Naroa Kajarabille García Nutrizioan ikertzaile

“Pertsona gisa hazteko eta eboluzionatzeko aukerak ematen ditu ikerketak”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

pertsona-gisa-hazteko-eta-eboluzionatzeko-aukerak-
Arg. Naroa Kajarabille

Naroa Kajarabille Garcia oso une berezia bizitzen ari da. Izan ere, tesia aurkeztu berri du, eta une honetan, “oso pozik eta etorkizunari begira zalantzaz beteta” sentitzen dela aitortu du. Ez da harritzekoa, denbora asko baitzeraman tesia aurkezteko egunaren zain, eta, orain, eguna igaro denean, ezer ez dela amaitu konturatu da. alderantziz, beste etapa baten hasieran dago.

Orain dagoen lekura iristeko izan duen ibilbidearen berri ematean, Granadara joateak izan duen garrantzia azpimarratu du: “Euskal herriko Unibertsitatean hasi nituen Biologia ikasketak, eta, hirugarren mailan, barne-ikasle sartu nintzen laborategian. Orduan piztu zitzaidan doktoretza egiteko gogoa. Seneca beka bat eskatu nuen, eta, horrekin, Granadara etorri nintzen, bosgarren maila egitera. Horri esker, giza elikadurari buruzko masterra zegoela jakin nuen, eta hura egitea erabaki nuen, betitik gustatu izan baitzait biologia eta elikaduraren arteko lotura. Eta horrela hasi nintzen hemen, ikasten, ikertzen eta maila pertsonalean aberasten”.

Hain zuzen, Kajarabillerentzat ikertzaile izatearen alderdirik onena hori da: ez dela arlo profesionala lantzera mugatzen, baizik eta aukerak ematen dituela pertsona gisa hazteko eta eboluzionatzeko. “Adibidez, nire arloan, diziplina desberdinetako jendea aritzen gara elkarlanean (biologoak, meurologoak, medikuak...) eta bakoitzak bere ikuspegitik egiten ditu ekarpenak. Hori zeharo aberasgarria da. Eta, horrekin batera, bakoitzak lana egiteko bere modua du; orduan, etengabe zaude horretara egokitzen, eta zeu ere aldatzen zoaz. Gogorra da, baina bete egiten zaitu”.

Horren adibide garbia izan zen Londresen egin zuen egonaldia: “Londresen hainbat lekutako jendearekin egoteko aukera izan nuen, bakoitza bere kulturarekin... Luxu bat izan zen”.

Arlo profesionalean zein pertsonalean

Arlo profesionalean lortutakoarekin ere pozik dago. Haurdunaldian eta edoskitzaroan DHA gantz azido poliasegabea hartzeak haurraren eta amaren osasunean duen eragina ikertu du, zehazki, hezur-metabolismoan eta estres oxidatiboan. Eta oso eragin onuragarria duela ondorioztatu du. Azaldu duenez, jakina da DHAk berebiziko garrantzia duela nerbio sistemaren eta ikusmenaren garapenean. “Gure ikerketan, forgatu dugu hezurduraren garapenean eta sistema antioxidatzailean ere onuragarria dela”.

Kajarabilleren esanean, elikagai batzuk berez dira aberatsak DHAn. “Arrain urdinak, izokinak, intxaurrak, liho- eta kuia-haziek, adibidez, DHA asko dute, beraz, dietan gabeziarik ez duten pertsonek, ez dute DHA-gabeziarik. Hala ere, ikusi dugu DHA-gehigarria hartzea onuragarria dela, baita dieta orekatua dutenentzat ere”. Gainera, onura ez dute haurrek bakarrik nabaritzen, amentzat ere onuragarria da DHA-gehigarria hartzea.

Tesiaren aurkezpenean egindako lanaren berri eman zuenean, “sari bikoitza” jaso zuen: doktore bilakatzea, batetik, eta doktoretza-ondokoa egiteko aukera, bestetik. Ilusio handiz kontatu du gertatutakoa: “Epaimahaikideen artean asko interesatzen zaidan ikertzaile emakumezko bat zegoela ikusi nuen. Suediakoa da, eta tesia aurkeztutakoan beregana hurbildu behar nintzela pentsatu nuen.  Baina bera izan zen nigana hurbildu zena! Ikertzen jarraitzeko asmorik ba ote nuen galdetu zidan, eta ea joango nintzatekeen Suediara edo Norvegiara”.

Oraindik goiz da hara joango dela ziurtatzeko, baina litekeena da han jarraitzea bere ikertzaile-ibilbidea. Kajarabillerentzat, ametsa egia bihurtzea izango litzateke.

Naroa Kajarabille García

Naroa Kajarabille García Donostian jaioa da, 1986an. Euskal Herriko Unibertsitatea Biologia ikasi ondoren, Giza elikaduran masterra egin zuen, Granadako Unibertsitateko Farmaziako fakultatean, eta unibertsitate berean egin du doktoretza, Giza Fisiologia sailean. Haurdunaldian eta edoskitzean amari DHA-gehigarriak ematearen ondorioak ikertu ditu, estres oxidatzailean eta amaren zein jaioberriaren hezurduran.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila