerbitzuak eta Elhuyar Fundazioak egin dute elkarlanean. 6-12 urte bitarteko gaztetxoentzako da, eta beren inguru hurbila jolasen bidez eta euskaraz ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie. Horretarako, hainbat estrategia erabili dira, eta azalpenak jokoekin konbinatu dira.
CD-ROM honetako multimedia-aurkezpenetan gaztetxoek pantaila bat baino gehiagotan bilatu beharko dute informazioa, eta informazio hori ikusi, entzun eta inprimatu egin ahalko dute. Jokoen bidez, berriz, etxe inguruko hegaztiak, Euskal Herriko ibaiak eta zuhaitzak identifikatzen ikasiko dute.
Besteak beste, gai hauek lantzen dira CD-ROM honetan: uraren zikloa naturan eta etxean, uraren tratamendua, Euskal Herriko ibaiak, Euskal Herriko zuhaitz eta oihan nagusiak, urtaroak eta fotosintesia, hegaztien migrazioa, gure etxe inguruko hegaztiak, birziklatzea eta abar.
Elhuyar Edizioen CD-ROM hau gaztetxoei istorioak asmatzen laguntzeko tresna bat da. Nahi dutena idaztea eta horretan ongi pasatzea du helburu, eta, irudimena lantzeko ez ezik, idazteko gogoa pizteko ere balioko die.
Istorioak idazteaz gain, irudiekin osatu ahal izango dituzte, eta, horretarako, hainbat elementu hautatu eta erabiltzeko aukera izango dute (eszenatokiak, pertsonaiak, objektuak eta abar). Edo, alderantziz, marrazki eta irudien bidez istorioa osatu eta testua lagungarri izan daiteke.
Hizkuntza lantzeko tresna ere badenez, ia konturatu gabe idatzizko elementuak landuko dituzte: lexikoa, sintaxia, gramatika, ortografia... Horretarako, hainbat laguntza izango dituzte: istorioen egitura antolatzeko laguntzak, istorio gurutzatuak, bertsoak eta gutunak idazteko ereduak, zuzentzaile ortografikoa, laguntza orokorrak bideoetan azalduta, istorioak inprimatzeko eta gordetzeko aukera, eta abar.